Iñigo
Mujika, Ariketa Muskularraren Biologian Doktorea |
"Kreatina onuragarria
izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri" *
Traducción al español del original en euskera |
Maria Agirre |
Ekainaren 23an bere bigarren doktorego-tesia
aurkeztu zuen Iñigo Mujika iruindarrak EHUn. Kreatinaren
gainekoa den tesia orain dela urte batzuk Frantzian hasi bazuen
ere, jarraipena eta amaiera Iruñean eman dizkio. Zehazki,
oso entrenatuta dauden kirolarien errendimenduan kreatina delako
sustantziak laguntzen ote duen ikertu du Iñigo Mujikak.
- "Ez dut dopinari buruzko
tesia egin" dio Soin Hezkuntzako fakultatean eskolak ematen
dituen irakasle honek. Baina bide batez, argi eta garbi utzi
nahi du, kreatinak ez duela dopinarekin zerikusirik.
-
- -Lehenik eta behin, kreatina
zer da?
Kreatina oso modan
dagoen sustantzia da, eta kirolariek hartzen dutena. Konposatu
kimiko bat da, hiru aminoazidoz osatutakoa. Aminoazidoak proteinak
osatzen dituzten osagaiak dira, eta hiru aminoazido zehatz elkartzen
direnean, kreatina sortzen da. Kreatina alde batetik, gorputzak
berak sintetiza dezake, edo bestela, elikagaien bitartez barnera
dezakegu. Kirolariek azken urteetan kreatina kontzentratua hartzen
dute, izan ere, kreatina bere forma fosforilatuan -fosfokreatina-
intentsitate handiko ariketetan giharrek energia lortzeko ezinbestekoa
da. Giharrei lan gehiago egiten laguntzen die kreatinak. Beraz,
arrazonamendua simplea da: kreatina beharrezkoa bada, kreatina
gehiago edukita ariketa gehiago egiteko gai izango da kirolaria.
Hasieran
ikerketa asko egin ziren, eta ikerlan horietan ikusi zen kreatina
baliagarria zela gutxi entrenatuta zeuden kirolarientzako. Hau
da, kreatina hartuz gero, ariketa gehiago egiteko gai zirela
gutxiago nekatuz. Nik, berriz, oso entrenatuta zeuden kirolariengan
ere eragin berdina ote zuen frogatu nahi izan dut. Gertatzen
zen, punta-puntako kirolariek kreatina hartzen zutela baina frogatu
gabe zegoen kirolari horientzat baliagarria ote zen. Guk egin
genuen munduan egin zen lehen ikerketa oso entrenatuta dauden
kirolarien kasuan.
-
- -Ikerketa egin ostean
zer frogatu duzu? Kreatina baliagarria al da oso entrenatuta
dauden kirolarien kasuan?
Tesia egiteko bi
kirol desberdin aukeratu ditugu. Izan ere, kirol batzutan kirolariek
esprint bat egiten dute eta proba bukatu egiten da, adibidez,
igeriketa
edo lasterketetan. Beste kirol batzuetan berriz, esprint errepikatuak
egin behar dituzte kirolariek, esate baterako, teniseko jokalariek
edo futbolariek. Horregatik, alde batetik igeriketa hautatu genuen
esprint bakarreko kirolaren eredu bezala, eta futbola esprint
errepikatuen kasurako. Gure ikerketek frogatu dutenez, futbolaren
kasuan errendimendua hobetu dezake kreatina hartzeak. Aldiz,
esprint bakarreko kiroletan, ez du merezi lehiaketa baino astebete
lehenago kreatina hartzeak. Hala ere, kasu horietan lagungarri
izan daiteke urtean zehar kreatina hartzea, era horretan, entrenamenduaren
kalitatea hobetu daitekeelako, eta epe luzera begira lehiaketan
emaitza hobea lortu. Ikerlana hasi genuenean, kirolariek kreatina
bost egun lehenago hartzeko ohitura zuten. Bost egunetan zehar
giharrak kreatinarekin bete, eta egun gutxira lehiaketara aurkeztu.
Guk frogatu dugunez, kasu horietan kreatina hartzeak ez du merezi.
-
- -Beraz, zein kirolariri
gomendatuko zenioke kreatina hartzea?
Lehiaketa baino zazpi
egun lehenago futbolean, saskibaloian edo antzeko kiroletan aritzen
den kirolariari gomendatuko nioke kreatina hartzea, lagundu egin
diezaioke eta. 400 metro korritzen duen korrikalari bati, berriz,
lehiaketa baino zenbait hilabete lehenago kreatina hartzen hasteko
esango nioke, baina kronikoki, hau da, kantitate txikiak baina
jarraian. Kasu horretan, kreatinak entrenamenduaren kalitatea
hobetzen lagun diezaioke, eta gero, emaitza hobeak lor ditzake.
-
- -Magikoa da?
Horrela pentsatuz gero, ura ere magikoa dela esan daiteke. Txirrindulari
batek beharrezkoa duen ur kantitatea edaten badu eta beste batek
ez, ziur egon behar bezain beste ur edan duenak irabaziko duela.
Urak, glukosak... eragin onuragarria dute. Kreatinarekin
ere gauza bera gertatzen da, onuragarria da. Hala ere, kreatinak
batzurengan eragina du eta beste batzurengan ez. Kreatina hartu
duten hamar lagunetako talde batean gerta daiteke zazpik euren
errendimendua hobetzea, eta hiruk ez. Ez da magikoa, ez baitu
beti funtzionatzen. Kontua da giharrak mugak jartzen dizkiola
kreatinari, kopuru batetik aurrera, gernuaren bitartez kanporatu
egiten du kreatina. Egunero 3 gramo hartuz gero, 28 egunetan
gutxi gorabehera, giharra saturatu egiten da. Bost egunetan zehar
egunero 20 gr. hartuta, guztira 100 gr. inguru, giharra saturatu
egiten da. Ez du zentzurik gehiago hartzeak. Bestalde, kirolari
batzuk naturalki kreatina maila altuak dituztenez, gehiago hartzeak
ez du eraginik izango, giharrak ez baitu onartzen. Beraz, kasu
horietan ezin da pentsatu errendimenduari dagokionez onurak ekarriko
dituenik. Beste batzuk, berriz, kreatina maila bajua dute, eta
kreatina hartzeak ekarriko dizkien onurak askoz ere nabarmenagoak
izango dira.
-
- -Asko omen dira kreatina
hartzen duten kirolariak.
Asko
eta mundu osoan zehar. Kreatina era desberdinetan hartzeko aukera
dago: pilulak daude, txikleak, zumo batean disolbaturik har daiteke...
Kirolari profesionalek zein gimnasioetara joaten direnek hartzen
dute. Jende asko gimnasiora giharrak handitzera joaten da, eta
kreatinak horretan laguntzen du. EEBBtako zenbait ikertzailek
behin baino gehiagotan frogatu dutenez, kreatina hartzen duten
futbolari amerikarrei gihar masa handitu egiten zaie denboraldian
zehar.
Batzuek aitortuko dute eta beste batzuek ez, baina mediku edo
fisiologo on bat duten kirolari gehienek kreatina hartzen dute,
batez ere, sprint errepikatuetako kiroletan aritzen direnek.
-
- -Kreatina hartzea ez dago
debekatuta. Zergatik?
Kirolariaren osasuna kaltetu dezaketen sustantziak daude debekatuta,
eta gaur gaurkoz, ez dago kreatinak ondorio kaltegarriak eragin
ditzakeela dion ikerketarik. Beraz, ez dago kreatina debekatzeko
arrazoirik. Onuragarria delako debekatu nahi bada, arrazoi berdinarengatik
ura debeka daiteke. Kirolariek ur asko edaten dute, eta glukosa
asko hartzen dute errendimendua handitzen laguntzen baitie. Kreatina
ere onuragarria da, eta osasunarentzat ez da kaltegarria. Orduan,
zergatik debekatu? Gainera, kontutan izan behar da elikagai gehienek
kreatina dutela, batez ere, haragiak eta arrainak. Edozein sustantziaren
aurrean galdera izan beharko litzateke:
segurua al da osasunerako eta zerbatitetarako balio al du? Horrela
bada, aurrera.
-Hala ere bada dopintzat jotzen duenik Baina ez dakit zergatik.
Jar dezagun adibidetzat karbohidratuen kasua, spaghettiena. Argi
dago spaghettiek errendimendua handitzen laguntzen dutela, baina
inori ez zaio harrigarri egiten kirolariek karbohidratu kantitate
handiak jatea. Aldiz, kreatina ere baliagarria da baina batzuek
diote dopina dela. Zergatik spaghettien kasuan ez dago dopinaren
susmorik eta kreatinarekin, berriz, bai? Karbohidratu asko jatea
ere kaltegarria izan daiteke osasunerako.
Tesia aurkeztu eta handik bi egunera gauza bitxi bat gertatu
zen. Egunkari batean argitaratu zuten nire tesiari buruzko artikulu
bat eta titularrak zioen, Iñigo Mujika: "Kreatina
ez da dopina". Aldamenean berriz, Festinako masailari bati
sustantzia dopanteak aurkitu zizkiotela zioen albiste bat ageri
zen. Aurkitutako sustantzia debekatuen artean kreatina aipatzen
zuen kazetariak. Bitxia, ezta?
Sustantzia debekatuen zerrendan ez da kreatina agertzen, eta
batzuek hori jakin arren esaten dute egon beharko lukeela. Zergatik?
galdetzen diezu eta erantzuten dute kreatina hartzea ez dela
normala. Baina karbohidratu kantitate handiak jatea normala al
da? Eta zazpi orduz geratu gabe bizikletaz ibiltzea?
-
- -Orduan zein da kreatinarekin
dagoen arazoa. Izena beharbada?
Kontua da gauza jakina
dela kirolariek kreatina hartzen dutela. Ezagunak diren kirolari
batzuek "aitortu" dute kreatina hartzen dutela. Hala
ere, ez dakit zergatik erabiltzen duten "aitortu" hitza.
Esan dute, eta kitto.
Bestalde, kazetariek izugarrizko paranoia dute dopinarekin. Iaz
futbolari guztiak dopatu egiten zirela zioen zurrumurrua zabaldu
zen Italian, eta horren aurrean jokalari batek adierazi zuen
kreatina hartzen zuela. 
Horrela, automatikoki, kreatina eta dopina lotu egin ziren. Baina
kreatina hartzen zutela onartu zuten, debekatuta ez dagoela badakitelako,
eta bitartean, beharbada, sustantzia dopanteren bat hartzen zuten.
Nire ustez eztabaida desbideratzeko modu bat izan zen. Kreatina
ahoz-aho dabilen bitartean, ez da beste sustantzia batzuri buruz
hitz egiten.
Begira Miguel Indurainen kasua ere. Inork ez du Indurainek baino
kontrol gehiago pasatu. Urtean 80 dopin kontrol baino gehiago
egiten zizkioten Induraini, eta hala ere, dopatu egingo zela
esaten zuten batzuek. Nik uste dut kirolariek izugarrizko meritua
dutela, eta aurkakoa frogatu bitartean, garbi daude, ez dira
dopatzen.
-
- -Baina dopin kasuak gertatzen
dira. Kasu horietan nork dauka errua: kirolariak, sendagileak...
Inguruak. Kirolariei
ezartzen zaizkien eskakizunak izugarriak dira, eta kirolak duen
garrantzi sozial eta ekonomikoa larregikoa da.
Kirolariaren osasunak arduratu beharko liguke gehien, eta sarritan,
zenbait laguntza hartzea egokiagoa izan daiteke kirolariaren
osasunerako, inongo laguntzarik gabe eskatzen zaizkien lanak
burutzea baino. Frantziako Tourra korritzea izugarria da, eta
txirrindulariei eskatzen zaiena ia-ia ezinezkoa. Lasterketa hori
inolako laguntzarik gabe burutzea, zenbait laguntza hartzea baino
okerragoa izan daiteke kirolariaren osasunerako. Dopinaren ikuspuntu
nagusia kontutan hartzen badugu, hau da, kirolariaren osasuna
zaintzearena, ondo erabilita laguntza batzuk interesgarriak izan
daitezke.
-
- -Sustantzia debekatuen
zerrenda, beraz, berrikusi egin beharko litzateke zure ustez?
Bai, hala uste dut.
Adibidez, katarro edo bronkitis bat sendatzeko haur batek har
dezakeen jarabe bat txirrindulariak ezin du hartu, bakar-bakarrik
debekatuen zerrendan ageri delako. Hainbat sustantzia hartzearren
zuzenean positibo ematen du kirolariak, baina badira zientzilariek
egindako ikerlanak, sustantzia batzuk dosi terapeutikoan hartuta
erredimenduan ez dutela onurarik ekartzen frogatzen dutenak.
Orduan zergatik debekatu? Debekatu behar dira kantitate batetik
aurrera, baina ez hartzeagatik bakarrik.
Argazkiak:
Maria Agirre
Euskonews
& Media 47.zbk (1999 / 9-24 / 10-1) |
|