Desagertzeko arriskuan dauden espezien
kontserbazioaz aritzea berria ez dela pentsa daiteke. Izan ere
desagertzeko arriskua, kontserbazioa, ingurunearen babesa
eta arlo honetako hainbat hitzen erabilera ohikoa bihurtu
zaio gizarteari. Baina orain arte, espezie jakin baten erabateko
desagerpenari aurre egiteko beharra ez dugu inoiz izan Euskal
Herrian eta bisoi europarraren kasua (Mustela lutreola)
lehena izatera iritsi daiteke.
Duela gutxirarte, kontserbazio
arazoak animalia exotiko edo bereziki erakargarriei lotzen zitzaien
(panda hartza, baleak, hartz arrea...). Espezie batzuetaz arduratu
eta beste batzuk baztertzeko erabilitako irizpideak nahiko subjektiboak
izan dira eta sarritan, irizpide erabakitzailea animaliaren tamaina
handia edo bestelako erakargarritasunen bat izan dira (itxura
aldetikoa, etologiakoa...). Honelako espezie "enblematikoetan"
oinarritu den mezu kontserbazionistak kontserbazioa bera ezagutarazi
du; baina aldi berean, erakargarritasun gutxiagodun animaliak
edo animali ezezagunagoak alde batera utzi dira batzuetan, kontserbazioaren
aldetik egoera kaskarragoan egon arren. Espezie enblematikoak
ez izatean (Pirinioetako hartz arre eta ugatz erliktikoak salbu)
desagertzear dauden espezieen kontserbazioa neurri handi batean
urrutiko gaia izan da Euskal Herrian edo bestela, desagertzear
daudenak baino urriak diren animaliak izan dira kontserbazio
lan gutxi batzuen protagonistak.
Baina beste arlo batzuetan gertatzen
den bezala, faunaren kontserbazioa eboluzioa eta aldaketa jasaten
ari da. 1994 urtean IUCN erakundeak desagertzeko arriskuan dauden
espezieak jaso eta klasifikatzen dituen zerrenda "gorri"
eguneratua aurkeztu zuen. Zerrenda honetako berrikuntza zera
izan da: espezie bakoitzaren desagerpen-probabilitatea irizpide
kuantitatiboen arabera kalkulatu dela eta etorkizunean balorazio
kuantitatiboak erabili ahal izateko lehen oinarriak finkatu direla.
Espezieen kontserbazio egoera baloratzeko ikuspegi berri honek
gorago aipaturiko subjektibotasuna gainditu nahi du eta faunaren
kontserbazioan lehentasunak ezarri ahal izateko tresna garrantzitsua
da. IUCN erakundearen zerrenda horren arabera, Euskal Herriko
faunaren osagai bat, bisoi europarra, DESAGERTZEKO ARRISKUAN
dauden munduko animalien taldean klasifikatu da (laster naturan
desagertzeko probabilitate oso handia dutenak).
Bisoi europarra, ibai, erreka
eta ingurune hezeetan eta hauen gertuko lurretan bizi den haragijale
txikia da. Antzina Europako zati handi batean bizi zen, Iberiar
Penintsularen iparraldetik, kontinentean zehar ekialderantz Uraletaraino.
Baina XIX. mendean hasi eta oraindik jarraitzen duen atzerakada
prozesu baten ondorioz, jatorrizko
banaketa arearen zati handi batean desagertu ondoren kontserbazio
egoera larrian dago gaur egun (IUCN erakundearen arabera, azken
10 urte edo 3 belaunaldietan %50eko murrizketa jasan dute beraien
populazioek). Gaur egun bisoi europarrak bi populazio bananduetan
aurkitzen dira: Europako hegomendebaldean dago lehena (Bordeletik
Errioxaraino dagoen lurraldean, Euskal Herria barne) eta ekialdean
bestea (Bielorrusia eta Errusiako zati batean). Danubio ibaiaren
deltan ere bisoiaren populazioren bat egon daiteke, azken hilabetetan
eginiko behaketa berrien arabera.
Ekialdeko herrialdeen egoera
sozioekonomikoak alde batetik eta bertako bisoien atzerakada
etengabeak bestetik, espezie honen kontserbazioaren itxaropena
hegomendebaldeko populazioan jarri dute neurri handi batean.
Populazio honen zati handi bat Euskal Herrian egoteak, nazioarte
mailan ugaztun honen kontserbazioaren arduradun nagusien artean
jarri gaitu.
Bisoiaren kontserbazioan lan
egiteko orduan bi arazo nagusi aurkitu dira: lehena, espezieak
jasan duen eta jasaten duen atzerakadaren arrazoiak ezezagunak
direla oraindik (hipotesi asko dago baina nabaritasun gutxi)
eta bigarrena, espeziearen biologiaren hainbat aspektu ikertu
gabe jarraitzen dutela (zeintzuk dira espeziearen habitat beharrizan
zehatzak, nolakoak dira bisoien populazioen ezaugarri demografikoak,
elikadur beharrizanak, ugalketa arrakastatsuaren baldintzak,
uraren kutsadura, kanalizazio, ibai ertzeko landarediaren mozketa
eta bestelako giza ihardueren eragina nolakoa eta zenbaterainokoa
den...). Hori guztia dela eta, datozen urteetan IKERKETA eta
KONTSERBAZIOA inoiz baino lotuago joan beharko dute.
Euskal Herrian eginiko hainbat
lanek bisoiaren distribuzioa partzialki erakusten zuten eta espeziearen
biologiaren aspektu batzuk ezagutzeko oinarrizko lan batzuk ere
eginak dira, baina oro har, bisoi europarra animalia ezezaguna
da hemen.
Testuinguru honetan Eusko Ikaskuntzako
Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornodunen
Departamentuko ikerlari talde bat duela urte pare bat bisoi europarra
ikertzen hasi ginen. Aldizkari honek eskaintzen duen aukeraz
baliatuz, gure taldeak egun martxan dituen lanak komentatu eta
bisoi europarraren kasua aurkeztu nahi dugu, bide batez berau
kontserbatzeko aukeren inguruko iritzia emanez.
1.- ESPEZIEAREN DISTRIBUZIOA: ezezaguna da
oraindik bisoi europarrak Euskal Herrian duen banaketa zehatza.
Espeziearen distribuzio eguneratua ezagutzeko argazki tranpak
oinarri dituen metodo berri bat prestatu dugu lehendabizi. Metodoaren
jatorria, Estatu Batuetako USDA Forest Service delakoak
hango zenbait karniboro detektatzeko prestaturikoa da; Gipuzkoako
Foru Aldundiko Basafauna Zerbitzuaren laguntza ekonomikoarekin,
metodologia berri hori lurralde honetako baldintza eta materialetara
moldatu dugu. Zenbait saiakuntza egin ondoren, emaitza onak ematen
dituen laginketa protokolo bat finkatu dugu: ohizko metodoen
bidez karniboroen harrapaketak ez dira ahaleginen %5era iristen
eta metodo berriarekin lortutako etekina % 35 ingurukoa da. Etekin
handiko metodoa izatea bisoiaren distribuzioa epe labur batean
eguneratzen lagungarri izango zaigu eta laginketak maiz errepikatuz
bisoien joera poblazionalak objektiboki baloratzera iritsi gaitezke
(aurreko informaziorik ez dagoenez, ezinezkoa da oraingoz hori
hemen egitea).
Metodoa prestatu ondoren laginketa sistematikoekin hasi gara.
Ezin dugu emaitzik aurreratu baina orain arte jasotakoa aztertuz
lehen ondorio interesgarriak atera daitezke. Hauen artean aipagarria
izan daiteke ibai ertzak hasieran uste baino karniboro gehiagok
erabiltzen dutela eta bisoiez gain, lepazuriak (Martes
foina), katajinetak (Genetta genetta),
azkonarrak (Meles meles) eta etxe-katuak (Felis
catus) sarritan aurkitzen dira; lepahoriak ere (Martes
martes) bisoiaren habitatean aurkitu ditugu urteko garai
batean. Datu hauekin ibai ertzeko basoen ikuspegi berri bat daukagu
eta hori bisoiaren biologiaren zenbait aspektu ongi baloratu
ahal izateko oso erabilgarria izango da.
2.- PORTAERA ESPAZIALA: Gipuzkoako ibai bateko bisoi europarrak
radiotrakin bidez ikertzen hasi gara. Radiotrakina zera
da, animaliei irrati emisore txiki bat erantsi eta horren seinalea
hartuko duen rezeptore baten bidez animaliak edozein unetan zehaztasunez
lokalizatu ahal izatea. Horrela, animalien eguneroko bizitzaren
ezaugarri asko ezagutu ahal ditugu: aktibitate orduak, ibaian
gehien erabiltzen dituzten zatiak, giza-ihardueren aurrean erakusten
dituzten erreakzioak... Lehen emaitzek giza ihardueren aurrean
nahiko tolerantea den animalia bat erakutsi digute, baina aldi
berean diskretua. Bere gordelekuak giza etxebizitzatatik oso
gertu, arrantzaleak ibiltzen direneko lekuetan edo baratzeetan
jartzeko gai da esate baterako, baina bere iharduera gizaki gutxien
agertzen denean egiten du. Hurrengo hilabetetan egingo den jarraipenak
habitat beharrizanak ezagutzeko balioko du: ibai ertzen egitura,
populazio bideragarriak mantentzeko baldintza egokiak dituzten
gutxieneko ibai luzerak eta abar.
3.- ELKARLANA: Bisoi europarraren kontserbazioak berau
ikertzen dugun talde guztion koordinazioa beharko du. Arlo honetan,
aipagarria da Euskal Herrian dihardugun bi ikerlari taldeen arteko
harremana eta elkar aditzea (EHU-ko Zoologia departamentukoa
bata, hau sinatzen dugunona bestea). Aipagarria da ere Europako
ekialdean bisoia ikertzen ari direnekin mantentzen dugun harremana.
Azken hauekin aurtengo ekainean elkartu gara, Finlandian ospatu
den Third European Mammal Congress delakoak eskainitako
aukerari esker; bertan, azken emaitza eta iritziak elkarri emateko
aukera izan dugu. Han jasotako berri eta iritzien artean, berriz
ere zera nabarmendu behar da: bisoi europarra kontserbatzeko
aukera, aurrerantzean hemen egingo den lanaren menpekoa izango
da neurri handi batean.
Honek guztiak azken gogoeta batera
eramaten gaitu: erronka berri honi aurre egiteko gai izango gara?
Zein da bisoi europarraren etorkizuna Euskal Herrian?
Jakin badakigu hasteko, ohizko
kontserbazio neurriak (habitataren babesa,...) eta ikerketa konbinatu
beharko direla. Legediaren aldetik, jadanik indarrean dauden
hainbat lege zorroztasunez betetzearekin nahikoa da oraingoz
bisoiaren habitata (ur korronteak eta hauen inguruko lurrak)
babesteko eta, dakigunaren arabera behintzat, bisoiak arrisku
berezirik gabe bizi ahal izateko. Bestalde, gure herriaren egoera
sozioekonomikoa nahiko ona da; honelako gai batek ez du erabateko
lehentasunik lortuko baina naturaren kontserbazioaren arloan
lehen mailakoa dela onartu eta horrek eskatzen dituen neurriak
hartzeko moduko egoera bai ematen da hemen. Aspektu teknikoari
dagokionez, ugaztun hau ikertzen gabiltzan taldeok gaiaren inguruan
sortuko diren ikerketa lerro berriak garatzeko ahalmen nahikoa
daukagula esan dezakegu (zer esango dugu ba?); emandako lehen
urratsetan lortutako emaitzak ikusi ondoren, hori pentsa daiteke
behintzat.
Hala ere, ez gaitezen baikorrak
izan; ez oraingoz behintzat. Euskal Administrazio Publiko konplexuak
egiten duen naturaren babeserako politikak zertxobait berritu
beharko ditu: espezie nahiko ezezagun batek lehentasuna eskatzen
du; espezie bakar bati zuzenduriko ikerketa lerro jarraiak mantendu
(finantzatu) beharko ditu (berria hemen); ibai bazterreko habitata
babesten duen legedia zorroztasunez bete eta betearazi beharko
du; kontserbazioa ikerketa zientifikoan oinarritutako prozesu
dinamiko bezala ulertu beharko du.... Dudarik gabe, Euskal Herrian
egiten den naturaren babesa egoera berri baten aurrean aurkitzen
da; itxarongo al du bisoiak eman beharreko aldaketak iritsi arte?
Bisoi europarrari
buruzko informazio gehiago Euskonews&Media #19n
Iñaki
Irizar, Jorge Gonzalez, Idoia Villate, Eusko Ikaskuntzaren Natur
Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Ornodunen
Departamentuko kideak |