Euskal Herriko zientzia
eta teknologiaren dibulgazioan erreferente
garrantzitsua den Elhuyar Kultur Elkarteko
gerentea dugu Irazabalbeitia.
Elkartea orain dela 27 urte sortu zen, eta jaio
zen une ia beretik bertako partaide da Iñaki.
Asko izan dira epe horretan zientziaren
dibulgazioan ez ezik lan-munduren euskalduntzean,
informatikan eta lexikografia lanetan lortutako
emaitzak. Izan ere, zientzia eta teknologiaz
gain, beste esparru batzuk ere jorratzen ditu
Elhuyarrek. Aurten, berriz, Irazabalbeitiaren
ametsetariko bat bete da: telebistan zientziari
eta teknologiari buruzko saio bat abian jarri da
ondoko lerrootan hizpide izango dugun elkartearen
ekimenez.
-Nor
da Iñaki Irazabalbeitia?
Orain dela 42 urte Donostian jaio nintzen eta
Kimikan doktorea naiz. Donostiako Kimika
fakultatean lehenengo promozioko ikaslea izan
nintzen eta hori zorte handia izan zen, garai
polita bizi izatea tokatu zitzaidalako, eta
bestetik, zientzia eta euskara uztartzen zituen
Elhuyar elkarteko kide izateko aukera izan
nuelako gure irakaslea zen Luis Mari Bandresi
esker. Gero, nire bizitza, euskara eta
zientziaren inguruan bideratu dut. Ikasten hasi
nintzenean, ikerlari eta zientzia dibulgatzaile
izan nahi nuen. Tesia egiten hasi nintzenean,
ostera, konturatu nintzen, nuen ideia eta
errealitatea ez zetozela bat. Ikerkuntzak baditu
lilurak baina era berean errutina da, eta ni
errutinaren kontrakoa naiz. Beraz, ordutik,
zientzia dibulgatzailearen alorrari heldu nion Elhuyar.
Zientzia eta Teknika aldizkaria abiaraziz,
eta beste hainbat komunikabideetan zientzia
gaietarako lankide izanik. Horrela, orain dela
gutxi nire ametsetako bat bete da Euskal
Telebistako bi kateetan zientziari eta
teknologiari buruzko saioa abian jartzea lortu
baitugu. Azken lauzpabost urteetan zientzia
dibulgatzailea naiz denbora librean, baina nire
zeregin nagusia Elhuyar kudeatu eta aurrera
eramatea da.
- Zehazki
zer da dibulgatzaile alorrean egin duzuna?
Zientzia dibulgazioan artikulu mordo bat idatzi
ditut, 300 edo 400 inguru eta gai askori buruz.
Hala ere, gehienbat espazioaren esplorazioa eta
ingurugiro arazoak interesatzen zaizkit. Horrela,
espazioaren esplorazioari buruz orain dela hamar
urte liburua argitaratu nuen. Aurrera begira nire
asmoa horren bigarren bertsioa egitea da, eta
datozen bost urteetan liburu hori idaztea espero
dut. Eleberri pare bat ere argitaratu ditut
zientzia fikziozkoak biak, eta zientzia fikziozko
Alexandro Magno sarietan sarituak izan diren
hainbat ipuin ere bai.
- Elhuyar
Kultur Elkartea zer da eta noiz sortu zen?
Elhuyar euskalgintzako zerbitzu enpresa
profesionala da. Elhuyarrek hainbat alor
jorratzen ditu baina zeregin garrantzitsuena, eta
hasieratik Elhuyar definitzen duena zera da:
zientziaren dibulgazioa egiten dugu zientzia eta
euskara uztartuz. Elkarteak garrantzia ematen dio
munduan zehar gertatzen denari eta horrek isla du
Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkarian,
elkarteak egiten dituen irrati saioetan eta
telebistan, baina gure helburua, euskal
gizarteari Euskal Herrian egiten den zientzia eta
teknologia ezagutzera ematea da. Ezaugarri horrek
bereizten gaitu merkatuan dauden beste
argitalpenetatik.
-Elhuyarrek
sail desberdinak ditu. Zeintzuk dira sail horiek
eta zer egiten du bakoitzak?
Batetik ikas materialgintza eskaintzen dugu, hau
da, testu liburuak argitaratzen ditugu bigarren
mailako irakaskuntza eta unibertsitaterako.
Bideoak, multimedia produktuak eta hiztegi
berezitu nahiz orokorrak ere egiten ditugu.
Bestetik, zientzia dibulgazioaren adarra
dugu eta hemen honako produktuak ditugu: Elhuyar.
Zientzia eta Teknika hilabetekaria, zientzia
dibulgazioko aldizkari estandar bat; bestetik,
hainbat irratirekin kolaboratzen dugu eta honi
dagokionez, azken hiru urteetan Euskadi Irratian
egiten ari garen zientziari buruzko magazina
azpimarratuko nuke, Norteko Ferrokarrila
izenekoa. Orain dela gutxi, berriz, Euskal
Telebistan Teknopolis izeneko saioa egiten hasi
gara. Horretaz gain, elkarte batzuren produktu
zientifikoen zabalpena egiten dugu,
komunikabideen bidez eurak egiten duten zientzia
euskal gizarteari ezagutzera emanez. Alor
horretan iruditzen zait badagoela zer eginik,
izan ere, Euskal Herrian zientzia egiten ez
denaren ustea dago gizartean. Hori orain dela 20
urte egia izan zitekeen, baina gaur egun ez da
horrela. Euskal Herriko hainbat ikerketa talde
munduan zehar euren jarduera zientifikoa
plazaratzen ibiltzeko moduko azpiegitura
zientifiko sendoa dago, eta zenbait lider ere
badira.
Egunkariei dagokienez, une honetan Gara
egunkariak igandetan argitaratzen duen
gehigarrian zientziari buruzko orri batzuk ditugu
eta asmoa hori sendotzea da. Iruditzen zaigu
funtsezkoa dela gizarteak ezagutzea, zein den
zientziaren jarduera, zertan ari garen eta nora
goazen.
-Zergatik?
Eskubidea dugulako gure diruarekin zein zientzia
mota egiten den ezagutzeko, eta gizarteak hezi
beharra du gai horietan. Zientzia oso azkar
aldatzen ari da eta gizarteak galdera askorik
eman beharko die erantzuna. Hor ditugu une
honetan pil-pilean landare transgenikoen, energia
nuklearraren edo klonazioaren gaiak. Gizarteak
erabaki batzuk hartu beharko ditu, eta
horretarako, informazio zehatza, argia eta zuzena
ezinbestekoak dira. Elhuyarrek komunitate
zientifikoaren eta gizartearen arteko zubi egingo
luke.
Horretaz gain, enpresei eskaintzen dizkiegun
hizkuntz zerbitzuen alorra aipatu nahi nuke.
Itzulpenak egiten ditugu, eta bestetik,
enpresetan euskara erabiltzeko planak diseinatu
eta ezarri. Alor hori oso garrantzitsua da,
euskararen normalizazioren etorkizuna alor
sozio-ekonomikoan kokatzen ari baita. Hezkuntza
euskalduntzen ari da, administrazioa
euskalduntzeko pausoak eman dira, baina une
honetan euskarak gabeziak ditu aisialdian eta
alor sozioekonomikoan. Alperrik da pertsona batek
euskaraz ikastea, ondoren lan mundura iritsi eta
gaztelera edo frantsesa erabiltzen baditu
bakarrik. Ziurtatu egin behar da lantokietan ere
euskarak tokia izango duela. Bestela, jendeak
galdetuko dio bere buruari ea merezi ote duen
euskaraz ikasteak. Alor horretan aitzindari izan
gara, eta burubelarri ari gara lanean.
-Komunikabideetan
gero eta gehiago hitz egiten da zientziari buruz?
Azken bost edo sei urteetan aldaketa nabarmena
gertatu da. Komunikabideetan zientziari buruzko
gero eta albiste gehiago agertzen dira. Interes
bera ikusten da irratietan ere. Adibidez, Euskadi
Irratian kolaborazioak egiten hasi ginenean,
betelana egiten genuen magazinetan, baina orain,
zientziak bere saioa du. Aurten, telebistara egin
dugu jauzia eta ikusiko dugu horrek zelako
oihartzuna duen. Hala ere, zientziaren
komunikazioa dela eta arazo bat dago, zeren
salbuespenak salbuespen, komunikabide orokorretan
ez dago zientzia gaiak aztertuko dituen kazetari
espezializaturik. Horrek jakina eragina du
albisteak ematerako orduan, eta batzuetan zuzenak
ez diren berriak irakurtzen dira. Gainera,
zientziarekin zerikusia duten albisteak askotan
espektakuluaren ikuspegitik jorratzen dira, hau
aurkitu dutela edo besteak kalte egiten duela
esanez. Lortu behar dena zera da: publikoari
informazio zuzena, zehatza eta ulerterraza
ematea. Hala ere, erraza egin nahian, askotan
zuzenak ez diren albisteak zabaltzen dira.
-Zergatik
ari da horrelako pisua hartzen zientzia
komunikabideetan? Milurteko baten azkenetan
egoteak areagotu egiten du zientziaren
presentzia, ala?
Ez dut uste hori denik. Gertatzen ari dena da,
jendea konturatzen ari dela kultura, zinea edo
literatura bezala, zientzia eta teknologia ere
gure kulturaren osagarri garrantzitsuak direla.
Nik uste dut, gainera, komunikabideetako
arduradunek ikusi dutela gizarteak jakinahia
duela horren inguruan. Komunitate zientifikoaren
aldetik ere euren emaitza zientifikoak
plazaratzeko gogoa dago. Alabaina, kazetariekiko
mesfidantza dutela eta, orain arte zientzialariak
ez dira, oro har, euren ikerketak publiko egiteko
zale izan.
-Zeinen
mesedetara dago zientzia?
Gizartearen mesedetara. Beste kontu bat da,
zientziaren zein erabilpena egiten den. Zientzia
eta teknologia ezin ditugu gure kulturatik
baztertu. Ezinezkoa da gaurko gizarte modernoa
zientzia eta teknologia gabe ulertzea, eta oker
daude horrela ulertzen saiatzen direnak.
-Zientzia
eta teknologia gure bizimodua aldatzen ari dira.
Zenbateraino eragiten digute?
Izugarri. Gure bizimodua, eta gure aiton-amonena
erabat desberdinak dira. Orain dela berrogeita
hamar urte jendea Europan tuberkulosiarekin edo
malariarekin hiltzen zen, baina egun ez. Kontua
bestelakoa da hirugarren munduan noski. Gaur egun
edozein doa Tailandiara, eta hori zientzia eta
teknikari esker da. Jakina horrek guztiak ondorio
txarrak ere baditu: ingurugiroaren degradazioa,
kutsadura.... Baina balantza batean jarriz gero,
ondorio onek txarrak gainditzen dituzte. Ahalik
eta ondorio txar gutxien sortzea lortu behar da,
eta uste dut kontzientzia hori badagoela batez
ere ekologisten lanari esker.
-Gizon eta
emakumeok kritikoak gara zientziaren
erabilpenarekin? Jarrera desberdinak daude: zuriak,
beltzak eta baita grisak ere. Nire ustez, bi
muturreko jarrerak negatiboak dira. Batzuek uste
dute zientziak eta teknologiak arrisku
guztietatik salbatuko gaituztela, eta gizakiak
aurrera egitea ahalbidetzen duten bakarrak
direla. Beste muturrekoek, ostera, ez dute
zientzia eta teknologia onartzen, uste baitute
eskaintzen duten guztia txarra dela. Azken
jarrera hori nahikoa hedatzen ari da munduan
zehar. Baina oro har, gizartea grisa da. Jendeak
uste du zientziak eta teknologiak gauza onak
dituztela, baina adi egon behar dela eragin
ditzaketen ondorio txarrekin.
-Bestalde,
ez al da zaila kritiko izatea? Aldaketa izan al
zen zure beste lanekin konparatuz? Giza jarduera guztiei filtroak jarri
behar dizkiegu jasotzen dugun informazioa
baloratzeko, gure buruari galderak egiteko eta
konparatzeko. Hala ere, askotan, zientziaren
ondorio kaltegarriak baloratzeko denbora pasatu
behar izaten da. Adibidez, orain dela 200 urte
lurrin makina asmatu zenean, zaila zen makina
horrek botatzen zituen gasek negutegi efektua
ekarriko zutela pentsatzea. Hainbat urte pasatu
behar izan dira ondorio txarrak ekartzen dituela
eta aurre egiteko neurriak hartu behar direla
jakiteko. Hori teknologia batzurekin gertatzen
da, ez guztiekin.
-Lehen
ezagutza zientifikoak publikoak ziren, eta gaur
egun sekretupean gordetzen dira. Beraz, zientzia
negozioa da.
Patenteak beti egon dira eta zientzia beti izan
da negozioa. Giza jarduera guztiek atzetik onura
ekonomikoa dute helburutzat, eta zientzian ere
hori gertatzen da. Agian hori ona ere bada, zeren
zientzialaria ez da lanean hasten onura
zientifikoarengatik bakarrik, ospea eta dirua
bezalako arrazoiak ere izaten dira atzetik. Baina
enpresen irabazi asmoek ez naute bereziki
kezkatzen. Teknologien garapenean gehiago
kezkatzen naute botere borrokek eta gobernuak hor
sartzeak, zeren euren helburua arerioa
suntsitzeko teknologiak garatzea izaten da.
-Gaur egun
zientziaren esanahia zabaldu egin da. Zer eduki
behar da kontuan gai bat zientifikoa dela
esateko?
Hemen eztabaida egon daiteke baina nire ustez,
bere jardueran metodo zientifikoak aplikatzen
dituen jakintzaren adarra da zientzia. Hau da,
zientziaz ari gara, formula bat aplikatzen denean
formula horrek ematen dituen emaitzak beti
errepikatzeko modukoak direnean eta konprobatu
daitezkeenean. Gizarte zientziak deitzen direnak
nire iritziz ezin dira zientzian kokatu, ez
baitira esperimentazio saioak egiteko hipotesiak,
ez dira errepikagarriak, eta gainera, egoeraren
arabera aldatzen dira. Hau da, Euskal Herrirako
balio dezakeen teoria soziologikoak ez du zertan
balio behar Burgosen. Gizarte zientziak jakintzak
dira, baina ez zientzia. Badakit asko ez direla
ikuspegi horrekin ados egongo, baina zientziaren
esanahi horren inguruko ikuspegi unibertsala dago
zientzialarion artean.
-Zein
da Euskal Herriko jarduera zientifikoaz egiten
duzun balorazioa? Nondik gatozen kontuan izanda, une
honetan oso balorazio positiboa egiten dut.
Euskal historia aztertzen badugu arlo zientifiko
teknikotik, ikusiko dugu euskaldunok ekarpen
gutxi egin dizkiogula zientziaren garapenari.
Hemen ez dugu tradizio zientifikorik izan, Euskal
Herriko Unibertsitateak ere hogeita hamar urte
besterik ez ditu eta unibertsitatearen
azpiegitura gabe zientziak oso zaila dauka
aurrera egitea. Orain, berriz, nahiko azpiegitura
sendoa daukagu. Bestalde, azken urteetan,
Diputazioek eta Jaurlaritzak zientziaren garapena
ahalbidetu duten inbertsio garrantzitsuak eta
txalogarriak egin dituzte. Ondorioz, gauzak asko
aldatu dira. Apustu bat egon da eta emaitzak
lortzen ari gara. Esan daiteke alor askotan
euskal zientzia lotsarik gabe ibil daitekeela
munduan zehar. Gainera, Euskal Herrian ikasiz
euren espezialitatean punta puntakoak diren
zientzialariak ditugu bai kimikan, fisikan,
biologian, matematikan... Hori guztia 20 urtetan
lortu dugu. Etorkizunari begira ere baikor ager
gaitezke, eta orain arte egin diren ahaleginak
egiten jarraitzen baldin bada emaitza hobeak
lortuko dira, adibidez, Nobel sariak. Ez agian
hogei urte barru, baina bai epe luzeagoan.
Horretaz gain, aipatzekoa da industrialariek izan
duten ikuspegi aldaketa. Garai batean kopiatu
egiten zen, patenteak kanpotik ekarri eta hemen
aplikatu egiten ziren. Enpresek jarrera hori
aldatu egin dute, eta inguruko zentro
teknologikoekin lankidetzan ikerketak egiten ari
dira. Euskal enpresa une honetan esportatzailea
da hein handi batean, eta horretarako beharrezkoa
da punta puntako teknologia erabiltzea. Beraz,
Euskal Herriko ikerketa zentroak egiten ari diren
lana ere azpimarratzekoa da, zeren hasieran
kalitate kontroleko zentroak baziren, gaur egun
ikerketa zentroak dira.
-Beraz
etorkizun polita iragartzen diozu hemen egiten
den zientziari. Bai, baina nahiz eta oinarriak eta jendea
eduki, inbertsioak egiten jarraitu beharko dugu
eta beharbada politika batzuk aldatu egin beharko
dira, adibidez, zientziarekin lotutako lanpostuak
sortuz Euskal Herrian. Nire kezketariko bat hori
da. Une honetan, unibertsitatean ez dira ikerlari
gazteendako lanpostuak sortzen, eta hor eten bat
egon daiteke. Hau da, jende gaztea lan egiteko
kanpora joan behar izatera behartuta egon
daiteke. Nik uste, agintari politikoen erronka
nagusienetariko bat, unibertsitateko
irakaskuntzarekin loturarik izango ez duten
zientzialariendako lanpostuak sortzea dela.
Ikerlari gazteentzat lanpostuak sortzeko
institutuak eta erakundeak sortu beharko dira.
Bestetik, munduan zehar hainbat euskal
matematikari, ingeniari, eta biologo ari dira
lanean, eta programa eraginkorra prestatu beharko
da horiek itzuli nahi izanez gero itzul daitezen.
Jendea lanera kanpora joatea garrantzitsua da,
baina ziurtatu egin behar zaie itzultzerakoan
lana izango dutela. Une honetan badira atzerrian
puntako euskal zientzialariak eta hona etorri
nahiko luketenak, baina ez datoz lanposturik ez
dutelako.
- Hemen
egiten den jarduera zientifikoa ezaguna da
atzerrian?
Bai, eta horren erakusle da hemengo irakasle
askok nazioarteko kongresu garrantzitsuen
batzorde zientifikoetan parte hartzen dutela.
Bestalde, Euskal Herrira ere gero eta ikerlari
gehiago dator kanpotik ikastera edo tesia
egitera.
- Euskarak
zein pisu du Euskal Herrian egiten den jarduera
zientifiko-teknologikoan?
Mailak desberdindu behar dira. Euskarak edo beste
edozein hizkuntzak ziurtatu egin behar du
eguneroko jarduera hizkuntza horretan egingo
dela. Hau da, normalena litzateke ikerlari
euskaldunek eguneroko lanean euren artean
euskaraz egitea eta euren teoriak euskaraz
garatzea. Euskarak hori lortu behar du, eta
pixkanaka-pixkanaka ari da lortzen, nahiz eta
oraindik egoera minoritarioan dagoen. Beste kontu
bat da jarduera zientifiko hori munduan
ezagutzera ematea, eta hemen garbi dago horrek
ingelesez beharko duela izan kasu gehienetan.
Bestalde, taldean atzerritarrak badaude normala
da ingelesa erabiltzea.
- ETBn
Teknopolis izeneko saioa abian jartzea lortu
duzue. Hori zen aurtengorako zenuten erronka
nagusiena edo bada besterik?
Bai, bada. Irailean Elhuyar. Zientzia eta
Teknika aldizkariak 25 urte beteko ditu eta
hori aprobetxatuz aldizkaria berritu nahi dugu
diseinu eta eduki aldetik. Irakurle gazteei
zuzendutako zerbait ere egin nahi dugu
aldizkarian.
- Bukatzeko,
esaguzu zein berrikuntza ekarriko dizkigun
zientziak
Ikerketa zientifiko garrantzitsuenak une honetan
lau bidetatik doaz: bioteknologiaren aplikazio
segurua (klonazioa edo landare transgenikoak);
informazioaren teknologia, zeren horrek gure
bizimodua aldatuko du etxe adimentsu edo
robotikaren garapenarekin. Beste erronka bat da
ingurugiroaren kudeaketa egokia lortzea, eta hori
lotuta dago energia iturri alternatiboekin.
Azkena litzateke biodibertsitateari eustea.
Lurrean altxor bat daukagu, biziaren altxorra,
eta horri heldu beharra dago ondoren datozenei
ahalik eta txukunen uzteko.
Argazkiak: Maria
Agirre |