Pozik ikusten zaio Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko
departamenduko buruari. Berak eskatu izan duen bezala, Zestoatik oso hurbil,
Sastarrain bailaran, egingo da Ekaingo kobazuloaren erreplika. Hainbat urte
pasa ditu Jesusek aukera horren alde lanean, eta askoz gehiago On Jose Migel
Barandiaranekin batera Ekain aztertzen. Egun gutxi barru, gainera, 30 beteko
dira Barandiaranek eta Altunak Ekaingo leizean marraztuta ageri diren zaldi,
hartz, orein, bisonte eta ahuntzak lehen aldiz ikusi zituztela. Ordutik,
saindutegia da Ekain berarentzat, eta Barandiaranentzat ere aurkikuntza
garrantzitsuenetarikoa izan ei zen.
Aranzadi elkartean ikertzen, magisteritzan eskolak ematen, eta Gipuzkoako
ondarea zaintzen pasatzen du denbora gehien Altunak, baina bada besterik
ere.
-Batez ere Aranzadiko historia aurre
departamentuko buru izateagatik zara ezaguna, baina Barandiaran Fundazioko
lehendakaria ere bazara. Noiz sortu zen Fundazioa eta zein helbururekin?
Fundazioa 1979an sortu zen On Jose Migel Barandiaran eta Eusko Ikaskuntzaren
artean, eta ni hasieratik naiz bertako kide. Helburua, On Jose Migel Barandiaranek
bere bizitzan zehar aurrera eraman zituen ikerketekin jarraitzea da. Horretarako,
alde batetik, Fundazioak Barandiaran Bekari zegozkion dirulaguntzak jaso
zituen Eusko Ikaskuntzatik, ordura arte azken horrek deitzen baitzuen beka;
bestalde, 1920an Barandiaranek sortu zuen Anuario de Eusko Folklore izeneko
aldizkaria ere azken urteetan Eusko Ikaskuntzak argitaratzen zuen, eta hori
ere Fundazioaren eskuetara pasa da. Beken bidez, Barandiaranek arkeologian
eta etnografian egindako ikerketei jarraipena ematen zaie. Anuarioan, berriz,
ikerketek emandako emaitzak kaleratzen dira.
Horretaz gain, Barandiaran hil ondoren, bere oroimen guztiak jaso eta azken
berrogeita hamar urteotan On Jose Migelen etxea izan zena, Ataungo baserria,
erosi du Fundazioak. Etorkizunean, Barandiaranen omenez, museo bilakatuko
da etxea.
- Ikerketa bekak, beraz, arkeologiari
eta etnologiari zuzenduta daude.
Hala da. Urte batean arkeologiari eskaintzen zaio eta hurrengoan etnografiari.
Arkeologia alorreko bekara batez ere taldeak aurkezten dira, izan ere, gaur
egungo prehistoria lan interdisziplinarra da, nekez egin dezake pertsona
bakar batek prehistoriako azterketa bat. Etnografian, berriz, oraindik bakarka
egiten da zenbait lan.
Esan bezala, egindako ikerketak argitaratu egiten dira publikazio batean,
eta oso lan onak argitaratu izan ditugu. Laster goaz kaleratzera, esaterako,
M. Duvertek heriotzaren inguruan Iparraldean dauden ohiturez egin duen ikerketa.
- Aurrera begira, Fundazioak
zertara bideratuko ditu ahaleginak?
Orain artekoaz jarraituko dugu, baina badira egin beharreko beste gauza
batzuk. Adibidez, On Jose Migelen lan batzuk gaizki argitaratuta edo argitaratu
gabe daude, eta horiek ezagutzera eman nahi ditugu. On Jose Migel Iparraldetik
etorri zenean, Nafarroako Unibertsitateak euskal etnografiari buruzko eskolak
emateko kontratatu zuen. Zorionez, bere ikaslea izan zen batek, Maria Amor
Begiristainek, eskolak magnetofoian grabatu zituen, eta zintan jasotako
eskola guzti horiek transkribitzen ari dira argitaratuak izan daitezen.
Gainera, On Jose Migelek eguneroko pertsonala eta zientifikoa idazten zituen,
eta Fundazioa berauen jabe da. Oraingoz, ez dugu eguneroko pertsonala argitaratzeko
asmorik, oraindik bizirik baitaude bertan aipatzen diren pertsona batzuk.
Eguneroko horretan, bizitzarekin lotutako gertaerak jasotzen zituen, gerra
aurrekoak, erbeste garaikoak... Barandiaran Saran egon zenean, jende asko
pasatu zen bertatik, eta urte horietako historia egiteko garrantzitsua da
egunerokoa. Ia egunero idazten zuen, eta koaderno mordoxka dugu.
Bestetik eguneroko zientifikoak ditugu, hau da, indusketak edo baserriz-baserri
etnografi lanak egiten zituenean, egunean aztertutakoa idatzi egiten zuen.
Horiek dagoeneko prestatzen ari gara, ezagutzera eman eta ikerlarien esku
jartzeko. Mota honetako diarioak ere ugari direnez, Gipuzkoan aztertu zituen
aztarnategi arkeologikoei buruzko kopia bana Aranzadira ekarriko dira; Arabako
museoan, bertako aztarnategiekin lotutakoak utziko dira, eta berdin Nafarroako
edo Bilboko arkeologia museoan. Hori guztia pixkanaka-pixkanaka egingo da.
Baina On Jose Migelek gauza asko utzi dizkigu, baita zinea ere. Berak bazuen
filmatzeko kamera bat eta hainbat irudi grabatu zituen. Horiek guztiak Sarako
etxeko ganbaran zeuden, galtzeko zorian, baina zorionez orain dela hilabete
batzuk aurkitu ondoren, Euskadiko Filmategira eraman eta berreskuratu egin
dituzte. Hemendik hilabete batzuetara pelikula horietako zati batzuk aurkeztuko
dira. Seminarioko eta familia giroko irudiak jaso zituen batez ere. 1920.
hamarkadako irudiak ere badaude, eta hori zorte handia da, gutxi baitira
urte horiei buruz dauden irudiak.
-Barandiarani buruz ari garenez, gogoratu
beharra dago, gutxi barru beteko direla 30 urte, hain zuzen ere ekainaren
10ean, Barandiaran eta biak Ekaingo kobazulora lehen aldiz sartu zinetela.
Gogoratzen duzu egun hura? Ederki, primeran gogoratzen dut.
Igandea zen Azpeitiko bi gaztek gauza eder bat aurkitu zutela esanez deitu
zigutenean, eta asteartean Barandiaran eta biok joan ginen. Ekaingo kobazuloko
irudiak ikusi eta konturatu ginen paleolito garaiko irudiak zirela, baina
aurkikuntza isilean gorde genuen kobazuloa babesteko neurriak hartu ziren
arte. Ostegunerako sarrera itxita zegoen, eta egun horretan aurkikuntzaren
berri eman genuen. Behin aurkikuntza ezagututa, batzuek nahi izan zuten
kobazuloa turismorako zabaldu, zeren Altamiran, adibidez, urtero ia 200.000
lagun sartzen ziren irudiak ikustera. Jakina, horren ondorioz hondatu zen.
Santimamiñen ere antzerakoa gertatu zen. Ekainekin, berriz, ez genuen
horrelakorik gerta zedin nahi, eta tirabira handiak izan genituen. Madrilek
Ekaingo kobazuloa turismorako ireki nahi zuen, hemengo agintariek ere bai,
baina Aranzadiko arkeologi sailetik baimen bat eskatu genuen koba sarreran
indusketak egiten ari ginen bitartean kobazuloa itxita egon zedin, eta eman
egin ziguten. Indusketak 1975ean bukatu genituen. Urte hartan Franko hil,
gauzak aldatzen hasi, eta Altamirako turismoak sortutako ondorioak agertu
zirenez, Ekain zabaltzeko erabakirik ez hartzea lortu genuen. Horregatik
kontserbatu da Ekain hain ondo, eta askotan jasotzen ditugu gutunak eskerrak
emanez, izan ere, hasieran bezala dago.
-Gogoratu duzun bezala, Ekain koba bi
azpeitiarrek aurkitu zuten.
Andoni Albizurik
eta Rafael Rezabalek, Azpeitiko Antxieta Kultura Taldeko kideek aurkitu
zuten. Bi azpeitiar hauek gurekin harremana zuten eta igandetan katak egiten
ibiltzen ziren, hau da, kobazuloak aurkitzen. Ikusten bazuten koba bateko
ataria eguzki aldera zabaltzen zela, edo leku polita zela bizitzeko, kata
txiki bat, zulo bat, egiten zuten. Aztarnak aurkitzen bazituzten, Aranzadira
ekartzen zituzten guk ikusteko ea benetako aztarnategia ote zen eta zein
garaitakoa. Horrela aurkitu zituzten zenbait kobazulo.
1969ko ekainaren 8an, berriz, Madariaga aldera joan ziren, eta gero Zestoara.
Inguruko baserri batean, Sastarrainen, etxeko andreari galdetu zioten ea
kobazulorik ba ote zen, ingurua oso ederra eta gainera dena karaitza baitzen.
Etxekoandreak esan zien bazela inguruan koba txiki bat, eta askotan euren
ardiak ibiltzen zirela bertan. Hurreratu ziren esandako tokira, eta hasi
ziren kata egiten, baina Rafael Rezabal konturatu zen zulo txiki batetik
haize hotza ateratzen zela, beraz, barruan zer edo zerk behar zuen egon.
Nola edo hala zuloa ireki, hogei metro arrastaka ibili, zutik jartzea lortu,
eta ikusi zuten galeriak aurrera jarraitzen zuela. Eurek ere bidea jarraitu
zuten, eta gutxi gorabehera sarreratik 60 metrora zaldi multzoa antzeman
zuten. Beraz, aurrerago dauden irudiak ez zituzten ikusi. Zaldien irudiak
ikustean beldurtu egin ziren, ez ilunpearengatik, baizik eta aurkitutakoarengatik,
eta korrika atera ziren bertatik. Esan bezala, egunean bertan On Jose Migeli
deitu zioten eta astelehenean niri. Asteartean, On Jose Migel eta biok Rafael
eta Andonirekin koba ikustera joan ginen. Barandiaranek 79 urte zituen orduan.
-Betiko galdera baina egin beharrekoa:
zer sentitu zenuten lehenengo aldiz pintura haiek ikustean?
Inpresioa izugarria izan zen, zaldien irudiak zoragarriak baitira, paleolito
garaiko irudi ederrenetarikoak. Zoratuta geratu ginen, hunkituta. On Jose
Migelek prehistoria alorrean izan zuen aurkikuntza garrantzitsuena izan
zen.
-Baina zuretzat
ere saindutegia omen da.
Bai, hala da. Nik beste azterketa batzuk egin izan ditut, tesi doktorala
eta beste lan asko ere garrantzitsuak izan dira niretzat, baina aurkikuntza
ederrenetarikoa Ekaingoa izan da niretzat ere. Euskal Herriko prehistoriako
altxorra da.
Zenbait kobatan gertatzen da, ez dagoela aztarnategirik, hau da, bakarrik
irudiak azaltzen direla edo metodo txarrekin aztertua izan dela. Guk, berriz,
indusketa trankil eta zientifikoa egiteko aukera izan genuen. Lehen hiru
kanpainak On Jose Migelek zuzendu zituen, gero kobazuloko lanetatik erretiratu
zen, eta azken hiru kanpainetako burua ni neu izan nintzen.
-Ekain izena, berriz, nondik datorkio?
Gainean dagoen muinotik datorkio, hain zuzen ere, koba dagoen mendi koxkorrak
Ekain izena du. Barandiaran eta biok bataiatu genuen horrela eta beste kasu
batzuetan egin genuen bezala, bertako toponimiaz baliatu ginen. Ez beste
kasu batzuetan egin den bezala, aurkitzailearen izena jarri izan zaiola.
-Kobazuloa itxita dagoela diozu, baina
zein kasutan sar daiteke bertara?
Kobazuloa ikusi nahi dutenek 18 urte baino gehiago izan behar dute, eta
eskutitz bat idatzi behar dute Aranzadira koba bisitatu nahi dutela esanez.
Jende askoren eskaria heltzen zaigu, eta horregatik, itxaron zerrenda dago.
Txanda bakoitzean seina lagun sartzen dira gidari batek lagunduta, eta bisitak
urritik ekainera bitartean izaten dira, astean behin, beraz udan ez da bisitarik
izaten. Neurriak hartu ditugu ahal den eta jende gutxien sar dadin. Hala
ere, jende askok idazten digu gutuna, eta are gehiago erreplikaren gaia
pil-pilean dagoenetik. Aurtengo bisita guztiak, adibidez, hartuta daude.
Baina badakigu era horretan kobak ez duela helburu sozial eta didaktikoa
betetzen, herriari erakutsi egin behar zaio ondare eder hori. Nola erakutsi
arriskuan jarri gabe? Bada, erreplika eginez Sastarrain bailaran. Hala ere,
argi utzi nahi dut, Ekain ez dela Zestoa edo Debako ondarea soilik, baizik
eta Euskal Herri guztiarena, baina Sastarrain bailaran dagoenez, erreplikak
hor behar du izan.
-Gipuzkoako Diputazioak onartu duenez,
Zestoako Sastarrain bailaran egingo da Ekaingo kobazuloaren erreplika. Beste
kasu batzuetan egin da erreplikarik? Gaur egunera arte munduan egin
den erreplika bakarra Lascaux-ekoa da, "Lacaux II" deitzen dena.
Orain, berriz, Altamirakoa ari dira egiten. Beste kasu batzuetan, ostera,
zera egin da: irudi multzo bat kopiatu eta museo batean jarri. Hori egin
zuten alemaniarrek Altamirako sabaiarekin. Hau da, bisonteez osatuta dagoen
sabaia kopiatu eta Munich-eko museoan jarri. Gainera, baten beharrean bi
kopia egin zituzten, eta bat Madrileko museo arkeologikoan dago. Handik
urte batzuetara, esandako erreplika egin zuten Lacaux-en, baina hemen ez
zituzten irudiak errepikatu eta beste toki batetara eraman, baizik eta ia
koba guztia errepikatu zuten irudiak bere testuinguru ez ateratzeko.
Beraz, bi aukera horiek genituen eta bigarren bidea aukeratu dugu, askoz
ere egokiagoa dela uste baitugu. Irudiak ez baditugu testuingurutik atera
nahi eta santutegia errepikatu behar bada, ezin dugu koba ere bere testuingurutik
atera. Sastarraingo bailaran jarri beharko dugu, kobazuloan bizi ziren gizakiak
ere bailara horretan mugitzen ziren-eta. Hala ere, Ekaingo erreplika apur
bat urrutiagoa jarriko da. Lacaux-en gertatu da erreplika eta aparkalekua
150 metrora jarri zituztela eta aparkalekuak kalte egin diezaioke originalari.
Ekaingo erreplika 650 metrora egingo da, eta aparkalekua urrutiago, Zestoan
bertan, eta jendeak oinez joan beharko du erreplika ikustera. Gure helburua,
Ekain babestea da, eta erreplikarekin bi helburu bete nahi ditugu: originala
ondo gorde, eta Ekaingo ondarea jendeari erakutsi. Ez da proiektu ekonomiko
eta turistiko bat, Ekain babestea eta erakustea izan da helburua.
Bestalde, erreplika eta herriaren artean, erortzen ari den Lili jauregia
dago. Bidenabar, XV. mendeko jauregi eder hori konpondu eta Ekaini buruzko
museoa jarri nahi dugu bertan. Erreplikatik gertu, berriz, ez da ezer egingo,
bailara zaindu nahi dugu-eta.
Baina bada bailarari aparteko garrantzia ematen dion beste aztarnategi bat:
Irikaitz, aire zabaleko aztarnategia. Aztarnategia Zestoako futbol zelaiaren
ondoan, Ekainetik 1.300 metrotara dago, eta behe paleolitoko aztarnategia
da, Euskal Herrian ezagutzen den zaharrena.
-Zer ikusiko dute Ekaingo kopia ikustera
joaten direnek? Ezer ez dakiena, ezer jakin gabe
sartuko da. Hau da, kobazuloan sartu eta bertan dagoena ikusiko du inongo
informaziorik gabe. Kobatik atera baino lehen, berriz, pantaila bat jarriko
da bideo labur bat ikusteko. Bideoaren bidez, arte paleolitoa eta Ekain
zer diren erakutsiko da. Era horretan, bisitariak bi aukera izango ditu:
kobatik atera, edo bigarren aldiz ikusi. Lehendabiziko bisitan, emozioak
indar handiagoa izango du. Behin informazioa jasota, bigarren ikustaldia
jakintza aldetik aberatsagoa izango da.
-Beraz, koba bat egin beharko da. Hori da. Hango mendi tontor batean
koba bat egingo da, eta gero Ekainen dauden bezalako irudiak margotu. Hau
guztia, Lacaux-eko erreplika egin duen etxe frantses batek egingo du, ZK
Productions izenekoak.
Jakina, Altamirako erreplika lehenago egingo da, ez baitute eztabaidan guk
beste urte eman, eta atzetik, diru ugari jarri duen Fundación Botín
delakoa dute. Guri, berriz, dirua falta zaigu. Oraingoz, 100 milioi eman
ditu Madrilek, 27 Bruselak, Zestoako Udalak beste 40, baina Diputazioak
eta Eusko Jaurlaritzak oraindik ez dute dirurik eman. Espero dugu, Diputazioak
ere zuzenduko duela dirua. Uste dut hauteskundeen ondoren, Diputazioak eta
Jaurlaritzak dirulaguntza ematea erabakiko dutela. Dirua bagenu, 12 hilabetetan
erreplika bukatua legoke.
-Beste kontu
bategatik ere albiste izan da Ekain azkenaldian. Aranzadik aurkitutako aztarna
batzuk bisonte batenak direla zehaztu baitu Japoniako enpresa batek euren
baliabide aurreratuekin. Japoniarrek proiektu bat egin
zuten, Kantauri itsasertz aldeko arte paleolitikoaren adierazpen batzuk
jaso, teknika berriekin aztertu, eta katalogo berri bat egiteko. Hori egiteko
punta-puntako teknika ezarri dute Asturias, Kantabria eta Euskal Herriko
kobazuloetan. Teknikak erakutsi du, zaldi multzoa dagoen tokian bisonte
bat dagoela. Kobazuloan arrasto batzuk ageri dira, baina japoniarrek atera
dituzten argazkiekin nahiko argi ikusten da bisontea. Beraz, originalean
garbi ikusten ez denez, erreplikan ere ez da bisonte hori ikusiko.
-Bestalde, une honetan zer du Aranzadik
eskuartean? Arrasaten zegoen Labeko kobaren
emaitzak kaleratuko ditugu laster. Saihesbideko obrak egiten hasi zirenean,
ondorioz koba desagertu egingo zela eta, koban kata bat egiteko baimena
eskatu genion Diputazioari. Indusketa 1983an egin zen, Alvaro Arrizabalaga
buru zela, eta ikusi genuen garrantzia handiko aztarnategia zela. Material
ugari atera genuen, orain dela 30.000-35.000 urteko aztarnak, goi paleolitoko
aztarnak eta fauna hezur ugari: errinozeronte, mamuta... Hori guztia aztertuta
dago, eta orain publikazioa prestatzen ari gara Diputazioak emandako dirulaguntzarekin.
Espero dugu abendurako prest egongo dela liburua, eta garrantzi handikoa
izango da, garai hartako aztarna gutxi baitugu. Liburuan hamarren bat lagunek
parte hartuko dute.
Gainontzean, betiko lanekin jarraitzen dugu Aranzadin.
- Zeintzuk dira betiko lanak? Gipuzkoako ondarea zaintzea, adibidez.
Astero joaten gara mendira, badaezpada bide berriak egiteko asmorik dagoen,
edo pinuak botatzera doazen tokian trikuharriren bat dagoen ikustera...
Mendizaleak horretarako oso lankide onak izaten dira, askotan eurek ematen
digute abisua.
Une honetan laguntzaile onenak Azpeitiko Antxieta Kultur Taldea eta Azkoitiko
Munibe Taldekoak dira. Izugarrizko zaletasuna dute, eta kolaboratzaile onak
dira. Astero ateratzen dira katak egitera, eta zerbait aurkitzen dutenean
Aranzadira ekartzen dute. Argazkiak: Maria Agirre |