Europako Moneta Batasuneko Estatu gehienetan
Euroa moneta bakar gisa sartzea, seguruenik XX. mendeko albisterik garrantzitsuena
izango da. Izan ere, horrek arlo makroekonomikoan izango dituen eraginak
apartekoak dira:
- Estatu Batuen atzetik eta Japoniaren aurretik, munduko bigarren ekonomia
eta moneta-eremu komuna sortzeko aukera ematen du.
- Merkataritza eta finantza-trukaketak behin betiko sustatzen ditu, bai
euroaren esparruan bai esparru horretatik kanpo.
- Euroa Estatu Batuetako dolarraren dibisa alternatiboa bihurtzen du.
Gertakari horrek zera dakarkie jatorrizko monetak alde batera utziko
dituzten Estatuei, Espainiari eta Frantziari kasu:
- Oinarrizko subiranotasun-elementu bat lagatzea ("moneta-jaulkipena")
goragoko maila batean konpartitzeko.
- Zehazki, eremu mediterraniarreko herrialdeek (Espainiak, esaterako
euren artean) historikoki askotan erabili dituzten debaluazio "lehiakorrak"
egiteko aukerari uko egitea.
- Ekonomi eta moneta-eremu zabalago batean parte hartzeko aukera, hau
da, aurrekontu-defiziten kontrola, inflazio-preziorik eza eta arian-ariango
harmonizazio fiskala nagusi diren testuinguruan mugitzekoa.
Estatu edo nazioen ekonomiaren oinarri diren produkzio- sektoreei, enpresei,
Euroa sartzeak funtsean honako hauek dakarzkie:
- Lehiakortasuna handitzea. Hori muturrera eramanda, enpresak lekuz aldatzea
ere eragin dezake, horrek dakartzan ondorioekin, kasuen arabera positiboak
edo negatiboak.
- Epe laburrera, produkzio-sektore bakoitzak bere errealitateari egin
beharko dio aurre. Adibidez:
- Hainbat sektoreri, Euskal Herrian oso sustraiturik dauden Automobilgintzarako
osagaien edo Makina-erremintaren sektoreei esate baterako, aukera berriak
eskaintzen dizkie.
- Finantza-sektorean (Banka eta Aseguruak) kontzentrazio-prozesua emango
da Europan jarduteko asmoa duten Entitateen artean, baina horrek ez du
bezero partikularren eta Enpresa Txiki eta Ertainen "eremu"-merkatuak
egoten jarraitzea galaraziko.
- "Subsidiodun" sektore jakinek (meatzaritza, itsasuntzigintza,
esneki-produkzioa eta abar) gero eta zailtasun handiagoak izango dituzte
irauteko eta garatzeko.
Historikoki, euskaldunok aspaldi-aspalditik produktuak ingurukoekin trukatzeko
ohitura duen komunitatea osatzen dugu. Trukaketa hori egiteko hainbat arrazoi
daude: errendimendu zaileko nekazaritza, Europarekiko kokapen geografiko
egokia, industri kontzentrazio handia eta abar. Horrek guztiak gure ekonomia
oso irekia izatea ekarri du; izan ere, Euskal Autonomi Erkidegoari buruzko
1995eko datuen arabera, gure kanpo-eskariaren % 30 inportatzen dugu eta
produzitzen dugunaren % 31 esportatzen dugu. Inportazio-esportazio horietatik
% 85 Euroaren esparruan kokatzen dira. Ikuspegi horretatik, Euroaren esparruaren
barruan egotea ia behar bat da, horrek dakartzan aukera eta mehatxu guztiekin.
Euskal Herriko produkzioari dagokionez, esan daiteke industri sektoreari
behintzat mehatxu baino aukera gehiago eskaintzen dizkiola, are gehiago
enpresa-kapitalizazioan, I+Gan eta abarretan azken urteetan egin den ahaleginaren
ostean. Zerbitzuen sektorearen egoera, ostera, oso ezberdina da jarduera-segmentuen
arabera, baina seguruenik lehiakortasuna handitu egingo da eta hori positiboa
da hiritarrentzat epe ertain eta luzera begira.
Balorazio orokor positibo hori errealitate bihurtzeko hainbat alderdi
ulertu behar ditugu:
- Enpresa bakoitza (eta pertsona bakoitza) lehiakorra izateko beharra;
izan ere, behartuta dago bere jarduera babes-"sarerik" gabe egitera,
ez baitu debaluazio lehiakorrik egiteko aukerarik izango.
- Enpresen arteko elkarlanaren beharra, internazionalizazioari aurre
egiteko (gure artean ia ez da ematen alderdi hau).
- "Giza kapitalean" inbertitzearen garrantzia, goi-mailako
prestakuntza profesionala eta etengabeko prestakuntza sustatuz.
- Administrazio estatalari edo autonomikoari eskatzen zaizkion dirulaguntzak
gutxitzea.
- Interes handiko puntu gisa eleaniztasunaren beharra, bereziki ingelesean
oinarritua ("Eurolandia"ko benetako "lingua franca"
den aldetik), baina euskararen sustapena eta nazioartean garrantzia duten
beste hizkuntza batzuk (gaztelania, frantsesa) ahaztu gabe.
Kontsumitzaile gisa, euskaldunok gardentasun eta askatasun handiagoa
izango dugu. Langile gisa gero eta lehiakortasun handiagoaren erronkei aurre
egin behar diegu (etengabeko prestakuntza, malgutasuna, helbidez aldatzeko
prest egotea eta abar). Hiritar gisa, kultura, finantzaketa, ... aukera
handiagoak izango ditugu; gainera ez da ahaztu behar Euroak, herrialdeak
hurbilduz, mugen arteko kooperazio eta harreman-aukerak sustatuko dituela.
Azken finean, Euroaren ezarpenak hainbat aldaketa ekarriko ditu eta Euskaldunok
Herrialdetasuna berresteko eta gure ongizate material eta kulturala handitzeko
aukera izango dugu, baldin eta gai bagara:
- Gure sendotasunak, ahultasunak, aukerak eta mehatxuak egoki aztertu
eta horren arabera jokatzeko.
- Lehiakortasun-erronka berriei gure nortasunari uko egin gabe aurre
egiteko.
- Pertsona, enpresa, erakunde eta herrialdeen artean kolaboratu eta kooperatzeko,
partikularismo antzuak alde batera utzita.
- Laburbilduz, "Lehiakortasuna-Ongizatea" eta "Euskal
Herriaren berrespena-Internazionalizazioa" ondo uztartzen baditugu.
Hausnarketa hauetan zehar ez da komentariorik egin "aldaketa fisikoak"
ekarri daitezken zailtasunei buruz, (hau da 2002.urtean euroak pezeta eta
liberak ordeskatzen dituen unean) eta hori ez dulako zailtasun berezirik
ekarriko.
- Enpresa handiek, eta zehazki Kreditu Entitateek, dagoeneko eginda dute
aldaketa hori.
- Enpresa Txiki eta Ertainak, autonomoak eta abar bere garaian egokituko
dira, beharrezko aholkularitza jasota eta zailtasun berezirik gabe.
- Hiritarrok, pertsonok, zailtasun are txikiagoak izango ditugu egokitzeko
gaiari Bizkaiko Busturialdeko amama batek hartu duen lasaitasunaz heltzen
badiogu, zera baitzioen: "Bardin izango da eurotan zein hogerlekotan
kontatzea".
Juan Jose Arrieta, Euskadiko
Kutxako Zuzendari Nagusia |