Gure hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzea
dela eta, azken bi urte hauetan epaitegi aurrean azaldu diren
gatazkak baloratzerakoan, oso garrantzitsuak izan direla esan
beharra sentitzen dut.
Hain zuzen ere, aurten hogei
urte beteko dira Euskal Herriko Autonomi Estatutua indarrean
sartu zela (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa). Testu honek
bere 35. Artikuluan azaltzen du:
"Magistratu, Epaikari
eta Idazkarien izendapena Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren
Kontseilu Nagusiko Lege Organikoetan aurrikusten den bezalaxe,
egingo da, Euskal Zuzenbide Forala eta euskara ezagutzen dutenei
lehentasuna emanez, izatasuna eta auzotasuna dela eta, salbuespenik
egin gabe".
Geroxoago; 1982ko Euskararen
Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak bere 9.1 artikuluan
honako jasotzen du:
"Epailaritzarekingo harremanetan,
herritar guztiek aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango
dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeelarik". Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak itzultzaileak
kontratatu zituen epaileei zama arintzeko asmoz.
Legeak lege izan arren eta gure
Erkidegoko botereen ezintasuna, Botere Judizialaren jokaera arrotza
eta inolako borondate ezagatik edo utzikeriagatik lege hau ez
da inoiz ere bete izan, nahiz eta indarrean egon oraindik ere.
Bestalde, honi kontrapuntua ipiniz,
abokatuok eta orohar euskal gizarteak duela gutxi jaso berri
dugu prentsaren bidez espero genuen berri txar bat, hots; epaitegi
aurrean zortzi abokatu beren bezeroen defentsan euskara itzulpenik
gabe aritzeagatik Euskadiko Auzitegi Nagusiko Gobernu Batzordeak
eta beste epaile edo magistratu batzuk berretsi dute ia 2.000.000.-Pztako.
isuna abokatu hauentzat eta, guzti hori, gure hizkuntzaren ofizialtasuna
(justu izatetik at, legezkoa dena) nahi izateagatik.
Euskadiko Auzitegi Nagusiko Gobernu
Batzordeak dio nola Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bere
1997ko urriaren 1ean emandako auto esanguratsu hartan zioen euskara
justizi administrazioan erabili nahi izateak garbi uzten duela
euskararen gabezia edukin konstituzionalari dagokionez. Ez Konstituzioak
ezta gaur egungo legeek ere ez dute bermatzen hizkuntz koofizialtasuna
Justizi Administrazioan. Esaldi hau ondo ulertzeko, esan beharra
dago Espainiako Botere Judizialak ez duela arautu ahal izan (ez
ditugu sakonduko arrazoiak idatzi honetan) Euskalerriko Autonomi
Estatutuak lehen aipatu dugun 35. artikulu hori. Horrela bada,
esaera zahar batek dioen bezala usteak gutxienez erdia ustela,
(gertatu zaigun bezala) eta beste erdiak itzulpena behar omen.
Aipaturikoa, berez nahikoa izango
ez balitz bezala beraien errugabetasuna bermatzeko, Auzitegi
Konstituzionalaren autoak aipatzen du nola Giza Eskubideko Auzitegi
Europarrak dioen akusatuek badutela interpretari bat izateko
eskubidea beraiek epaitu behar dituen Auzitegiaren hinkuntza
ondo menderatzen ez badute. Ez da txantxetako ausardia onartzea
euskararen ezofizialtasuna eta hori gutxi balitz, euskaldunoi
atzerritarrei eskeintzen dieten tratamendu bera ematen digute,
geure etxean itzultzailea alboan ipiniaz.
Gauzak horrela, legalitate printzipioak
-legeei zor zaien errespetua alajaina- gu zigortzera bultzatu
ditu epaileak, esanaz epaiketa horretan euskara ez jakiteagatik
justizia emateaz abstenitu izan baziren, epaile beraiek disziplina
erantzunkizun baten aurrean aurkituko zituztela beraien buruak.
Abstenitze hori, badirudi Konstituzioaren aurkako delitu larria
dela eta Zuzenbidezko Estatuaren zutabeak kinka larrian geratuko
lirateke. Auzitegiak ezin dute bere kabuz lege berririk eman
edo sortu eta gehienez berezko duen jakinduria, norbanakoen eskubideak
printzipioak, lojika, eta hermeneutika erabiliaz dauden legeak
interpretatu baizik dagokion jurisprudentzia sortuz. Ez dugu
guk ukatuko lana saila dela esaten badugu eta are gehiago lanbidea,
familia, soldata eta bidaiatze derrigortuak funtzionario nazionalen
bizizetzan tartekatzen direnean. Arazo hau, ondo ulertu nahi
izanez gero, beraien ustetan euskara ikasteko zailtasun jasangaitzan
datza. Epaileek, nahiz eta jende azkarra bezala kontsideratuak
izan orokorrean ez dute denborarik hizkuntza berriak ikasteko
eta noski, nahiago izan dute abokatuok zigortu beraiek duten
betebeharrez pentsatu baino. Izan ere, nahiz eta gehienok Justizia
Administrazioa "zerbitzu publiko" bat bezala kontsideratu
ez dugu ahaztu behar Estatuko hirugarren boterea dela eta, beraz,
ezin ahaztu Botere Judizialak bere arau eta beste lege guztiak
interpretatzen dituela. Eta argi utzi behar da inori ez zaiola
gustatzen bere buruaren lepotik harria zintzilikatzea.
Beste era batera esanda, beraien
esanetan ez dago zalantzarik gure protestaldia arrazoi politikoetan
oinarrituta dagoela eta ez juridikoetan. Dena dela, eta bakoitzak
bere interpretazioak eta mamuak astintzen dituen bitartean, arestian
aipaturiko abokatu multzo honi enbargatu zaizkie bere kontu korronteak
edo ondareak magistratu batzuk ezarritako isunei aurre egiteko.
Nola nahi ere, esan behar dugu,
eta itxaropenik galdu gabe gaurko Jaurlaritzako Justizia Saila,
Abokatu Elkargoetako Euskara Batzordeek eta epaile batzuk lanean
ari gara eguneroko lan isilean gauzak hobetu daitezen, formulariak
prestatzen, aldian gero eta demanda gehiago euskara hutsean aurkezten,
Botere Judizialari presioa eta proposamenak eginez, epaitegietarako
zirkuito euskaldunak esijitzen, Fiskaliari xaxatzen. Gauzak horrela,
azken berrien arabera orain egun batzuk dela, lehendabiziko aldiz
Botere Judizialaren Kontseiluak onartu du meritu bezala onartuko
duela euskara eta Zuzenbide forala jakitea Euskal Erkidegoko
epaile ordezkoa bezala izendatua izateko. Horretarako Botere
Judizialaren Ikasketa Batzordea behartu du erabaki dezan zer
nolako euskara ezagutza maila behar duten izan epaileek meritu
bezala onartua izan dadin.
Lerro hauek bukatzen ari naizela
albiste berri bat (ekainaren 14koa) etorri zait eskura, hala
nola, Santiago de Compostelan bildu den Botere Judizialaren Plenoak
erabaki omen du hemendik aurrera Eskola Judizialetik irtetzen
duten epaile berri elebidun edo eleanitzak lehentasuna izango
dutela beraien lehen destinoa aukeratzerakoan. Egoera berri baten
ezaugarri pozgarria dela ezin dugu ukatu.
Funtsean, gure ustetan, arazoa
ez da konponduko epaile, idazkari eta funtzionari guztiei hizkuntza
ezagutza maila duin bat esijitzen ez zaien bitartean. Esanak
esan, hogei urte eta gero hau. Jon Etxabe Jauregi, abokatua |