Ikuspundu ainitz Euskal Herrian
Euskal herrigintzan ikuspundu ainitzak
badira. Lurraldetasuna problema nagusi bat da arlo honetan. Arazo
honetan sartzeko, beste askotan bezala, bi bide daude. Bata da
problema zuzenki kokatzea erretorika politiko hutsean. Bestea,
mugaz gaindiko hartueman konkretuak antolatzea eta garatzea,
ezen, azkenean, gizarte zibileko mugaz gaindiko loturak nola
antola, lurraldetasuna hala "ekoiztu".
Alde politikoa eta gizarte zibilaren
arteko loturak oso konplexutzat hartu behar dira. Askotan hartzen
dugu mundu politikoan gertatzen diren gauzak egiazko gizarteko
mugimendutzat, erran nahi baitu aski dela politika mailan gauzak
dekretatzea gizartea aldarazteko, eta gizartea "dekretoz"
aldarazten dela! Ba ez! Garrantzitsua da noski politika mailan
gauzak bermatzea, bainan ez da nahikoa. Eta are gutiago arazoa
sozialki guti hedatua denean, eta bakarrik gutiengozko tendentzia
batek aldarrikatua denean.
Ekintzak beharrezkoak...
Ekintza mailan, konkretuki gizarte
arlo guzietatik mugaz gaindiko esperientziak aurreratzea ezinbestekoa
da. Oso garrantzitsua holako aktibitate konkretuetan aurrera
egitea. Hau da kultura mailan eta euskalgintzan ezezik, ekonomian,
enpresen arteko harremanetan, sindikalgintzan, osasungintzan,
eskola eta lanbide heziketan, unibertsitateen arteko harremanetan,
unibertsitate eta enpresen arteko loturetan, hiri eta herrien
arteko binazkatzetan... Laburki eta orokorki errana, mugaz gaindiko
sail guzietan eta gizarte harreman orokorretan... Ezen historikoki
mugak bere aztarnak utzi baititu... Diferentziak sortu eta sakondu
ditu, maila kulturalean, gauzak egiteko moldean, mundu kontsideratzeko
bideetan (weltanschauung famatu horietan...). Bainan hori
positiboa da, behintzan positibatu behar dugu. Euskal Herriak
ere behar du bere eraikuntza propioan nolabaiteko "biodibertsitatea".
Hau baita azken finean biziaren baldintza funtsezkoena ! Honek
elkar osagarritasuna ekartzen baitu pundu askotan, potentziala
diferentziak... Eta potentziala diferentziak daudenean, korrontea
pasatzen da normalki, elektrizitatea pizten bada, noski ! Elkar
eragitea da apustua beraz, bai Euskal Herriaren barnea begiratuz,
bai mundu osorako zabaltzearen perspektiba kontsideratuz...
Ezen, gizarte zibilean sartu
beharrean baldin bagaude, gure proiektua gizartearen "haragian"
gauzatu behar dugu. Bestela, ostion aipatu bezala, arlo politikoan
baizik ez da gelditzen, dilindan, abstraktuan, diskurtso hutsean.
...Eta hiritarrek gaizki ikusia, mendebaldeko Europak ezagutzen
duen funtsezko krisi politikoa distantzia honetan oinarritzen
baita nolabait.
Bestalde, Euskal Herriko, eta
batez ere Iparraldeko jende askok, politika frantsesean murgilduta,
ez du ulertzen mugaz gaindiko harremanen ugaritzea euskal naziogintzaren
ardatz bat bezala, baizik eta bi erresuma auzokideen arteko harreman
normalizatuak bezala. Ondorioz, mugaz bi aldeetako jarduerak
"errealak", gauzatuak, ugariak, eredugariak eta erakargarriak
bihurtzea izan behar da naziogintzan posizionatzen garenon desafioa.
Eta politikariek, behintzat Euskal naziogintzaz aritzen direnek,
prozesu guzi horiek lagundu, bermatu, lehentasun inportantetzat
hartu behar dute. Hor izango dira beren zereginetan, benetan
ariko dira, hiritarrekin batera, lurraldetasunari zaina eta odola
ematen.
Eta hortik abiatuz, gauzak gisa
honetan ikusten ez dituena konbentzitzea izan behar da gehienbat
gure desafioa. Eta hori, azkenean, lan amankomunean, bolontarismoan,
eta gizarte esperientza konkretuetan lortuko da bakarrik. Ezen,
gaur egun jende gutik asumitzen baitu konkretuki aldarrikapen
hori. Iparraldetik ikusita, Iparraldearekin lan konkretua egiteko
prest dagoen hegoaldiar askorik ez da ikusten!
Lurraldetasunaz eta naziogintzaz
ari diren askok, azkenean inbertsio gehiena arlo politiko hutsean
egiten dute, eta hau, Iparraldetik kontsideraturik, nahiko postura
inkantatoria eta zilborzalea iruditzen zait. Euskal Herriko politika
sakonki eta baikorki mugitzen den aro honetan, biziki momentu
egokia iruditzen zait zura sutan sartzeko, hots gizarte zibilean
holako bultzada askar bat emateko, naziogintzarako mugimendu
hau haragiz betetzeko.
Ondorio gisa
Holako esperientziak, nahiz eta
mugatuak izan, -eta egia esan, muga handiak dituzte- ezinbestekoak
iruditzen zaizkigu. Abiatze bat da. Tokikotasuna, konkretutasuna
landu gabe, ez goaz inora. Hau da konkretuki, inkantazioetatik
at, "herritartasunaren postura" : arlo sozialean, gizarte
mailan, gauza konkretuak aurrera eramatea. Hor sortuko dira egiazko
loturak mugaz bi aldeen artekoak. Lan hori aurrera eraman gabe,
ekintza politikoa motz geldizten da, nolabaiteko teknokraten
afera, nahiz abertzalea izan!
Horri buruz dugun ideia beraz
honaxe hau da : arlo guzietan mugaz gaindiko holako esperientziak
ugaritu behar ditugula, naziogintzari funtsa eta haragia emateko,
hic et nunc hasteko. Elkar ezagutza behar beharrezkoa
baita, elkarlanetan aritzeko gaitasuna eraiki behar baitugu -
eta lehentasun gorriaz - etorkizun amankomun bat asmatzeko.
Jean Michel LARRASQUET, Unibertsitateko
irakaslea Baionan. |