Historia laburra
izanik ere, uzta oparoa eman dio euskalgintzari
Elhuyar Kultur Elkarteak. Donostian sortu zen
1973an, injineru gaztez osatutako talde batek
beren lanbidea, zientzia eta teknologia,
euskararekin uztartzeko beharra sentitu zuenean.
Garaiak aldatu dira eta euskal gizartearen eta
euskararen beraren egoera eta statusa aldatu egin
dira; hobera, jakina. Alabaina, orduko eta gaur
egungo helburua bera dira funtsean: euskara
garatzeko bitarteko egokiak sortzea eta sortzen
laguntzea.
Zientzia eta teknikaren inguruan, batipat, bildu
zen hasierako Elhuyar hura eta zientzia eta
teknikaren dibulgazioa da egun gure lan-alor
garrantzitsuenetako bat. Izan ere, gizarte
moderno eta aurreratu batek behar-beharrezkoa du
zientzi eta teknologi gaietaz informazio egokia,
zehatza eta ulergarria izatea, besteak beste,
gizarte horrek garapen zientifikoari buruzko
erabakiak hartu behar dituelako eta deliberamendu
zentzudunak hartzeko informazioa eta ezagutza
dira oinarrizko erremintak. Herri honek, halaber,
informazio hori euskaraz ere jasotzeko eskubidea
du. Zientziaren dibulgazioaren alor guztiak
jorratzen ditugu: komunikabide idatziak,
ikusentzunezko komunikabideak, hitzaldiak,
ikastaroak, etab. Bestetik, hauek dira gure
baliabide nagusiak: Elhuyar. Zientzia eta Teknika
hilabetekaria, Norteko Ferrokarrilla
irrati-programa (Euskadi Irratian,ostegunero
arratsaldeko 8tan) eta 1999ko urtarrilean hasiko
dugun telebista-programa. Gainera, zubi-lana egin
nahi dugu Euskal Herriko zientzi produktoreen eta
gizartearen artean, haien jarduerak eta lanak
ezagutarazi nahi ditugu, sarri errazagoa baitzaio
euskal hiritarrari NASAren berri izatea Zamudioko
Gaikerrena baino. Azken finean, Elhuyarren
helburuetako bat zientzi dibulgazioaren Euskal
Herriko erreferente behinena izatea da.Euskararen
katea eten ohi da enpresaren munduan. Ikasketak
euskaraz burutu dituen gazteak erdaraz ari den
mundu batekin egiten du topo lanean hasten
denean, baita eskualde euskaldunenetan ere.
Erlazio ez-formalak euskaraz burutu ahal izango
ditu, baina erlazio formaletan gaztelania izango
da nagusi. Elhuyarren aspaldi jabetu ginen
horretaz eta aintzidariak izan ginen esanez,
euskarak lan-munduaren esparru formalean tokia
izan behar duela. Enpresa-munduan euskararen
erabilera handiagotzeko planak inplementatzeko
metodologia landu eta garatu genuen. Plan hauek,
Euskal Herriko enpresa mordoxka batean aplikatzen
ari dira (ELAY, CAF, Irizar, JMA, Labein, etab.)
eta ondorioak oso positiboak gertatzen ari dira,
euskararen normalizazioaren zein enpresaren
kudeaketa integralaren ikuspegitik. Gero eta
garbiago dago, gaur egun, Euskal Herrian
enpresaren kudeaketa aurreratu eta kalitatezkoa
egin nahi bada, hizkuntzaren faktoreak
kudeaketaren ezinbesteko elementua izan behar
duela eta ideia hori sortu eta bultzatu izanaz
oso harro gaude Elhuyarren.
Hezkuntz materialaren sorkuntza izan da
tradizioz Elhuyarren lan-esparru nagusietako bat.
Material horren barnean testu-liburuak, material
osagarriak, erreferentziazko obrak (atlas,
hiztegi eta entziklopediak), bideoak eta
softwareak landu ditugu. Egia esan, alor honek
aldaketa handiak izan ditu azken urteotan.
Hezkuntz materialaren alorrean Espainiako
argitaletxe handiak edo horien sukurtsalak sartu
izanak aldaketa nabarmenak eragin ditu merkatuan
eta Elhuyar bezalako erakunde txikiok
birplanteatu behar izan dugu alor horretako gure
jarduna. Duela hamar urte testu-liburuak ziren
Elhuyarren produkzio nagusia alor honetan; egun,
material osagarrietara lerratu dugu gehien bat
gure produkzioa. CD-ROMetan eta hiztegietan ari
gara ahaleginik handienak egiten. Euskarak
teknologiak berriak baliatu behar dituela uste
dugu, batetik, eta, bestetik, lehen aldiz bere
historian, euskara aurrerapen teknologikoen trena
garaiz hartzeko paradan dago.
Elhuyarren ikuspegitik ezin diogu tren horri
muzin egin eta aintzindariak izan gara
informatikaren erabileran produkzio- alorretan
zein produktu informatikoen garapenean. Bestetik,
Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa eta
Euskara-gaztelania/ castellano-vasco Elhuyar
Hiztegia lanak izango dira, apika, Elhuyarren
ikurra jendeartean. Egia esan, euskararen
estandarizazioaren baitan ahalegin handia egin
dugu terminologi eta lexikologi alorrean azken
urteotan. Aipatu lanek izan duten arrakasta
asmatu egin dugula adieratzen dute. Aurrera
begira, on-line zerbitzuak eta bezeroaren
neurrira egindako datu-baseak enpresetako
zerbitzarietan instalatzea dira erronka nagusiak
eta bide horretan ibiltzen hasiak gara jada.
Azkenik, bestelako zerbitzu eta jarduerak ere
burutzen ditu Elhuyarrek: itzulpenak,
komunikazio-zerbitzuak, hizkuntz aholkularitza,
etab. Ondorioz, Elhuyar euskararen normalizazio-
eta estandarizazio-prozesuetan eragile izan nahi
duen profesional-taldea da, atzean 26 urteko
historiaren bermea eta kultur elkartearen figura
juridikoa duena.
Iñaki Irazabalbeitia,
Elhuyar-eko zuzendaria |