Nere lagun batek aitortzen zidanez lotsa;
izugarri, disimulaezinezko lotsa sentitzen zuen Durangoko azokan liburu,
diska edo dena delakoa lapurtzen zuen bakoitzean. Jokabide morbosoa ere
bazen nere lagunarena, ez zuen ulertzen bere ustez ideologikoki onargarria
zen ekintza hura (euskal kulturaren inguruan batzuek lortzen dituzten plusbaliak
berriro herri xehearen artean berbanatzea) burutzeak; Zabaltzenen, adibide
bat besterik ez da, saltoki ilara luzera hurbildu, begiratzen ari denaren
plantak egin, interes gehiegi agertu gabe badaezpada, aleren bat eskuartean
hartu eta saltzailea despistatua dagoenean sakeleratzeak, zergatik senti
arazten zuen lapur, iruzurti eta miserable baten antzera? Beste era batetara
esateko, Corte Ingles, Eroski, Pryca...edo antzeko saltoki handiren batetan
lapurtzeak sekulako plazerra eragiten zion bitartean, Durangoko azokan (eta
hau ere hipermerkatu bat da, hortik azoka izena) lapurtzeak sekulako kontraesanak
sortzen zizkion.
Neurositik hurbil zebilen arreta eta kezkaz aztertu zuen nere laguna
bere oinarri ideologiko sendoetan sortutako pitzadura hura eta baita ondorio
batzutara iritsi ere:
1. Durangokoak zer ikusi gehiago dauka erlijioarekin kulturarekin baino.
Inor gutxik ez luke ziztada zorrotz bat sentituko haren kontzientzian ezein
santuren oinetan dagoen dirukutxa txikian lapurtu ondoren, hortik Durangokoan
lapurtzeak nere lagunari eragiten zizkion erreparoak. Urteroko prozesioa
da hura; aitortzen zuen misterio handiren bat argitu duenaren plantak eginez.
2. Inork ez lioke Somaliako haur bati hegazkin bidez iritxi berri den
nazioarteko laguntza eskuetatik eta aurrez aurre lapurtuko, filosofatzen
zuen, ziur aski, bere imaginarioan josita geratuko lirateke haurraren begi
handiak, haren keinu nazkatua arroa katilua eskuetatik kentzerakoan eta
haeren madarikazio isila. Nola lapurtu beraz jatekoa pobreziaren muga larrian
bizi den Euskal Kultura sufritu eta negartiari.(Beti bezala pobrezian batzu
bakarrik bizi badira ere).
3. Gizartearen presioa ere garraztzizkoa zela onartu behar izan zuen
nere kideak, nahiz eta bera indibidualista sutsua izan; gauza bakarra zen
" aurten ez naiz Durangora joan" baino oker, lotsagarri eta arbuiagarriagoa,
"Durangon diska bat lapurtu dut" aitortzea, hain zuzen ere. Gizateriaren
kiderik ziztrinenetakoa bat zinela leporatuko zizuten ozen, ordurarte, zeu
"euskal kulturgintzaren eragile eredugarri" zinela belarrira xuxurlatzen
zizuten berberek.
4. Ez zen ordea nere laguna azalpenekin errez konformatzen zen horietakoa
eta ez zuen bakerik eduki bere argudio sorta burutzeko azken erreflexioa
lortu arte; Durangon lapurtzeak batez ere bere oinarrizko euskalduntasunaren
kontra egindako eraso zuzena zen, " espainolago" sentitzen zuela
bere burua azokan zerbait lapurtzen zueneko, euskal kultura hondatzeko imperialismoak
bidalitako merzenario arriskutsua bailitzan, euskaldunon balizko etxe amaankomunera
kalte egtera etorritakoa.
Haren ustez ,lau arrazoi horiek ziren bere jokabide harrigarria agertu
eta argituko zutenak. Behintzat aspaldiko hilabeteetan ez bezala bakea izan
zuen nere lagunak, edo hori uste zuen, izerditan blai esnatu bait zuen gauerdian
ametsgaizto batek; bera Olentzero zen, zaku bete opari zebilen azokako pasagune
jendetsuetan, jendea uholdeka eta bera zaku handiarekin ahal zuen moduan
bidea egiten, haurrak hurbildu, helduak begiradarekin jarraitu, hamaika
musika eta elkarrizketa ozenen artean aurrera zihoan; bapatean segurtasuneko
kideak agertu ziren, ezagunak egiten zitzaizkion. Mari Karmen Garmendia
eta Takolo, Pirrutx eta Porrotx ziren, ezer esan baino lehen hormaren kontra
jarri zuten, zakua ireki eta hara non opariak liburu eta diskak bihurtu
ziren, Oskorriren 267garrena, Txirri; Mirri eta Txiribitonen ipuin pornoa,
Benito Lertxundiren kantu zaharren bertsio teknoak, Bernardo Atxagak Ameriketatik
lagun bati bidalitako txokolatina paperen bilduma, bertsolari moodakoenak
bainujantzian erakusten dituen egutegia C.D roomean..., azoka hartan arrakastatsu
ziren guztiak zeuden, guztiak lapurtuak. Katez zamatu zuten ondoren, gaizkile
arriskutsu guztiekin egiten duten lez eta gela zabal batetara eraman, gela
argitsua zen, leiho handiak zituena, bapatean ordea altzairuzko gortina
astun batzu argi guztia ito egin zuten eta argi gorri zein hori fluorescente
batzu hasi ziren jo ta ke bazterrak etengabe argitzen; sirena bat entzun
zen ondoren, ozena, belarriak hausteko mila oihu erraldoi bezalakoa, zakurren
zaunkak, norbaitek zetozten bota militarren hotsak, presatuak inondik inora,
eta tiro hotsak, gero eta hurbilago, eztandak gero eta ozenago eta berak
ezin ezer egin, heriotzrekin hitzen bat edo beste egiteko aukera izan zuela
uste du.............azkenean estuasun edo itolarriak esnatu baino lehen.
Noski, nere laguna ez da sekula Durangoko Azokara bueltatu. Baina zuk
lapurtzeko asmorik baduzu gogoratu es dela berdina handiei edo txikiei lapurtzea,
eta guzti hau fikzio hutsa baino ez dela izan. Andoni Tolosa, "Morau".
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan
Mari Torrealdai) |