Aramaioko Lore-Jokoen mendeurrena
*
  Traducción al español del original en euskara
Pedro Uribarrena

Aurtengo irailean 100 urte beteko dira, Antoine d' Abbadieren alargunaren ekimenez Aramaion Lore-Jokoak egin zirela. Hain zuzen ere, bere senarrak hasitako Lore-Jokoei jarraipena eman nahiez, 1899ko irailaren 9 eta 10ean Lore-Jokoen gune izan zen Aramaio.

R. M. de AzkueMendeaurrena gogoratzeko, Aramaioko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta besteak beste, aurretik ezagutzen zen "Las Fiestas Euskaras en el Archivo del Valle de Aramaiona" izeneko ikerketa borobildu eta osatzen duen lana aurkeztuko da.1899ko Lore-Jokoei dagokienez, antolatutako ekintzak zeintzuk izan ziren, zenbat parte hartzaile izan ziren eta zenbaterainoko arrakasta izan zuten genekien, "Euskalzale" aldizkarian Resurreción María de Azkue antolatzaileak argitaratutako artikuluei esker.

Aurrez egindako ikerketa batean, ekintza horri buruz Aramaioko udaletxeko artxiboan ageri ziren hainbat datu eman ziren ezagutzera. Hala ere, dokumentu horiek, gehienetan "udal akordioak" zirenak, ekintzari buruzko ikuspegi partziala eskaintzen ziguten, eta batzuetan informazioa okerra edo osatu gabea ere bai. Erabilitako finantziabideaz ari gara, izan ere udalak hartutako erabaki batean oinarrituz genion, festetan edandako ardoaren prezioa pezeta bat garestituz gauzatu zela. Ondoren aurkitutako dokumentu batek erakusten digunez, berriz, Komisio Probintzialak finantziabide hori ez zuen onartu.

Udaletxeko artxiboan aurkitutako dokumentuekin ere ezin zitekeen pentsatu, Udalaren eta Azkue Jaunaren artean arazoak egon zirenik, baina arazo horiek agerian geratzen dira azken honek udaleko komisioari zuzentzen dion gutunean. Eskutitz honek aurreko bati erantzuten dio, baina aurrekoa ez da gordetzen.

"Bilbo, 1899ko Abenduaren 14a

Fco. Leaniz-Barrutia Jauna

Jaun Agurgarria:
Zure gutuna jaso berri dut: nire jarrera izan dena izanik, zuek dakizuenez, eta bestalde apaiza naizenez, uste nuen bailara horretako seme bakar bat ere ez zela inoiz ausartuko, eta zu alkatea izanik are gutxiago, idatzi duzuen bezalako gutuna idazten. Uste duzu gutxi sufritu dugula guk bidalketaren atzerapenaz?
Herenegun Mokoroa Jaunak nire izenean bidali zizun gutunean esaten genuen, egun horretan bertan jaso nuela nik d´Abbadie-ren alargunak bidalitako gutuna, 1220 pta. barne. Eta otzarak egiten dituenak hamaika egin ditzakeenez, exijitzen dizut (inoiz gehiago ez jartzeko zalantzan gure zintzotasuna).

1.Kobratzera datorrenak ekar dezala zure baimena sinatuta eta udaletxeko zigiluarekin.

2. Ikus dezazula d´Abbadie-ren alargunak bidalitako gutunaren data, ez dezazuen pentsa dirua denbora tarte batean gure esku egon denik.

3. Ikus dezazula, bestetik, pezetak bidali dizkidala eta ez liberak.

4.Ekar dezala baimena bezala, ordainagiria sinatuta eta zigiluarekin.

Aipatu atzerapenagatik eta zure susmo zital horiengatik nire nahigabea beste behin adieraziz, agurtzen zaitu.

Resurrección M. de Azkuek.

Gai honi buruz aurkitutako beste dokumentu bat Azkuek ordaindutako ordainagiriaren kopia da:

"Araban dagoen Aramaioko udalbatzak helburu horretarako aukeratuta, Bilboko apaiza den Resurrección M. de Azkueren eskutik, eta data honetan, 1140 pta. jaso ditudala aitortzen dut. Kopuru hau izan da, iraileko 9an eta 10ean ospatutako Euskal Jaietan gastatutako diru kopurua, udaletxeko fondoetatik ordaindua izan dena.
Behar den tokian ager dadin, sinatzen dut eta zigiluz markatzen dut, Bilbon 1899ko Abenduaren 21ean. Fco. Leaniz-Barrutia"

Baina dudarik gabe, antolakuntzan Udalak izan zuen arazo larriena, Bixente Goikoetxeak prestatutako meza kantatua bertan behera uztea izan zen, nahiz eta Udalak berak eskatu zion egitea. Hori dela eta, "Lore-Jokoak" bertan behera uztekotan egon zen Azkue.
Egia esan, ez dago jakiterik zergatik hartu zen erabaki hori, udaletxeko agirietan ez dago eta, horren inguruko erabakia jasotzen duen dokumenturik. Gai honi buruz dugun erreferentzia bakarra Azkuerena da, eta horrela dio:

"Mezari dagokionez, komisioa osatzen zutenak, erabaki okerra hartu ez badute, gutxienez hartutako erabakiak betetzeko ganora gutxi erakutsi dute. Erreguka eskatu zioten herriko seme argi bati meza bat konposatzea jai horretarako; eta behin meza eginda, musika gauzetan baino senda-belarretan jakitunagoa den baten erabakiz, ez Azpeitiarrik ez Gasteiztarrik ez zen etorri meza hori entzutera . Otxandioko abesbatza batek kantatu zuen Gorritiren si bemolekoa".

Azkueren azalpen hau ez da nahikoa iritzi aldaketa azaltzeko, baina arrasto batzuk ematen dizkigu:
Alde batetik, badakigu Bixente Goikoetxea karlista zela eta bere aitarekin batera, gerran zeuden bi ejerzitoak hornitzeaz arduratu zela, bai karlistak zein liberalak. Horrek, behin baino gehiagotan Udalarekin istilu bat baino gehiago izatea ekarri zuen, eta baita bizilagunen haserrea areagotzea.
Bestalde, badakigu garai horretan Capelastegui mediku jaunak, herrian eragin handia zuela. Sendagile hau oso ezaguna zen euskaltzaletasunaren kontrakoa izateagatik, eta seguruenik, honi egiten dio erreferentzia Azkuek. Aurrez ere Bixente Goikoetxearen aurka azaldu izan zen mediku honek, Udalarengan eragingo zuen meza kantatzeko erabakia bertan behera geratu zedin.

Baina arazo hauetaz gain, Lore-Jokoek arrakasta handia izan zuten, eta espero dugu gauza bera gertatuko dela mendeurreneko hauetan ere.


Pedro Uribarrena, Eusko Ikaskuntzako kidea eta ikerketaren egilea


Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8-17)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved