Badira hamazortzi-hogei
bat, lizentziaturako lehen urtean edo, Manuel Agudekin, Urkixo Mintegiaren
Gipuzkoako Diputazioko n-garren egoitzan, hizkuntzalaritzaz eta filologiaz,
euskal linguistika historikoaz, batipat, mintzatu nintzela. Entzun niola,
jakina: Betolatzaren hiztegitxo bat, eskola-lanen osagarri egina ASIU-n
argitaratzeko zuen honentzat ez da esateko nolako zirrara izan zen haren
ezagutza egitea. Pare bat urte lehenago, Gipuzkoako Enparantzako Bibliotekaren
bigarren solairuan (ikertzaileena orduan...) igaroa nuen udara osoa -bakar
bakarrik (uste dut behin Akesolo eta besteren batean Irigarai ikusi nituela)
ezin pozago -Etxeberri Ziburukoaren lanak fitxatzen eta Urkixoren altxorretan
kuxkuxeatzen; opari gisa Milagros Bidegain zuzendariak 1985an Koldo Mitxelenak
eta Don Manuelek prestatutako Nicolao Landucciren Dictionarium Linguae Cantabricae
luzatua zidan eta, urteak igaro direnean, ene jardunean emaitza hark eraginen
bat izan duela deritzot.
Geroztik, hurrengo urteetan nire lotura Mintegiarekin
eta honen aldizkariarekin areagotzen zen neurrian, Don Manuelekin izandako
tratua oso aberasgarri gertatu zait ezinbestean: arkeologia zaharkitutzat
edo euki izan delarik linguistika historikoa (orain esan behar!) Lafon,
Irizar, Tovar, Corominas, Bouda... solaskide izan zituenak haien lanarekiko
interesa sortzeaz landa, lan horren hainbat alderdi argi zitzaketen zertzeladak
eman zitzakeen; inorako presak kolpaturiko garaian filologia zaletasuna
baino hiztegigintza-gramatikagintza-salbaziogintza (dirugintza?) zaletasuna
hedatuago genekusan gazte hasi berriontzat eredu etiko ere bilakatu zen
1935az geroztik, Mintegiaren hasieratik bertatik, ondoko belaunaldientzat,
txintik kobratu gabe, egunoro lan isil eta etenik gabean ziharduen Don Manuel.
Bestelako lanak, pertsonalagoak nahi badira,
toponimiaz, antroponimiaz, historiaz eta -bereziki- latinekiko maileguez
egin eta eragin ditu ia mende erdi honetan; alabaina, besterik da bere kutunena
eta haren izena gure artean irauneraziko duena. "Erregimen Zaharreko"
(ez nahas "Aurreko Errejimeneko" -rekin) gizon honek bere gain
hartua zuen, ez soilik duela urte dozena Antonio Tovar lankidea Koldo Mitxelena
baino lehentxeago zendu zenean, baina hamarkada askoz lehenagotik, euskal
hitzen jatorriaz han eta hemen, honek edo horrek, arrazoi honengatik edo
besterengatik esanak astiro biltzea, sailkatzea, antolatzea eta miatzea;
hori da, izan ere, Materiales para un Diccionario Etimológico
de la Lengua Vasca, 1988tik hona hainbat liburukitan O-letrara iritsi
dena eta hurrengo urteetan, Jainkoa eta hurbilagokoak lagun belaunaldi berrietako
jende prestatuak barne, bere bide luzea burutuko duena. Ez soilik euskaldun
edo euskaltzale gisa, baizik eta euskalari legez ere, berari zorko diogu
hein handi batean dirudienez errotik datxekigun lan deslanean etorkizunean
ez aritzea sail honetan. Urkixo kide bati, are Urkixori berari ere, begitanduko
bide litzaioke bizitza oso baten aldeko ohore aski.
Joseba A. Lakarra, "Julio Urkixo" Euskal
Filologi Mintegiko kidea |