Euskal Herriko Unibertsitatean biologi zientzietan
lizentziatu, eta Oxford-eko unibertsitatera abiatu zen Miren Askasibar Europako
paisaiaren antolaketan masterra egitera. Ordura arte Euskal Herrian gutxi
ezagutzen zen gaiari heltzea erabaki zuen donostiar honek, baina aukera
ona egin zuen, apurka-apurka paisaiak gero eta garrantzia handiagoa baitu
arlo horretan hartzen diren erabakietan.
Gipuzkoako paisaia kulturalaren eboluzioaz tesia egin ostean, orain euskal
paisaien analisiari buruzko doktoradutza egiten ari den emakume honekin,
sakontasunez ezagutzen duen gaiaren inguruan hitz egiteko aukera izan genuen.
-Zuretzat zer da paisaia?
Paisaia herri baten ondare natural, kultural, eta nortasunaren adierazle
ikusgarriena da. Paisaian aspektu desberdinak daude. Alde batetik, aspektu
objektiboa eta begien aurrean duguna dago, lurraldea. Zentzu honetan, hein
handi batean paisaia erliebea da, baina landarediak ere garrantzia du, eta
baita lurraren erabilerak ere. Gainera, elementu hauek gizakiaren eragina
paisaian zer nolakoa den neurtzen digute: lurraren erabilera nabarmena bada,
horrek esan nahi du gizakia paisai horretan oso present dagoela, eta, landareri
naturalaren presentzia nagusia bada, aldiz, argi dago gizakiaren eskuhartzea
txikiagoa dela. Baina errealitate fisiko bat baino gehiago da paisaia, ezaugarri
subjektibo eta kulturalak ere baditu. Paisaia existitzen da, gizaki batek
ikusi eta interpretatu egiten duelako. Hau da, gizakiok gure ingurunearen
interpretazio bat egiten dugunean sortzen da paisaia. Horrez gain, denbora
ere gordetzen du bere baitan paisaiak. Paisaia dinamikoa denez, aldatuz
joaten da. Adibidez, Donostiako paisaian, besteak beste, baditugu denbora
eskala geologikoan aspaldidanik moldatzen hasi zen erliebe bat, Erdi Arotik
datozen elementu batzuk eta horiek, historia bat adierazten digute. Beste
elementu batzuk, berriz, berriagoak dira, esaterako, Kursaaleko kuboak,
eta horiek etorkizuneko paisaiaz hitz egiten digute.
- Paisaia edertasunarekin lotzen dugu
maiz.
Bai, paisaiak, bere alderdi subjektibo eta kulturalean balore estetikoa
du, dudarik gabe, baina askotan jendeak paisaia inguru politarekin lotzen
du soilik. Era horretan, baserria, basoa, mendia edo zelaiak izango genituzke
buruan paisaiari buruz ari garenean, baina hiria ere paisaia da, industria
ere paisaia da, eta beraz, paisaia arruntak ere badaude.
- Paisaiaren
ikerketa zein alorretan kokatuko zenuke?
Nik uste dut, paisaiaren ikerketa ez dagokiola zientzia jakin bati bakarrik.
Paisaian egiten diren ekintzak arlo desberdinekin lotuta daudenenez, paisaiaren
ikerketak ere hainbat gaiekin du harremana. Arlo garrantzitsuenak izan daitezke:
natur-zientziak, historia, geografia, hirigintza, arkitektura, nekazaritza,
basogintza, arte ederrak, literatura... Paisaiaren kontzeptuak, tradizionalki
"letrak" eta "zientziak" sailetan banatu diren gaiak
lotzen ditu.
-Ingurugiroaren ikerketan eta lurraldearen
antolaketan zein garrantzia du paisaiak?
Garrantzia handitzen doa. Jakina, gai horrekin lanean gabiltzanontzat inoiz
ez da nahikoa, baina hasi da nabarmentzen. Euskal Herrian, hamarkada honetan
zehar hasi da paisaia ingurugiro, lurralde antolaketa eta nekazaritza politika
eta araudietan sartzen. Unibertsitateetan ere garrantzia hartzen ari da,
gehiago ikerketa mailan irakaskuntzan baino. Nire ustez, arlo honetan Europako
beste herri batzuetan gertatu den bilakaera hemen ere errepikatuko da. Beraz,
unibertsitateetan paisaiari buruzko ikasketak izango dira etorkizunean,
Europako herrialde gehienetan dauden bezala.
-Zer da Paisaiaren Konbentzio Europarra?
90. hamarkadaren hasieran, Europako Kontseiluak Mediterraneoko Paisaien
Gutuna egin zuen. Hor agertzen zen paisaia nola tratatu behar zen mediterraneo
aldean, eta zein arazo eta konponbide ikusten ziren. Bide batez, pentsatu
zen, Europako herri guztiak lotuko zituen zerbait egitea, eta 1994.ean talde
bat hasi zen lanean Europako Kontseiluan Hitzarmena egiteko, eta ordutik
horretan dabiltza.
Gaur egun bada zirriborro bat mahai gainean, Europako Kontseiluan onartua
izan dena, eta espero da aurten dokumentua prest egongo dela Europako herri
desberdinek sinatzeko. Zirriborroan esaten denez, orain arte paisaiaren
inguruan egin diren araudiek, paisaia oso bereziak zaintzea izan dute helburutzat.
Ezaugarri natural, kultural, historiko eta estetiko garrantzitsuak dituzten
paisaiak babesteko joera izan da, eta toki askotan erabaki da paisaia hauek
batere eraldatu gabe gordetzea. Suitzak, adibidez, oso ikuspegi museografikoa
du paisaiarekiko, beste batzuk dinamikoagoak izan dira eta paisaien kontserbazioan
aldaketa batzuk onartu dituzte. Hitzarmenak hasieratik esaten du, Europako
paisaia guztien babespena, kudeaketa eta antolaketa dela helburua. Beraz,
ez dira kontuan hartuko paisaia politak eta bereziak bakarrik, baita ere
paisaia arruntak eta gaur egun deskalabru hutsak direnak. Horretarako, hitzarmenak
hiru estrategia proposatzen ditu: alde batetik dio, paisaia batzuk babestu
egin behar direla, eta horietarako estrategia batzuk garatzea proposatzen
du. Beste batzuk, ostera, arruntak dira eta ez dute arazo berezirik, baina
horiek gordetzen jarraitu beharra dago. Azkenik, ezaugarri berezirik ez
dutela eta, irudimena eskatzen duten paisaiak daude, adibidez, hiri-ertzeko
paisaiak. Horiei guztiei balio positiboa eman behar zaie, eta horretarako
ideiak, irtenbide berriak behar dira. Bukatzeko esan hitzarmenak ikerketa
eta metodologia garatzea ere proposatzen duela.
-Ba al da euskal paisaia identifikatzen
duen ezaugarririk?
Herrien nortasuna paisaiekin lotu izan da maiz, eta adibidez lehen parke
nazionalen sorrera kasu askotan ikuspegi horretatik abiatu zen. Herriari
paisaia idilikoa edo ideala zein zen erakutsi nahi zitzaion, nortasun hori
nondik zetorren. Gaur egun, publizitateak eta politikak ere paisaia asko
erabiltzen dute beraien "produktuaren" irudi bat adierazteko.
Euskal Herri mailan, paisaia ideal eta errealaren arteko aldearen inguruan
nik inkesta bat egingo nuke, adibidez, Euskal Herriko zuhaitza zein den
galdetuz. Seguruen gehienek haritza edo pagoa dela erantzungo lukete, baina
paisaiari begiratzen badiogu, beste espezie batzuk gehiengoa direla konturatuko
gara, eta beraz nortasunarekin erlazionatzen dugun paisaia neurri batetan
errealitatean dugunarekin bat ez datorrela esan genezake. Hain zuzen ere,
paisaiaren plangintzaren helburu garrantzitsuena horixe da, gure buruan
dugun paisaia eta lurrazalean dugun paisaiaren arteko tarteak ekartzen dizkigun
buruhausteak konpontzea. Badirudi euskal gizarteak euskal paisaia gehiago
lotzen duela zelai, mendi eta baserriekin, Arabako eta Nafarroako paisaia
lehorrekin baino. Bestalde, euskal kulturari buruz argitaratzen diren hainbat
liburutan edo telebistako saioetan, ez da inoiz falta megalitismoa. Gure
kultura megalitismoaren paisaiekin edo mendiekin lotzen dugu gehienbat,
antzaz.
-Urbanistek
garrantzia dute paisaia antolatzerakoan?
Bai, handia, hiriko paisaia antolatzen dutenak baitira. Azken finean, eraikin
bat eta beste bat egin, eta paisaia bat eratzen da. Nekazariak ere, euren
ekintza bakanekin paisaia egiten eta gordetzen ari dira, eta une bakoitzean
erabakitzen dute paisaia nolakoa izango den. Hau da, lursail bat erabilera
batera zuzendu beharrean, beste erabilera batera zuzentzen bada, paisaia
era batekoa edo bestekoa izango da.
-Gizarteak nolako paisaia eskatzen du
gaur egun?
Gaur egun hirugarren sektorea garrantzia hartuz doa, eta jendeak aisialdirako
paisaia eskatzen du. Aisialdiarekin lotuta, Euskal Herriak paisaia mota
bat saltzen du une honetan, hiru hanka dituen aulki bat: Bilbo, sofistikatzen
hasia den hiri handia; kostaldeko turismoa, karranka handirik gabeko herri
eta hiriekin; eta landa-paisaiak, nekazal-turismoko aukerarekin lotuak.
Etorkizunean, agian, paisaia industrialak ere sartuko dira multzo honetan.
Ziur naiz hemendik urte batzuetara jendeak paisaia industrialak bisitatu
nahi izango dituela. Britainia Handian, paisaia industriala ere garrantzitsua
da, ondarearen zati baita. Guk ere ez genituzke era horretako paisaiak alde
batera utzi behar. Eguneroko paisaietarako, bertan bizi eta lan egiteko
paisaia arruntetarako, gizarteak bere sustraiak ikusi nahi ditu, ondare
historiko, natural eta kulturala gordetzen dituen paisaia nahi du, baina
aldi berean funtzionalak diren paisaiak ere nahi ditu.
-Hiriak handituz doaz. Horrek nola eragingo
du paisaian?
Aldaketa ugari ekarriko dute. Beraz, hirian bizi garenok errespontsabilitate
handia dugu paisaien aldaketan; nekazariak ez dira paisaia moldatu eta kontserbatzen
duten bakarrak. Hau da, Donostiako erdialdeko pisu batean bizi nahi dudala
erabakitzen badut, paisaia jakin bat mantentzen edo sortzen ari naiz. Aldiz,
Donostiatik kanpo dagoen etxe batean bizitzea erabakitzen badut, orduan,
beste paisaia bat sortzen dut, komunikazio batzuk behar dituen paisaia,
hiriarekiko dependentzia duen paisaia, "naturan" dagoen paisaia,
baina agian natura zapuzten duen paisaia...
-Nekazal turismoak zein ondorio ekar
diezaioke paisaiari? Edozein motatako turismoak ondorio
argiak ditu. Espainiako kostaldean masa turismoaren aldeko apustua egin
zen garai batetan, eta horrek paisaia mota bat ekarri zuen, adibidez. Nekazal
turismoa erakarri nahi badugu, nekazal paisaiari eutsi beharko diogu. Hala
ere, paisaia tradizionalen kontserbazioan, ondare kultural eta historikoaren
beste edozein elementuren kontserbazioan gertatzen den moduan, folklorismoan
erortzeko arriskua dago, momifikazioaren bidez paisaia bere testuingurutik
ateratzeko arriskua dago, paisaia itotzeko arriskua. Horregatik da garrantzitsua
paisaian adituak diren pertsonen irizpideak kontutan hartzea.
-Paisaia dela eta zeintzuk dira ikusten
dituzten arriskuak? Europan paisaiari buruzko politikak
garatzeak uniformetasunaren arazoa ekar dezake. Hau da, toki guztietan irizpide
berdinak lanabes berdinen bidez ezartzea. Horrek paisaiak berdintzea ekarriko
luke, eta hori ekiditea ezinbestekoa da. Irizpide komunak beharko dute izan
askotan, baina era desberdinetan gauzatu beharko dira, herri bakoitzaren
nortasunaren eta beharraren arabera. Zenbat eta mundu globalagoa, orduan
eta behar handiagoa izango dugu gertuen dugun paisaiarekin identifikatzeko.
Ni une
honetan hiri-ertzeko paisaiek kezkatzen naute gehien, arazo gehien dutenak
baitira. Nekazal pasaiek euren izaerari eusten diote eta baita hirietakoak
ere, baina bestelako hauek ez dira ez gauza bat eta ez bestea. Ez dute ezaugarri
jakinik, ez dute gordetzea merezi duen ezer berezirik. Ikusi nahi ez ditugun
gauza guztiak paisaia hauetan kokatzen ditugu: zabortegiak, enpresa itsusienak.
Etorkizunean, paisaia hauek zailak izango dira antolatzen, gure "gueto-paisaiak"
bihur daitezke. Beraz, identitate bat eman beharko zaie. Herrien mugetan
kokatzen diren paisaiek ere antzeko arazoak dituzte, zein da beraien nortasuna,
helburua, alde bietan dauden paisaiak, hau da, kulturak eta gizarteak, lotzea,
edo aldentzea?
-Gai honetan zein da kazetariek betetzen
duten papera? Gizarte mediatizatu batetan bizi
garenez, medioen esku dago jendearen interesa alde batera zein bestera bideratzea,
eta gizartearen oniritzia behar duten ekintzek komunikabide horien interesa
piztu behar dute, hauek gizartearekin beharrezkoa den lotura posible egin
dezaten. Paisaiaren gai honekin dabiltzanak, medioen eskutik joan behar
dute gizartea paisaiaren inguruan ohartarazteko. Paisaiaren kontzeptua indartzen
ari den garai honetan, arrakastaren zati handi bat medioekin konektatzeko
gaitasunean egongo da. Ingurugiroarekin ere berdin gertatu zen bere garaian.
Beraz, hor lan handia dago eta marketing-a ere erabili beharko da, ideiak
saltzen jakin behar da. Kontu honetan, hala ere, paisaiak badu zerbait bere
alde: jende guztiak du buruan paisaiaren kontzepturen bat, hau da, paisaia
hitza esan eta guztioi etortzen zaigu zerbait burura, eta horrek erraztu
egiten du paisaien antolaketa eta kontserbazioa beharrezkoa denaren mezua
hedatzea.
Argazkiak: Oskia Yaben |