Emakumea ez da dantzaria izan dantzatua baizik.
Hau izan da azken urteotan gehien zabaldu den tesi orokorra. Euskal herriko
folklorea gaingiroki edo azaletik ikusita posible da horrelako eritzi batera
iristea, baina dantza munduak hori baino azterketa sakonago bat merezi du
antzeko irakurketa sinpleak egin aurretik, batez ere, okerrak sahiestearren.
Hausnarketa sakon bat eginda oso zaila gertatzen da euskal dantza tradizionalean
emakumeak izan duen paperaz hitzegitea, halere, azken mendeetatik hona dugun
informazioa jaso eta azterketa kritiko bat eginez hipotesi bat eraikitzeko
oinarri bat hartzera iritsi gaitezke. Eskuartean ditugun kronista, bidaiari,
historialari edo idazlek utzi dizkiguten testuak analizatu eta egungo folklorista
eta koreografoenekin alderatuz ahal den ondorio objetibo eta garbiena ateratzeko
parada dugu. Ukaezina da euskal dantza tradizionalean, gaur egun, emakumearen
parte hartzea eskasa dela, edo gizonezkoarena baino urriagoa bederen. Baina,
eta hori, betidanikoa al da?, edo prozesu historiko berezi baten ondorioa?
XVII mendean Pierres de Lancre inkisitore ankerrak Lapurdiko epai
bidezko prozesuko itaunketa batean, sorgina izatearen arrazoia eskatzean,
honako erantzuna jaso zuen: "soilik dantza egiteko plazerrarengatik".
Garai batean emakumeak bere toki propio normalizatu bat zutela ondoriozta
dezakegu inongo zalantzarik gabe.
DANTZA ERRITUALAK ETA PLAZADANTZAK
Begibistakoa da, erritualetaz aritzean, gehiengo batetan gizonezkoak direla
protagonismo osoa dutenak. Erritualak gizarteak une konkretu batean kosmogonian,
historian, oroipen kolektiboan edo naturan dituen gertaera puntual garrantzitsu
batzuk gogoratzeko egiten dira. Xedea, euren ospatzea edota kontrolatzea
izan daiteke. Dantza erritualekin XIX mendean definizio bat hedatzen da:
arintasuna, indarra izango dira dantzen ezaugarri garrantzitsuenak eta guda
gisa azalduko dira uneko sinbologia bilatu nahiean (Pablo Gorosabel,
artean), halaber, emankortasunarekin zerikusia zuten ohitura erritualak
baztertu egiten direlarik. Aski jakina da emakumearen parte hartze zuzena
gudatan eskasa izan dela eta emankortasunarekin, berriz, beti erlazionaturik
agertu dela. Horrelako azalpenak nagusitzen diren heinean errito itxiak
ahaztu egiten dira, hots, sinbologia ezartzen denean (gudarena kasu honetan),
sinbologia horrek aldarazten du objetuaren forma (dantzarena), eta berak
(objetuak) garrantzia galtzen du. Duela zenbait urte eta Azkueren kantutegitik
jasota Urdiaingo San Juan Kantaita berreskuratzea erdietsi zen. Aspaldidanik
galdua zen dantza bitxi hau; oso berezia ikuspegi ezberdinetatik: dantza
itxia, bakarrik emakumeena, lurraren emankortasunarekin zuzen zuzenean harremanetan
dagoena ("orain artean behar hemendik aurrera gari") eta
San Juan inguruko sinbolo edo ikurren sintesi aberatsa ematen diguna. Dantza
hau galdu zen lez, ez al da beste askorekin berdina gertatu? Dokumentu eta
idatzi ezberdinei begirada bat botatzen badiogu -bilatzen saiatzen bagara
behintzat- aurkitu ahal izango ditugu zenbait erritual Urdiaingo honekin
bat emakumeek egiten zutena. Esate baterako panderoaz lagunduriko dantzak
azaltzen zaizkigu, alde batetik Lizarrako Aita Hilario Olazaranek
jasoa Donibane Lohitzunen Abel Joan kronistaren idatzitan, eta bestetik,
Von Humboldt bidaiari berak ere bere bidaietan uzten dizkigu antzekoak.
Ultzama aldean ere gisakoak gogoratzen dira eta Baztango Arraiotzen, duela
gutxi arte egiten zen, Erregiña eta Saratsa panderoa lagun
zutelarik. Emakumea eta panderoa batean ikusten dugu askotan eta ez soilik
Euskal Herrian, bai Kantauri hegiko beste zonalde batzutan ere. Hau horrela
izaki, nork uka emakumeen parte hartzea galdu diren erritual askotan? Espreski
ikusten dugu panderoari loturik doala kasu anitzetan, gehienetan galduak
izan diren ohituretan.
Plazadantzak bestalde, herriak, festa berezi
eta jai egunetan egiten zituenak dira, ondo pasatzeko eta neska mutilen
arteko harremanetarako xedeaz. Hauetan, lehen esan legez, emakumea dantzatua
izan dela diote ahotsa aditu askok. Baina, eta hori, argi eta garbi Gipuzkoako
Gizon dantza erreferentzi bezala hartzeagatik gertatzen da. Galdu egin
dira esaterako Saltokako Zortzikoak, non emakumeak dantza egiten
zuen gizonaren mailan, Iztuetak gogoratzen digunez. Hauetan agertzen
zaigu Curt Sachs etnomusikologo alemaniarrak banatzen zituen jarrera
Irekia eta jarrera Itxia ("Dantzaren historia unibertsala" liburuan).
Emakumeak dantza askotan jarrera itxia hartuko du eta horrek eman digu pentsatzera
bera dantzatua dela eta ez dantzaria, jarrera itxia hartzean dantza konplementatu
besterik egiten ez duenean. Jarrera hori gabe dantza bera ulergaitza litzateke.
Honez gain ahaztu egiten ditugu Iztuetak bere "Guipuzcoaco dantzac"
liburuan aipaturiko Etxeandre dantza eta Esku dantza Neskatxena,
hala nola gerturago dugun Garaiko Soka dantza eta egun bizirik dagoen
Lekeitioko Andreen Aurreskua, non emakumeak hartua dauka protagonismo
guztia eta gizona bera da bietan dantzatua. Hau ikusita ez al da zilegi
pentsatzea emakumeek bere tokia zutela dantza tradizionalean ?
Gaur egun, protagonismo hori areagotu egin da dantzaren aurrean mutilak
duten jarrera ezkorra ikusirik. Adibidez Eltziegoko dantzak lehen
gizonezkoena zirelarik, emakumeek berreskuratu zuten 40ko hamarkadan eta
eurek egiten dute urtero iraileko amabirjiñaren dataz. Zentzu berdinean,
Zuberoako maskaradan emakumeak bere papera normalizatu dute aspaldian
-duela 30 urtetik hona gutxi-gora-behera-, hasiera batean mutil faltagatik
hasi baziren ere. Era berean gure geografiako leku anitzetan -edo orotan
hobeto esanik- emakumeak dantzan ikustea gutxiago harritzen gaitu. Badira,
gainera, jatorriz gizonezkoen dantzak izaki, emakumeenak bailira hedatu
eta ezagutzera eman direnak, horra hor, Arizkungo Sagar dantza, Uztai
haundi dantza edota Zinta dantza; bada hauek, 1928an Donostiako
Teatro del Gran Casinon egin zen Saski-Naski folklorean oinarritu
lehen antzerki ikuskizunaren ondorio izan da. Bertan, aipatu dantzak, emakumeek
eskeini baitzituzten, gehienbat estetikari begirako arrazoiak medio.
KRISI BATEN ONDORIOA
Hau guztiaz gain, hain hitz gutxitan azaldu ezin den beste aipu asko egin
genitzake, baina bukatzeko folklorean bortizki eraso duten bestelako faktore
batzuen aipatzea ere dut gogoko eta beharrezko. Folklorea, eta dantza zehazki,
gaizkitua ikusi izan da azken gizaldiotan kanpo eragin hauegatik. Hiru esango
ditugu: batetik inkisizioak zuen paper errepresiboa eta elizaren jokabidea
herriarekiko, pulpito bertatik ere, festa, dantza eta ondo pasatzearen aurka.
Kontrol soziala helburu erromerien kontra gogorki jo zuen eta azkenean ekidinezinak
zirela ikusiz arautu eta kontrolatzea nahi izan zuen, lan hori agintari
zibilen esku utziz. Bigarrenik, XVIII mendetik aurrera, frantzes ejerzitoen
inbasioekin forma berriak etorriko dira, dantza berriak, goi mailako jende
prestu eta garrantzitsuak gehiago atsegingo duena eta bertako dantzen beherakada
eragingo dutenak: Vals, Mazorka, Polka, Chotis,... izango dira famatuko
direnak dantza autoktonoen kalterako. Eta bukatzeko Gerra Karlisten osteko
foru eta eskubideen galtzeak eta industrializazioak ere modu ezkorrean eragingo
dute oro har euskal kultura herrikoi eta tradizionalean.
Gainera kontutan hartu behar dugu orainartean jaso dugun informazioa, irakurketa
eta interpretazioak direla eta hori utzi digutenak garai eta gizarte konkretu
baten eraginpean idazten zutela, gehienak, orobat, gizonezkoak izaki. Dena
den soilik hitz urritan ukitu dugun arren ondorio batzuk atera ditzakegu,
eta hori da, ene aburu umilean, emakumeak jasan behar izan duen baztertua
historian eta mundu zabalean zehar herri kulturan islatu egin dela. Gaur
emakumeek ahotsa altxa dute, zor zaizkien, festan parte hartzeko eskubideak,
gizataldeak begirunez errespeta ditzan, gizarteak jasaten duen bilakaeraren
hein berean. Dantzaren munduan -neri gaur aritzea egokitu zaidana- garai
batean zuten toki horretara bueltatzea litzateke lojikoena.
Amaierarako Azkuek bere "Cancionero Popular"eko X tomoan
jasotzen duen abesti batek dioena ekarri gura dut hona, gai honekiko oso
esanguratsua gerta baitaiteke:
Behin batez yoan ninduzun
Isturitzeko plazalat
Andre ederbat ikusi nuen
Dantza-buruan zuhala
Fernando Rojo, Historian Lizentziatua.
Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia. |