Oñatiko Arantzazu-Arrikutzeko multzo karstikoaren ondare historiko-naturala baloratzeko proiektua
*
Traducción al español del original en euskera
Aitor Orobengoa

Oñatiko Udalbatzako asmoa ere Aizkorriko Naturgunean kokaturik dagoen Arantzazu-Arrikutzeko multzo karstikoaren Ondare Historiko-Naturala baloratzeko proiektu bat sortzea da.

Proiektu horrek, burutu berri den Udaleko Plan Estrategikoak eza-rritako ildoen arabera, Oñatiko Udalerriko ingurune historiko, kultural eta naturalaren balioa haunditu egingo du, baita herriko eta eskualdeko garapena indartu eta eusten lagundu ere.

ARANTZAZU-ARRIKUTZEKO MULTZO KARSTIKOAREN ONDARE HISTORIKO-NATURALARI BURUZ ZENBAIT ZEHETASUN

Oñatiko inguruneak interes historikoko eta natura-kalitate haundiko elementuak ditu. Besteak beste, badauka udalerri horrek kararrizko modelatu bikaina, oso erakargarria, haitzulo, leize eta lurpeko barrunbe sail zabala bezain ugaria satzen duelarik, Arantzazuko Santutegiaren inguruan kokatuta, Aizkorri mendiaren azpian. Azterketa arkeologiko eta paleontologikoetan, Euskal Herriko lehenengotariko aztarnategia izan da Arrikutz.

Lanak hasi bezain pronto honako hondakin paleontogikoak aurkitu zituzten bertan:

  • Harpetako lehoi baten hezurdura osoa, halako motako lehenengoa Espainiako estatuan.
  • Panteren eskeletoen zatiak eta burezurrak.
  • Hartz-hobi ikaragarria ("hilerria")

Mitologiaren esparruan, esan beharra dago orain dela ehundaka urte Oñatiko herritarrak, Deba Garaikoak eta ondoko Arabarrak Sandailiko kobazulora(multzo karstiko berean kokaturik) joaten zirela erromes, euren soroetarako ur-eske.

Halaber, emakume antzuak Sandailiko uretan bustitzen ziren ugalkorrak izan nahirik, era horretan milaka urte lehenago sortutako erritoak betez.

Guzti horregatik,Oñatiko Udalak aho batez erabaki zuen udalerriko eskaintza historiko-kulturala osatzea eta hobetzea, Arantzazu- Arrikutzeko barrunbea bisitetarako prestatuz.

ARRIKUTZEKO PROIEKTUA ETA OÑATIKO UDALERRIKO ONDARE HISTORIKOAREN ZAINKETA

Oñatin barrunbe natural ugari egon arren, horietariko bat aukeratzea ez da lan erraza izan. Lur azpiko mundua eremu hauskorra da eta sentikortasun haundikoa, horregatik gizakion kontrolik gabeko jarduerak mundu hori aldatu eta era itzulezinean degradatuko luke.

Lurpeko aberastasunei eta mikroklimari zor zaien begirune arduratsuaren esparruan, kultura eta natura baloratzeko proiektuak helburutzat dauka Arrikutz, Oñati-Arantzazu aldeko ikuskizun-gune garrantzitsu bihurtzea.

Beraz, eskuartean daukagun natura-proiektua garapen iraunkorraren asmoen ildoan estrategikoki kokatuta dago, ondare natural-historikoa zaintzeari zor zaion errespetoa betez.

Eztabaida eta azterketetan hiru urte eman ondoren, Oñatiko Udalbatzak ahobatez erabaki zuenGesaltza-Arrikutz multzo karstikoaren 53 Galeria eta Marcel Loubens Leizea izeneko barrunbeak hautatzea proiektu berritzaile bat garatzeko asmotan, horrek ahalbidetzen zuelarik gidari bidezko barneratzeak haitzuloan, baita hantxe bertan biltzen diren zenbait erakargarritasun baloratzea ere, hala nola historikoak, mitologikoak, arkeologikoak, paleontogikoak, geologikoak eta mineralak.

PROIEKTU GUZTIZ BERRITZAILEA

Bi urteko lanaldiaren ondoren, 2001. urteko udaberrian irekiko da Arrikutzeko Haitzuloko atea jendeari. Horretarako, une hone-tan aldez aurreko azterketa batzuk egiten ari dira, alor fisiko, historiko eta kultu-ralak ezagutzeari dagokionez informazio zehatzak lortzeko asmotan.

Osagarri gisa, esan dezagun Proiektuaren inguruan MONDRAGON SISTEMAS Kooperatiba Elkarteak informatika sistema erabat aurreratua garatuko duela, horrek ahalbidetzen dituelarik gidari bidezko bisitaldiak, baita haitzuloan bertan biltzen diren zenbait erakargarritasun baloratzea ere, hala nola historikoak, etnografikoak, geologikoak eta mineralak ere.

Horrela, bada, haitzu-loaren barrenean zehar ibilbideak iraungo duen 60 minututan, sistemaren bitartez honako gai hauek ezagutu ahal izango dugu era guztiz pedagogiko eta eraginkorrean:

  • Haitzuloaren osaketa geologikoa eta bertako ondasunen balorazioa, horien artean nabar-mentzen direlarik lurpeko erreka bat eta estalaktita erraldoiek apaindutako galeriak.
  • Unibertso mineralaren jatorria.
  • Arrikutzeko aurkikuntza arkeologikoak eta paleontologikoak.
  • Sandaili-Arrikutz inguruko mitologia.
  • Espeleologiaren historiaren baitan Arrikutzek hartzen duen garrantzia.
  • Ura eta hidrologia barrunbearen eragile gisa.
  • Arrikutzeko barrunbea zati bat besterik ez dela, Arantzazu-Arrikutz multzo karstiko zabala eta korapilatsuak osatzen duen 16 kilometroetako zati bat besterik ez, alegia.


Aitor Orobengoa Urtubai, Mondragon Sistemas Kooperatiba Elkartearen kidea (Mondragon Corporación Cooperativa)
 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved