Kukua edo nola oporretara lehenago abiatu
*  Traducción al español del original en euskera
Asier Sarasua

Ekaina mendian ibiltzeko sasoi zoragarria da. Apirileko euriak eta maiatzeko eguzkiaren epelak negu hitsean ixilik egondako landa eta basoak biziberritu egin dizkigu: zuhaitzak ostoz josita, zelaiak loreen kolorez jantzita, xomorroen burrundara erreka-bazterrak aztoratzen... Udaberria borborka daukagu, uda ate joka eta txoriak ere gurean dira, euren negutokietatik itzuli eta txito berriak ateratzen. Baina bada bat, gainontzeko hegaztiak kumatzen ari diren bitartean, San Juanak aurretik maletak hartu eta atzera berriz Afrikarako bidea egingo duena: kukua. Nola egin dezake hori? Ba, arrautzak beste txori bati utziz. Kukuak arrautzak beste baten habian erruten ditu eta ordeko gurasoak dira kuku-kumea haziko dutenak, bere benetako gurasoak oporretan dauden bitartean. Nola moldatzen da baina kukua ordeko gurasoei bere arrautza lagatzeko? Eta nola ez dira konturatzen txori txikiak habian duten hori kuku-kumea dela? Ahalegindu gaitezen, xume bada ere, horren inguruan hitz bi egiten.

Kukua espezie migratzailea da, uda Europa eta Asia iparraldean igarotzen du eta negua Afrika eta Asia hegoaldean. Euskal Herrian bisitari ditugunak Afrikan egiten dute negua, Zaire, Ghana edo Gambia bezalako herrialde exotikoetan. Aldiz, kumatzeko, nahiago dute gorantz egin. Horrela, 5.000 kmtik gorako bidaia egin ondoren, marti aldera iristen dira aurrenekoak Espainia eta Portugalera, apirilean Euskal Herrira datozenak eta bide luzeena egin behar dutenek hilabete gehiago behar dute Norvegia eta Finlandiara heltzeko. Kuku berritsuak ez du luzaro itxarongo gurean dela adierazteko. Arra heldu eta berehala hasten da bere lelo ezagunaz gure basoak betetzen, horrela emeei ernalketarako prest dagoela jakinaraziz. Hain kantu berezia izanda ez da arraroa hizkuntza gehienetan ipini zaion izena: Kukua euskaraz, cuckoo ingelesez, cucut katalanieraz, cuco gazteleraz, coucou frantzesez... Denetan kantuaren doinua imitatzen duten izenak.

Kukua (Cuculus canorus)Itxura aldetik, gehienak arbel kolorekoak dira, emea batzutan gorrizkara den arren; sabelaldea, berriz, zurizkara ezkerretik eskumara zeharkatzen duten marraz josita. Isats luzea du eta adar baten gainean dagoenean erraz identifika daiteke eguzkia hartzen dagoela dirudielako, sabela adar gainean etzanda, burua aurrera botata eta buztana gorantz begira. Bere "ku-ku" ezaguna sarri uzten digu entzuten, baina 10-12 urte bitartean bizi den kukua, lotsati xamarra izaki, gutxitan ikusten da. Lotsa hori dela eta, herri inguruan sekula ez dugu ikusiko. Herrietatik urrundu ahala, ostera, edonon aurki daiteke, ez delako landaretza kontuetan asko behar duten horietakoa eta jan ere ia edozer jan dezakeelako, batez ere intsektuak. Adibidez, bera da azken urteotan hainbeste ugaldu den pinu-kokoa jan dezakeen bakarretakoa. Beldar horiek dituzten ile edendunei jaramonik egin gabe, bata bestearen ostean irensten ditu "euskal sukaldaritza berriko" jakirik errefinatuena bailiran.

Euskal Herrian espezie bakarra bada ere, munduan zehar senide asko du, beste 150 espezierekin batera Kukuliformeen taldea osatuz. Talde horretako gehienek, gainera, berezitasun berbera dute: beste txori batzuen bizkarroiak dira. Hau da, kuku emeak ez du ez habirik egiten, ezta kumerik zaintzen ere, eta arrautzak beste txori batzuen habietan erruten ditu: buztanikarenetan, tuntunenetan, txinboenetan... Gure kukua, esate baterako, ehun espezie ezberdinen bizkarroi izateko gauza dela ikusi da!

Baina jokaera hori ez da inondik inora zorizkoa; ez pentsa arrautzak edonon eta edonola lagatzen dituenik. Kukuak dena goitik behera neurtuta dauka. Maiatza aldean kuku emea, arrautza ernalduak barruan dituela, inguruko txorien joan-etorriak zaintzen hasten da. Eme bakoitzak, salbuespenak kasu, bere amaordekoa izan zen espeziea zaintzen du. Alegia, txantxangorri familia batean hazi zuten kukuak txantxangorri emeak zaintzen ditu eta antzandobi batenean jaiotakoak antzandobiak. Habia bat baino gehiago zaintzen du eta benetako jabeak une batez habia uzten duenean, kukua bertara sartu, arrautza bat errun eta habiko bat lapurtuz alde egiten du bizkor-bizkor. Gauza berbera 10-15 aldiz errepikatzen du. Baina bada oraindik gehiago, eta hori da zoragarriena: bizkarroitzen duen espeziearen arabera, erruten duen arrautzaren neurri eta kolorea ezberdinak dira! Txiki eta berdea negu-txirtaren habian erruten badu, gorri eta handiagoa buztangorriarenean bada, zuri-zuria sasi-txoriaren etxean bada.... Hegaztien artean harrigarrienetakoa da kukua zalantza barik. Hala ere, orain arte esandakoak hainbat galdera pizten dizkigu: nola ez da txori ostalaria aldaketaz jabetzen? Nola alda dezake kukuak bere arrautzaren itxura? Eta ostalariek, urteen buruan, ikasten al dute sekula arrautza arrotzak ezagutzen? Saia gaitezen, labur bada ere, galdera horiei erantzuten.

J. H. Swynnerton izan zen, gizaldi hasieran, kukuen inguruko kontuak ikertzen hasi zen aurrenetakoa. Eta berehala konturatu zen espezie batzuk arrautza arrotzak ezagutzeko gai ziren bitartean, beste batzuk ez zirela trukeaz ohartzen. Gainera, espezie berean ere, ale batzuk beste batzuk baino azkarragoak ziren kuku arrautzak ezagutzeko orduan. Kukuek arrautza bat uzten zietenean berehala apurtzen zuten. Nola eta zergatik baina? Hori guztia, naturan ematen den prozesu bitxi eta interesgarri batez azal daiteke: koeboluzioa. Hau da, espezie baten ezaugarri batek, bigarren espezie baten beste ezaugarri batengan eragina du, eta bigarren horrek, aldi berean, aurrenekoaren ezaugarria moldatzen du (Dawking & Krebs, 1979). Horrela, etengabe, bizkarroi-ostalari bikoteak bata bestearen aurka eboluzionatzen du, baina baita biek elkarrekin ere. Ulertzen zaila? Ez horrenbeste; azal dezagun adibide baten bidez.

Demagun kuku-txantxangorri bikotea. Kuku emeek txantxangorri askoren habietan uzten dituzte arrautzak. Txantxangorri guztien artean, batzuek kuku-arrautzak ezagutzeko beste batzuek baino gaitasun gutxiago izango dutenez, lan horretan traketsagoak izango direnez, kuku-kumeak bakarrik haziko dituzte. Ez dute inoiz beraien seme-alabarik, ondorengorik, izango eta euren gene "kaskarrak" desagertu egingo dira populaziotik. Ondorioz, kuku-arrautzak ezagutzen dakiten txantxangorri argiagoak ugaritu egingo dira populazioan. Txantxangorriak, hortaz, kukuen aurkako burrukatxo horretan aurrera egingo dute. Baina, aldi berean, txantxangorrien bereizmena handitu ahala, kukuen artean ere mimetismoa areagotu egiten da. Edonolako arrautzak erruten dituzten kukuek zailtasunak izanen dituzte txantxagorriei ziria sartzen. Horrela, kuku baldar xamar horien arrautzek ez dute aurrera eginen eta bakarrik txantxangorrien arrautzen oso antzekoak ipintzen dituzten kukuek izanen dute ostalaria engainatzeko aukera. Eta horrela behin eta berriz: txantxangorriek arrautza desberdinxeak ezagutzen ikasten duten bitartean, kukuek euren arrautzen mimetismoa hobetzen dute. Biek elkarrekin eta elkarren aurka eboluzionatzen dute. Ondorioz, kukuak bizkarroitzen ez dituen espezieak (sorbeltzak esaterako), ez dute inongo bereizmen mekanismorik garatu eta habian arrautzen neurriko edozer jarriko bagenie ere, euren arrautzatzat hartuko lukete (Soler, 1990). Aldiz, kukuek antzinatik bizkarroitzen dituzten espezieek gero eta zuhurrago jokatzen dute habian dauden arrautzak eurenak direla sinestu edo ez sinesteko orduan (Briskie et al, 1992). Prozesu luze eta konplexu horren ondorioz, mendeetan zehar kukuak espezializatu egin dira eta gaur egun kuku "leinu" ezberdinak ditugu, bakoitza ostalari jakin baten arrautzak imitatzen espezializatu dena.

Hala ere, ostalariek arrautza arrotzak ezagutzeko duten gaitasun hori, zein neurritan da ikasia eta zein neurritan genetikoa? Orain gutxi arte zeharo genetikoa zela uste zen (Rothstein, 1990), bereizketaren erantzule mutazio bat litzatekeela. Nolanahi ere, korbidoekin egindako zenbait ikerketek erantzuna ikasia izan daitekeela erakutsi digute. Adibide gisa Nakamurak (1990) orain gutxi Japonen agertu den mika urdinarekin (Cyanopica cyana) egindako ikerketa. Espezie hori berria da Japonen eta hasiera batean kukuak erraz bizkarroitzen zuen. Oso epe laburrean, ostera, mikek arrautza arrotzak ezagutzen ikasi zuten. Aldaketa oso aguro jazo zen; genetikoa izateko azkarregi. Antzeko beste zenbait ikerketek ere berdina erakutsi dute (Soler et al, 1994). Beraz, badirudi, arrautza arrotzak ezagutzeko gaitasuna genetikoki zehaztuta dagoela, baina txori ostalariek nolabait ikasi egiten duten prozesua dela.

Hala ere, asko dira ipuin honetan argitzeke ditugun zalantzak eta aurrerapauso bakoitzarekin erantzunik gabe geratzen zaizkigun galdera berriak sortzen dira. Garbi dagoena zera da: nola edo hala kuku emeek urtero lortzen dutela txori txikiren bati ziria sartu eta kuku-kumea beraien esku lagatzea. Hori da kuku emeak ugalketarako egiten duen gauza bakarra (eta arrak are gutxiago). Hortik aurrerako lana kumeari dagokio. Gehienetan habikideak baino lehenago jaiotzen da eta 3 gramoko txito itsua berehala hasten da habia "garbitzen". Jaio bezain laster hiltzaile hotz eta zorrotz bilakatzen da: ipurdia erabiliz habitik botatzen ditu gainontzeko arrautza edo txito jaioberriak, bera bakar-bakarrik gelditu arte. Arrazoi sendo batek bultzaturik egiten duela esan behar: ondo haztea nahi baldin badu, ordeko gurasoen arreta guztia behar du eta ezin janaria beste 10 aho goseturekin banatu. Besteak hil behar ditu edo bera hilgo da; aukeratu egin behar. Behin habia eta ordeko gurasoen arreta guztia beretzat edukita, txito gaztea erruz hazten da. Egun gutxiren buruan ordeko gurasoak baino handiagoa da eta, elikatu duten txoritxoen begirada harritupean, habitik zuhaitz adarrera joan behar izaten da, ordura arte bere etxea izan dena lurrera bota nahi ez badu. Kumeak iraila arte gelditzen dira gurean. Helduek ostera, esan bezala, kumerik hazi eta hezi behar ez dutenez, laster hartuko dituzte oporrak. Egunotan aurkitu nahi baduzue, adi ibili eta basora uztaila bitartean joan. Ah! eta ez ahaztu patrikak diruz beteta eramaten, badakizue eta ipuin zaharrak dioena: kukuaren kantua entzutean soinean dirua daramanak, urte guztian zehar dirua izango duela.


Asier Sarasua, Biologoa


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved