Gipuzkoarra,
Ezkio Itsasokoa; baina Araba, Bizkaia eta Nafarroan bizi izan da. Orain,
berriz, Donostia du bizitoki Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari
nagusiak.
"Kontseilua" izenez ezaguna den erakundea, 1998ko abenduaren hasieran
eratu zen. Beren baitan, Euskal Herri osoko 57 elkarte, enpresa eta erakunde
daude, eta guztien helburua, euskara bultzatzea eta euskarak etorkizunean
iraungo duela ziurtatzea da.
- Zertarako eratu da Kontseilua. Zein helbururekin?
Kontseilua diagnostiko batetik abiatu da. Horren arabera, azken 20 urteetan
eta euskarari dagokionez, aurrerapauso handiak eman dira batez ere Euskal
Autonomi Erkidegoan bai kulturan, hezkuntzan, komunikabideetan... Baina
era berean, uste dugu, alor batzuetan euskara gutxi garatu dela, adibidez,
lan munduan edo justizian. Nafarroan, berriz, esparru batean euskara oraindik
ez da ofiziala. Iparraldean ere gauza bera, ez dago ofizialtasunik, eta
gainera, euskara galtzen ari da. Beraz, Iparraldean lehenbailehen ez bada
zerbait egiten, euskara galtzeko arriskua dago.
Kontseiluak segurtatu nahi du, etorkizunean euskarak iraungo duela baina
inguruko beste hizkuntzen parean, egoera normalizatuan. Hori guztia lortzeko
bi tresna ditu Kontseiluak. Batetik, enpresa espezializatuekin prestatzen
ari garen euskararen neurgailua, eta horrek, euskarak urtez-urte zenbat
aurreratu duen adieraziko digu. Bestetik, plan estrategikoa dago, gizarte
eragileekin lan egiteko tresna. Horren xedea, 200 edo 300 gizarte eragilerekin
plan zabal bat egitea da. Planean parte hartuko duten enpresa, elkarte eta
erakundeen ordezkariek, euskara normaltzeko zein prozesu jarraitu erabakiko
dute. Hori, Eusko Jaurlaritzaren euskara biziberritzeko planarekin batera
egingo dugu, eta horretarako, Jaurlaritzarekin harremanetan gaude eta baita
ere, Nafarroako Gobernuak dituen organoekin, eta Iparraldeko gizarte eragileekin.
Prozesu hau dagoeneko hasita dago, hogeitabi gizarte eragilek abenduaren
23an egin zuten sinaketarekin. Aurrera begira ere, beste talde batzuek horrelako
prozesu batean sartzeko konpromisoa azalduko dute.
- Orain arte Kontseiluak antolatutako ekintza aipagarriena benduaren
26koa izan zen. XX. mendearen bukaeran, XXI.eko akordioa: Bai Euskarari
kanpaina burutu zenuten Euskal Herriko bost estadiotan, eta bost estadioak
jendez lepo bete ziren. Duda barik, arrakastatsua oso.
Egia esan, ez genuen uste hainbesterainokoa izango zenik, baina bazeuden
arrakastatsua izan zitekeela pentsatzeko faktoreak. Hain zuzen ere, herrietan berrehunetik gora batzorde genituen eta hori berme handia
da bai mezua zabaltzeko eta baita jaia antolatzeko ere. Bestalde, alderdi
eta sindikatuekin ere hitz eginda geunden eta euren aldekotasuna adierazi
ziguten.
Horretaz gain, su-etena aipatu behar da. Kanpaina hasita genuen su-etena
etorri zenean, eta berehala konturatu ginen su-etenak giroa aldatu zuela.
Inoiz elkarrekin lan egin gabeko lagunak eta taldeak jarrera aldatu eta
lan egiten hasi ziren, eta horrek sekulako indarra ekarri zuen. Aldeko gauza
asko izan ditugu.
- Hala ere, izan da Bai Euskarari kanpaina begionez ikusi ez duenik.
Horien arabera, kanpainak euskararen aldeko jarrera azaldu baino gehiago,
inposatzeko jarrera azaldu du.
Hori esan duenak ez du kanpaina ulertu, edo borondate txarra du. Kanpaina
honek zerbait garbi badu, hori akordio hitza izan da. Akordioa, eta euskara
ez dela gatazka bide. Kontseiluaren iritziz, euskara normaltzea gizarte
osoaren egitekoa da, eta hori borondatezko zerbait da. Borondatez egingo
bada, eta hizkuntza hiritar guztien hondarea izanik, eta gainera esan badugu,
euskara, gaztelera eta frantsesarekin batera bizitzeko gai dela eta hori
dela etorkizunean Euskal Herrian nahi duena, orduan, garbi dago helburua
ez dela inposatzea. Garbi eduki behar dugu, euskara ezarriko dela euskaldunek
eta euskal herritarrek horrela nahi badute. Hizkuntza ezin da ezarri dekretuz.
Erakarri egin behar da, liluratu. Hemen bizi den jendearentzat erakarmen
bat izan behar du euskarak, ikus dezaten, hizkuntza bat jakitea interesgarria
dela zeren bestela mundu bat galtzen da. Batzuek diote hizkuntza ezartzen
ari garela, baina nire iritziz, eskubide batzuk eta dagoeneko beste batzuek
baduten zerbait eskatzen ari gara.
Orain dela 20 urte egin zen bezala, euskarak noizbehinka bultzada batzuk
behar ditu. Hizkuntza normaldua izango balitz, ez luke horrelako kanpainarik
beharko. Azken urte hauetan, berriz, euskararen aurkako erasoak antzematen
ziren, eta baita ere neke giro bat. Horregatik, noizean behin beharrezkoak
dira astinaldi batzuk.
- Benetan uste duzu euskara
desager daitekeela?
Begira zer ari den gertatzen Iparraldean. Iparraldean argi eta garbi ikusten
da, euskara galtzeko arriskuan dagoela epe laburrean erreakzio handi bat
ez badago behintzat. Nafarroan ez dut esango ezer egiten ez denik, pauso
batzuk eman dira. Hala ere, Nafarroan une honetan, administrazioak eskaintzen
diona baino gehiago eskatzen du gizarte, beraz, Vascuencearen Legea aldatu
egin beharko litzateke. Euskal Autonomi Erkidegoan ere, euskararen egoera
ez da hain baikorra. Alor batzuetan euskarak aurrera egin du, baina beste
alor batzuetan gutxi aurreratu da, adibidez, lan munduan. Beraz, normaltzeko,
hau da, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko, goizetik
gauera eta astelehenetik igandera, Euskal Herrian pauso asko eman behar
dira.
- Nafarroa aipatu duzu. Zer ari da gertatzen bertan?
Gauza tristeak. Ikusten denez, Nafarroan ez dago euskara bultzatzeko borondaterik.
Garbi dago sektore batek praktikan zailtasunak jartzen dizkiola euskarari.
Horregatik, ondo etorri zen Sadar betetzea, zeren bertako jende askok ez
zuen sinisten hainbesterainokoa zenik euskararen aldeko jarrera Nafarroan.
Horretaz gain, urtez-urte, ikusten da estatistikek arrazoia ematen diotela
euskarari. Gero eta gazte gehiago da euskararen aldekoa, B eta D ereduetan
gero eta gehiago matrikulatzen dira. Orduan, batzueri datu horiek beldurra
ematen diete eta ahaleginak egingo dituzte hori horrela izan ez dadin. Gainera,
euskara politikarekin lotzen dute, esanez, hizkuntza ideologia bati lotuta
dagoela. Beti aitzakiaren bat aurkitzen dute alde ez egoteko. Hala ere,
uste dut, euskarari dagokionez une honetan Nafarroan gehiengo bat euskararen
alde dagoela.
- Euskara galtzeak zein ondorio
ekarriko lituzke?
UNESCOk dioen bezala, hizkuntzak ez dira herri baten hondare, mundu osoarena
baizik. Landare espezie bat galtzen denean, ez da desagertzen Amazonian
bizi direnentzat bakarrik, gizadi guztiak galtzen du. Hizkuntzek aberastasun
handia dute, eta hizkuntza bat galtzean gizadia ere pobreagotu egiten da.
Horregatik, azken urteotan UNESCO lan handia egiten ari da arriskuan dauden
hizkuntzak bultzatzen, eta ahaleginak egiten hizkuntza horiek bizirik iraun
dezaten.
Argi eta garbi dago, Euskal Herriko gehiengo baten hizkuntza euskara dela,
eta horiek euskaraz bizi nahi dutela. Beraz, bitartekoak jarri beharko lirateke
eta egon daitezkeen oztopoak gainditu. Hala ere, esan beharra dago, dena
ez dela laguntza. Esan nahi dut, hiztunek ere horretaz jabetu behar dutela,
zeren euskaldunok prest egoten gara euskararen aldeko ekitaldietara joateko,
baina gero eguneroko bizitzan askotan ahul jokatzen dugu, eta errazegi pasatzen
gara beste hizkuntza batzuetara. Dena ez da erraztasunak ipintzea eta plangintzak
egitea. Horretaz gain, komunikabideetan agertzen diren profesional edo kirolariek,
ahalegin berezia egin beharko lukete hizkuntza zaintzen, euren irudiaz arduratzen
diren bezala. Penagarria da batzuen hizkuntz kalitatea. Hala ere, euskararik
hoberena egiten dena da, eta txarrena, egiten ez dena. Kalitatearen kontua
hor dago, baina jendeari esan behar zaio konplejuak alde batera utzi eta
euskaraz egin behar duela, zeren bestela ez dago zer eginik.
- Une honetan, akordio sozialaren aldeko lanorduaren kanpainan
murgilduta dago Kontseilua.
Kanpaina hori, sindikatuekin eta enpresariekin aurrera eramaten ari gara
eta helburua da, plangintza estrategikoa finantziatu ahal izateko dirua
biltzea. Oraindik ez dugu zehaztu zenbat kostako den plangintza, baina milioi
mordoxka bat beharko da. Gure helburua ez da Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak euskararen normalizaziorako dituzten dirulaguntzen
ordez guk dirua biltzea. Asmoa da, gizarte ekimenetik bultzada bat ematea
prozesuari, eta bultzada jasotzen den diruaren araberakoa izango da.
Kanpaina ere guztiz borondatezkoa da, langileak orri bat sinatzen du eta
lanorduari dagokion diru kopurua kontu batean sartzen da. Dagoeneko langile
batzuk eman dute dirua baina erreferentziarik ez dugunez, zaila da esatea
zenbat diru batuko dugun. Hori bai, ekarpena garrantzitsua izango dela espero
dugu.
- Aipatzen zenuen lan munduan bultzatu behar dela euskara. Nola?
Lan munduari dagokionez aipatu behar da, kooperatibetan une honetan badirela
hogeitamarren bat plangintza. Lan munduan ere gauzak egiten ari dira, beraz,
aurretik pausoak eman dituztenek pauso berriak eman beharko dituzte, baina
aurrez ezer egin ez dutenek hasi beharko dute, beharbada, rotulazioa aldatzetik.
Neurri asko izango da, eta lehenengo aztertu beharko da enpresa hori zein
moetatakoa den, zer egiten duen, norentzat egiten duen lan... analisia egin
beharko da hizkuntzaren erabilera non dagoen ikusteko. Neurri mordo bat
sortuko da eta enpresa bakoitzak esan beharko du zenbaterainoko konpromisoa
hartzen duen, eta zenbateko denboran emango dituen pauso horiek.
-Abian jarriko duzuen plan estrategikoak non izango du abiadura
handiagoa, Iparraldean ala Hegoaldean?
Leku bakoitzeko egoera desberdina denez, bakoitzak bere plangintza izango
du. Era berean, komeni da lurraldetasuna ez ahaztea. Euskal Herria geografikoki
eremu txikia da, eta zatikatuak gaude. Beraz, batasuna beharrezkoa da euskarak
indarra hartzeko. Hegoaldekook kontuan izan behar dugu Iparraldekoak hor
daudela. Iparraldekoek, ostera, jakin behar dute,
indarra batez ere hegoaldean dagoela eta horrek markatuko duela etorkizuna.
Denok salbatzen gara edo ez gara salbatzen. Gero eta garbiago izan behar
dugu euskara bat dela, eta euskararen etorkizuna guztion esku dagoela. Euskal
kulturaz ari bagara Euskal Herri guztiak parte hartu behar du. Errealitatea
bakarra da, hau da, euskaldunok bakarrak gara nahiz eta hiru edo bost administrazio
desberdinetan egon. Nire iritziz, euskaldunak herri bat gara, nazio bat,
hizkuntza bat dugu, eta hizkuntza hori guztion artean bultzatu behar dugu.
Horretaz gain, gogoratu nahi nuke, euskararen mundurako ez dela garrantzitsua
euskalduna bakarrik, euskaltzalea den erdalduna ere garrantzitsua da. Beraz,
hizkuntzari dagokionez ez dago euskalduna eta erdalduna kontrajartzerik.
- Orduan, posible da Euskal Herri bat non urte batzuk barru, euskara
frantsesesa eta gaztelera hainakoa izango den? Eta hiru hizkuntza horiek
elkarrekin bizi daitezke batak besteari oztoporik jarri barik? Ondo planifikatuz gero eta bakoitzak bere bitartekoak baditu, bai.
Gainera, beste leku batzuetan ere hiru hizkuntza elkarrekin bizi dira. Hor
dugu Txekiarren kasua, Islandiarrena edo Israeldarrena, besteak beste. Ezin
daitekeena egin da, hiru hizkuntza zeharo proportzio desberdinetakoak egon
eta aukera berdintasunaren izenean besterik gabe horrela utzi. Kasu horretan
diskriminazio positiboa beharrezkoa da, eta laguntza bereziak eman behar
dira.
Ideala litzateke, nahiz eta bakoitzak bere hizkuntza nagusia eduki, bigarren
edo hirugarren hizkuntza bat ere jakitea, behintzat erdibidera irteteko.
Erdaldunei ez diegu behartu nahi euskaraz hitz egitera, baina euskaldunekin
berba egiteko ahalegin bat egin behar dute, euskaldunok eurekin egunero
ahalegina egiten dugun moduan. Bakoitzak nahi duen hizkuntzarekin jarrai
dezala, baina nahikoa euskara jakinez, edozein unetan edo taldetan euren
presentzia eragozpen bat izan ez dadin. Ni euskalduna naiz, baina horrek
ez dit eragozten gazteleraz egitea edo frantsesez irakurtzea. Hizkuntz komunitate
bakoitzak bere funtzionamendua ahalik eta normalen egitea segurtatu behar
da, eta ondoren, banakoek erabakiko dute zein erabili.
- Atzerriko herrialdeekin harremanetan jartzeko asmorik badu Kontseiluak? Gaur egun, ezinbestekoa da nazioarte mailan harremanak edukitzea,
informazioa banatu eta antzeko egoeran daudenekin harremanetan jarri...
Une honetan harremanetan gaude UNESCOrekin, zeintzuek nazioarteko proiektu bat baino gehiago duten eskuartean, eta proposatu digute horietako
batean parte hartzea. Nazioarteak pisu handia du, eta horregatik, Kontseiluak
hainbat gauza lau hizkuntzatan argitaratu ditu. Bestalde, komunikabideek
zabaltzen duten informazioa zaindu eta kontrolatzea ere garrantzitsua da,
zeren askotan atzerritarrek gutaz duten iritzia ez da errealitatearei dagokiona.
Gainera, euskaldunok gaztelerazko eta frantsesezko egunkariak irakurtzen
ditugu baina alderantziz ez da gertatzen. Gu horiendako ezezagun batzuk
gara, ez gara existitzen. Alde horretatik, gure presentzia ziurtatzeko lan
egin behar dugu.
- Zer esango zenieke kanpoan bizi diren euskaldunei?
Esango nieke, kanpoan bizi izateak ez duela esan nahi hizkuntz komunitatetik
at egon behar dutenik. Hizkuntz komunitate batekiko atxikimendua, gaur egun,
neurri handi batean aukera pertsonala da. Ameriketan bizi izan arren, lagun
batek euskal gaiekin lotura izan dezake. Diaspora deitzen den hori euskaldunoi
oso interesgarri zaigu, zeren horiek dira gure enbaxadoreak. Egun bitartekoak
daude Ameriketan ere euskaldun izateko eta euskalduntasuna garatzeko. Horregatik,
guk ere ahalegina egin behar dugu pertsona horiei erreztasunak ipintzen.
Nire iritziz, munduan zehar altxor izugarria dugu. Argazkiak: Maria Agirre |