Elhuyar Kultur Elkarteak
urteak daramatza zientziaren dibulgazioa euskaraz
lantzen. Ibilian ikasi dugula esan izan diogu
elkarri behin baino gehiagotan. Gainbegiratu
zabal bat atzera bota eta berehala konturatzen
naiz ikasi ez ezik, jardunean zabaldu eta
aberastu ere egin dela euskarazko dibulgazioaren
eremua. Bistan denez, ez da soilik geurea horren
guztiaren meritua; irakurleak aurki ditzakeen
hutsuneak, guzti-guztiak bederen, geureak ez
diren bezala. Nork esango luke duela, adibidez,
25 urte, Elhuyar aldizkariak lehen aldiz argia
ikusi zuenean, urte gutxiren bueltan zer
dira 25 urte herri baten historian?
euskarazko zientzi dibulgazioa arrunt zabalduko
zenik irrati, telebista nahiz idatzizko
komunikabideetan? Orduko bultzagileei galdetu
beharko genieke, noski. Geroago iritsi naiz ni
dibulgazioaren gurdira Elhuyarren eskutik, eta
Eusko Ikaskuntzako lagunek hala eskatuta, urte
hauetan egindako lanari, zuen aurrean, bistadizoa
botako diot. Titularrak dioena beti ere gogoan
dudala: eskarmentuak erakutsi digu; esperientzian
gaitu da euskara bera eta hizkuntza hau eguneroko
jardunean baliatu nahi dugunok. Kultura Unibertsala
Gero eta gizarte
teknifikatuagoa da geurea. Edozertarako, edonon
gaudela, zientzia eta teknologia gure eguneroko
bizimoduaren oinarrizko osagai dira. Askotan,
gehienetan, oharkabean baliatzen gara zientziak
eta teknikak eskura jartzen dizkiguten
bitartekoez, berezkotzat, naturaltzat hartzeraino
kasu gehienetan. Izan ere, garapen
teknologikoaren eskutik hazi, egituratu eta
trinkotzera jo nahi duen gizartea da mende
bukaerako hau. Inoiz baino gehiago, Kultura
Unibertsalaren zatia da kultura zientifikoa,
zenbaitzuek ikasketa-programak oraindik horri
bizkar emanda atontzea erabakitzen badute ere.
Bizitzaren
paradoxak! Garapenaren menpekoak gara inoiz baino
gehiago, baina inoiz baino banaketa handiagoa
dago gizartea eta klase zientifikoaren artean.
Gidarien "kasta" berria sortzeko kapaz
izango al gara! Herritarrontzat zientziak txanpon
beraren bi aldeak erakusten dizkigu ia etengabe:
Jainkoa ala deabrua izan daiteke garapen
zientifikoa, unean uneko edo komenentziazko
gertakarien arabera. Ulerterrazagoa izango
litzateke honelako balitz, baina, zer egingo
diogu, zientzia eta teknika ez dira geure
bizimodu moderno hau bere horretan antolatuko
digun makiltxo magikoa. Jainkotu egiten dugun
zientziak deabrukeriak egiteko balio dezakeela
jakiteak, nolanahi ere, irakasbide argi bat
ematen digu: zientzia "per se" ez da
ona edo txarra; horretaz gizakiok egiten dugun
erabilera izango da, izatekotan, kaltegarri edo
onura-iturri.
Hau guztia
paperaren (edo ziber-paperaren) gainean egindako
hausnarketa dela pentsa dezakegu; haatik,
irispide luzeko eztabaida da, nire ustez.
Formatik haratago doan demokrazia batean
herritarrok parte hartze zuzena eduki beharko
genuke oinarri-oinarrizko gaietan eta zientzi
politika, nire ustez, esparru horietako bat da.
Azken bi
mendeotan, gizarte garatuetan aurrekaririk gabeko
garapen zientifiko-teknikoa ezagutu dugu. Gaur
egun, hedapen horrek izugarri azkarra izaten
segitzen du; aurkikuntza berriak, aplikazio
berriak eta oro har orain dela oso gutxira arte
pentsaezinak ziren perspektibak ikusten ari gara.
Bistan denez, garapen zientifikoaren azken
helburua herritarra da eta izan behar du,
horrengana zuzentzen baitira honen guztiaren
lorpenak. Alabaina, informazio egokirik ezak
komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko
banaketa areagotu egiten du.
Egoera honek gure
komunikazio-egiturak akasdunak direla erakusten
digu garbiro. Ez da, hortaz, harrigarria
kontrajarriak diruditen jarrerak batera ikustea
gizartean; batetik, garapen zientifikoa gure
gizartearen gaitz guztien erruduna dela
pentsatzen dugu eta, bestetik, aurrekoa bezain
kaltegarria izan daitekeen kontrako ustea ere
zabaltzen da; hots, garapen teknologiko eta
zientifikoa gure arazo guztien konponbide
miragarritzat jotzea. Batere interesik ez
agertzea, mesfidantza eta batere funtsarik gabeko
iritzi arinak ere gaur egun gure artean zientzia
eta teknologiaren inguruko tendentzien artekoak
dira. Eta honi guztiari gehitu behar zaio,
gainera, informazio egoki, zuzena eta
egiaztaturik ez egoteak sortzen duen
sinesgarritasunik eza. Zoritxarrez, oso ugariak
dira esandako guztia erakusten diguten adibideak.
Gizarteak,
halaber, informazio zuzena eskatzen du,
finantzatzen ari denaren inguruan jakinaren
gainean egon behar duelako: bere balioa, bere
aplikazioak, sortzen dituen aukera berriak,
konpon ditzakeen arazo sozialak eta baita, bistan
denez, ekar ditzakeen arazo berriak ere. Kultura
zientifikoa hedatzeak ez dio erantzuten
gizartearen eskakizunari soilik; garapenaren
beraren mesedetan ere jotzen du informazio
horrek, zientziaren beharrekiko sentikortasuna
duen gizartea ekinbide berritzaileak gogoz
sustatzeko moduan egongo delako.
Masa
komunikabideak zientziaren aurrean
Komunikabideek
milioika herritarrei eragiten die zuzen-zuzenean;
gero eta gaitasun handiagoa dute, gainera eta,
beraz, informazioa helarazteko ahalmena ere
biderkatzen joan da urteotan. Komunikabideek
kultura zientifikoa bere osotasunean bultzatu
beharko lukete, baina oro har ez da hori gaur
egun sumatzen den jarrera nagusia. Salbuespenak
salbuespen, informazio zientifikoa modu jarraian
ez da ia agertzen gure inguruko komunikabideetan;
agerpen horiek, gainera, inpaktuaren eta
ikusgarritasunaren arabera baino ez dira neurtzen
eta, argi dagoenez, irizpide horiek ez datoz bat
normalean zientzi ekoizleen beharrekin.
Agerpen horietan
jorratzen diren edukiak ez dira izaten, gainera,
egokienak. Unean uneko inpaktu handia duten
albisteak, ikusgarriak, polemika eragiten dutenak
eta sarritan negatiboak baino ez dira ezagutzera
ematen. Albiste hauek, bistan denez, ez dute ia
zerikusirik garapen zientifiko-teknikoaren
egiazko dimentsioarekin.
Eta hala ere,
bagabiltza
Elhuyarren,
arestian esan dugun bezala, urteak egin ditugu
honen guztiaren inguruan lanean. Hain justu ere,
aurten 25 urte beteko ditu Elhuyar. Zientzia
eta Teknika aldizkariak. Inondik ere, geure
ikurra da aldizkaria, haren itzalpean gauzatu
baitira jadanik errealitate ukigarria den
proiekto-sorta. 1992. urtearen inguruan ZETIAZ
zerbitzua sortu genuen, zientziaren
dibulgaziorako albiste-zerbitzua, hain zuzen ere.
Euskadi Irratian Norteko Ferrokarrila ekoiztu
eta gidatzen du Elhuyarrek astero-astero.
Urtarrilaz geroztik, bestalde, Teknopolis/Tecnópolis
saioa ekoizten dugu ETBko lehen eta bigarren
katearako. Honen guztiaren harira, handitzen eta
zabaltzen ari da Euskal Herrian zientziaren
dibulgazioa egin eta hedatu nahi duen
kolaboratzaileen sarea.
Testuingurua
azaltzen saiatu naiz. Etorkizunean gero eta
garrantzi handiago izango duen esparrua dela
jakinik, zientziaren dibulgazioa egiten
dihardugunok zeregin handia dugula esan daiteke
zalantzarik gabe. Eskarmentua pilatzen segitu
beharko dugu.
Pili Kaltzada,
zientzia kazetaria |