1. EUSKARAZKO INFORMAZIOA JASOTZEKO ETA IGORTZEKO ESKUBIDERIK BA OTE?.
Informazioa jasotzeko eskubidea, oinarrizko eskubidetzat
jo izan da gure inguruko Estatuetan. Baina nahiz eta hori horrela izan,
Estatu eleanitzetako Konstituzioek ez dute oinarrizko eskubide hori inolako
hizkuntzarekin lotu. Ez ahal du informazioa jasotzeko eskubideak edukin
linguistikorik?. Dudarik gabe, oinarrizko eskubide horrek badu edukin linguistikorik,
bestelakoan bakarrik hizkuntzarik gabeko mezu informatiboek
jasoko lukete babes konstituzionala, eta horrek logikarik ez du.
Oinarrizko eskubide horren konfigurazio juridikoari bagagozkio
esan behar da, babes konstituzionala hizkuntzekiko independienteki funtziona
dezakeela, edozein hizkuntzatan igorritako mezu informatiboek babes konstituzionala
jaso behar baitute. Baina hori bezain egiazkoa da, eskubide horren aplikapenari
dagokionez, hizkuntza guztiak ez daudela maila berean. Besterik pentsatzea
bidegabea izateaz gainera,
ofizialtasunaren kontzeptua mugatzea ekarriko baitluke. Hizkuntza guztiak,
juridikoki, ez daude maila berean. Hizkuntza ofizialari zenbait eskubide
lotu zaizkio, horien artean hizkuntza ofizialean informatua izateko eskubidea
legoke. Ofizialtasunak, informazioa jasotzeko eskubideari lehen mailako
edukin linguistikoa erantsi dio, beraz.
Euskara Euskal Herriko lurralde batzutan bakarrik da ofiziala. Hori horrela,
lurraldez-lurralde euskaraz informatua izateko eskubidearen konfigurazioa,
desberdina izango da. Euskal Autonomi Erkidegoari (EAE) dagokionez, Legea
10/1982, Euskararen Normalkuntzari buruzkoa (ENL), bere 5.2 artikuluan aldizkako
argitalpenak, irrati eta telebista saioak euskaraz jasotzeko eskubidea
aitortu da, eskubide subjektibo-lez.
Nafarroan, halako eskubiderik ez da espreski aitortu Vascuenceren Legean
(Foru Legea 18/1986, abenduaren 15ekoa). Iparraldean, Legea 1982ko uztailaren
29koa, Ikusentzunezko komunikabideei buruzkoak, ez du euskaraz
informatua izateko eskubiderik aitortzen; Iparraldean dagoena, batez ere
ekintza sozialari esker gizarteratzen da, Frantziako Konstituzioak askatasuntzat
jasotzen duen adierazpen askatasunean oinarrituz.
Deigarria da hizkuntz-araubideak, zenbait zonaldeei begira,
euskaraz informatua izateko eskubidea aitortzen duen neurrian, euskaraz
informatzeko eskubiderik ez dela arauturik ageri eskubide legez.
ENLk bakarrik eskubidearen aurpegi pasiboa jaso du; aurpegi aktiboari buruzko
erreferentziarik ez dago. Argi dago euskaraz informatua izateko eskubidea,
euskaraz informatzeko eskubidearen bitartez baldintzatua dagoela. Beraz,
nahiz eta eskubidearen aurpegi aktiboak Legean aitorpen espresua izan ez,
ezin esan daiteke babes juridikorik ez duenik, edota berau baldintzatua
izan daitekeenik hizkuntza arrazoiak direla medio.
2.- EUSKARARI BURUZKO ARAUBIDEA ETA EUSKAL MEDIA.
Euskararen Legeak (ENL) honako parametro hauetan oinarritu du euskara
eta mediaren arteko harremana: Bat.- EAEan euskaraz informatua izateko eskubidea
aitortzen da (5.2.c eta 22. art.ak); Bi.- Gobernuak bi hizkuntza ofizialen
arteko erabilpenak pareka daitezen ahaleginak egin behar ditu (22.2 eta
23. art.); Hiru.- Gobernuak EAEgoko eremupeko komunikabideetan euskara lehentasunez
erabilia izan dadin sustapen-politika bat martxan jarri behar du (23 eta
25. art.ak); Lau.- Progresibitatea euskaraz informatua izateko eskubideari
erantsitako baldintza tenporal gisa ageri da (22. eta 25. art.); Bost.-
Sustapen politika hori zertan oinarritu behar den ez da zehaztu.
Parametro horiek aurrean izanik, bi ondorio azpimarratuko nituzke:
Bat.- Arlo honetako hizkuntz-normalkuntzaren helburua, media-munduan hizkuntza
bien pareko agerpena izatea dugu. Helburu hori bere neurrian kokatua izan
dadin, ez dugu ahantzi behar komunikabide idatzien eskaintza ez dela Euskal
Herritik soilik sortzen, Estatu mailakoak ere Euskal Herriko media merkatua
osatzen baitute. Helburua, euskara eta gazteleraren agerpen parekoa lortzea
izanik, euskal prentsaren aldeko sustapen politika desorekatua, euskararentzat
mesedegarria alegia, jarri beharko litzateke martxan.
Bi.- Botere publikoei helburu hori lor dezatela agintzen zaie;
baina botere publikoek beren gain hartu behar duten sustapen- politika zein
behar duen izan ez da zehaztu; ez da eperik ezta bete-behar espresurik ezarri.
Gainera, progresibitatearen elementu distorzionatzaileak eraginda, euskaraz
informatua izateko eskubidea, bera, baldintzatua ageri da. Are gehiago,
esan daiteke progresibitatea sustapen-politika neutralizatzeko gai den faktorea
bihur daitekeela. Bi hitzetan, botere publikoek euskararen aldeko sustapen
politika eraginkor bat burutu behar badute ere, legeak ez du mekanismo loteslerik
arautu, beraz, unean-uneko borondate politikoak sustapen-politikareen ildoak
eta bere intentsitatea ezarriko ditu.
Euskararen Legeak laister adinez nagusia bihurtuko den honetan (18 urtez),
praxiak erakusten digu legean agertzen den helburua eta gaur egungo egoeraren
errealitatearen artean alde handia, handiegia ene ustez, dagoela.
Nafarroan, gauzak askoz ere atzeragotik aurrera ikusi behar dira.
Nafarroan euskal-mediaren babes estandarra askoz ere eskasagoa da. Vascuenceren
Legeak, media mailan, euskararen normalkuntzaren helburutzat que los
medios de comunicación empleen el vascuence de forma habitual y progresiva
dugu. Legeak, progresibitatea, bera, hizkuntz-normalkuntzaren
helburu bihurtu du, normalkuntza-bidetzat jo beharrean. Hori nafar hizkuntz
politikaren adierazlea dugu. Eta horrek gaitzesgarri diren Epai Judizialei
bide eman die (una radio que emite íntegramente en euskara
en Pamplona no es buena (sic.) porque margina a los castellanoparlantes
Nafarroako Auzitegi Nagusiko Epaia, 1994ko azaroaren 19koa, Euskalerria
Irratiari buruzkoa).
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskararen Legeak agertzen duen
helburua, egokitzat har badaiteke ere, Legeak, berak, helburu hori eraginkor
bihurtzeari mugak ezartzen dizkio. Esan daiteke, hein haundi batean bederen,
normalkuntza Legea muga bihurtu dela euskararen normalkuntzarentzat; eta
hori horrela dela dakusat normalkuntzatzat honakoa ulertzen dudan neurrian:
euskara bihur dadila media arloan erabilpen normaleko hizkuntza.
Progresibitatea, berez, helburu horri ekin dakion bitartekoa izan daiteke,
dudarik gabe, baina progresibitatea Legean jaso izanak, larregizko zurruntasuna
erantsi dio bitarteko soila behar lukeen izan horri. Progresibitatea Legetik
desagertarazi beharko litzatekela uste dut, Legea ez baita halakorik sartzeko
araurik egokiena; progresibitatea, Erreglamentuetan ezar daiteke, berauek
erraz baitira aldatzen.
Bestalde, media-arloko normalkuntzari dagokionez, Euskararen
Legeak borondate politikoari bide zabalegia eskaini dio. Borondatea, gauza
bat edo beste egiteko ahalmena dagoenean bakarrik ager daiteke. Eta hori
da affaire honen kasua. Euskararen Legeak gauzak ongi lotu ez dituen neurrian
(Kataluniako Hizkuntz Politikari buruzko Lege berrian ez bezala,
non hizkuntz-kuotak eta, hizkuntz-baldintzak ezarri baitziren media munduan
-horretaz lan honetako bigarren atalean jardungo dugu-), unean-uneko borondate
politikoak baldintza ditzake normalkuntza erritmoa eta normalkuntza aurrerapenak.
Euskararen Legeak, edo berau aldatzera letorken balizko beste hizkuntz-lege
batek, sustapen politikak martxan jarri behar direla agintzeaz gain, bestelako
interbentzio ausartagoei bide eman beharko lieke, kuota bitartez, emititzeko
kontzezioak ematerakoan hizkuntz-erabilpena irizpidetzat hartuz, dirulaguntzak
bideratzerakoan hizkuntz-irizpideak ezarriz, edota publizitate ofiziala
jaso ahal izateko hizkuntz baldintzak ezarriz. Horiek badira arlo honetako
normalkuntza lortzeko baliabide eraginkorrak, eta horiek Legean ezarriak
izanez gero, Administrazioei interbentzio partikularrak burutzeko ahalmena
emango liekete, gainera Administrazio guztiek baterantzean jarduteko aukerak
zabalduko lirateke. Egungo Euskararen Legeak isladatzen duen anbizio falta
hori, konponbidean jartzeari bide eman beharko litzaioke. Eta hori gauza
logiko eta naturaltzat hartu behar da, hizkuntz-legedia, definizioz, dinamikoa
izan behar baita, hizkuntz-aurrerapausu baten gainean, ausartago bat eman
dadin (Québec eta Kataluniako kasuak eredugarri dira horretan).
Iñigo Urrutia, Zuzenbide Administratiboko irakaslea
EHUn. |