Ikerlari
askok ikertu du Gabon jaien inguruan, eta guztien artetik berezko merituz
gailentzen den horietako bat dugu Juan Garmendia Larrañaga. Beste
gai batzuekin egin duen moduan, txokorik txoko joanez eta hainbat sukaldetan
orduak pasatuz lortu du tolosarrak Eguberriko ospakizunei buruzko hainbat
ohitura jasotzea. Ohitura gehienak iraganeko erreferentzia dira, baina zorionez,
Juan Garmendiak bildu egin ditu eta era horretan, gutxienez oroimenean gordeko
dira jasota edo batek daki!, beharbada noizbait berriro ere argia ikusiko
dute.
- Zergatik eta noiz hasi zinen Gabon jaiak ikertzen?
Etnografia eta historiari buruzko gaiak ikertu ditudanez, eguberrietako
ohiturak ikertzea ere interesantea iruditu zitzaidan. Noiz hasi nintzen?
Aspaldi, orain dela berrogei urte inguru.
- Nola egin zenuen ikerketa?
Kanpo ikerketa jendeari galdetuz. Ohituren gaietan zaletasuna duen jendearengana
hurbildu naiz, batez ere herri txikietara joan naiz, izan ere herri txikietan
eusten diete ohiturei. Ikerketa historikoa, berriz, artxiboetan egin dut.
- Zer ospatzen dugu gabonetan?
San Nikolas abenduaren 6an ospatzen da, Santa Luzia abenduaren 13an eta
Santo Tomas 21ean, ospakizun hauek guztiek Gabon atarian jartzen gaituzte.
Beraz, Euskal Herriko Gabonak neguko solstizioaren barnean ospatzen dira.
Doroteo Azkuek oso olerki polita du neguaren hasierari buruz:
Zelai, baso ta mendi, Ishillik dago dana,
eche ta bideak Chintik ez da aditzen,
Poliki agertzen ditu Ishillik zerutikan
elur chur churiak elurra da erortzen
- Eta noiztik ditugu
gabonak?
Kristau aroan, 274. urtean, Aureliano erromatarren enperadoreak abenduaren
25ean jarri zuen Eguzkiaren jaiotza eguna, eta laugarren mendeaz geroztik
Elizak abenduaren 25ean Jesusen jaiotza ospatzen du. Bestalde esan beharra
dago, 377. urtera arte Eguberri eta Errege jaia egun berean ospatzen zirela
baina geroztik banatuta ospatzen dira.
- Euskal Herriko Gabon jaietan bada pertsonaia berezia: Olentzero.
Bai asko idatzi da pertsonaia honen inguruan eta denak ez datoz bat.
Batzuentzako garai oparoa dakarren gizona litzateke, baina beste batzuentzat
arlotea. Barandiaranen ustez, berriz, berriemailea zen. Iritzi desberdin
horien inguruan bada poema bat Orixek idatzia:
Begigorri ba dator aiton Olentzaro
urteak egun ainbat begi ta bat geigo
Gurdiak ainako sabel; aurpegi dena ago;
nondik nora sortu zan jakin gabe nago.
Garbi dagoena zera da: gaur egun Euskal Herriko herri guztietan Olentzero
ezaguna bada ere, lehenago toki guztietan ez zutela ezagutzen. Bidasoa inguruan,
Gipuzkoako beterrian eta kostaldean, eta Nafarroako mendi-aldeko herrietan
ezagutzen zuten bakarrik. Orain dela hogeita hamarren bat urte, berriz,
Euskal Herriko herri eta hiri guztietan ezagun egin zen Olentzero.
Nire ustez, gainera, Olentzero enborra Olentzero pertsonaia baino zaharragoa
da. Aspaldi, Olentzero trunkoa edo enborra pizten zen gauean, eta oherakoan
enbor horiek hautsarekin estaltzen ziren gainean sutarako pala eta tenazak
gurutzaturik utzirik, hain zuzen ere sorgiñak uxatzeko. Horregatik
diot, nire iritziz Olentzero enborra irudi mitikoa baino zaharragoa dela.
Gaur egun Olentzero kalean ibiltzen den pertsonaia bada ere, lehenago sukaldeko
pertsonaia zen eta tximiniatik jeisten zen. Leku batzuetan, gainera, Olentzerori
mahaian toki bat uzten zitzaion plater eta guzti.
- Gabonak ospatzeko era asko aldatu al da?
Ohitura batzuk galdu egin dira; baina Olentzero egunean eskean ibiltzeko
ohitura bada. Toki batzuetan Gabon egunean eta beste batzuetan Eguberri
eguneko meza nagusiaren ostean egiten zen eskean.
Hala ere, Zumaian oraindik egiten da Jesus Haurtxoaren eskea Gabon egunean.
Oñatiko Zubillaga auzoan, berriz, neskatoak eskean ateratzen ziren
Haurtxoa eurekin eramanez, eta gauerdian, auzoko mutil guztiak etxerik-etxe
ibiltzen ziren hemezortzi urte gorako neskak biltzen. Ondoren, guztiak etxe
batean bildu eta goizeko bostak arte panderoa eta filarmonika lagun zutela
dantzan ibiltzen ziren. Jarraian, berakatz zopa eta txokolatea jaten zuten
eta goizeko zazpietan irrintzika guztiak mezetara abiatzen ziren. Ohitura
hori ez da gordetzen, 1936. urtean galdu zen.
Nafarroako Belaskoain herrian, bestalde, Eguberria baino astebete lehenago
bertako behartsuak inguruko herrietara joaten ziren eskean. Eske horri "Koskari"
deitzen zioten.
Bizkaiari dagokionez, Zornotzako Katia auzoko ohitura aipa daiteke. Bertako
berriemaile batek esan zidanez, Muxikako baserritar bat eskean ateratzen
zen bizkarrean zaku bat, eta eskuetan zintzarri bat zintzilik zuen makila
bat eramanez. Hamabost egunez ibiltzen zen eskean inguruko herrietan. Honako
kanta abesten zuen:
Abendu santu honetan
Kristoren jaiotza
kontentuaren aldez
guztiok poz gaiten.
Maria, Jesus,
Jesus, Maria, Jose
Zornotzako auzo horretan, gainera, Gabon afaria hasi baino lehen bi paternoster
errezatzen zituzten eta kilo biko ogiari puska bat kendu, ardotan busti
eta armairu batean sartzen zuten. Hurrengo urteko Gabon gaua baino lehen,
zakurrari ematen zioten ogi hori amorrurik izan ez zezan. Antzerako zerbait
egiten zuten Muxikako Zugaztieta auzoan ere.
- Aipatu dituzun ohitura gehienak galdu egin dira, baina hala ere
gehienok dakigu garai batean zer jaten zuten.
Gabon afaria kaleko etxeetan edo baserrietan ez zen berdina izaten.
Honakoa jaten zen, gutxigora behera: olio azak, bakailoa, arroz esnea, sagarrekin
eta ardoarekin egindako konpota eta gaztainak. Hondarribi inguruan, karakolak
eta bixigua jateko ohitura dago. Kontuan izan, garai batean elizak bijilia
egitea agintzen zuela Gabon egunean.
Bestalde, baserrietan lan egiten zuten morroiek
edo etxeetan lan egiten zuten neskameek gau horretan euren etxean afaltzen
zuten, eta beti ahalegintzen ziren opariren bat eramaten, normalean afaltzeko
zerbait.
Afaldu ondoren, berriz, gau erdiko mezara joateko ohitura izaten zen, eta
ondoren, etxera sorgin afaria egiteko. Sorgin afaria bigarren afaria izaten
zen, eta gehienetan aurrekoa baino arinagoa.
Eguberrietako afalosteetan kanpaiek ere garrantzia izaten zuten. Nafarroako
Errazkinen, Larraungo bailaran, Gabon gaueko 11ak aldera, 20 minututako
eskila jotzea egiten zuten hiru edo lau gaztek.
Ahaztu baino lehen! Gabon egunean arrantzarik ez zen egiten, arrantzaleak
ez ziren egun horretan itsasoratzen.
Behin Eguberri egunean sartuta, meza nagusiaren ostean, herri batzuetan
ohitura izan da umeak eta gazteak eskean ateratzea. Oraintsu aipatu dudan
Errazkinen, adibidez, egiten zen puska edo diru biltzea eta honela esaten
zuten:
Egun, egun on,
gaur Pazkoa,
Jesus jaio da
eta gure gozoa
Bukatzeko esan, Eguberri egunean hiru meza entzuteko ohitura izaten zela.
- Urteari amaiera emateko ohitura bereziak ere izango ziren?
Hondarribiko baserritarrak Urte Zahar egunean "Dios te salbe"
kantari eskean ibiltzen dira atez ate. Kantuari koplariak ematen dio hasera,
eta gainontzekoek jarraitu egiten diote.
Aintzina, berriz, Nuarbeko otargileak euren langileekin afaltzera joaten
ziren, eta jakina nagusiek ordaintzen zuten afaria.
Beste ohitura bitxi bat Lasarten jaso nuen. Aspaldi desagertu zen Soroeta
Handi baserrian, Zuaznabar anaiek adarra jotzen zuten. Batek kale aldera
begira adarra hiru aldiz motzean jotzen zuen, eta berehala beste bat luzeagoa
festa giroko txalaparta hasiko zela adieraziz. Txalaparta baserri atarian
jotzen zuten, eta era horretan, urte zaharrari agur esan eta berriari ongi
etorria ematen zioten.
Nola ez, Urte Zahar egunean ere sua garrantzitsua izan ohi da. Arabako herri
askotan, zahagi zaharrak erretzeko ohitura izaten zen, "erre puierre"
oihukatuz behin eta berriz:
Lo mismo en la humilde choza
que en la morada soberbia
blancas espirales de humo,
hasta los cielos se elevan.
(Antonio Trueba)
Gainera, Urte Zahar egunean, afaldu baino lehen, tximinia garbitzen zen
eta ondoren kedarra baratxuri landareari botatzen zioten. Ohitura hau nahiko
ezaguna zen batez ere Nafarroa aldean.
- Eta Urteberri eguna nola ospatzen zen?
Herri batzuetan ezkilak joaz agurtu izan da Urte Berria. Adibidez,
Nafarroako Gorritin, ezkilak jotzen hasten ziren gauerdian, goizaldera arte.
Kanpai hotsak isildu aurretik, Azpirozekoak, eskean joaten ziren Gorritiraino
abesti hau kantatuz:
Sentitzen zaitut, sentitzen
ari zarela jeikitzen
zure gerriko giltza soiñuak
ementxen ditut aditzen.
Urteberri egunean urak ere garrantzia izaten zuen. Zuatzun, herriko gazteak
mutil nagusien etxera joaten ziren eskean eta txarroan herriko iturritik
hartutako "ur berria" eramaten zuten.
Urdiainen oraindik ere ur berriaren ohiturak bizirik jarraitzen du.
Arabako Aramaio herrian, berriz, urteberri egunean, arratsaldez, eskean
egiten zuten honako kanta abestuz:
Urte berri, daukenak
eztaukenari
nik eztaukat eta niri
agilando.
Telle montaña
zazpi intxaur eta zortzi gaztaña
aren gañian launa sagar
nik bai agiñek berdin xamar.
Lekunberriko gazte talde bat urte zahar gauean eskean ateratzen zen, eta
behin Urteberri egunean, iturriko ura hartu eta etxerik etxe banatzen zuten
zera abestuz:
Urteberri egun ona
Egun onaren señalea
Emen dakargu ur berria,
Urte berri egun ona.
Or goien, goien elorri
Ondoan jo ta erori,
Etxe ontako etxekoandriak
Amabirjina dirudi.
- Bukatzeko Errege eguneko berezitasunak aipatzea falta zaigu.
Lehen esan bezala, Errege jaia 377. urteaz geroztik ospatzen da,
lehenago Eguberri egunarekin batera ospatzen zen eta.
Errege bezperako ohitura, leku askotan zabalduta dagoena honako hau da:
zintzarriak joaz ibiltzea. Bestalde, Errege bezperan ere eskean ibiltzeko
ohitura izan da, baina aurreko egunetan baino gutxiago.
Elizondoko Behartzun auzoan behin ilundu orduko, etxe bateko leiho atzetik
ezkila jotzen dute, eta beste etxe, baserri edo bordetatik berdin erantzuten
diote.
Hondarribian gainera, ofrenda egiten zen elizan Errege egun goizean. Aldare
ondoan mahai batean alkatea jartzen zen, eta emakumeak gerturatu egiten
ziren mahai gainean nork bere oparia utziaz. Gero, bildutako guztia ospitalera
eramaten zuten.
Deiturari dagokionez, errege bezperari toki batzuetan "Gabon tximur"
(Gabon txikia edo festa hondarra?) deitzen zioten, Zornotzako Katia auzoan
adibidez.
- Zuk zeuk nola ospatzen dituzu gabonak?
Abenduaren 24an Arantzazura joaten naiz lagun batekin. Kontua da,
bertako fraide batzuk eta hainbat lagun kantuan ateratzen direla Aita Gandiaga
olerkari dutela, eta Aita Zabalak akordeoilari. Baserriz baserri eta jatetxez
jatetxe ibiltzen dira, eta nire laguna eta neu jatetxe batean egoten gara
zain.
Gero, gurean, egun horretan bixigua eta konpota jateko ohitura izaten da.
Garai batean Urte Zahar gaua tristea iruditzen zitzaidan baina orain ez
hainbeste. Argazkiak: Arantza Cuesta |