Euskaltzaindiaren betebeharrak.
Euskaltzaindiaren
helburu nagusiak euskararen gramatika legeak ikertzea, lexikoa
barne, eta literatur hizkera batua gauzatzea dira, alde batetik,
eta hizkuntzaren erabilera bultzatzea eta euskaldunen hizkuntza
eskubideak zaintzea, bestetik. Bata Euskaltzaindiaren Iker
sailaren ardura da. Bestea, Jagon sailarena.
Euskaltzaindia zenbaiten ustez
motelegi doa. Beste zenbaiten iritziz, arautu behar ez direnak
ere arautzen ari da. Jende askok, berriz, dio Euskaltzaindia
arau gehiegi ari dela aldatzen.
Argi dago hartu beharreko erabakiak
ezin direla, maiz, zirt-zart hartu: datuak bilatu behar dira,
erabakigai baten aldeko eta kontrako argudioak behar bezala neurtu
... Ongi hartutako erabakiak denbora eskatzen du. Egia da, hala
ere, Euskaltzaindiak baliabide gehiago izango balitu, zenbait
gauza arinago egingo lituzkeela.
Arautzen den guztia arautu beharrik
ba ote da? Egiatan literatur hizkuntza batu bat taxutu nahi bada,
arautu beharra dago.
Hirugarren "salaketa"
dela eta, argi esan behar da Euskaltzaindiak oso gai gutxitan
aldatu duela bere iritzia. Besterik da euskara batutzat eta Euskaltzaindiaren
arautzat "saldutako" zenbait ideia eta iritzi zuzentzera
baldin badator noizpait Euskaltzaindia. Adibidez, paisaia
ala paisaje behar duen oraintsu arte ez da erabaki. Nekez
esan daiteke, hortaz, Euskaltzaindiak araua aldatu duela, oraintsu
arte ez baitu ezer esan.
Euskaltzaindiak batasungintzan
eman duen urrats nagusia 1968an eman zuen Arantzazun. Han markatu
ziren geroko ildoak. Mitxelenak 1978an honako gogoeta hau egin
zuen: "Arantzazukoez eta ondorengoez oroitzen naizenean,
gogoan barrena sumatzen dudana poza da eta ez damua. Inolazko
damurik nabaitzen ez dudala esango baldin banu, ez nuke gezurrik
esango. Euskaltzaindiak hartu zuen noraezean hartu behar zuen
erabakia, artean mila arrazoi edo atxakia zirela medio (lotsa
gaiztoa, zeresanen beldurra, bake-itxurak gorde nahia bakerik
ez zen lekuan
) hartu ez zuena. Erabakirik onena hartu zuen
Euskal Herriari, euskaldun guztiak minduko bazituen ere, aspaldixko
zor ziona: batasun bidetik, gerotik gerora ibili gabe, gogotik
eta deliberatuki abiatzea" (K. Mitxelena, "Arantzazutik
Bergarara", Sobre Historia de la Lengua Vasca, 985
orr.).
Zertan da gaur Euskaltzaindia?
Euskaltzaindia ikerketan ari
da, hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan, dialektologian
Bestalde, hizkuntzaren batasunerako bideak aztertzen ere ari
da. Ikerketa eta azterketa lan hau batzordeen bidez egiten du
Euskaltzaindiak. Araugintzan ere ari da Akademia. Lan hau bere
hileroko bilkuretan egiten da batez ere.
Baina ikerketaz eta araugintzaz
gainera, euskaldunon hizkuntza eskubideak zaintzea ere berea
du Euskaltzaindiak, erabiltzen den hizkuntzaren kalitatea zaintzea
bezala. Eginbehar horietan biltzen da Euskaltzaindiaren jarduna.
Lexikoaren arloko lanak.
Une honetan bi dira Akademia
lexikografia alorrean garatzen ari den egitasmoak: Orotariko
Euskal Hiztegia eta Hiztegi Batua.
Orotariko Euskal Hiztegiaren helburua euskararen korpus tradizionala
biltzea da. Aldi eta alde guztietako altxor lexikoa biltzea eta
sistematizatzea. Ez da hiztegi arauemailea, baina biltzen ditu
beharrezko diren datu geografiko eta historikoak, eta autore
desberdinen balorazioa egiten du horrela behar bezala oinarritu
ahal izateko literatur tradizio desberdinak. Ez da hiztegi etimologiko
bat ere, zenbait hitzen jatorriari buruzko xehetasunak jasotzen
dituen arren, batez ere kasu eztabaidagarriak direnean edo hitzaren
historia osatzeko behar diren kate-mailak ongi oinarrituak direnean.
Orain arte hamaika liburuki argitaratu
dira eta beste bost daude iragarriak. Hiztegi honen oinarrian
dagoen materialak (300 bat liburu, 40.000 orrialde) testu mota
desberdinak biltzen ditu, era orekatu batean.
Obra honen garrantzia euskal
lexikografiarako eta euskal ikasketetarako, begien bistakoa da.
Mitxelenak hasi eta Sarasolak jarraitzen duen proiektu hau momentu
honetan Euskaltzaindiak eskuartean dituenetarik handiena eta
garrantzitsuena dela esan daiteke.
Hiztegi Batua, oraingoz, batasunerako eskaintzen den
hitz zerrenda bat da. Hau bai, hau hiztegi arauemailea dugu.
Ohiko hiztegiaren batasun premiari erantzun nahi dio. Oraingoz,
hitz zerrenda soila da, definiziorik gabea, nahiz eta zenbaitetan
adiera azaltzen den eta adibide batzuk ere ematen diren. Helburua
hitz bakoitzaren forma eta erabilera finkatzea da.
Lan hau ere garrantzi handikotzat
dauka Euskaltzaindiak euskararen batasunari begira. Bi corpus
handitan oinarritzen da hiztegi hau, batetik OEH-ren corpusa
eta bestetik EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa). Azken
hau UZEI-ren laguntzarekin gauzatu da eta 1900-1996 bitarteko
testu argitaratuen lagin batek osatua da. Bi corpus hauetan oinarriturik,
lehenbiziko fase batean 20.000 hitzeko zerrenda bat eskaini nahi
du Euskaltzaindiak, corpusean maizenik agertzen diren hitzez
osatua. Zerrenda hau da, behar bezala banatua eta zatikatua,
euskaltzainek hileroko bilkuretan aztertzen eta apurka-apurka
erabakitzen dutena. Une honetan P letran dabil hiztegi hau eta
asmoa, 1999aren azkenerako taxutua izatea da. Bigarren fase batean
beste zerrenda bat landuko da, beste horrenbeste hitzekin.
Euskal gramatikaren azterketa.
Hiztegia garrantzizkoa bada,
ez da gutxiago gramatika. Gramatika batzordea 1980az geroztik
ari da lanean. Orain arte lau liburuki kaleratu ditu Euskal
Gramatika. Lehen Urratsak izenburuarekin. Bosgarrenak mendeko
zenbait perpausen (erlatiboak, osagarriak, konparatiboak eta
ondoriozkoak) azterketa zabala eskainiko du eta laster izango
da kalean.
Gramatika honen helburua euskarak
dituen baliabideak aztertzea eta jendearen esku jartzea da. OEH-ko
corpusaren gainean egiten da lan. Handik atereak dira adibiderik
gehienak. "Lehen Urrats" hauek, orotara, zazpi liburuki
izango dituzte. Beraz, oraindik beste lauzpabost urte beharko
ditu Gramatika batzordeak lan hau burutzeko. Oraingoz, ez du
arauemaile izan nahi, baina noizpait Euskaltzaindiaren Gramatika
izango denaren oinarria da.
Euskararen Atlasa.
Lehen begiratuan pentsa litekeenaren
kontra, lan honek ez du eragin zuzenik hizkuntza estandarra finkatzeko
orduan, kasu bakan batzuetan ez bada. Atlas honek Euskal Herrian
zehar 145 puntutan egindako galdeketak (ia 3.000 galdera, gehienak
lexikoari eta morfologiari buruzkoak) biltzen ditu. Jasotako
informazioa behar bezala aztertu eta antolatu ondoren, mapetan
biltzen dira erantzunak. Liburuki bakoitzak 300 bat mapa jasoko
ditu, mapa bat galdera bakoitzeko. Aurten ikusiko du argia lehenbiziko
liburukiak. Inprimakiaz gainera, jakina, CD-ROMetan ere emango
da material guztia.
Onomastika.
Kontuan izanik euskarak ofizialtasunik
ez duela oraintsu arte izan, garrantzi handikoa gertatzen da
euskararen normalizaziorako leku izenak finkatzea. Horrela ulertu
du, gainera, Euskaltzaintzaindiak. Onomastika lan ugari eskaini
ditu eta oraindik ere eskainiko ditu. Jadanik arautuak daude
bertako hainbat izen eta baita exonimo ugari ere. Hain zuzen,
EUDEL-ekin ere sinatu berri du hitzarmen bat, Euskal Erkidego
Autonomoko leku izenak aztertzeko eta finkatzeko.
Jagon sailaren eginkziunak.
Euskaltzaindiak gero albora utzi
dituen hainbat betebehar hartu izan ditu bere gain: bertsolari
txapelketak, euskara tituluak eta abar. Alde horretatik, inguruari
egokitzeko gaitasuna izan duela ezin uka. Hizkuntza eskubideen
zaintzea dela eta ere, bere laurogei urteetan zehar testuinguru
desberdinetan bizitzea egokitu zaio: duela berrogei urte euskaldunak
zituen aukerak eta orain dituenak ez dira berdinak. Berdinak
ez diren bezala gaur Hegoaldean eta Iparraldean, edo Nafarroan
eta Autonomia Erkidegoan. Aldatuz joan dira, hortaz, Euskaltzaindiaren
eginbeharrak alde batean eta bestean, aldi batean eta bestean.
Premiak berdinak ez direnez, Euskaltzaindia erne egon da eta
dago nor zer behar den, sortzetik ezarriak dituen xedeei men
eginez: "Euskararen enplegua aitzinatzea eta hizkuntzaren
eskubideak zaintzea".
Hau, jakina, hizkuntzaren estatusari
dagokionez. Baina Jagon sailak oso bere du, bestalde, hizkuntzaren
erabilera hedatzea eta erabiltzen den hizkuntzaren kalitatea
hobetzen saiatzea ere. Hain zuzen, gero eta gehiago dira Euskaltzaindira
ate joka datozenak (itzultzaile, teknikari, idazle,
) irizpide
bila. Erantzun egokia berehala ematea ez da erraza. Euskaltzaindiak,
hala ere, erantzun nahi lioke eta behar den azpiegitura jartzen
saiatuko da gaur gizarteak eskatzen duenari aurre egiteko. Informatizatze
plana onartua du Euskaltzaindiak eta horrek bide emango dio ez
bakarrik ikerlanetan emankortasun handiagoa izateko, baita Euskaltzaindiaren
eta euskaldunen artean ere komunikazio bizkorragoa, zuzenagoa
eta funtzionalagoa lortzeko ere. Laster edonork jo ahalko du
Euskaltzaindiaren WEB-gunera eta han behar duen informazioa bilduko
du. Aldi berriek bide eta metodo berriak eskatzen dituzte. Patxi
Goenaga, Euskaltzaindiko idazkaria |