Euskal
etnografiari buruzko liburu batean, Aita Barandiaranek aipatzen
zituen hitzak gogoratuz hasiko dut nire artikulua: "Herri
baten kultura osatzen duten hainbat elementuren artean, beti
izango da inoiz ahaztu eta premia gehiagorekin heldu behar den
lana, desagertzeko zorian egon daitezkeen tresna, egoera edo
bestelakoak berrreskuratu eta jasotzeko lana, hain zuzen".
Ildo honi jarraituz, Aramaio, nire jaioterriaren, ondare kulturala
nolabait ezagutu eta aztertzeko aukera izan dut Eusko Ikaskuntza
eta Aramaioko Udalak bultzatutako ikerketa lan bati esker.
Industrializazioaren eraginez,
erabat aldatu zen garai batean gure herrietako bizimodua. Ordutik
gaur egunera jaso diren beste aldaketak, beharbada ez dira hain
sakonak izan. Baserri inguruetan, Aramaioren kasuan bezala, aro
batetik bestera eman diren aldaketek lehengo bizimoduaren hainbat
ezaugarrien desagerpena ekarri dute: gure aiton-amonen pentsatzeko
modua, lanbideak, antzinako hainbat ohitura eta abar. Hauetariko
asko gure nagusien oroitzapenean gordetzen dira ordea. Honekin
zera esan nahi dut: kulturaren trasmisioan, pertsona nagusiek
dutela protagonismo osoa eta beraiei dagokiela testigantza uztea.
Hain nagusiak ez garenoi, bestalde, lekuko hori jaso, ezagutu
eta Aramaioko kultur historiarako gordetzea dagokigu.
Nola berreskuratu? Nola gorde
gerora? Zeinen ardurapean? Gazteleraz esaten den bezala milioiko
galderak dira, ezta? Argi eta garbi dugu gure herriaren historiaren
ezaugarriak berreskuperatu eta nolabait gorde nahi ditugula,
era berean, gure seme-alaba eta gerokoak ere horren lekuko izan
daitezen neurri batean. Helburua garbi dugu, beraz, baina lan
zailena ondokoa da, noski. Aramaioko kasu honetan adierazgarria
da Udalak eta Eusko Ikaskuntzak erakutsi duten ahalegin berezia.
Ikerketa honen arabera, herriaren ondare kulturala errekuperatzeko
lehentasunak finkatzen saiatu naiz; gure herriaren jakitura guztia,
belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititu dena, nola bildu
eta etorkizunerako behar den bezala gordetzeko lehentasunak finkatzen,
azken finean.
Ikerketa, atal desberdinetan
sailkatu dudanez, beraie dagokien informazio labur eta zehatza
azaltzen saiatuko naiz jarraian. Kontutan hartuz, Aramaion bezala
beste herri askotan antzerakoa gertatzen dela, beharbada batzuentzat
adibide edo erreferentzi bihur daitekeelakoan nago.
Aramaioko kasuan, euskarak duen
berezitasunagatik, lan horri heldu behar diogu lehendabizi, desagertzeko
arriskuan baitaude ezaugarri propio horiek. Horregatik planteaturiko
lehentasunen arabera, beharrezkoa da adinekoen ahotsa jasotzea,
beraien ahotan baitago gure hizkuntzaren mamia.
Herri askotan garatu da jadanik
toponimiaren gaia; gure inguruan Arrasateko kasua dugu hurbilena.
Arlo zabala da, eta gure kasuan gauza gutxi dagoenez aurretik
egina, errazenetik hastea hobe. Arlo honetan egin daitekeena:
baserrien jatorrizko izenak hartu eta herriko mapa batean kokatu;
belar, zuhaitz eta landareen izen eta erabilerari buruzko fitxak
egin; bide zaharren nondik norakoa jaso; eta abar. Aspektu honetan,
beste gehienetan bezala, herriko pertsona edo talde desberdinen
laguntza aurreikusten da, jubilatuena esate baterako.
Bestalde, bailaran oraindik bizirik
ditugun historiaren arrastoak behar diren bezala gordetzeko ahalegin
berezia egiteak bere garrantzia dauka. Horra hor: aspaldiko hilobiak,
bide zaharrak, gurutzeak, ermitak, eta abar. Besterik ez bada,
saiatu gaitezen belaunaldiz belaunaldi gugana heldu diren arrastoak
ahalik eta egoera onenean gorde daitezen kontzientzia sortzen.
Etnografiaren arloa zabala dela
kontutan hartuz, aspektu esanguratsuetan sakonduko dugu soilik.
Jasotako lehentasunen artean, garai batean erabiltzen ziren eta
gaur egun ia desagertuta dauden tresneri zaharrak berreskuratzeko
ahalegin berezia azpimarratzen dut. Gehienak garai bateko lanbideekin
daude lotuta: ikatzgileak, tejeroak, errotariak, harotzak, kanteroak.
Beste batzuk, etxeko objetu edo gauza pertsonalak izan daitezke:
izarak, bajillak, arropak, erlojuak, tokilak, orraziak, moneta
zaharrak, ... Sail berezia merezi dute argazki eta dokumentu
zaharrek. Izan ere, jakin badakigu etxe askotan oraindik ere
gordetzen direla hauetariko asko. Horiek gordetzeko modurik egokiena
bilatzea (digitalizazioa) eta katalogatzea lirateke.
Azkenik, nahiz eta besteak hainako
garrantzia duen beste puntu bat izan: ohiturak eta folklorea.
Kapitulu honetan hainbat ezaugarri ditugu: ipuin zaharrak, jokuak,
jaiak, erlijio ohiturak (peregrinazioak, errogatibak, bedeinkapenak,
kofradiak, ...).
Aipatutako ezaugarriak jasotzea
ezinbestekoa bada, hori bezain garrantzitsua da hori guztia ezagutzera
ematea. Hainbat aukera ditugu, nik honako bi hauek planteatzen
ditut: ahalik eta materiale gehiena artxibatu eta katalogatu
ondoren, guztiontzat eskuragarria izango den toki jakin batean
gorde (Kultur Etxean esate baterako); urtero gai desberdin baten
inguruan erakusketa antolatu (lanbideak, festak, txerri boda,
...)
Ikerketa bukaturik, ondoren,
lehentasun horiek kontutan hartu eta beraiei heltzea dagokigu.
Bi erakundeek, Udalak zein Eusko Ikaskuntzak, interes handia
dute aurrerantzean lanari jarraipena emateko. Beraz, ez dadila
paperean gelditu bakarrik, eta has gaitezen urratsez urrats lanean.
Rosa
Mondragon, Ikerketaren egilea |