Lau hilabete baino gehiago pasatu dira ETAk
su-etena aldarrikatu zuenetik, eta egunotan kaleratu berri duen komunikatuan
ere bide honi eusteko borondatea erakutsi du. Benetan aurrerapauso handia
eta berri pozgarria guztiontzat. Ondorioz sortutako egoera berriak, inoiz
ez bezalako itxaropena piztu du euskal gizartean eta etorkizunari begira
eremu berriak ireki dira. Baina, aldi berean, guztiok dakigu su-etena ez
dela bakea. Hemendik aurrera, benetako bake iraunkor bat eskuratu nahi bada,
beharrezkoa izango da euskal bake-prozesua bizitzea eta burutzea.
Hainbeste urtetako aurrez aurreko konfrontazio biolentoa bizi eta jasan
duen gizarte honek bake-prozesurako eskubidea du. Hauxe da, hain zuzen ere,
herri honek duen eskubiderik premiazkoena, Giza Eskubideen 50. urteurrena
bete berri denean. Eta horrek bere lanak emango ditu, ez da bere kabuz etorriko.
Lan hau batez ere politikoei dagokie, beraiek dute euskal bake-prozesua
martxan jarri eta subiranotasuna eta elkarbizitzaren inguruko akordio berri
bat egiteko ardura, gaur egungo adostasun eza gainditzeko. Baina horrez
gain, pentsamolde eta kultur aldaketa nabarmena gauzatu beharko da gizartearen
maila guztietan, benetako bake iraunkorra ezarri nahi badugu gure herrian.
1. akordio politiko berria
Politikoei dagokien lanari eutsiz, lehenik eta behin, eman beharreko
urratsen agenda bateratu bat ezarri beharko litzateke. Akordio nazional
berri bat egiteko ibilbide argi bat ezarri behar da eta norbaitek zuzendu
beharko luke egun bizi dugun noraeza, bake-prozesua norabide egokian jarriz.
Politikoen lehentasuna beraz, bake-prozesurako eskema bateratu bat ezartzea
da.
Orainartean ez da horrelakorik ikusi, ideia isolatu eta osatugabeak besterik
ez dira sortu. Batzuek prozesua «bakea eskuzabaltasunaren truke»
bezala ikusten dute, presoekin onartezina den «regateo» batetara
iritsiz. Hauek, azpian dagoen gatazka politikoa ezkutatu eta gizarte honetan
oinarrizko baloreen inguruan dagoen zatiketa ahazten dute. Beste muturrean
berriz, bake-prozesua alde batera utzi eta subiranotasun prozesurako jauzia
egiteko tentazioa nabari da.
Baina bake-prozesurako eredurik demokratikoena, argiena eta eraginkorrena
«elkarrizketa, akordioa eta herri kontsulta»-rena da. Guztion
interes eta jarreren atzean dagoena aztertu eta etorkizunerako gutxiengoan
adostean datza.Tragediarik gabe, mugarik gabe eta inposaketarik gabe.
Hau kontuan izanda, zentzuzkoena, ahalik eta azkarren erakundeetan ordezkaritza
duten alderdi guztien arteko mahai bat eratzea litzateke. Mahai honek lehenbailehen
hasi beharko luke lanean. Izan ere, orain, ETAren biolentziarik ez dagoen
garai berri honetan, gatazka politikoa bere sakontasun eta konplexutasun
osoan aztertzeko aukera paregabea dugu. Transizioa egin zenetik hogei urte
baino gehiago pasa diren honetan, euskal gatazkak konponbide berri bat behar
duela argi dago. Ez ETAren biolentzia izan delako, baizik eta Nafarroa eta
EAEn, gizarte normalizatuek beharrezkoa duten kontsentsu mailarik ez dagoelako.
Mahaia indarrean jarri eta gero, bake-prozesuaren helmuga gatazka honi
konponbidea emango dion guztion arteko akordio berri bat lortzea da; beste
modu batean esanda «euskal Stormont» bat egitea. Akordio berriaren
beharra argudiatzeko arrazoiak ugariak dira, baina haien artean bereziki
hurrengo hauek aipatuko nituzke:
(1) Batetik, ez politikoki, ez geografikoki ezta soziologikoki
ere, kanpoan inor ez uzteko aukera ezinhobe hau aprobetxatu egin behar
dugu. Gaizki itxitako zauriak sendatu, alegia.
(2) Bigarrenik, bizitzan gatazkak beharrezkoak baldin badira
ere, (eraldaketak eragin eta aurrera egitea posible egiten dutelako), elaberriek
bezala, hasiera, garapena eta amaiera izan behar dute. Gatazka irekia betirakoa
egiten bada, potentzial onuragarri guztia galtzen du. Izan ere, heltzen
laguntzen gaituena, bai pertsonalki eta baita sozial eta politikoki ere,
gatazkak modu positiboan konpontzeko gaitasuna baita. Euskal Herrian denbora
gehiegi daramagu gatazka irekian, ez aurrera ez atzerako egoeran bizitzen,
eta dinamika hau gainditu beharra dago.
(3) Honek guztiak inflexio puntu bat lortzea premiazkoa egiten
du. Gizarteari, eta batez ere gazteei eta datozen belaunaldi berriei, akordioaren
gertakaria garai berri baten hasieraren erakusle definitiboa bezala aurkezteko.
(4) Inflexio puntu honek, bide batez, hemendik aurrera etsairik
gabe -hitzaren zentzu belikoan ulertuta- bizi behar dugula gogorarazi behar
digu. Gure etsaia gure arerio politikoa besterik ez dela, ideia berri honekin
bizitzen ikasi behar dugu. Orain arte etsaiak txarrena merezi zuela uste
izan dugu: heriotza, tortura, gartzela, etb., eta uste hau gainditu eta
adiskidetze prozesu bat emateko beharrezkoa da guztion arteko akordioaren
eskenifikazioa.
(5) Eta azkenik, ez dira ahaztu behar gatazka honen zama astunena
euren bizkargainean jasan dutenak. Euren sufrimenduaren zentzugabekeria
are gehiago biderkatuko litzateke eta aldi berean frustrazio kolektiboa
areagotuko, gatazkak bere horretan jarraitzen duela ikusten bada, adiskidetze
prozesu bat ematen ez bada.
2. Bake-prozesua eta kultur-iraultza
Bien bitartean, hau da, alderdien mahaia osatzen denetik guztionarteko
akordiora iritsi bitartean, egin beharreko bidea da bake-prozesua.Baina
gurea bezain historia gatazkatsua eta mingarria bizi izan duen herriak bake-prozesua
garatu ahal izateko, ordezkari politikoren arteko elkarrizketa eta akordioa
baino zerbait gehiago behar du; pentsamolde eta kulturaren iraultza txiki
bat behar du, gizartearen maila guztietan garatu eta burutu ahal izateko.
Lehen esan bezala, inflexio puntua, edo beste modu batean esanda, eliteen
arteko akordioaren eskenifikazioa, beharrezkoa da gizarteko maila guztietan
etsairik gabe bizitzen ikasteko. Baina goi-mailako akordioa berabakarrik
ez da nahikoa. Eta hemen dago batez ere, gizartearen eta gizarte eragileen
lan-eremua: maila guztietako jarrera aldaketak sortu eta bultzatzea. Ez
dugu ahaztu behar, adiskidetze prozesua, gizabanako bakoitzaren baitan eta
eguneroko bizitzan bakoitzak ditugun jarrera eta jokabideetan dagoela baita
ere. Bake iraunkorra bermatzeko beharrezkoa den pentsamolde eta kultur-iraultza
honi laguntzea izango da gutariko bakoitzari egokituko zaigun lanik garrantzitsuenetakoa.
Izan ere, bake-prozesuaren garai berriari ekiteko ezinbestekoa da horren
aldeko testuingurua sortzea. Orain arte, enfrentamendurako inertzia eta
polarizazioa izan dira nagusi eta, ondorioz, ez da hain erraza izan elementu
positiboak sustatzeko beharrezkoa den giro hori lortzea. Elkarriren
ikuspegitik,garai berri honetan elementu eraikitzaileek izan behar dute
lehentasuna, eraikitzailea den guztia bultzatzea da lagungarriena; maila
eta alor guztietan irizpide eraikitzaileak oinarritzat hartuta jardunez
gero, emaitza emankorrak lortuko direlakoan baikaude.
Eraikitzailea esaten dugunean, batetik, gauzak errazteko pentsamoldearekin
aritu beharra dagoela esan nahi dugu. Edozein esparrutan eta mailatan; bai
gizabanako moduan, bakegintza laguntzeko ahal den guztia egiteko konpromisoa
hartuz, eta baita kanpora begira, bakerako bidea erraztuko duen oro defendatzeko,
aldarrikatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartuz.
Bestetik, arazoaren konponbidera begira hasteko, ezinbestekoa da enfrentamendu
dinamikak alde batera utzi eta aurrekoarekin elkarlanean aritzeko pentsamoldea
barneratzea, horrela bakarrik konpondu ahal izango baitugu bi aldeok elkarrekin
dugun arazoa. Lankidetza esperientziak bultzatzea funtsezkoa da gizarteko
esparru eta alor guztietan -bai oinarrian, bai goi mailetan ere-. Ahalik
eta lankidetzarik zabalena eta ezohikoena lortzea komeni da. Baina elkarlanaren
helburua ez da mugimendu taktiko gisa ulertu behar, hau da, norberak abantaila
hartzeko mugimendu gisa. Pentsaera aldatzea kosta egiten bazaigu ere, bakearen
aldeko elkarlan prozesua planteatzeko orduan, bestelako asmoa izan behar
dugu: bertan parte hartzen duten guztiek izango dituztela abantailak; izan
ere, bake iraunkorra bermatzeko alde guztiak garaile izan eta sentituko
diren akordioa lortu beharko baita.
Eta azkenik, ez da ahaztu behar, inor baztertuko ez duen prozesua abiarazi
behar dugula, hau ere gizartearen maila guztietan; elkarlanean guztiek izan
behar dutela lekua, alegia. Bereziki azpimarratu beharreko gaia deritzogu,
izan ere, gure herriaren aniztasuna aitortu eta onartze funtsezkoa izango
baita bake bidean aurrera egiteko.
Benetako bake-prozesu bat gauzatu ahal izateko, jarrera eta pentsamolde
aldaketak akordio politiko berria egitearen adinako garrantzia du. Politikoei
euren lanari lehenbailehen ekiteko eskatu behar zaie eta gizarteak adi egon
behar du, uneoro, bidean izan daitezkeen oztopoak gainditzen laguntzeko.
Baina horrez gain, ez dezagun ahaztu gutariko bakoitzak ere badugula zereginik,
besteek zer egiten duten begira egon beharrean, non eta nola egin diezaiokeen
bere ekarpena iraultza honi. |