Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko udaletxe
desberdinekin egindako hitzarmenen harian, Zestoako Udalarekin egindakoaren
ondorio dugu Luzia Alberro Goikoetxeak orain ehun urte herri honetan izan
ziren euskal festei buruz egindako azterketa. Ondorengo lerroetan lan honen
berri emango digu egileak berak.
Burutu dugun lanaren
helburu nagusiena 1898. urtean Zestuan izan ziren euskal festen azterketa
izan da. Hasteko, ordea, "euskal festa" kontzeptuaren definizioa
ematea egokia dela deritzogu, ezin baitugu banakotasuna ulertu lehenik orokortasunaren
nondik norakoak ezagutu gabe.
"Euskal festa" diogunean, euskal
kutsua zuten festa eta lehiaketa desberdin ugari biltzen zituen ekintza
multzoaz ari gara. Euskal lurretan, Anton Abbadia izan zen XIX. mende erdikaldean
festa hauei hasiera eman ziena. Urruñan hasi eta Sara, Donapaleu,
Maule... herri ugaritan ospatu ziren euskal festak. Abbadiaren izpiritu
eta grina zabaldu egin ziren gainerako euskal lurralde eta erakundetara.
Gisa honetan Nafarroan Asociación Euskara de Navarraren eskutik,
Bizkaian Euskal-Erria bilguneak antolaturik... euskal festen zabalkundea
eman zen. Donostian, Donostiako Euskal Itz-jostaldien Batzarrea izan
zen jai hauen eragile nagusi.
1879. urtean hasi ziren donostiarrak Donostiako
euskal jaiak antolatzen. Hauetan literatur eta musika lanek toki berezia
zuten. Helburu nagusitzat lehiaketen bitartez "gure izkuntz ederra
eta oitura on eta zarrak mendi oetan gorde eta alditeken geiena zabaltzea"
eta "estimular el cultivo de su especial literatura (...) conservación
y propagación de nuestra música popular" zuten. Nola
eman zen ordea Donostiatik euskal jaiak Gipuzkoara zabaltzea? Noren eraginez?
Gipuzkoako Aldundiaren lan eta nahiarekin egiten dugu hemen topo. 1894.
urtean erabaki eta 1896an hasi zen Donostiako bilguneak antolatutako euskal
festei ganadu lehiaketak gehitu eta ospakizun hauek probintzia guztira zabaltzen.
Zein zen hau egitearen arrazoia?
Ezinbestekoa zaigu une honetan garaiko kontestu
soziopolitikoari erreparatzea. 1876. urtean guda karlistak galtzeak euskal
foruen indargabetzea ekarri zuen. Honek Batzar Nagusien aldaketa ekarri
zuen. Batzar Nagusien ospakizunen aldaketak, ez zuen jadanik agintariek
gipuzkoar herriarekin zuten lotura ziurtatzen. Larramendik bere Corografian
deskribatzen zigun festa giroa, bertan behera gelditzen zen. Nola berreskuratu
galdutako hura? Nola herri eta agintarien arteko loturak mantendu? Gipuzkoako
aldundiak aukeraz baliatzen jakin zuen. Euskal jaiak eta ganadu lehiaketak
aitzakia harturik, galdutakoa berreskuratzeko saiakera egin zuen (jakina
da, ganadu lehiaketen bitartez gipuzkoar abeltzantza eta nekazaritzaren
hobekuntza ere bilatzen zituela, eta euskal jaien bitartez euskal kulturaren
sustatzea).
Honen lekuko ditugu 1898ko irailaren 17, 18
eta 19an Zestuan izan ziren euskal festak. Cubako gerra zela medio, ez ospatzeko
zorian izan ziren euskal festa hauek. Herri xehe eta zenbait erakundek egindako
eskakizunek ordea agintariak komentzitu eta festa egitaraua aurrera eraman
erazi zuten. Festak ospatu edo ez ospatu eman zen eztabaidan, batzuentzat
jai hauek zuten esanahi politikoaz ohar gaitezke (ez soilik esanahi ekonomiko
edo kulturala, alor guztiak biltzen dituen proiektu politikoari lotuak baizik):
izan ere festaren zati edo atal batzuk ospatu eta besteak ez ospatzeari
(ganadu lehiaketa bai, literatur lehiaketa ez), ezezkoa eman baitzioten,
Gipuzkoak aurrera osoki egin behar zuela arrazoituz.
Orohar Zestoako euskal festek ohikoa zen egitura
mantendu zuten, aurrerago ikusiko dugun bezala. Antonio Arzac izan zen hauen
antolaketaz arduratu zen gizona. Zestoako Udal agiritegi eta Gipuzkoako
agiritegi Orokorra aztertzeaz gain, garaiko egunkari eta aldizkariak (Euskal-Erria
dugu egokien) izan ditugu Zestuako euskal festa haien berriemale nagusi.
Hiru izan ziren Zestuako festa haietan ekintzarik nagusienak: ganadu lehiaketa,
prozesio eta Meza Nagusia eta literatur lehiaketa.
Orain ehun urte, irailaren 17garrena, larunbata
zen. Ganadu lehiaketa ospatu zen larunbatez: zezen, behi, txerri, ahari,
asto, oilo... abere ugari zen bertan, bai eta lurra lantzeko tresna eta
baserriko produktuen (gazta, ezti...) erakusketa eta lehiaketa ere. Arratsaldean,
Aldundiko kideak bertan zirelarik, Salvea izan zen.
Hilaren 18an, igandea, Meza Nagusia izan zen
goiz partean behintzat, ekitaldirik garrantzitsuena. Elizara bidean, prozesioan
joan ziren Zestuako alkate, Aldundiko kide eta Gipuzkoako zaindari den Inazioren
irudi eta Ama Birjinarenarekin batera Zestua eta inguruetako herritarrak.
Txomin Agirre lehenengotako euskal nobela diren Kresala eta
Garoaren autore dugu berau- sermoigile izan zen bertan. Euskal baserritarra
idealizatu eta goraipatu zuen bere hitzaldian. Ganadu lehiaketako sarien
banaketa ere igandez eman zen.
Biharamonean, astelehenez, goizean goiz eman
zitzaien hasiera festa ekitaldiei: diana, lasterketa... Zalantza izpirik
gabe ordea, literatur lehiaketaren sari ematea izan zen gertakizunik nagusiena.
Nekazarien bizimoduari buruz osatu beharreko lanen sailean Emeterio Arrese
eta Biktoriano Iraola suertatu ziren irabazle. Gipuzkoako lege zahar edo
foruei buruz idatzi beharreko lanetan berriz Franzisko Lopez Alen nagusitu
zen. Sari banaketaz gain, danbolinjoleen lehiaketa, dantzarien saioa eta
bertsolariak ere izan ziren astelehen arratsaldez.
Laburbildu dugu Zestuako euskal jaiei buruz
aztertua. Piskanaka piskanaka, atalez atal, ikerketa txikiak direla medio,
euskal festa ezberdinen berri izaten eta ematen ari gara. Ez al da jada
euskal festen izaeran sakontzen hasteko garaia? Hala uste dugu. Horretarako
ez da nahikoa aztergai herrixka batetan emandako jaiak aztertzea: gutxieneko,
euskal jaiak antolatu zituen erakunde baten azterketa sakona (izaera, helburua,
partaideak, gainerako erakundeekin izandako erlazioak, antolatutako euskal
festa ororen azterketa) egin beharra dugu. Euskal jaien ikerketan pauso
hau eman beharra dugu jakintzan aurrera egin nahi badugu. Ulermen osoagoa
nahi badugu gainera, ezinbestekoa izango zaigu euskal feston fenomenoa garaiko
kontestuari lotzea, garaiko egoera sozioekonomiko eta politikoari lotzea.
Modu berean, argigarri izango zaigu historialarioi era honetako gertakizunen
azterketa gure lanetan barneratzea, orain arte kontutan izan gabeko iturriok,
euskal herriaren historia global edo osoa ulertzen lagunduko baitigute.
Luzia Alberro Goikoetxea, Historian
lizentziatua |