Esteban Garibay-ren heriotza gertatu ei
zenetik laurehun urte eman direnean, badirudi haren errautsak
harrotzen ari direla eta mendetan hari buruz orain arte idatzi
eta esandakoari gehitu eta hobeagotzera datozela berriki ezagutarazi
diren pare bat publikapen. Arrasateko Udalaren borondate on eta
eragin bikainari esker, Jose Angel Achon-en ikerketa lan borobila
eta Jose Antonio Azpiazuren "El acero de Mondragón en la época
de Garibay" liburu ederra eskuetarazi zaizkigu. Benetan
opari ezin hobea XVI. mendeko erret-kronikagilearen efemeridea
ospatzeko. Zorionak guztiei.
Garibay-rekin ohituta betidanik,
izenez gehiago izanaz baino, hark eta bere denborak nigan markaturiko
zaletasunari eusten ahalegindu naiz urtetan, gehienetan erreferentzia
kaskar samarrak izan baditut ere. Baina, zorionez, gizalditako
hutsuneak betetzen goazela esango nuke, ongi bete ere, eta arrasatear
handi horren gaineko testuingurua gero eta hobeto koka dezakegula
azpimarratu beharra dago, goian aipaturiko bi historialari horien
moduko saiakerak tarteko. Ez dira bakarrak, noski.
Mondragón
hiriaren 700gn urtemugako ospakizunen artean, 1960an bertako
Udalak Garibay-ri buruz argitarazi eta Fausto Arozenak idatzitako
biografia zen, kronikagilearen gain genuen erreferentziarik onena.
Arozena maisuari eskertu behar zaion eredugarritasunarekin burutua,
Esteban Garibay Zamalloa pertsonaiarenganako lehen hurbilketa
serioa izan zen. Ospakizun horiekin lotuta, diodan, urte hartan
jauzi kualitatibo interesgarria eman zela Arrasate zahar eta
artean txiki samarrean, Garibay-ri eskainitako oroitarria inauguratu
zenean. Ohituta geunden, nonbait, Pedro Viteri-ren estatua errealistarekin
eta, kronikagilearen izena daraman kalea irekitzeaz bat, hango
bazter batean Olaran arkitektoaren monumentu aurrerakoi apurtzaile
hura ipini zutenean, Arrasaten iraultza txiki bat gertatu zela
esan genezake, hura mundu irrealeko agerpen bat bezala ulertu
zelarik. Baina hantxe segitzen du estatuak eta inork gutxik egiten
dio jaramonik, inguruarekin bat identifikatu denaren adierazle
garbia, nonbait. Beraz, inoiz eta zenbait zirkulutatik zaharkitu
eta atzerakoitzat hartutako gizona, Garibay, bere jaioterrian
modernitatearen eredu suertatu zen behin, oharkabez.
Hamabi urte beranduago, 1972an
hain zuzen, euskal antropologiaren irakasle handi batek bere
ekarpen ikaragarri ederra eskaini zigun, Garibay-ren irudia eta,
batik bat, haren garaiko euskal gizartearen nondik norakoa hobeto
ulertzen lagunduko ziguna. Julio Caro Baroja-ri nagokio, noski,
eta bere "Los vascos y la historia a través de Garibay"
liburuari. Caro Barojak modu sotil eta maitekorrean erabili zituen
Garibay-ren irudi eta obra, eta hori eskertzekoa dugu. Ezaugarri
garbia, zalantzarik gabe, beratarrak arrasatearrarengan aurkituriko
mailaz.
Bi zutabe horien gainean jaso
nuen nire barnean, XV eta XVI mendeei buruzko behatokietako bat.
Primerakoa, hain zuzen, denboraren joanak galarazten duen perspektiba
era egokian erabiltzeko. Izan ere, historiaren irakurketak errakuntza
nabariak sor ditzake, atera nahi den ondorio eta historialariak
lortu gura duen babes eta seguritatearen arabera. Eta gure lagunarekin
ere fenomeno hori nabaritzen da, ez baitira, adibidez, berdinak
hastapenetako Garibay "arrasatear petoa" eta Toledon
Felipe II-ren mesedea bilatzen diharduen Garibay "unibertsala".
Nolako premiak halako historia, kasu askotan. Eta Garibay-k,
itxura guztiek salatzen dutenez, gehiegi makurtu zuen bizkar
hezurra, bere betebeharrak asetzen lagun ziezaiokeenaren aurrean.
Horrek ez du adierazten, jakina,
Garibay faltsukeriatan ibili zenik, ezta historiaren ardatz nagusia
aldarazi zuenik ere. Lehenik eta behin, horretarako beste ahalmenik
ez zuelako. Eta, bigarrenez, Garibay-ri eginiko kritikarik gogorrenek
gehien azpimarratzen dutena arrasatearraren zentzu kritikorik
eza delako. Eta hori ez da, derrigorrez, historiaren kontra jotzea,
gertaera eta iraganeko ildoarekin bat ez etortzea baizik. Bi
gauza diferente direnak. Baina kritikak bortizki astindu zuen
Garibay, batez ere arrasatearra hil ondoren, hau da defentsarako
aukerarik ez zuenean. Horrek ez du ezer onik esaten kritikatzaileei
buruz. Eta erlatibizatu egiten du, jakina Garibay-ri egotzirikoa.
Kritiken iturburua hobeto kokatzeko,
bada beste galdera bat, askotan egin dudana: Garibay-ren kontrako
geziak uler ditzagun, ez al zen gogoan hartu beharko, hura gortean
egon zen bitartean, batik bat Juan de Idiakez donostiarrarekin
batera, euskaldun eta bereziki gipuzkoarren aldeko presio-talderik
eratzeko asmoa? Erregearen ondoan egon zen urte laburretan, Gipuzkoarentzat
aparteko erresuma bat eskatzeko ausardia edukitzeraino iritsi
zen kronikagilea eta, suposaketa hutsa da, ez dut uste batere
ongi hartuko zutenik hainbat gortelarik Garibay-ren ideia hura.
Arrasateko alkate izan zen, jaioterriaren
zerbitzuan gehien bat urrutitik aritu bazen ere, oso gaztetatik
munduko bideetatik barrena ibili baitzen, historiografiarako
zuen zaletasunak eraginda. Jesuiten ikastetxe bat eraiki nahi
izan zuen Arrasaten, dirua Juan de Araoz-ena zen arren, eta proiektua
burutu ezinean frantziskotarrengana jo zuen. Horiek eskaintza
onetsi zuten eta harrez geroztik San Frantzisko komentua errealitate
bizia izan da Arrasaten. Herriko neska-mutiko guztiok pasatu
ginen behin edo behin, San Frantzisko Elizako zoluan zen inskripzioaren
gainetik, hain zuzen ere han Esteban Garibay-ren gorpua zetzala
zioena. Kronikagilearen jaioteguna zehazki dokumentatua den arren,
ez dakigu ezer haren heriotzako data eta tokiaz.
Felipe II-ren kronikagilea jaio
zen etxearen paretik igarotzen naizen guztietan, haren arimaren
istorioa datorkit gogora, eta arrasatear ilustratu, ospetsu,
apal, langile eta zintzoaren gogo ibiltari aldarraia gure artean
nola sentituko den galdegiten diot neure buruari. Jaungoikoak
bezala, deabruak ere errefusatu ei zuen Garibay-ren arima gora
eta behera ibiliko zaigu, seguru asko, Erdiko Kale, Iturriotz
eta Maalako Arrabaletik zehar, behin-betiko atseden tokiaren
bila. Eta, ziur nago, bitartean gustura irakurriko ditu historialari
berrien proiekzio-lanak, bera ere babestuago sentituko baita,
gizalditako kritika zaparradak jasan ondoren. Apurka apurka justizia
egiten ari zaio Esteban Garibay arrasatearrari, bere jaioterria
salgai sekula jarri ez zuena.
Josemari
Velez de Mendizabal, idazlea |