Pantxoa Etchegoin,
Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria da. Iparraldeko elkarte honek, euskara
ikasiz eta hizkuntzaren erro guztiak miatuz, euskal kulturan bizitzea du
helburu. Gure hizkuntzak bizi irauteko giltza aurkitu eta bide egokia hartzea
da bere zuzendariaren ametsa.
-Zein da Euskal Kultur Erakundearen betebeharra gaur egungo gizartean?
Sar hitza bezela, erran nezake gaurko gizartean, indarren biltzea eta
esperientzien banatzea inoiz baino premiatsuagoa dela. Oharpen hau Euskal
erakundearen betebeharretan kokatzen da.
Egunero pertsona edo kultur elkarteekin lan egiten dugu, izan dadin sorkuntza,
prestakuntza edo hedapen alorretan, beti saiatuz bakoitzaren lanaren egituratzea,
egitasmoak eraginkortasunekin eramaten laguntzea.
Bigarrenik, baitezpadako junta egiten dugu, elkarte eta erakunde desberdinen
artean. Bi hitzez erran nezake Euskal Kultur Erakundea kasik toki bakarra
dela Iparraldean, non elkarteetako kideak mintza baitdaitezke erakunde politikoetako
arduradunekin. Eta hori, neretzat, oso garrantzitsua da.
Azkenik, Euskal Kultur Erakundeak pentsatzeko denbora hartu behar du, tradizioa
eta modernitatearen artean aurkitu behar den orekaz gogoetatuz, geroari
buruz, gure euskal kultura jorratuz, biharkotuz, munduko ingurumen osoa
kontuan hartzen dugula, hara nola, informazioaren eremu zabala.
-EKEk "Leihotik" izeneko aldizkari bat argitaratu du
aurten. Zein izan da argitaratze honen arrazoia elkartearen jaiotzaren zortzi
urte eta gero?
"Leihotik" aldizkaria arras praktikoa izan dadin nahi dugu.
Bi hilabetekari honen helburu nagusia da, elkarteekiko loturak indartzea,
momentu berean euskal kulturari dagokion informazioa ahal bezain publiko
zabalari eskainiz. Gai nagusitzat, beti kulturaren alor bat aztertzen dugu,
jendearekin elkarrizketak egiten, gure erakundearen berri emaiten eta oroz
gainetik informazio baliagarriak (espero dut bederen) argitaratzen. Egitea
ongi da, zer egiten dugun jakinaraztea ere.
-Zer deritzozu Ipar Euskal Herriko kultur ondarearen egoerari buruz
bi mila urtekoaren amaieran gaudelarik?Zeintzuk dira alorrik garatuenak?
2000. urtera pasatzeko bezperan gaudelarik, Euskal Herriko kulturaren
panorama aski baikorki ikusten dut, sorkuntzaren ahulezia sentitu arren.
Oroz gainetik, pertsona edo elkarteek ikaragarriko kemena badute egitasmoak
obratzerakoan.
Maiz, ahal gutirekin, gauza ederrak egiten dira, hala
nola kantugintzan, antzerkian, literaturan, nolaz ez, bertsugintzan. Beti
eta gehiago trukatze egiten da ere adibidez atzerriko dantza eta musikak
Euskal Herrira ekarraraziz. Entzun-ikusak indar haundia hartu du azken urte
hauetan, bereziki hegoaldean.
Bestalde, bada ekintzen egituratzeko gogoa, elkarlanerako eta gazteek bide
horretan sartu nahi dute. Iparraldeko etsenplu hoberena, Piztu elkartearena
da, Euskal Herria zuzenean antolatzen dutelarik.
-Ipar Euskal Herrian gazteen %11k euskaraz egiten du, EKEk 1996an
parte hartutako inkesta batek dioenez. Zeintzuk izango lirateke, aurreko
urteekin konparatuz, jetsiera honen arrazoiak? Ba al dago bide eraginkorrik
joera honen norabidea aldatzeko?
Iparraldean, euskeraren egoera zinez beldurgarri bezain gogoetagarria
da, oroz gainetik gazteak hurbiletik hunkitzen baititu. Bada bistan dena
ainitz arrazoi beherakada horretan. Oroz gainetik, aipa nezazke familiako
transmisio eskasa, espazioaren aldaketak ekarri duen mugimendu soziala,
euskal baserriko girotik hiri frantsestura, eta erra gabe doa hizkuntza
politika iraunkorraren huts haundia erabaskuntzan, bizi publikoan, lantegi
eta administrazioetan, eta abar...
Geroari begira, uste dut jadanik euskaradunok, ahalgea uxatuz, euskara gehiago
erabili behar dugula, elebitasuna ez bada baztertu behar ere zenbait egoeretan.
Erran gabe doa irakaskuntzan dela oroz gainetik giltza, euskararen ofizialtasunean.
Bestalde, lan egin behar dugu gure hizkuntza modernitatean sar dadin, adibidez
alor zientifikoetan, informatikan, literaturan, adierazpen artistikoetan,
eta nolaz ez, hirietan, beste edozein kultura bezala, uste baitut biharko
euskal kultura hiri giroan geldituko dela.
-2000 urterako euskal kantari buruzko ekintza handia prestatzen
ari da EKE. Abestia, kulturaren hedakuntzarako biderik azkarrenetariko bat
delarik, garrantzi berezia daukala uste al duzu aurrean deskribatutako egoerari
aurre egiteko?
Besteak beste, literatura, bertsolaritza, kantua edo antzerkiak euskara
egunero karreatzen dute eta bere denboran, aberasten. Erran gabe doa kantuak
leku berezia daukala gure euskal kulturan.
Dudarik ez beraz euskal abestiak aurreko egoerarekin baduela zer ikusirik.
Alabainan, euskararekin batera, ohizko kantua ez da lehen bezela trasmititzen
familia edo herrietan. Emeki emeki galtzen ari du aintzinean zeukan irudi
soziala, batzuetan ekoizkin komertzialegia bilaktzen da. Gure ekintzarekin,
nahi dugu euskal kantua -atzokoa eta dudarik gabe gaurkoa- gehiago ezagutua
izan dadin, bereziki haur eta gazteengan, beste kulturekin parekatua, hots,
baloratua hemen eta munduan zehar.
Euskara ikasi behar da ere euskal kulturan bizi, hizkuntzaren erro guztiak
miatuz. Gure proiektuaren helburuetariko bat da.
-Haurrak eta gazteak euskal kulturaren hedatzaile garrantzitsuak
dira gaur egun. Zeintzuk izango lirateke haien formazioak eduki beharko
lituzkeen elementuak gure kultura gehiago eta hobeto sendo dezaten? Nire ustez, haur eta gazteei eskainitako formazioek bederen bi elementu
eduki behar dituzte: lehenik, trasmisioaren arazoa konpontzeko, heziketa
artistikoa beharrezkoa da, eskoletan baina baita eskolatik kanpo ere. Hala
nola, ondarearen alorrean edo literaturarenean.
Halaber, euskal kultura beste munduko kulturekin parekatzen ikasi behar
dute, horrela baita edozein kultura eta norbera aberasten. Azkenik, gogoeta
orokorra eraman behar dute jakiteko nola euskal kultura, arimarik galdu
gabe, koka daitekeen biharko esparru desberdinetan.
-Nahikoa al da EKEk daukan erlazioa hegoaldeko beste kultur erakunde
eta kultur bizitza orokorrarekin?
Desberdintasun haundiak badira ipar eta hegoaldearen artean, Euskal kultur
erakundeak harreman on eta emankorrak ditu, adibidez Eusko Jaurlaritza edo
Nafarroako gobernuko zerbitzuekin. Adibidez, inkesta sozio- linguistikoa
elgarrekin eraman dugu, euskararen biziberritzeko lanetan parte hartuz. Neretzat, horiek oro arras esperientzia baliagarriak dira,
hango ekintza batzuk iparraldekotzen ahal baitira, hala nola lan metodo
eta informazioaren trukatzeak.
Lan egiten dugu noizbehinka Euskal Telebista-irratiekin, kultur zentru edo
federazio batzuekin, hala nola Urnietako Sarobe edo antzerki taldeekin.
Egia da askoz erlazio gehiago behar genukeela baina hori eguneroko fruitua
izanen da.
-Zer nolako harremanak dauzka EKEk Frantziar Estaduarekin?
Frantziar estaduarekin harreman hurbilak ditugu, Bordelen dagoen D.R.A.C
deituriko zerbitzu eskualdekatua, dirulaguntza ekartzeaz gain, gure administrazio
kontseilua delakotz, departamendu, lurralde eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin
batera. Beraz, gure lan urratsak segitzen ditu, negoziazioetan parte hartzen.
Alde honetatik, gauzak ongi doaz.
-Zure herriko bestak dira, zer nolako abestia eta dantza mota ikustea
eta entzutea gustatuko litzaizuke?
Herriko bestetan, oroz gainetik, bestak dakarren giroa maite dut, hala
nola, lagunekin kantu zaharrak emaitea, berdin hiruzpalau orenez, edo Arratiako
fandangoaren dastatzea (biziki freskoa eta indartsua aurkitzen dut).
-Zein da zure ametsa, EHKko zuzendari bezela eta Pantxoa Etchegoin
bezela?
Euskal kultur erakundeko zuzendariaren ametsa: euskal kulturaren garatzeko
giltzak onak diren ediren ditzan eta oroz gainetik, denok batera, euskara
salbatzeko bidean sar dezagun.
Nere ametsa: eleberri baten idaztea eta haren pentsatzeko denbora ugari
edukitzea.
-Zein izango litzateke zure erreakzioa eraikin publikoetako txartel
guztiak euskaraz eta frantsesez ikusterakoan?
Erreakzio oso baikorra eta pozgarria. Alabainan, hizkuntza batek eta
oroz gainetik gutitua delarik, idatzia, entzuna eta ikusia izan behar du.
Horrela dakienari nolazpait ahalgea joaten zaio eta ez dakienak gogoeta
zenbait egin dezazke toki publiko edo txarteletan euskara frantsesaren ondoan
ikusterakoan. Beraz opatzen dut laster zure galdera egia bilkatuko dela.
-Zer esannahi dauka zuretzat Oxozelhaiako kobazuloak?
Joaiten naizelarik Oxozelhaia eta Erberuako haitzuloetara,
iruditzen zait harrien hezetasunean eta estalaktiten kilikan, denbora gelditzera
doala. Bizkitartean, hego pottoka edo katuaren irudiek indar eta zirrara
emaiten didate. Handik ateratzean berriz, ixiltasuna, belardien lurrin epela,
Arberoaren altxorra.
Gaur egun oraino, ikertzen dituzte hainbat urteetako aztarnak, gizonen bizitegiak.
Belaunaldi bakoitzak bere harria pausatzen du misteriozko toki hauetan iragaitean,
biziari sentsua emaiten.
-Zeintzuk dira zure hobbiak?
Nire hobbiak: korrika egitea, mendian ibiltzea, irakurtzea, antzerkia
egitea eta kantatzea.
PANTXOA ETCHEGOIN |
Pantxoa Echegoin, betidanik egon da iparraldeko euskal kulturarekin harremanetan
murgildua. Gure Irratia edo eta Irulegi irratian eleberri batzuen irakurlea
izan ezezik, itzultzaile lanetan ere ibilia da. Euskal Herriko turismo bulegoarentzat
gidaliburu turistikoen itzulpenak burutu ditu baita Donibane-Lohizuneko
"Musée Grevin" -entzat idazkien itzulpen eta grabaketak
ere. Gaur egun, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria da eta elkartearen jaiotzaren
zortzi urte eta gero, "Leihotik" izeneko euskal bihilabetekaria
argitaratu du. |
P. Etchegoinen argazkiak: J.
Claude Broca / E.K.E. |