Azken errege absolutista izan zen Fernando
VII. hil eta ondorengo urteetan, nolako gobernu politikoa eratu
zehazteko borroka izan zen Espainian. Borroka hori ez zen arlo
politikoan eman bakarrik, Antzinako Erregimenaren eta Erregimen
Berriaren zaleek guda eremuan bertan egin baitzuten borroka.
Erregealdiko azken urteetan,
Fernando VII. konturatu zen bere alaba Isabelen ondorengotza
eskubideen gainetik pasa nahi zuela On Karlos Infanteak lege
salikoaz baliatuz, eta Espainia era absolutista batez gobernatu
nahi zuela. Bere alabak tronora igotzeko zituen eskubideak defendatzeko,
azken hogei urteetan eramandako iharduera politikotik bereizi
behar izan zuen erregeak 1830-31 urteaz geroztik. Ordurarte etsai
politiko izan zituenen artean, liberalen artean hain zuzen ere,
bilatu behar izan zuen babesa.
1833ko
irailaren azken egunetan, Fernando VII. hiltzean, eta liberal
moderatuak gobernuan zirela, On Karlosen jarraitzaileak monarkiaren
eremuko hainbat tokitan altxatu egin ziren, euskal lurraldeetan
indartsu bereziki.
Liberalak garaile ateratzen baziren
euskal probintziak eta Nafarroako erresumak foralitatea galtzeko
arriskua zutenez, aipatutako lurralde hauek On Karlosen jarraitzaileen
alde agertu ziren. Izan ere, antzinatik zetozen pribilegio guztiak
kendu eta Espainiako lurralde edo probintziak arlo guztietan
berdindu nahi zituzten liberal haien aurrean, foralitatea defendatzeko,
Nafarroako Erresumako eta euskal probintzietako gobernanteek
ez zuten On Karlosen alde jartzeko inolako zalantzarik izan.
Bereziki, On Karlosek Portugalen erbesteratuta zegoelarik, Nafarroako
eta Euskal Herriko foralitatea defendatzea zin egin zuenetik.
Hiriburuak eta merkataritzaz
baliatzen ziren kostaldeko herri batzuk baino ez ziren nabarmendu
foralitatea defendatzen zuten gainontzeko herrien aurka, atlantiko
aldeak eta Europak azken urteetan zeraman norabide ekonomikoa
ikusita, garapen ekonomirako oztopo gertatzen baitzitzaien; eta
adibide bat besterik ez dugu jarriko hori ikusteko, aduanak Ebro
ibaian zeuden eta hori sekulako kalte ekonomikoa zen herri horientzako.
Bilbo, Gasteiz eta Gipuzkoan Oñatin
altxatu ondoren, karlisten partida irregularrek monarkiako armadari
eraso zioten. Partida horiek hasieran txikiak zirenez eta liberalen
armadak baino antolamendu gutxiago zutenez, Zumalakarregiren
zain egon behar izan zuten. Zumalakarregik partida horiek antolatu
eta armada indartsu bat antolatu zuen, eta Nafarroa osoa (Iruñea
izan ezik) konkistatu ondoren, Madril ez erasotzea erabaki eta
Gipuzkoa konkistatzera abiatu zen. Helmuga horretan garrantzi
handia izan zuen Deskargako ustekabeak, 1835eko ekainaren 2an.
Izan ere, Zumalakarregik Ordizia setiatua zuenean, eta hura babesteko
Bizkaiko Komandante Generala zen Espartero bera zetorrela, Urretxuko
paraje horretan ezusteko eraso bat eta porrot garbia jasan zituen.
Ondoren jausi ziren Ordizia, Bergara, Tolosa, Durango eta abar
karlisten eskuetan geratu ziren.Guda bukatu arte, Gipuzkoa osoa,
Donostia izan ezik, karlisten menpe geratu zen.
Konkista horretatik aurrera,
lurralde honetako biztanleen eguneroko bizitza gudak baldintzatuta
geratu zen, batez ere irabazleen zapalkuntzarengatik. Euskal
Herriko biztanleek ez zituzten karlistak gaizki ikusi 1833tik
1835ko erdira arte, foruak defendatuko zituztela esaten zutelako.
Handik aurrera, ordea, behin lurraldea konkistatu ondoren, asmo
horiek alde batera utzi zituzten karlistek lurraldean gudako
ekonomia antolatu baitzuten. Orduan hasi ziren karlistak ordurarte
liberalek egin ez zutena egiten: mutilak armadarako bahitzen,
lurrak lantzeko familia askotan beharrezko zirenak eramanez:
era guztietako hornigaiak, elikagaiak... eskaera izugarriak egiten,
herriko agintariei heriotz mehatxuak eginez. Hau guztia ordaintzeko
Zumarraga, Urretxu eta Ezkiokok, zeuzkaten ia herri-baso guztiak
saldu behar izan zituzten. Ondorioz, karlisten aurkako kexu mugimendu
isil bat sortu zen herri hauetan (egoera hura ulertzeko adibide
bat honakoa litzateke: nahiz eta Foruak urtebeko agintaldia eman
alkateei eta lehen ohorezko kutsua zuen kargua izan, egoera berrian
ez zuen inork alkate izendatua izan nahi, eta eskualdeko herri
batzuetan, "indarrez" izendatu ziren alkateak. Beste
herri batzutan agintaldiak lau hilabetetara edo hilabete batetara
mugatu zituzten).
Demografia atalean ere eragina
izan zuen gudak: jaiotza-tasak behera egin zuen karlistak agintean
egon ziren urteetan, eta batez ere 1835 eta 1836 urteetan, ezkontzak
asko jeitsi ziren.
Errepresiorik
handiena herritar xehearen aurka egin ordez, herrian nolabaiteko
eragina zutenen aurka egin zuten: alde batetik udal idazkarien
aurka, eta bestetik, eta hau oso interesgarria da, herriko apaizen
kontra. Zumarragan bertan, bikoarioak alde egin behar izan zuen
karlistek lurraldea konkistatu baino lehen; benefiziodun bat
urtetan eduki zuten beste herri batzuetan konfinatuta. Urretxun
antzera gertatu ziren gauzak. Beharbada, honen arrazoia izan
daiteke lurralde hauetan desamortizaziorik egin ez izana. Edonola
ere, uste izatekoa da, eta nire iritzia da ematera noana, aurretiko
egoera pertsonaletan egon daitekeela jarrera hauen arrazoia (karlisten
aurka agertzea).
Herri hauek jasan behar izan
zuten zapalkuntza handiaren beste adierazgarri bat da 1836an
Zumarraga-Urretxun jarri zuten "Comisaría de Vigilancia
Pública" delakoa.
Gipuzkoan, 1839ko abuztuaren
31n sinatutako itunarekin amaitu zen guda. Aurreko egunetan Maroto
generala Zumarraga eta Urretxun izan zela eta, aditzera eman
zuen bai militar karlistak bai lurraldeak berak (euskal probintziak
eta Nafarroako erresuma) izugarrizko gainbehera ekonomikoa jasaten
ari zirela. Lurralde hauek, monarkiaren eremuko xumeenak izanik,
gudaren ia karga osoa bere gain izan zuten eta erabat agortuta
zeuden. Baldintza horietan guda berehala amaituko zelakoan azaldu
zen Generala.
Guda amaiera horren beste ondorio bat izan zen, lehendabiziko
une batean, euskal probintziak eta Nafarroako Erresuma monarkiako
legeria konstituziolistaren barruan sartzea, Foruen zatirik haundiena
1837ko konstituzio aurrerakoiak kenduta. Hala ere, 1839ko urriaren
25ean emandako Lege garrantzitsuak, Foruak errespetatu egin zituen,
noski monarkiaren konstituzio batasunaren kalterik gabe.
Gipuzkoan Aldundiak eragin, eta
1841eko urrian izandako moderatuen matxinadaren emaitza izan
zen Espartero Erregeordeak 1841ko urriaren 29an sinatutako Dekretua.
Dekretu haren bidez, foralitatearen zati interesgarri batzu desagertu
egin ziren. Dena dela, Esparterok 1844an izan zuen porrotaren
ondorioz foralitatearen ia-ia zati guzti haiek itzuli egin zitzaizkien
euskal probintziei.
1833ko urritik aurrera euskaldunak
ez ziren karlista gisa nabarmendu, historialari askok hala esaten
duen arren. Beraz, liberalek erasotako foralitate baten defentzaile
izatera pasa ziren. 1836an,
karlistek agintea beren esku zutela guda garaiko ekonomia ezarri
zutenean, gipuzkoarrak, eta euskaldunak oro har ordura arte laguntza
eskaini bazieten ere, laguntza hori emateari uko egiten hasi
ziren.
Liburu honetan, erregimen aldaketaren
eraginez eta gudarengatik eskualde honetako biztanleengan eragina
izan zuten aldaketa guztiak aztertzen saiatu naiz: gizartea,
arlo ekonomikoa (baita udal ogasunak ere), zerbitzuak: errepideak,
posta, sanitatea, hezkuntza, prentsa, jaiak; arlo instituzionalak,
hauteskundeak, udal enplegua, eliza, guda ekintzak, armadaren
antolakuntza, pentsioak, ondasun bahiketak, herrien arteko harreman
bereziak, eta abar. Antonio Prada,
Historian Doktorea
Irudiak: Auñamendi Entziklopedia |