Aspaldikoa izan da euskalgintzan ihardun izan
direnen artean euskararen etorkizuna euskarazko komunikabideei hertsiki
loturik dagoenaren konbentzimendua. Komunikabideak euskaraz eskaintzea beharrezkoa
eta ezinbestekoa zen, eta da, euskarak etorkizunik izatea nahi badugu. Euskararen
etorkizunaren giltzarria komunikabideetan dago hezkuntzan hainbat.
Horregatik eman zion hasieratik Eusko Jaurlaritzak horrenbesteko garrantzia
ETB eta Euskadi Irratia sortzeari. Euskadi inguruan ikusentzunezko edo ahozko
komunikabideak publikoak izatea ohizkoa zen, ez zuen inolako susmorik sortzen.
Besterik zen, idatzizko komunikabideetan.
Ikusentzunezko komunikabideak publikoak izatearen ohiturak ez zuen publiko
eta pribatuaren arteko eztabaidarentzat tarterik uzten. Eguneroko prentsa
idatziaren beharra geroz eta indartsuagoa zen heinean, ordea, publiko eta
pribatuaren arteko eztabaida berehala sortu zen.
Ikusentzunezko komunikabideek publiko izaten jarraitzen dute. Egunerokoak
kudeaketa pribatua du, baina laguntza publikoari esker bizi iraun dezake
bakarrik. Egoera honek etorkizunean hainbat buruhauste ekarriko digula ziur
nago, gaur egun gure inguruan moldatzen doan giroa ez baita Eusko Jaurlaritza
abiatu zenekoaren tankerakoa.
Ezagutzen ditudan euskarazko komunikabideak kontuan hartuta, ordea, bada
arretaz begiratu beharreko zerbait: komunikabide hauek duten mutur batean
kokatzeko joera, era batera edo bestera, arrazoi bategatik edo besteagatik.
Idatzizko nagusienak ezker abertzalearen muturrean. ETB, berriz, programazioari
dagokionez, eta esan nahi dudana azpimarratzeko errealitatea zertxobait
bortxatuz, kirolaren, folklorearen eta algararen muturrean.
Badakit esandako hauek zehaztu, matizatu, eta astiroago aztertu beharko
nituzkeela. Bere hortan utziko ditut, ordea, aztertu nahi nukeen puntua
beste bat delako. Euskarazko komunikabideak, euskalgintza osoak bezala,
helburu bat badu, euskara eta bere erabilera soziala normaltzea da. Normaltasuna
gaur, eta elebiduna izan nahi duen gizarte batean, zertan datzan definitzea
ez da bat ere erraza. Hala eta guztiz ere, normalizazioa, normalkuntza,
euskararen erabilera gizartean normalizatu beharra aipatzen dira, aipatzen
ditugu, etengabe helburu gisa.
Eta egoera normal hori lortzeko asmoz hartzen ditugu hartzen ditugun erabakiak,
erabakitzen ditugu erabaki beharreko programak, sortzen ditugu beharrezko
tresnak, kasu komunikabideak. Hori bai: jakinik egiten ditugunak ez direla
beti, ezta urrutitik ere, guztiz normalak, bereziak direla hartzen ditugun
neurriak, ezohizkoak hartzen ditugun erabakiak.
Eta egia da gutxiendutako egoera batean aurkitzen den hizkuntza bat ezin
utz daitekeela babesik gabeko, laguntzarik gabeko, ahalegin berezirik gabeko
lehian. Ez naiz, beraz, ezohizko laguntza berezi horiek zalantzan jartzen
hasiko.
Euskararen etorkizuna eta bere normaltasuna gogoan izanik, ordea, galdera
bat egitea beharrezkoa iruditzen zait. Ez ote genuke noizean behin aterpetik
atera eta normaltasunaren froga egin behar bide zuzenetik ote goazen jakiteko,
ezohizkotasunean anormalitatea geroz eta bermatuagoa izan ez dadin euskararentzat,
normaltasunaren helburua geroz eta urrutiago egon ez dadin, euskal komunikabideak
bezala euskara muturren batean sartuta geldi, eta ito, ez dakigun?
Beti gaixo moduan tratatua izaten denak joera izan ohi du azkenean bere
burua gaixo izaeran bakarrik ikusteko. Euskarak, eta euskal komunikabideek
beharrezkoa izango dute zor zaien babesa, baina, beharrezkoa izango dute
lehiaren errealitatearen erauntsiaren indarra probatzea ere, euren izaera
betirako gaixoarena izatea nahi ez badugu.
Joseba Arregi, EAJ-PNVko parlamentaria |