Lapurdi Milafrangako Jean Claude Larronde
abokatu eta historialariak, Sabino Arana Goiri-z doktore tesi ezaguna egin
zuenak, badarama aintzina bere ikerlana, bereziki XX. mende honen lehen
parteko abertzaletasunaren historian aipagarri izan diren gertakari eta
pertsonei batzuzei buruz, hala nola, Gernika euskaldun batallunaz, Jose
Antonio Agirre lehendakariaz, Eugène Goyenetche historialariaz, klement
Mathieu apezpikuaz edo Euskaldunen adiskideen elkarte nazioartekoaz. Oraikoan
Manuel de Ynchausti "Etorri handiko mezenas" baten aldi
izan da.
Lan hau frantsesez argitaratu zuen Bulletin du Musée Basque
delako aldizkarian Larrondek 1993 an eta orai Euzko jaurlaritzaren laguntzarekin
euskaraz eta gaztelaniaz emaiten du Susana Prebostek itzulirik eta Bidasoa
sortan sartzen, Ynchausti jaunaren andrea, Ana Belen Larrauri, itzali berri
delarik Uztaritzen bere 92. urtean.
70 bat orrialde ditu itzulpen bakoitzak eta Manuel de Ynchausti ezagutu
dugunok ere anitz berri ikasten dugu haren alargunak eta alaba Mirenek idazleari
eman dizkioten xehetasunei esker.
Filipinetan finkatua zen euskaldun itsas-merkatari familia aberats baten
sortua zen Manuel de Ynchausti 1900.eko urriaren 19 an, bi urte hartan Estatu
Batuen menpe sartua zelarik Espainiaren kolonia ohi hori. 6 urte zituen
lehen aldikotz etorri zelarik Euopara eta 20 urte aldiz aita galdu zuelarik.
Madrilen egin zituen goi mailako eskolak lege-jakintza sailetan. Euskaldun
fraile bat edo besteri esker jabetu zen ber denboran bere kristau fedeaz
eta bere euskal nortasunaz. Gaztaroan adiskidetu zen betikotz Joseba Leizaolaren
anaia Rikardorekin eta Donostian ezagutu zuen eta emaztetzat hartu Ana Belen
Larauri hogoi urteko donostiar alaba. 1926 eko uztailaren 26 an ezkondu
ziren bi gazteak Donostian eta laster abiatu Manilara buruz.
Handik hara Manilan berean bere amarekin eta andrearekin batean Manuel
erabaki larriak hartuko ditu ontasun batzu salduz, beste batzuk banatuz
lurrik gabeko laborarien artean eta seme alabak jinen zaizkienean, 1933
tik landa Manila utzi ondoan, familia Donostian kokatuko da, 1936 eko gerla
etorri arte.
Gerla etortzean Uztaritzen jartzen da Ynchausti familia eta hortik Mathieu
apezpiku
eskualdunarekin eskuz esku, laguntza harrigarria ekarriko die gerlako euskaldun
ihesliar haurridei, bai diruz bai gisa oroz, Frantziako apezpiku zenbait
eta izen handiko katoliko batzu biltzen dituztela Verdier kardinalearen
eta François Mauriac idazlearen inguruan.
Alemaniako gerla hastera doalarik, 1939 ko aboztuan, Ipar Ameriketara
doa Ynchausti familia. Han gure gizon kartsua saiatzen da bere Filipinetako
esperientza gogoratuz eta Spellman New-Yorkeko kardinalea edo Jacques Maritain
filosofoa mintzatuz Mundu osoko Sorospen Katolikoa litekeen erakundea sortu
beharrez. Osasun arazo batzuengatik asmu hortarik urruntzearekin beste xede
bideragariago bat hartzen du Jose Antonio Agirre lehendakiarekin : Munduko
euskaldun guztien batasuna eraikitzea.
Azken xede horri jarraikiko zaio 1947 an bere familiarekin Europara eta
Uztaritzeko bere etxera itzuliko denean Manuel de Ynchausti. Egia erran
ez du sekulan bere ametsa osoki gauzatuko baina, asko gisetarra eta, bere
osasunaren gorabehera handien gatik, landuko du ederki gai hori. Hala nola,
1948 an Miarritzeko Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrean partehartuko duelarik
"Euskaldunak Munduan" deitu X. atala bere gain hartuz eta oraino
1954 an Boissel komandateak zuzentzen zuen Baionako Euskal Museoari eskainiko
diolarik "Euskaldunen Hedapena Munduan" deitu aretoa.
Zorigaitzez, ordukotzat gaitzak azkarki hunkia du Manuel de Ynchaustiren
bihotza eta laster bere adiskide mina, Jose Antonio Agirre galtzen duelarik,
bapatean, Parisen 1960 eko martxoaren 22 an, bera ere Jainko onak deitzen
du bere gana,Uztaritzen, 1961 eko apirilaren 17 an. Klement Mathieu apezpikuak
eman zituen urtea barne Donibane Lohizunen eta Uztaritzen baten eta bestearen
ehortzetako mezak. Piarres Xarriton,
Euskaltzaina eta Eusko Ikaskuntzako kidea. |