Zinez esan daiteke Axularren Gero
liburuak (Bordele, 1643) egungo irakurleari eskaintzen dizkion arazo handienetakoak
izenburuan bertan hasten direla agertzen. Horra hor, esaterako, liburuaren
bi parteen kontuari dagozkionak, egituraketari buruzkoak, etab., etab.
Halaber, bada beste bat lexikoa eta historiografia lotzen
dituena eta "Gomendiozko karta"-ren hasiera-hasieran azaltzen
dena. Hain zuzen ere, Bertrand Etxauzi egiten zaion eskaintza horretako
lehen lerroetan honela agertzen dira baigorriarrak izandako kargu nagusiak
deskribaturik: "Ene Iaun Bertrand de Echaus, Tursco arzipizpicu, Franciaco
lehenbicico erremusinari: Ordenaco aitonen seme, eta erregueren Conseillari
famatuari" (Gero, 3 or.).
Lehen zazpi lerroska horietan, ikusten denez, Axularren adiskidea izandako
Etxauzen argazki politiko-erlijioso interesgarria burutzen da. Izan ere,
argi adierazten da Eliza katolikoan lortu zuen maila gorena (artzipizpikua)
eta, era berean, Henrike IV.aren konfidantzako gizona izan zela (hortik
haren Kontseilari izatearena). Baina horrezaz gainera badira tartean agian
ongiegi esplikatu izan ez diren beste bi kontzeptu interesgarri, hots, "Frantziako
Lehenbiziko Erremusinari" eta "Ordenako aitonen seme".
Horiez biez arituko gara ondoko lerroetan argitasunen bat eman dezaketenentz
aztertzen.
1.- "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari" dagokionez, ezaguna
da "erremusinari" hitzak sortu izan dituen zalantzak ez direla
bukatu. Aski bedi Orotariko Hiztegia-ri begirada bat ematea nolako
tradizioa izan duen ikusteko. Egia esan, Villasantek emandako esanahian
oinarritzen da aipatu hiztegian eskaintzen den informazioa, eta Villasantek
zalantza ikur nabarmenak jarri zizkion gaztelerazko ordainari.
Edonola ere, balirudike ondo asmatu zuela Villasantek esanahiari zegokiona,
erabili zuen logika honako hau izan baitzen:
"aumône" = erremusina
beraz, "aumônier" -> erremusinari
Ohar bedi aumône / erremusina hitzen zentzua aldatu egiten dela zeharo
bigarren mailara iragatean, "erremusinari" hitzak ("aumônier"
delakoaren ildotik) "kaperau" bezalako kontzeptu bat adierazteko
sortua bailitzateke.
Jakina, hizkuntz logikaren aldetik ez bide du objekziorik sortarazten frantsesezko
hitzaren esanahiaren gainean eraikitako kalko honek. Lexikografiaren ikuspun-tutik,
printzipioz, Axularri legokioke hitz honen aitatasuna.
Bestalde, lotura historiografikoei ekinez gero, Bertrand Etxauzekin egingo
genuke topo, berau izendatu baitzuen Henrike IV.ak 1606an kargu horretarako.
Tituluaz den bezainbatean, arrazoi du Villasantek honako hau dioenean, hots,
"titulu hutsa baino gehiago zena" [Axular,..., 55 or.],
izan ere administrazio erlijiosoan erregearen esaneko huts izatea egokitu
ohi zitzaion ohore garai hori zeukanari.
Horrexegatik hain zuzen, Etxauzen "inozentzia" eta "patu
txarra" aldarrikatu dituztenek diotenaren aurka, argitu beharrekoa
litzateke ea norainokoa izan zen haren erantzukizuna Lapurdiko "sorginen"
aurkako jazarpen bortitzean. Gauza jakina da erregeak komisionaturiko Pierres
Rostegi Lancrekoa Lapurdira baino hiru urte lehenago izendatua izan zela
Etxauz "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari" eta, kronologikoki
eta politikoki behinik behin, berari dagokiola errepresio politiko-erlijioso
horren diseinuaren ardura nagusietako bat.
2.- "Ordenako aitonen seme" delakoari gagozkiolarik,
eta sinkronia/diakronia arazorik gerta ez dadin, gogora dezagun lehenik
eta behin Axularrek berak eskaintzen duela bigarren zati horren adiera "Irakurtzaileari"
egindako gutunean: "Batac [erraiten du] aitonen semea, bertzeak zalduna"
(Gero, 17 or.). Ordurako, gainera, idatzia zuen Etxabek harako "[...]
más principales hijos dalgo a quienes llamaban Aitonen semeak
que quiere decir hijos de buenos padres" (Discursos..., 70 or.).
Arazorik ez, beraz, esanahiaren esparruan.
Dena den, zalantzak "Ordena" delakoarekin sortu ohi dira, izan
ere ez baitirudi Villasantek dioen bezala itzuli behar denik. Berak honela
ematen du gaztelerazko ordaina: "Gentilhombre del Orden"
(Axular-en hiztegia, 460 or.; gurea da letrakera etzana).
Axularren hitzen testuinguru horretan, ordea, "Ordena" beste zerbait
da, "Ordena" antonomasiaz adierazia dirudi, garai hartako Zaldun-Ordenarik
garrantzitsuena hain zuzen.
Jo dezagun, bada, historiaren alorrera.
Zein zen Ordena hori galdetzean, erantzun bakarra datorrela esan liteke:
"Ordre du Saint Esprit", berau izan baitzen sortu zenetik eta
luzaroan Frantziako erresumako lehena eta, zeukan izaeragatik, euskal lurraldeetako
belarri xumeetara ospea ongien heda zezakeena.
Ordura arteko Ordenak, eta zeukaten izpiritu politiko-militar garbia inolaz
ere gutxietsi gabe, izakera klasikoagokoak edo ziren Frantzian barrena.
Horien artean XVI. mendean zehar garrantzi gehien erdietsi zuena "Ordre
de Saint-Michel" izenekoa gertatu zen, Luis XI.ak Amboisen 1469an sortua
eta lotura ezin estuagoak izango zituena Axularrek aipatzen uste duenarekin.
"Espiritu Sainduaren" Ordena, aldiz, Frantziako Henrike III.ak
eratu zuen 1578ko abenduan, erlijio-gerrak gori-gori zeudenean, eta izatez
noblezia bere inguruan biltzea zuen helburu nagusi. Gogoratu beharrik ez
dago: partaideen eginkizunak fede katolikoari eta "Maisu" nagusiari
(erregeari, alegia) erabateko fideltasun aldaezina izatera mugatzen ziren.
Ondorioz, eta behin indar politiko-erlijioso faktikoak katolizismoaren inguruan
bildurik, protestantismoari aurre egiteko "alderdi" tipiko baten
funtzio-na-mendua izango zuen.
Gero Henrike IV.ak (Etxauzen ahaide eta lagunak) hainbat berrikuntza egin
bazuen ere, Estatutuen arabera, ehun kide frantses behar zituen Ordenak,
horietatik 87 zaldun edo aitonen seme, hiru belaunaldietan gutxienez noble
izandakoak eta 35 urtetik gorakoak (printzeak 25etik gorako izan zitezkeen)
eta ordurako "Saint-Michelen Ordena"-ko kide
zirenak.
Ordenako administratzaileak lau ziren: erresumako diruzain orokorra, zeremonia-maisu
nagusia, kantzelaria eta idazkaria.
Horiezaz guztiez gainera, azpimarragarria da elizgizonen presentzia (bederatzi,
guztira), teorian fedeari zegozkion arazoetan kontseilu eman eta erabakiak
argitzeko hautatuak. Elizgizon haietako bat "le grand aumônier
de France" zen, Axularrek "Frantziako Lehenbiziko Erremusinari"
deitzen duena.
Besteak beste, beraz, eta gorago aipatutako puntuari helduz gero, Frantziako
Lehenbiziko "Aumônier" edo Erremusinari izateagatik egokitu
zitzaion Etxauzi Ordenako kide izatea. Baina ez horregatik bakarrik ziurrenik,
nonbait ongi betetzen baitzituen "Ordenako Aitonen Seme" izateko
baldintzak Henrike IV.ak Ordena moldatu zuenerako: Aldudeko bizkondearen
ondorengo, hiru belaunalditan zaldun eta adinez 35 urtetik gorako (1556an
jaioa).
BIBLIOGRAFIA
- Axular, Gero, Bordele, 1643 (orain, faksimilean: Bilbo, 1988).
- Chaffanjon, A. eta Flavigny, B. G., Ordres eta contre-ordres de
Chevalerie, Paris, 1982.
- Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada,
México, 1607.
- Haristoy, M., Recherches historiques sur le Pays Basque, 2 lib.,
1883-1884.
- Villasante, L., Axular. Mendea. Gizona. Liburua, Arantzazu-Oinati,
1972.
- Villasante, L., Axular-en Hiztegia, Euskara-Español-Français,
Arantzazu-Oinati, 1979.
Patxi Salaberri Muñoa,
UPV/EHUko irakaslea. |