Saioak
1999an Xiberoko Botza Irratian egunero
16 orduko programa zabaltzen da. Astelehenetik neskenegunera
programa hasten da 6,30etan hurbileko programekin: berrien tituluak,
aroa, salerospenak, herrietako berriak, etab. 7,30tan berri saila
eta 9,30tako kultur emanaldia eginak dira euskal irratien (XB
+ Gure Irratia+ Irulegi Irratia) elkarlanari esker. Euskal Irratiekin
jarraitzen da 12,30ko berri sailean, arrestiriko musika animazioan
eta 18,30eko berri sailean. Horrela Lapurdi, Baxenafarroa eta
Xiberoako Informazio orokorra zabaltzen da Xiberoko Botzean.
Igandetan Euskal Irratien programa errepikatzen da. Arratsaldetan
laguntzaileek egin programa zenbait frantsesez hedatzen dira
baita hizkuntza horretako elkarrizketak ere; Programetan, %90a
euskarazkoa da.
Kudeaketa
Irratian bost langile dira eta
hogeita hamar laguntzailekin eramaiten dituzte eginbeharrak.
Kudeaketa eta jabetza "XiberokoBotza" elkartearen gain
dira eta bere egituretan (Biltzar nagusia, Administrazio Kontseilua
eta bulegoa) erabakitzen ditu irrati xedeak eta langileen lan
moldeak. Diru iturrietarat helarazten ditu galderak (Ministeritza,
Departamendua eta Herriko Etxeak, hots, %50) eta herrikoi diru
bilketak antolatzen (suskripzioak, festak, eta etxez-etxe egindako
kanpainak). Udan etxez etxe ibiltzen dira laguntzaileak Xiberoako
euskaldun eskualde gehienetan eta emaitza ederra biltzen da.
Historia
Xiberoko Botzak1982 agorrilaren
4an egin zuen lehen emanaldia Irabarneko jauregitik, eta 1985ean
estudioak jarri ziren Mauleko plazan. Hastapen batean euskaltzale
eta ezkertiarrek eraiki zuten irrati librearen xedez, orduan
monopolioa zuten Sud-Ouest, Miroir eta Radio France irratien
bazterketa gainditzeko. Hortakoz ere irekia zen hizkuntza aldetik:
euskaraz egitea lehentasuna zuen euskaldunentzako. Euskara ez
zekiten laguntzaileentzako, berriz, irekia zen. 1986an Mendililia
Irratia hasi zen Xiberoko Botzean parte hartzen ez zutenen eskutik.
Geroztik arazorik gabeko xiberoko berri eta euskal musikak hedatzen
ditu Mendililiak. Aldiz, ikastola berri, AEKk, CGT sindikatuak
eta beste hainbat borroka eramaten duten taldeak Xiberoko Botza
dute hedabide garrantzitsuena.
Xiberoan zer?
Bizibaldintzak.
Euskal Herriko ekialdean, Biarno
eskualdearen muga egiten duen probintzian, bi ekonomia mota zeuden
mende honetan: laborantza eta industria, batik bat Maulen.
Ildo horretatik, aipatu, laborantzan,
toki eskasiaz eta industrian, lan baldintza okerrez alde egiteko,
ihes bidea hartu zuela Xiberotar saldo handia. Bi sektore horietan,
gainbehera handia izan da, eta orain hiru herenetan banatzen
da ekonomia: laborantza, industria eta zerbitzuak. Gazte anitzek
ikasketak kanpoan egin behar izaten dituzte eta gero hemen lan
egiteko aukera gutxi dute. Beste aldetik, hiritar jubilatuek
hain gustuko duten herri honetan toki guti uzten dute gazteentzako,
bai lurra erosteko eta baita egoitzako aurkitzeko ere.
Euskal nortasuna
Xiberoak bere izaera berezia
landu du mendeetan zehar. Orain ezagutzen ditugu maskarada, pastorala,
dantza eta hizkuntz moldeak. "Folklorezaleek" egin
ahalak egin dituzte mende honetan, beste euskal probintzietatik
bereizteko ("manexak" erabilera da adibide ezagunena)
eta horrek euskararen transmisioari kalte handia egin dio. Azken
hogeita hamar urtetan sortu egiturek (ikastolak, gau eskolak,
irratia, Ikas-bi klaseak) bultzada handia eman dute gazteengan.
Aldi berean, sorkuntza handia izan da kantugintzan (Guk, PP Berzaitz,
P Serbielle, N Etxart, Altzukutarrak, eta beste hainbat koral
eta pastoral kantari). Familiako transmisio eskasa dela eta,
euskararen beherakada itzela da. Datuen arabera, 2010erako gazteen
artean %10 bakarrik izango dira euskaldun. Ez dirudi, gainera,
euskal egiturek hori orekatuko dutenik.
Euskal nahia
Euskaltzale egiturak Euskal Herriko
egituretako partaide dira (AEK, Ikastola, Irratia, Aitzindairak)
eta beste sektoreetan, dendariak, esaterako, Baionako komertzio
eta Industria Ganbararen hautua egin dute, Pauekoa alde batera
utziz. Politika mailan, aldiz, atzerapen handia agertzen da,
bereziko orai Euskal Departamentuaz iritzia galdegina delarik
Herrietako kontseilueei (jadanik 6 alde eta 6 kontra agertu dira
eta beste 23k ez dute deus erraiten, nolabait kontrako iritzia
ezin azalduz). Erran behar da politika sailean frantziar alderdiek
pipiatuta dute Xiberoa; RPRk monopolioa lehen, orai UDF gora
ari eta PSF hirietan nagusi, guztiak kontserbatzaile gogorrak,
bereziki euskal gaietan. Paueko Kontseilu Orokorreko lehendakari
den Francoise Bayrou-en interesetan UDF guzia euskal departamenduaren
kontra da eta horrek du esplikatzen herriko kontseiluen herabea.
euskal Departamenduaren aldeko mobilizazioa oso dinamikoa
da eta interes partidista batzuengatik xiberoako hautetsiek dinamika
horretarik xiberoa aparte uzteko arrisku handia hartzen dute.
Politikatik libro diren espazio zenbaitetan ikusten dira gauza
baikorrak: aspalditik maskaradarik izan ez zen Idauze herrian
berriz antolatu dituzte, esaterako. Gainera, AEK jarraitzen duten
batzuek bultzaturik; Atarratzen ere dagun urtean maskaradak izanen
direla jakinarazi dute (mende honetan ez dakit holakorik egin
dutenez). Beraz, euskal nortasunari buruzko elementuak badira
beti: iraupenerako itxaropena zutik dago oraino.
Allende
Etchart, Xiberoko Botza irratiko idazkaria |