Hamar urte pasa dira euskarazko lehen herri
aldizkaritzat jo izan dena, Arrasate Press, sortu zenetik.
Hamar urteotan berrogeita hamar inguru dira Arrasatekoak zabaldutako bideari
ekin diotenak. Herri aldizkari horien guztien elkargune den Topagunea
izeneko elkartea ere sortu da. Topaguneak emandako
datuen arabera, aldizkari horien tirada orokorra 100.000 ale ingurukoa da,
eta horien irakurle kopurua ia 300.000ra inguratzen omen da. Elkarte gehienek
autopropagandarako duten joerak dakarren datuen puztuketa arinduta ere,
begibistan dago herri aldizkariena garrantzi handiko fenomenoa dugula euskalgintzaren
baitan.
Hamargarren urteurren horren karian iazko azaroan Arrasaten antolatutako
Herri Aldizkarien III.Jardunaldietan, gai batek sortu zuen eztabaida apur
bat bertaratu ginenon artean: euskalkien erabilera herri aldizkarietan.
Euskara batuak ere urteurrena izan zuen iaz: 30 urte bete zituen, Arantzazun
sortu zenetik. Eta joan den urtean galdera bat plazaratu zen euskalgintzara,
bi urteurren horiek uztartzen dituena: euskara batua ala euskalkiak herri
aldizkarietan? Galdera, berez, ez da aldizkari horietan erabiltzen den euskararen
isla zuzena; izan ere, herri aldizkari ia denetan euskara batuaz idazten
baita erabat, eta garrantzizkoenen artean batean ez beste guztietan. Hala
ere hainbat jende kezkatuta dago, benetan, kontu honekin. Batzuek herri
aldizkarietan euskalkiak erabiltzea proposatzen dute. Arrasateko topaketatik
astebetera Gasteizen mahainguru bat eratu zen lau herri aldizkarietako ordezkariekin,
Eibarko eta kitto, Bergarako Berrigara, Nafarroako
Bortzirietako ttipi ttapa eta Sakanako Guaixekoak,
galdera horrexeri erantzuteko: batua ala euskalkia herri aldizkarietan?
Niri mahaiaren eraketa ez zitzaidan oso egokia iruditu galderari erantzuteko,
denak euskalkien erabileraren aldekoak zirela baitzirudien. Nolanahi ere,
entzuleen artetik egindako galdera batzuei erantzunez, irizpideak zehazten
eta ñabardurak sortzen hasi ziren. Kontua da Berrigara eta
ttipi ttapa batuaz idazten direla eta Guaixen
euskalkian idazten dena %3 inguru omen dela. Eta kittoren
kasua bestelakoa da; aldizkari honetan benetako ahalegina egiten dute Eibarko
euskara islatzen. Han errezagoa ere badute; izan ere, bertako euskararen
tradizio idatzia omen dute.
Hortaz, zergatik ote zen lau ordezkariak, denak, euskalkien aldeko jarrera
agertu izana hasieratik? Nik uste dut, eta munduko ausardi(keri)a guztiarekin
saiatuko naiz galderari erantzuten, batzuentzat ez dagoela nahikoa garbi
zer ote den batua.
Euskara batuaren oinarriak
Euskara batuak, sortu zenetik, hiru oinarri izan ditu eta ditu: aditz
laguntzailea, deklinabidea eta ortografia, eta orain hiztegi batua.
Zutabe horien gainean jaso zen euskara batuaren eraikuntza. Baina batuaren
etxea zutabe hutsak dira jantzi ezean; etxea apaindu egin behar da, hornitu,
edertu. Eta hori, jakina, tokian tokiko langaiekin egin behar da. Oinarri
berdinean gainean eraikita egonagatik, oso desberdinak izan daitezke etxe
horiek. Hor kokatu behar da euskalkien ekarpena, horretan jantzi behar dute
biluzik dagoen batua, nork bere erara. Batuak ezarritako oinarriak ez dira
horren estuak, bide zabal samarra uzten digute nork bere bidea egiteko.
Gertatzen da, ordea, herri aldizkarien eraikuntza horiek, orain artean,
oso antzekoak egin ohi direla gehienak, euskara motari dagokionez, eta kasu
askotan oso etxe itsusiak, herriko estilotik oso urrunduak, herri zapore
gutxikoak, ez gatzik ez piperrik gabekoak; tartean gauza txar, oker eta
desegoki asko ere bai. Sarri gehiegi urrundu gara herriko jendearen hizkeratik,
eta jende askorentzat idatzi ulerkaitzak sortu ditugu, komunikazioa ikaragarri
zailduz. Baina hori berdin gertatu da batuan zein euskalkian.
Ez baitira izan hizkuntza batuaren oinarriak horretaratu gaituztenak,
beste zerbait baizik. Izan ere, euskara batuak ez gaitu lotzen horren kate
motzean. Bere baitan oso euskara desberdinak kabitu litezke, tokian tokiko
aberastasun estilistiko guztiekin, bai lexikoari dagokionez, baita esamolde,
esakera, kontatzeko era eta abarri dagokionez ere. Euskara batuaren oinarriak
hizkuntzaren azalari baitagozkio, eta ez sakoneko egiturari. Heldu den igandean
jinen gara eta datorren domekan etorriko gara, biek esanahi berdina dute
eta biak batua dira.
Batuan edozein euskalkitan bezain jator, egoki eta aberats idatz daiteke,
eta horrela idazten ikasteko eredu izan litezkeen hiztun on askoak dauzkagu
herri euskaldun guztietan. Azken urteotan idatzirako euskal eredu baten
bila ahaleginik handienetakoak egin dituen Jose Ramon Zubimendik, ahozko
jardunetik ahalik eta hurbileneko eredua proposatuz eta eredutzat aspalditxotik
euskalkietan idatzita dauden Auspoa Sortako liburuetako euskara joz, batuaz
idazten du. Are gehiago, batuaz argitaratu ditu eredurako erakusten dituen
hainbat testu, bere garaian euskalkietan idatzitakoak.
Ahozkoan euskalkia eta idatzian batua
Batua sortu zutenean, hain zuzen, arlo idatzirako sortu zuten. Nik uste
dut ahozkoan tokian tokiko komunikaziorako tokian tokiko hizkera erabiltzen
segitu behar dugula; herri hizkerei eutsi egin behar zaie eta bizirik mantendu.
Baina horretarako herri aldizkariak ez dira tresna egokiak, inondik ere.
Zesarri Zesarrena bezalaxe, ahozkoari ahozkoa eta idatziari idatzizkoa.
Hitz, berba edo ele egin eta mintzatu sinonimoak dira, baina idatzi aditzak
ez du sinonimorik, erderatiko eskribitu ez bada behintzat. Kasualitatea
ote?
Herri hizkerari eusteko hortxe daude eskolak, hor irrati edo telebistak.
Eremu lokala dutenetan uste dut egokiena bertako hizkeraren aldeko aukera
egitea dela. Aldizkarietan herri hizkera erabiltzekotan, ahoz sortutakoa
bakarrik islatuko nuke; beraz, aldizkari ia guztietan egin ohi diren elkarrizketa
eta kaleko galdeketetan; baina ez, inondik ere, kazetariek idatziz zuzenean
sortu beharreko testuetan. Hain zuzen, aldizkari batzuetan egiten dutenaren
justu kontrakoa; behintzat, nik aztertutako aleetan hiztunei jasotakoa batuaz
eta kazetariek sortua euskalkiaz idatzia ikusi baitut. Batzuen kasuan, gainera,
ez dago esaterik darabilten euskara moldea euskalkia denik, baizik eta bertako
hiztun batek esango lukeenaren balizko transkripzio fonetikoa. Nik dakidala,
inguruko hizkuntzetan, bakar batean ere ez da egiten horrelakorik. Imajinatzen
honelako zerbait: zomo la meó revizta qua zalío?
Irakurlearengana hurbiltzeko ahalegina, idazkera ahalik eta bertako hizkeratik
gertukoena egiteko saioa, eskertzekoa da. Baina saio hori hizkuntza batuak,
naziorako ereduak, jarritako mugez gain eramatea komenigarria al da? Ez
naiz ni izango bide horretan ahalegintzen ari direnei zilegitasuna kenduko
diena, ez horixe! Baina nire ustetan oso bide, gutxienez, zaila da hori;
eredu nagusitik urrundu ahala, arau eta irizpide orokorrak kolokan jarrita,
dena dago eginkizun, erabakizun, eta lana ikaragarri zailtzen da, biderkatu
egiten da; zalantzak sortzen dira une oro.
Galderak eta galderak
Euskaltzaindia txikiak sortzen hasi beharko ote dugu, herriz herri, idatzirako
ereduak proposatzeko? Benetan lortzen al da aldizkaria ulergarriagoa izatea?
eta batez ere, herritar guztientzat? Herri horietako irakurlegoa homogeneoa
al da, denak herrian jaioak, denak euskaldunzaharrak? Zenbat eredu eman
behar dizkiegu idazten hasi behar duten gaztetxoei? Herri aldizkariak beste?
Galdera asko dira eta beste asko ere egin litezke: Benetan sentitzen ote
du Eibarko irakurleak eta kittoren idazkera gertuagoa Arrasatekoak
Arrasate Pressena baino? Egunkariak, Argiak, azken hogei urteotan batuaz plazaratutako milaka liburuek, eskoletako
testuek... beren bidea egiten dute, eta horrek bere eragina izan du eta
bere ondorioak ditu. Hala ere, herri hizkerak, euskara bizi-bizirik dagoen
herrietan, lehenean dirau, tokian tokiko ahozko jardunak ez dira horregatik
aldatu.
Batuak herritar batzuei ulermen arazoak sortzen dizkien eskualdeetan
ez ote litzateke aski bertako euskalki batua erabiltzea inguru horretako
herri aldizkari guztietan? esate baterako, bizkaieraz egiten den herrietakoetan
bizkaiera batua?
Batuaz aparteko bide eta aukera hori zaila dela diodanean gogoan ditut
herri aldizkari gehienetako giza baliabideen eskasia eta nolabaiteko egoera:
kazetarietan mugimendua handia izaten da; prestakuntza eta lan baldintzak,
kasu batzuetan, nola halakoak dira. Herritarrenganako hurbiltze bide hori
batuan eginez gero zereginak asko dira eta erronka interesgarria da eta,
zaila ez dut esango, baina bai ardura handia eskatzen duena herri aldizkariotan
dihardugunontzat. Ondo eginez gero, bi etekin lortuko genituzke, idazkera
herritarrari hurbildu, eta batuaren eraikuntza herri zapore jator eta aberatsez
jaztea, guztiontzat baliagarri.
Azken bolada honetan, alde batetik eta bestetik, hainbat gauza ari da
idazten gai honen gainean. Koldo Zuazok Egunkarian, euskalkien
erabileraren alde agertuz, Goenkale aipatzen zuen hizkera jator eta herrikoiaren
adibide eta eredu eta horixe zela bere arrakastaren arrazoia; baina, hara
bitxikeria: Goenkalen, jator eta egoki bai, baina batuan egiten dute berba. Iñaki Iturain, bi herri aldizkaritako erredakzio
batzordekide: Orioko Karkara eta Donostiako Irutxulo |