Hizkuntza menperatzea ez da arau gramatikal
multzoa ezagutzea bakarrik, hizkuntza hori modu egokian erabiltzen jakitea
ere beharrezkoa da, horrek bermatuko baitu komunikazioa. Eta testua komunikazio
unitate gisa hartzen badugu, eskolak ezin du ahaztu ekoizpen hauen aniztasuna
eta edozein ikasgai lantzeko orduan duten eragina. Hemen, horietako bati
besterik ez diogu erreparatuko, azalpenezkoari. Testu hau asko erabiltzen
da irakaskuntzan, edozein arlotako testuliburuetan azalpenak agertzen dira
eta ikasleek ere horrelako testuak ekoizteko premia izaten dute eskolako
zereginetan. Baina, sarritan, hainbat arazo sortzen da hizkuntzarekin, besteak
beste, gaiaren bilakaera egokirako arazoak eta aurretik emandako informazio
bat berreskuratzeko zailtasunak; ondorioz, ulergarritasun arazoak sortzen
dira. Zeregin horietan oso garrantzitsua da adierazpide anaforikoen erabilera,
neurri handi batean behintzat, gaiaren progresio egokia bideratzen dutelako.
Adibidez:
(1) Gureak bezalako hiri eta herrietan
pertsona batek 150 litro kontsumitzen ditu eguneko Etxeko erabilera hori
sektore-diagraman...
Adierazpide anaforiko horiek izan dira, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren
dirulaguntzarekin egin dudan ikerketa baten ardatza. Helburua, horrelako
testuak ekoizteko orduan ikasleek izaten dituzten zailtasunak eta erabiltzen
dituzten baliabide anaforikoak aztertzea zen. Bestalde, jasotzen dituzten
ereduetatik beraien idazkietara dagoen jauzia ere aztertu da. Horretarako,
eskolan erabiltzen diren azalpenezko testuez osatutako corpus bat aztertu
da. Bertan bi multzo bereiztu behar dira: lehenengoa testuliburuetako azalpen
testuez osatuta, eta bigarrena ikasleek ekoiztutako testuek osatzen dutena.
Testuliburuei dagokienez, Natur Zientzietako ikasgai baten hiru bertsio
ezberdin aztertu dira, bakoitza argitaletxe bati dagokiolarik. Ikasleen
ekoizpenak direla eta, 12-13 urteko ume elebidunek euskaraz idatzitako azalpen
testuak ditugu. Kasu guztietan idazkiak gai berberari buruz ziren.
Luze joko luke zehetasun guztiak lerro hauetan emateak, horregatik ikerketaren
datuak modu laburrean bildu ahal izateko, emaitzen arabera interesgarriak
iruditu zaizkidan alderdi batzuetara mugatuko naiz. Hasteko, anafora kategoria
ezberdinak sailkatzeko orduan egin ditugun bi multzo handienak hartuko ditugu
kontuan: anafora pronominalenak eta anafora nominalenak. Lehenengo multzoari
dagokionez, oso gutxi dira izenordainen bitartez egiten diren berreskurapenak,
arruntena adibidean ikusten duguna da:
(2) Guretzak
ura oso garrantzitsua da, bera gabe ezingo ginateke bizi.
Erakuslea, aldiz, askotan erabiltzen da, hona hemen adibide bat:
(3)Ura guk altxor bat bezala zaindu behar dugu, hori
egiteko...
Corpuseko testu multzo bietan anafora pronominalen erabilera nominalena
baino baxuagoa izan da. Azken hauen artean errepikapena da baliabiderik
erabiliena, bereziki ikasleen testuetan. Adibidez:
(4)Ura guretzat altxor bat da...Urak gauza askotarako balio du...
Aurrekoari kontrajarria ordezkapen lexikalaren kasua dugu. Adibidez:
(5)Urak ere badu bere zikloa... Altxor hau guretzat
oso baliagarria izan arren...
Baliabide honek testuliburuetan nahiko maiztasuna handia duen bitartean,
ikasleen testuetan ez da ia erabiltzen. Nabarmena da errekurtso hau erabiltzeko
orduan ikasleek duten zailtasuna, baliabide hau konplexua da beraientzat,
eta erabiltzen duten gutxietan ere, liburuak eskainitako eredua errepikatzeko
joera erakusten dute. Bestalde, azpimarratzekoa da ikasleek ekoiztutako
testuetan gaia informazio atal ezberdinetan antolatuta agertzen dela. Atal
batetik bestera pasatzeko orduan ez da testu antolatzailerik erabiltzen.
Zati ezberdinen arteko artikulazio lana atal bakoitzaren hasieran errepikatzen
den lexemak egingo du, hura izenburuan tematizatuta agertzen delarik.
Azterketa honen ondorioz esan daiteke, bada, corpuseko testu guztietan
anafora nominalen erabilera dela nagusi. Gainera, ikasleen azalpenetan ordezkapen
lexikala oso gutxitan agertuko zaigu; adierazpide anaforiko hauek konplexuagoak
dira, eta errekurtso honi esker gaiari buruzko informazioa zabaldu edo gaiaren
aldaketa bidera daiteke. Baina bere erabilera, zalantzarik gabe zailagoa
da ikasleentzat; testuliburuetan, aldiz, sarri erabiltzen da. Adibide moduan
ikasle baten kasua aipa daiteke; honek ordezkapen lexikala erabiltzen du
gaia berrartzeko, baina zalantzak ekiditzeko parentesi artean aurrekariaren
lexema berbera errepikatzen du. Ikasleek, beraz, errepikapenaren alde egingo
dute, horrela ez zaie zalantzarik sortzen gaiaren jarraipena bideratzeko
orduan eta arazorik gabe berreskura dezakete aurrekaria. Honen eraginez,
eta ahaztu gabe informazio atal batetik bestera igarotzeko orduan errepikapenak
betetzen duen papera, gaia hipertema baten inguruan antolatuta agertuko
zaigu, eta horrenbestez azalpena baino gehiago sekuentzia deskriptibo laburrez
osatutako testuen aurrean gaudela esan dezakegu. Bukatzeko, esan dezagun,
bada, ikasle gazteen testuetan aurkituko ditugun adierazpide anaforikoak
trebatuen testuetan erabiliko direnak baino urriagoak eta sinpleagoak izango
direla, eta ondorioz, testuaren antolamendua ere ezberdina izango da multzo
batean eta bestean. Ines M. García
Azkoaga, EHUko irakaslea Hizkuntza eta Literatura departamenduan |