Antonio
Roa, Lizarrako
Bidearen Lagunen Elkarteko kidea |
"Donejakue Bidea erabat
aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita" *
Traducción al español del original en euskera |
Maria Agirre |
Donejakue
Bideaz gaur egun asko eta asko hitz egiten bada ere, eta ibilbide
hau urtero milaka erromesek egiten duten arren, duela 25 urte
apenas entzuten zen ezer honi buruz, eta oso gutxi izaten ziren
ibilbidea egitera animatzen zirenak. Antonio Roa, Lizarrakoa,
Donejakue Bidea ia ahaztuta zegoela eta ia erromesik ez zegoenean
ibilbidea egin zuenetako bat dugu. Garai hartan, bide hau berpizten
aitzindari izan den Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko kide
zen Roa jauna.
-
-
-
-
- - 1963an egin zenuen lehen
aldiz Donejakue Bidea.
- Halaxe da. Donejakue Bidearekin
zer egin zitekeen ikusi nahi genuen. Donejakue Bidea berpiztea
zen asmoa; beraz, ibilbidea egin beharra zegoen zer eman zezakeen
jakiteko. Nire koinatu batekin eta Jose Maria Jimeno Jurio historialariarekin
egin nuen bidea, gurdi eta mando bat geneuzkala. Orreagatik abiatu
ginen eta 21 eguneko bidaia egin genuen. Karitateak zerbait emango
zigunaren itxaropenarekin abiatu ginen, baina oso gutxi ematen
zuela ikusi genuen. Egia esan, ez zegoen jendea erromes ikusteko
ohiturarik. Burutik jota geundela esaten ziguten. Ez zen ohikoa
hiru gizon gurdi eta asto batekin, erromesez jantzita eta burdinezko
gurutze batekin ikustea. Hala eta guztiz ere, erromesei harrera
egitea ez zenez ohikoa, oso ongi etorri ederra egin ziguten Santiagon.
Poliziak Santiagora iritsi arte eskoltatu gintuen, Udalak udalbatzan
hartu gintuen, erreportai bat ere egin ziguten NO-DOan. Esperientzia
ona izan zen benetan, eta ordudanik Donejakue Bidearen inguruan
aritu naiz bete-betean. Sei urtez Lizarran dagoen Bidearen Lagunen
Elkarteko presidente izan nintzen, baina aurten utzi egin dut,
lan kontuak direla-eta.
- Bada XIX. mendean jendea erromes
ibili izanaren erreferentziarik, gehienetan erruki kontuengatik,
baina XX. mendean indarra galdu zuen. Dozena erdi bat izango
ginen bidea 1963an egin genuenok. Normala da gauza hauek arrakasta
izan eta gero gainbehera joatea.
-
- - Noiz sortu zen Lizarran
Bidearen Lagunen Elkartea, eta nondik sortu zen ekimen hori?
1958. urterako idatzita zeuden elkarte
honen estatutuak. Francisco Beruete-ren adimen eta gogo biziari
esker sortu zen. Oraindik bizi den gizon honek intuizio handia
izan zuen; gainera, bidea ezagutzen zuen eta inguruan bildu zuen
jende praktikoarekin aurrera egitea lortu zuen. Elkarteak mundu
guztiko kideak izan ditu bere baitan, bakarra izan baita. Bazkide
alemananiarrak, frantsesak, ingelesak, belgikarrak, txekoslobakiarrak,
errumaniarrak... geneuzkan. Gaur egun atzerritarrek badauzkate
beste zenbait aukera, zeren eta Alemanian hiru elkarte daude,
Ingalaterran beste hiru, Eskozian ere bai... Hain zuzen ere Lizarrako
Elkartea izan da gainerako guztien sorburua. Egun 80 edo 85 elkarte
inguru egongo dira.
- Lizarrako elkartearen helburua,
Donejakue Bidearen azterketa eta ezagutza maila espiritual, kultural
eta sozialean bultzatzea da. Beste aldetik, erakundeei ondare
espiritual eta arkitektonikoa kontserbatzen laguntzen diegu.
-
- - Zer nolako pisua dauka
gaur egun elkarte honek?
- Garrantzitsua izaten jarraitzen
du. Egun, Elkarteen Federazio bat dago, instituzioen mailan indar
gehiago izatearren, eta gure elkartea bertako partaide da.
-
- - Zein jarduera mota antolatzen
dituzue?
- Lizarran dagoen Donejakue Bidearen
Lagunen Elkartearen babesarekin, eta Francisco Berueteren laguntzaz,
Ertaroko Ikaskuntzen Astea sortu zen Lizarran, harri bitxi bat.
Ondoren Aitzinako Musikaren Astea etorri zen, gaur egun Diputazioak
zuzentzen duena. Orreagako Batailaren Mendeurrena ere ospatzen
dugu, eta baita Sefardi Ikaskuntzen Astea ere. Bizitzaz eta ilusioz
betetako elkarte bat izan da, eta da.
-
- - Lizarra derrigorrezko erreferentzia
bilakatu da Donejakue Bidean. Zer ematen dio Lizarrak Donejakue Bideari? Eta zer ematen
dio Donejakue Bideak Lizarrari?
- Lizarra, bideari begira sortua
da. Lizarra, Ega ibaiaren ertzean zegoen herriska bat zen, eta
guztiz ezezaguna zen Donejakue Bidearen baitan. Bidea Iruñatik
zetorren, eta Lizarra kanpoan gelditzen zen. Sancho Ramírez
izan zen Lizarra bultzatu zuena, Donejakue Bidea Lizarratik pasarazi
baitzuen. Hortaz, bidea desbideratu zuen. Donejakue Bideak asko
lagundu du Lizarraren garapenean, eta orain Lizarrak itzuli egiten
dio mesede hori, kultura eta prestazioen bitartez.
-
- - Donejakue Bidea, pasatzen
den herrien motor ekonomiko kontsidera al dezakegu gaur egun?
- Ez pentsa; ezin da motor ekonomikoa
denik ere esan. Beti dago erromesen bati oinetakoak saldu dizkiola
esaten dizun merkatariren bat, baina, egia esan, bidea egiten
duen jendeak diru gutxi uzten du normalean. Beharbada jende gehiena
gaztea delako gertatzen da, edota Santiago urrun gelditzen zaienez,
ezin dutelako dirua neurririk gabe gastatu. Aldiz, pentsatzen
dut, Lizarratik igarotzen direnean, erromesek beste aldiren batean
itzultzea erabaki dezaketela herria hobeto ezagutu ahal izateko.
-
- - Udaro herrira erromes ugari
etortzen direla eta, zer sentitzen dute Lizarrako biztanleek?
- Ez daukagu inbaditzen gaituztenaren
sentsaziorik. Aurten 500 bat erromes espero ditugu, baina egiten
ari diren propaganda ikusirik, eta milurtekoko azken urte santua
izanik, ziur aski gainditu egingo da kopuru hori.
-
- - Zer erromes mota igarotzen
dira Lizarratik?
- Frantzia, Alemania, Brasil,
Belgika, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Suitza, Holanda, Italia,
Kanada, Danimarka, Australia, Irlanda, Finlandia, Zeelanda Berria,
Polonia, Argentina, Kolonbia, Portugal, Andorra, India, Japonia,
Paraguai...; ikusten duzunez, munduko leku guztietatik etortzen
da jendea. Estatuari dagokionez, Madril, Katalunia, Andaluzia,
Galizia, Valentzia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Murtzia, Asturias...
eta abarretik etortzen dira.
-
- - Zer eskaintzen dio Lizarrako
Elkarteak erromesari?
- Udal aterpe bat eta elkarteak
kudeatzen duen erromesen ospitale bat dauzka Lizarrak. Batean
zein bestean, erromesak lo egiten du, garbitu egiten da, eta
sukaldean aritzeko aukera dauka. Gainera, aterpeak bizikletaz
datozen erromesentzako karpa bat dauka. Aterpeek daukaten arazoa
da iristen den lehenengoak hartzen duela lekua, baina lehenengoa
ez da izaten nekatuen iritsi eta behar gehien daukana.
- Bestetik, kanping-a, Iratxeko
hotela eta Puyko Eliza dauzkagu, zeren eta erromesek elizan ere
egin dezakete lo. Lizarran 500 edo 600 erromes ingururentzako
lekua dago, eta behar izanez gero, baita gehiagorentzako ere.
-
- - Erakundeek Donejakuerekiko
daukaten interesa, Elkarteak sortu eta nahiko beranduagokoa da.
Zein harreman daukate elkarteek erakundeekin?
- Harremanei dagokienez, nik Lizarrako
Elkarteak dauzkanei buruz hitz egin dezaket. Esan beharreko lehenengo
gauza da gaur egun oraindik egon badaudela Donejakueren fenomenoan
sinestera iritsi ez diren komunitate politikoak, eta ez dute
beharko luketen bezalako apusturik egiten. Nafarroan, gobernua
oso zuhurra izan da beti. Nafarroako gobernuaren proiekzioa turismoaren
mailakoa izan da. Lizarrari dagokionez, gobernuak Ertaroko Ikaskuntzen
Astea eta beste zenbait jarduerei laguntza ekonomikoa ematen
die. Bestetik, esan beharra dago, ez dugula Europatik xentimo
bat ere jaso, ez dakit zenbat milioi bideratu dituztela esaten
duten arren. Europako laguntzen gainean galdetu dugu, baina Nafarroako
gobernukoek erantzun digute Madrilen kudeatzen direla diru horiek.
-
- - Bidean zehar egiten ari
diren ekitaldi batzuk ez al dira bidearen funtsa hutsaltzen ari,
ibilbide turistiko bihurtuz?
- Donejakue Bidea erabat aldatu
da. Atzean utzi da alderdi espirituala, guk asko zaintzen genuena.
Bidea lehenengo aldiz egin genuenean, mezatara joaten ginen,
egunero egiten genuen meditazioa. Gaur egun indar gehiago dauka
alderdi kulturalak, sozialak... Agian ez da ona alderdi espiritualean
bakarrik gelditzea, baina ez dezagun erromes bide bat dela ahaztu.
Beste alde batetik, asmoaren kontua dago. Jendea asmo batekin
atera daiteke, eta beste batekin amaitu. Ez dago bidea ongi pasatzeko
egiten duen jendea zertan arbuiatu behar, baina ez da beharrezkoa
hauek erromes bezala agertzea. Niretzat erromesa da bidea errukiagatik,
espiritualitateagatik, autoezagutzagatik edo hazkunde pertsonalagatik
egiten duena. Gero kredentzialak daude, erromes txartelak. Lizarrako
Elkarteak kredentzialak egiten ditu; hau da, pertsona Compostelako
Santiagora doala dioen paper bat. Baina hori, jendeak aterpeetan
ostatu hartzeko agiri moduko zerbait bilakatu da, eta, horregatik,
jende guztiak eskatzen du kredentziala. Inor arbuiatzeko asmorik
ez dut, baina niri erromes modura doazenak nortzuk diren argi
uztea gustatuko litzaidake.
-
- - Zer iritzi daukazu azken
urte hauetan Bidean gertatzen ari den aldaketa eta masifikazioari
buruz, bidaia agentziatan abentura bidaia modura eskaintzen den
jomuga bihurtzeraino iritsi izanaz?
- Bai, baina zer egingo zaio bada.
Guztia modu basati batean aldatzen ari da. Hori ez da ez ona
eta ez txarra. Denborak aldatu egin dira.
-
- - Zergatik harrapatzen du
bideak pertsona, eta behin egiten duenak beste behin ere egitea
erabaki?
- Arrazoi ugari daude. Lehenengoa,
topaketarena. Bidean zehar bakarrik joatea oso gauza serioa da,
eta egoera paregabeekin aurkitzen zara. Zeru eta lurraren artean
zoaz oinez, zure esfortzuarekin, eta ez daukazu oinez joatea
beste erremediorik. Bat gehiago besterik ez zara. Ondoren, kolektibitatea
dago. Jendearekin topo egiten duzu, adiskidetu egiten zara. Maila
espirituala ere hor dago, zeren eta isiltasunean Jainkoarekin
hitz egiten duzu. Beste alde batetik, helburu batekin zoaz; izan
ere, gaur egungo arazo handiena da jendeak helbururik ez daukala,
helburu bakarra dirua edukitzeko lana egitea da. Kasu honetan,
ordea, erromesak badaki finisterrera doala, eta horrek bideratu
egiten du jendea. Bestetik, jende askok asmo desberdinez egin
duen bide baten energia ere hor dago.
|
|