Euskarazko komunikazioak, euskal kultura
osoak, eta derrigor euskal nazioak bere osotasunean, elkarlana du beharrezko
tresna nagusia. Gure baitan txikiak gara eta inguruan munduko kulturarik
erraldoienak dauzkagu; inguruan baino, gainean esan beharko nuke, edo hobeto,
munduko kulturarik erraldoienek beren baitan gauzkate. Zer da euskarazko
jarduera bat Lapurdin frantsesezko uholdearen barruan? Zer pintatzen du
euskarazko ekimen batek Bizkaian gaztelaniaz bizi den mundu oso baten txoko
batean?
Elkarlanaren fruituak dira euskarak eta euskarazko tresna garrantzitsuenek
azken urtean emandako urratsak. Kolaborazio horrek lortu du euskarak berak
tresna moduan zituen (eta oraindik dituen) hainbat gabezia gainditzea, gure
hizkuntzari bazterketatik atera eta Euskal Herriko gizartean txoko bat egitea,
euskaraz produzitzen denaren kalitatea eta konpetitibotasuna hobetzea...
Eta urrats handiagoak eman ez badira, sarritan militante euskaltzaleen,
euskaraz bizitzeko prest dauden profesionalen eta gai hau instituzio publikoentzako
lehentasunezkoa dela sinesten duten arduradun politikoen artean aski kolaborazio
izan ez delako izan da.
Mende bukaerak gainera datozkigun aldaketa erraldoien kontzientzia ekarri
digu denoi. Luze joko lukeenez, ez naiz hasiko 90eko hamarkadan Euskal Herrian,
Europan eta munduan gertatu diren aldaketak zerrendatzen. Baina aldaketok
hor daude, eta beste aldaketa are handiagoen atarian ipini gaituzte.
Euskarazko komunikabideetan ari garenoi dagokigunez, gure lehentasunezko
beharra komunikazioaren munduan gertatzen ari diren mugimenduetan gure posizioak
ez galtzekoa da. Optimistago mintzatuz, aldaketa garaiotako aukera berriak
baliatu behar ditugu gure posizioa hobetzeko kultura erraldoietan mugitzen
diren komunikabideen aurrean. Euskal komunitateari komunikazio alorrean
ere biziraupena bermatu eta nahi dugun Euskal Herri euskaldun horretan guk
ere gure alea aportatzeko.
Bi baldintza nagusi bete behar ditugu hori egoki burutu ahal izateko.
Batetik, komunikabieetan gabiltzanon profesionaltasuna, gure tresnen konpetitibateari
loturik doana, gure kalitate maila. Eta bestetik, elkarlanerako jarrera,
handiekin lehiatu ahal izateko.
Kezkati nabil bigarren atalari dagokionean. Jokabide gehiegi ikusten
dut euskarazko jarduerak lortu duen merkatu txiki honen barruan borrokatu
eta nagusitzeko ahaleginean, eta gutxiegi eremu hori zabaltzeko beharrean.
Gutxiegi da lortu duguna. Gutxiegi euskal gizartearen biziraupena bermatzeko,
gutxiegi gure proiektu eta enpresen aurrerabidea segurtatzeko.
Aurrera begira, bi ardatzotan finkatu behar du elkarlanak, nire ustez.
Bata: euskal mundutxo barruko konkurrentzia fenomeno normaltzat hartu eta
erregulatu, horren barruan gatazkak bideratzeko moduak eraikiz. Jardueraren
batean bada nabarmena aniztasunaren garrantzia, informazio eta komunikazio
alorrean da. Elkarlanaz ari garenez eta ez inolaz ere unanimitateez, atal
hau konplexurik gabe aztertzea oso da inportantea.
Eta bigarren ardatza: erdaraz funtzionatzen duten gure inguruko/gaineko
munduen aurrean konpetitiboak izateko sinergiak antolatu. Asko hobetu behar
dugu honetan, bai atal bakoitzeko sinergiak handitzeko (komunikazio agenteen
artekoa, guri dagokigunez) eta baita atal ezberdinen artean dauden posibilitateak
ustiatzeko ere.
Euskararen biziraupena hein handi batean maitasun ekintzen gainean eraiki
da; eta jakina da maitasunaren anaia bizkia dela gorrotoa. Maitasun-gorroto
dinamikak gainditu eta mitoen babesean (ez galdetu noiz babesean eta noiz
aitzakiatan) handitutako hegemonizaletasunak beren lekuan ipini, errukirik
gabe aldatzen ari den munduaren erdian herri eta kultura bezala elkarren
artean leihatu eta aldi berean kanpora begira konpetitibo izateko.
Hitzak direla? Hitz horiei pertsona, talde, enpresa eta erakundeen izenak
ezartzeko ariketan hasi gaitezke kafe baten inguruan. Gauzak hobetzeko asmotan,
hori bai.
Kezka azaldu dut, eta itxaropena ezin utzi aipatu gabe. 1998ko udazkenetik
giro berri batean bizi da euskal herritarra; giro horrek aurreko lotura,
aurriritzi eta beldur asko askatuko duelakoan nago. Teknologia berriek eta
orohar jazotzen ari diren aldaketek sortu duten lurrikarak denok astintzen
ari gaitu lozorrotik, desafio berriak -eta oso gogorrak askotan- ipiniz
begien aurrean, eta baita aukera berri eta oso handiak eskainiz ere. Eta
azkenik, inertziarentzako antidotorik onena den belaunaldi berrien etorrera
ere ez du inork oztopatuko.
Beharrak elkartuko gaitu, zozoak bagara. Burutsu jokatzen badugu, beharrei
aurre hartuko diegu elkarrekin.
Pello Zubiria Camino, Argia aldizkariko zuzendaria |