UZEI: Terminologia eta lexikografiako zentroa
*
Traducción al español del original en euskera
Alberto Agirreazaldegi

1. Sarrera

1977an sortu zen euskara berritu eta mundu modernora egokitzeko helburuarekin, edozein hiztunek edozein lan eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabil dezan. Euskara irakaskuntzan, administrazioan, komunikabideetan eta lan-munduan sartzeak ekarri zituen erronka berriei erantzuna ematea izan zen beraz, UZEIren helburu nagusia.

Aipaturiko xede hauetara bideratzen ditu euskal erakunde honek bere jarduerak: hiztegi tekniko eleaniztunak lantzeko irizpideak finkatzea, eremu ezberdinetako hiztegi terminologikoak landu eta argitaratzea, terminologi datu-bankua eratzea eta testu teknikoak itzultzea, besteak beste.

UZEIk ez zuen, hasiera batean behintzat, hiztegigintza arrunta bere eginkizunen artean, berezitua baizik. Baina 1986an, Euskaltzaindiaren egitasmoei lotuta sortu zen lexikografia lana eta ondorioz, lexikografia saila. Ordutik, euskaraz argitaratzen den guztia bildu eta hitzei buruzko historialak biltzen ditu UZEIko sail honek.

2. Terminologia eta Itzulpengintza

Hiztegi teknikoak egitea izan zen UZEIk lehen urteetan landutako asmoetako bat eta gaur egun ere jarduera honekin jarraitzen du, besteak beste. Zeregin honetaz, UZEIko Terminologia eta Itzulpengintza Saila arduratzen da. Egunerarte dagoeneko arlo ezberdinetako 50 hiztegi tekniko inguru argitaratu ditu sail honek: ekonomiakoa, informatikakoa, kiroletakoak, arrantzakoa eta abar luze bat.

Lehenengo urteetan zientzi gai aski zabalak jorratu ziren: Fisika, Kimika, Filosofia... Hiztegien termino-kopurua oso handia zen, 5.000tik gorakoa askotan.

Gaur egun arlo espezifikoagoak eta teknikoagoak lantzen dira: Informatika, Lan Harremanak, Arrantza... eta termino-kopurua 500--2.000 bitartekoa izaten da.

Hasierako hiztegiak mistoak ziren, atal bat entziklopedikoa zuten eta beste bat terminologikoa. Garai hartan euskaraz idatzitako testuak urriak ziren eta horregatik eman zitzaion halako garrantzia parte entziklopedikoari. Gerora, terminologian nazioartean erabili ohi diren formatuak landu dira, lexikoak eta bokabularioak batik bat.

UZEIren Itzulpen Zerbitzua itzultzaile, terminologo, edizio--arduradun eta terminalistaz osatutako taldea da. Egiten diren itzulpenak espezializioko gaiak izaten dira, teknikoak eta zientifikoak. Batzuetan publizitate-arlokoak ere bai.

Produktuaren kalitatea bermatzeko, baliabide hauek duade:

  • Kontsulta terminologikoa: datu-base guztiak eta haietako informazio guztia erraz kontsultatzeko moduan.
  • Itzulpenen datu-basearen kontsulta: Aurrez egindako itzul-penak bizkor kontsultatzeko aukera ematen duena.
  • Kalitate-kontrola: Egindako itzulpenak kalitatearen zirkuitu baten barnean egiaztatzen dira.

Azken boladan UZEIk egin dituen lanen artean Microsoft etxearen Windows 98 programa euskaratzearena dugu, honen barruan, Microsoft Internet Explorer nabigatzailearen 4.0 euskarazko bertsioa dagoelarik.

3. Lexikografia

Euskaltzaindiak gaurko euskararen berri emango zuen corpusaren beharra ikusi zuen 1986an eta UZEIk bere gain hartu zuen lan hau Herri-Aginteen babesarekin. Ordutik, euskaraz argitaratzen den guztia bildu eta, corpusa osatzeaz gain, Hiztegi Batuko lantaldearentzat prestalana egiten du, hitzei buruzko historiak bilduz.

Hona hemen lexikografia sailean egiten diren lanen ezaugarriak:

3.1. Mende honetako euskara argitalpenen inbentario sailkatua

  • 1900-1995 urte bitartean euskaraz argitaratu den guztia biltzen du.
  • Urtero eguneratzen da.
  • Informazio bibliografiko arruntaz gain, testua zein epetakoa den zehazten du, bai eta euskalkia, testu-mota eta obraren tamaina ere. Are gehiago, zein liburutegitan eskura daitekeen ikus daiteke.
  • Bi multzo nagusitan banatzen da inbentarioa:
    • a) liburuak eta nolabaiteko "pisua" duten aldizkariak. Aldizkariok artikuluka banatuta daude, bakoitza bere fitxarekin eta sailkapenarekin. Liburuetako sarrera edo atalen bat beste egileren batena denean ere, zehaztu egiten da eta autore horri fitxa berria gehitu.
    • b) Egunkariak, astekari-hamaboskariak, herri-aldizkariak eta halakoak. Testu-masa handiko argitalpenak dira eta artikuluka sailkatzea ia ezinezkoa da. Horregatik, testu--masa zenbatekoa den jasota dago, baina bestelako datuek garrantzi handiagoa dute.
  • Informazio sailkatu honek ustiapenerako aukera asmo ematen du. Eska daiteke, adibidez:
    • gerraurreko poesia guztiak bizkaeraz
    • Lizardiren saiakera-artikulu guztiak
    • Euzko Gogoa-ko artikulu guztiak, edo literatur prosazkoak, edo Zaitegirenak bakarrik,...

3.2. Corpusak

Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa (EEBS) eta Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) izeneko corpusak dira Lexikografia Sailaren oinarri Hiztegi Batuko Lantaldearentzat hitzei buruzko txostenak egiterakoan.

Corpusak osatzeko eta kodetzeko modua aldatuz doa eta horretara egokitzen ari da UZEI. Horregatik aukeratu da SGML (Standar Generalized Mark-up Language) formatua, testu bateko informazio guztia erabilgarria izan dadin.

3.2.1. Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa
1900etik 1994ra bitarteko euskal produkzioaren lagin estatitistikoa da EEBS.

  • epe, euskalki, testu-mota eta tamaina guztien berri ematen du, informazio estatitistikoa inbentarioan oinarritua baitago.
  • 3.553.000 forma, erabat lematizatuta.
  • eskaintzen duen informazioa: lema estandarra (unitate soilak nahiz hitz anitzekoak), aldaeraren lema, formaren osagaiak, kategoria gramatikala eta adierak.
  • azken urteak SGML formatuan kodetuta: hasierakoak ego-kitze-fasean.
  • erabil daitekeen informazioa: forma baten erabilerak mende honetan zehar, informazio osoarekin (garaia, euskalkia, testu-mota, autorea, obra eta testuinguru esanguratsua, besteak beste).
  • corpus osoa ORACLEko datu-base erlazioal batean dago.

3.2.1. Orotariko Euskal Hiztegia

Hiztegi Batuko Lantaldearentzat formen historiala egiteko Euskaltzaindiaren OEH izeneko corpusa erabiltzen du lexikografia Sailak EEBSrekin batera.

3.3. Formen historiala biltzen duten txostenak

UZEIk eskura dituen bi corpusetan oinarrituta (Orotariko Euskal Hiztegia eta EEBS), Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko lantaldearentzat hitzei buruzko txostenak prestatzen dira, hiztegietako eta erabilera sektorialetako datuak, gehituz, bai eta beste hizkuntzetako ordainak ere eskainiz, hala komeni dela ikusten denean. Ondorioz, forma baten historiala ikus daiteke, nork, noiz, non eta nola erabili duen. Hiztegi Batuak, beraz, erabilera-datuetan oinarrituta bideratzen dizkio bere proposamenak Euskaltzaindiko Euskara Batuko Batzordeari.

3.4. Datu-base lexikografikoa

  • Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko Lantaldeak egindako propo-samenak, baliatutako irizpideak eta kanpoko iritzi--emaileen oharrak biltzen ditu.
  • UZEIko prestalaneko taldearen hitzei buruzko informazioa jasotzen duten txostenak, bai eta hauen laburpenak ere, sartuta daude.
  • Azkenean, arazo lexikografiko zehatz baten inguruan azaldu diren formak eta emandako irtenbideak kontsulta daitezke.

4. Euskalterm Datu-Bankua

UZEIko terminologi datu-bankua da Euskalterm. 1987an sortu zen, ordurarte argitaratutako hiztegi guztiak elkartuz. Hainbat erako informazioa biltzen du EUSKALTERMek:

4.1. Hiztegien datu-baseak

  • Fitxa terminologikoen hiztegia. Fitxa terminologikoz osatua. UZEIk egindako hiztegiak biltzen ditu, beste hizkuntzetako baliokidez eta definizioz hornituta. (Interneten eskaintzen da).
  • Kontsulten fitxategia. Eguneroko lanean sortzen den material berriaren hustuketatik hornitua. Behin-behineko materiala da. (Interneten eskaintzen da).
  • Kanpoko Ekarpenen hiztegia. Normalizazio-asmoarekin egin eta argitaratutako hainbat zerrenda eta hiztegi (Hezkuntzako hiztegia, Barne Errotulazioa, Bide Seinelak, Europako Ituneen hiztegia, kale--izenak, HAEE/IVAPeko itzultzaileen ekarpenak...) biltzen dira hemen. (Interneten eskaintzen da.)
  • Izen propioen hiztegia. Hiztegi honetan bildu dira normalizazio-asmoarekin argitaratzen diren izen propioak (Barne-erabilerakoa).
  • Barneko hustuketen fitxategiak. UZEIko hiztegigintzan sortutako terminologia deskribatzailea biltzen du. Aipagarriak dira, batez ere, irakasmundukoa, Biologiako izendegikoa eta erlijiokoa. (Barne-erabilerakoa).

Datu-base terminologikoetan terminoen iturri-kode gisa erabilitako erreferentziak dekodetu ahal izateko datu-base bibliogra-fikoak ematen du laguntza.

4.2. Itzulpenen datu-base dokumentala

UZEIn egindako itzulpenak biltzen ditu, jatorriko hizkuntza eta xede-hizkuntza, paragrafoka parelelizatuta.

4.3. Arauen datu-base dokumentala

Euskararen normalizaziorako Euskaltzaindiak emandako arauak biltzen dira. Gainera eguneroko zalantzei buruz UZEI barnean hartutako erabakiak ere bertan jasotzen dira.

5. EUSKALTERM Internet-en

Hiztegiak egiteko moduak aldatuz joan direlako, informazioa zaharkitua gelditzen delako eta euskararen egoera ere aldatu egin delako, lan zaharren bertsio berriak atera beharrean, ordenadore bidezko zerbitzua eskaintzea erabaki zuen UZEIk. Duela bost urte hasi zen zerbitzu hau eskaintzen eta egun, kontsulta telematika Internet sistemaren bidez egin daiteke.

UZEIko webgunea www.uzei.com da eta bertan sartuz gero, elkarte honek argitaratu dituen terminoak, 500.000 inguru, kontsulta daitezke.

Beraz, UZEIk eskaintzen duen zerbitzu honi esker hitz bat edo hitz-kate bat nola idazten den beste hizkuntzetan jakin dezakegu. Euskaraz, espainieraz, frantsesez edo ingelesez egin daitezke galderak termino bati buruzko informazioa lortzeko.

Edonork egin dezake kontsulta eta zerbitzua doan eskaintzen dio UZEIk erabiltzaileari. Zerbitzu berri honek laguntza handia eskaintzen die lexikoaren arloan zalantzek dauzkatenei. Antzeko zerbitzua eskaintzen du Europako Komunitateak Eurodicauton datu--bankuarekin eta Quebec-eko Termiun ere kontsulta daiteke Internet bidez.

Informazio guztia hilero eguneratuko da. Termino eta hiztegi berriak sartuko dira hilero eta Euskaltzaindiaren arau berriak kontuan hartuko dira eguneratze lana egiterakoan.


Alberto Agirreazaldegi, UZEIko arduraduna.


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved