Irudia tranposoa
izaten da. Nor ez da harritu etxebarruan argazki bat egin eta etxebarru
horrek askoz dotoreago ematen duela ikusita? Areago telebistan edo zineman.
Pantailan agertzen diren pertsonetaz sortzen dugun irudia ez da bat etortzen
benetakoarekin. Gero, irudizko pertsona horietako bat begien aurrean ikustea
tokatzen zaigunean, orduan agertzen da okerra: Hau da dena? Altuago ematen
zuen!
Ez dut esango telebistan saio bat aurkeztea
hutsaren hurrena denik. Baina bai lana nola egiten dugun ezagutzen ez duenarentzat
benetan dena baino zailago ematen duela gure jardunak. Horregatik, altuago
ematen duten horietako bat izatea suertatu zaidalako, teleaurkezleon kontu
txiki batzuk azaldu nahi dizkizuet, gutaz duzuen irudia eta errealitatea
baterago etor daitezen.
Aurkezteko lana bi modu nagusitan egiten da telebistan. Lehiaketa, magazine,
elkarrizketa edo mahainguruetan aurkezleak gidoitxo bat izaten du, batzuetan
lerro bakan batzuk, eta horrekin gidatzen du saioa. Berez duen etorriak
beteko du gidoiean falta dena. Aurkezle honek izaten du askatasun gehien,
akatsak errazago barkatzen zaizkio, naturaltasunaren mesedetan.
Informatiboetako aurkezleak irakurri egiten
du. Kamarak berak pantaila bat du, eta han agertzen da aurkezleak esan behar
duena. Teleprompter deitzen den tramankulu batek igortzen du testua, eta
lankide batek pasatzen ditu lerroak aurkezleak irakurri ahala. Hemen aurkezlea
lotuago dago eta, saioa zuzenean ez bada, irakurketa akatsik gabe egin arte
errepikatu beharko du.
Kasu honetan, aurkezlea izan daiteke gainera testuak prestatu dituena -bakarrik
nahiz taldelanean- edo irakurle soila, idatzi dizkioten testuak esatera
mugatzen dena.
Niri dagokidanean, gaur egun Euskal Telebistan
HITZARO saioa aurkezten dut euskarazkoan, eta bere bikia den LENGUA VIVA
erdarazkoan. Informatiboa da, eta normalean platoan grabatzen dugu teleprompterraren
laguntzaz. Nik sarrerak irakurtzen ditut, denak segidan eta bideoak geroago
ezartzen dira, postprodukzioan. Hau da, bideo baten ondoren esaten badut:
"Ikusi dugunez, halako eta bestea..." gezurretan ari naiz, ez
dut bideorik ikusi, oraindik editatu gabe ere egon daiteke. Testuak berriz
lantaldeak prestatzen ditu eta nik estilo zuzenketatxo batzuk baizik ez
ditut egiten, testua nireganatze aldera.
Hainbatean behin, ordea, -hilean behin edo-
kanpoan grabatzen dugu eta orduan kontuak asko aldatzen dira. Nire testuak
aurrez idatzita egoten dira, baina buruz esan behar ditudanez birmoldatu
egiten ditut, errazago gogoratu ahal izateko. Elkarrizketak edo tertuliak
ere kanpoan egiten dira, eta hor ez dago gidoi itxirik, gai eta galdera
posible batzuk baizik. Gonbidatuaren konplizitatea lortzea izaten da giltza.
Duela gutxi, Guggenheim Museoan egin genuen saio berezi bat, eta gonbidatua
Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordea izan nuen. Ezaguna da telebistan
agertzea ez duela oso gogoko eta, bestalde, iruditzen zitzaidan bizkaieraz
egiten duten euskaldun askori bezala, kosta egiten zaiola bere euskara naturaltasunez
erabiltzea batuaz ari den medio batean. Bizkaian bizi naiz, eta bizkaieraz
dexente manejatzen naizela erakutsi nionean, lasaitu egin zen eta oso giro
ona izan genuen elkarrizketan. Orain arte Idoia telebistan irribarretsu
aritu den aldi bakarra izan da.
Esango nuke nik aurkezten dudana bezalako
saioak telebista publikoetan bakarrik direla posible. Gure saioak zehazki
katearen bataz besteko audientziaren maila ematen du, baina telebista pribatu
baten erizpideetan ez litzateke seguruenik kabituko. Hauen programazioa
lehiakortasunak baldintzatzen du, eta badirudi gai sektorialak -gure kasuan
euskara- normaltasunez jorratzea ez dela behar adina lehiakor.
Beste kontu bat. ETBn agertzen naizen arren,
ez naiz bertako langilea. ETBko saio asko etxez kanpoko produkzio enpresen
bidez egiten dira. Telebistak produktorarekin hitzarmena sinatzen du saio
baterako, eta hortik aurrera produktora da lantaldea sortu eta saioa burutzen
duena. Grabatzea gehienetan Miramonen egiten da, baina batzuetan azpiegitura
ere produktorak berak jartzen du. Beraz, pantailan agertzen garelako erdi
jefetzat hartzen gaituenak jakin beza aurkezle gehienak ETBren hornitzaile
baten langileak besterik ez garela.
Nire hastapenetaz bi hitz. Duela bederatzi
urte hasi nintzen kamara aurrean jartzen, Arrasate Telebistan (ATBn). Herrikoa
zen eta errazago ausartu ginen. Hori bai, han ez zegoen ez prompterrik eta
ez prozesiorik. Sarritan, gidoirik ere ez! Horixe izan daiteke ikasteko
modurik onena. Ze ez pentsa, ikasi egin behar da, ez da batere naturala
kamararen begiari begira jarri eta lagun bati bezala hitzegitea. Horrela,
ekinaren poderioz ofizioa ikasiz joan ginen eta ETBra saltoak hasi ziren:
Anne Igartiburu, Jon Andueza, Aintzane Gardoki eta neu, Maider Egües,
Unai Iparragirre, Itxaro Zubillaga... Eta atzetik datozenak!
Amaitzeko, aurkezle posibleak animatzea besterik
ez zait geratzen. Irudiaren gizartea nagusitzen ari da, eta kamararen aurrean
manejatzeko gai denak bestela ere abantailak izango ditu. Eta gainera, ze
arraio! gustatuz gero lan hau gustagarria da, batez ere etorria datorren
une eta egunetan.
A! Eta nire altuera metro bat eta hirurogeitamabi
zentimetrotakoa da. Badaezpada...
Mikel Irizar, Hitzaro saioko aurkezlea |