Hizkuntza
gutxitu batez ari garenean, bere esparru naturalean dagoen beste
hizkuntza nagusi batekiko erlazioa aipatzen ari gara. Ondoren,
hizkuntza batek "gutxitu" egoera horretara iristeko
jasan dituen baldintza batzuk aipatuko ditugu. Hauen artean berebiziko
garrantzia du lan harremanetan eta, orohar, jarduera ekonomikoan
hizkuntz tresna izateari utzi eta beste hizkuntza indartsuago
batek ordezkatua izateak.
Euskararen kasuan, ordezkapen
prozesu hau desberdina izan da ekonomi sektore bakoitzean, eta
garai desberdinetan gertatu da, indar gehiagoz eskualde batzuetan
besteetan baino. Honela, XVIII. mendearen erdialderako euskara
gainbeheran zegoen Araban eta Nafarroako hegoaldean, hiri giroko
merkatarien hizkuntza gaztelera izatearen ondorioz. Kostaldean
ere elebitasun prozesua hasita zegoen, besteak beste, untzigintzaren
eta burdingitzaren ondorioz sortu berriko hirietako burgesiarentzat
euskara baserritarren eta kualifikazio gutxiko langileen hizkuntza
baitzen.
Iraultza industrialaren garaian,
erdalduntze prozesua oso azkar hedatzen da. Industrializazioak
egitura demografiko, ekonomiko eta sozialak irauli zituen heinean,
ekonomiaren lehen sektorearen pisu erlatiboa jaitsiaraziz, euskararekiko
bi joera desberdin eragin zituen.
Alde batetik, industriaren garapena,
Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki, etorkin masa zabal baten sorrerarekin
batera gertatu zen. Era berean, irakaskuntza eta hedabideak kanpoko
edo kanpotarren aldeko burgesiaren esku zeuden. Horretaz gain,
aipatu denez, ordurako euskara arloteen hizkuntza gisa ikusia
zegoen, erdarenganako lilura goi-klaseen hizkuntza izatetik datorrela.
Erdararen nagusitasun-tasa industrializazio- eta hiritartze-tasaren
arabera gertatzen da, modu zuzenean.
Baina era berean, ezin da ahaztu
industrializazio prozesuak indartu zuen hiri giroan euskarak
eduki duela bere babesik nagusienetakoa. Euskararen zuzpertze
mugimendua hirietako klase herrikoiak bultzatu du: langile, administrari,
teknikariak etabar izan dira euskararen aldeko ezinbesteko bultzatzaileak.
Inmigrazio mugimendua mende honetako 60-70 hamarkadetan eten
bazen ere, aurkako norabidea duten bi joera hauek areagotu egin
dira zerbitzuen gizarteak gizarte industriala ordezkatu duenean.
Dena den, euskararen iraupenerako
aldaketa itxaropentsuak gertatu dira azken urteetan, batez ere
euskararen presentzia handiagoa den eskualdeetan: mugimendu herrikoiaren
indarra areagotu egin da, etorkin multzo handi batek seme-alabak
euskaldunak izatea nahi du, eta klase buruzagian euskararen aldeko
jarrera sortu da.
Hala ere, ekonomiaren, eta bereziki,
lan munduaren eragin linguistikoa erronka handia da euskararentzat,
arlo honetan euskara egoera gutxituan baitago. Eta gorago aipatu
nahi izan dugunez, lan harremanetako esparruan gaztelera hasi
bazen euskara ordezkatzen, jarduera ekonomikoan eta lan harremanetan
euskararen egoera normaldu arte, beherakada berri baten arriskua
sahiestezina izan daiteke. Hau da, euskarak lan mundua berreskuratu
behar du bere iraupena bermatu nahi badu.
Zein da, orduan, gaur egun euskarak
lan munduan duen egoera, eta nolako joerak antzeman daitezke
aurrera begira? Egungo egoera nahikoa ezaguna da: zenbait sektoretan
euskara lan tresna eta lan harremanetarako hizkuntza da (euskarazko
hedabideak eta irakaskuntzaren zati handi bat, bereziki) baina
gainerako sektore guztietan (industria eta zerbitzuetako gehienetan)
euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da. Salbuespena lirateke
jendaurreko lanpostuetan gertatzen dena, non bezero euskaldunei
arreta emateko langile euskaldunak kontratatzeko politika darabilten
zenbait enpresak.
Egin izan diren azterketa soziolinguistikoetan
(Siadecok egindakoetan, adibidez), argi ikusten da eremu euskaldunenetan
ere, euskararen erabilera oso urria dela industri enpresetan.
Gehienera ere, langile euskaldunek euskara erabiltzen dute, baina
normalean lan esparrutik kanpoko gaiei buruz hitz egiteko, hau
da, jarduera profesionalerako erabilitako hizkuntza gaztelera
edo frantsesa dira. Antzera, enpresetako administrazioan eta
zuzendaritzan euskarak leku gutxi eduki ohi du, batez ere enpresaren
jarduerari berari lotutako gaiak tratatzeko. Hizkuntza idatzi
gisa ere euskarak leku gutxi edukitzen du.
Egoera honelakoa izanik, enpresetako
arduradunen jarrera ezagutzea ezinbestekoa izanik, bi inkesta
burutu genituen 1997 eta 1998 urteetan, hurrenez hurren. Lehena
Oarsoaldean egin genuen (Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo
industri enpresetan), eta bigarrena Urolaldean (Azkoitia, Azpeitia
eta Zestoako industri enpresetan).
Lehen inkesta Oarsoaldean egin
genuen Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren adierazgarri
izan daitekeelako, bai euskaldunen kopuruari, bai eskualdearen
egitura ekonomikoari dagokionean. Espero genezakeen moduan, euskararen
erabilpen idatzia, zein ahozkoa ere, oso txikia da enpresa hauetan.
Enpresetako arduradunen arabera enpresen jarduera euskalduntzen
joatea positiboa izan badaiteke ere, horrelako ekimenetan sartzeko
borondate gutxi dagoela ikusi genuen.
Datu horiek ikusita, inkesta
bera errepikatu genuen Urolaldean, gune industrialen artean euskaldunena
baita. Kasu honetan euskararen erabilpena enpresetan zertxobait
handiagoa bada ere, eskualdeko euskaldunen portzentaiatik oso
urrun geratzen da. Euskararen aldeko jarrera, hala nola enpresetako
jarduera euskalduntzen joateari buruzko jarrera orohar positiboak
badira ere, hemen ere ez genuen horren aldeko benetako aposturik
egiteko indarrik somatu.
Hala ere, pentsa daiteke euskararena
lehentasunezko arazo ez izateak eta informazio faltak, besteak
beste, eraginik edukitzea horrelako erantzunetan. Hain zuzen
ere, beste zenbait enpresetan euskararen erabilpena areagotzeko
plangintzak indarrean jarri izan dira azken urteetan, eta honelako
kasu guztietan oso esperientzia interesgarritzat hartuak izan
dira, bai langileen aldetik, bai enpresetako zuzendaritzetatik
ere. Honela aipa daitezke aintzindari izan diren Antzuolako Elay
taldea eta Beasaingo CAF, eta beranduago antzeko ekimenak burutzen
hasi diren Alecoop, Arlan, Fagor, Ikerlan, Irizar, JMA, Labein,
Maier edo MCC.
Gogoratu beharra dago ere Eusko
Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak prestatu zuen Euskara
Biziberritzeko Planean, lan munduari aipamen berezia egiten zaiola,
orain arte erabili den metodologia egokitzat eta eredugarritzat
hartuz. Plan horretan bertan esaten da euskal gizartea ez dela
jabetu enpresa munduan euskara ez erabiltzeak duen garrantziaz.
Era berean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak arlo honi
garrantzi berezia eman dio, "Lanordu bat euskararen alde"
kanpainak dituen helburuen artean, langilegoak gai honetan duen
papera ezagutzea baitago.
Noski, aurrerapauso asko egin
beharko dira. Esaterako, Gipuzkoan bertan, lurralderik euskaldunenean,
ikastetxe publikoetan eskaintzen diren erdi- eta goi-mailako
50 lanbide-heziketa zikloetatik 5 euskaraz soilik egin daitezke,
13 euskaraz zein gazteleraz, eta gainerako 32ak gazteleraz soilik
ikas daitezke. Lanbide desberdinetarako eskaintzen den formakuntzan
euskararen presentzia ez bada areagotzen, langile euskaldunak
trebatzea zaila izango da.
Edozein modutan ere, etorkizuneko
langileak diren ikasleek geroz eta gehiago burutzen dute beren
heziketa euskaraz, bezeroek euskarazko zerbitzuak eskatu eta
jasotzeko joera gorantz doa eta langile euskaldunek lan harremanak
euskaraz egitea, enpresaren kohesiorako bidea izan daiteke. Gaur
egun, enpresa askorentzat euskara integratzeak aukera gehiago
edukitzea suposa dezake, bai barne jardueran zein kanporako irudian.
Hala bada, behintzat, azken mendeetako tendentziak aldatzen ari
direla esan dezakegu, agian euskararen gutxitze prozesuan behin
betiko inflexio-puntura iritsi garelarik.
Jose M. Zendoia Sainz, UPV/EHUko Ekonomia
Aplikatua I saileko irakaslea |