
1965. urtean lagun talde batek "Durango Merinaldeko Adizkideen Gerediaga
Elkartea" sortzen du. Helburua? Durangoko Merinaldeak mendeetan zehar
izan zuen pertsonalitatea eta bere barneko herrien, eleizate eta uri arteko
elkarlanerako jarrera berreskuratzea. Garai gogorrak ziren. Gerra osteko
urte beltzak igarota zeuden baina gure Euskal Herria oraindik urte latzak
bizitzen ari zen, ikastolak erdi galerazota, dantza taldeak eta honelako
erakunde asko debekatuta e.a.
Giro honetan sortu zen Gerediaga Elkartea. Askoren ustez Manuel Fraga
Iribarne ministroaren hanka-sartze haundi bat, legalizazio honek atea zabaldu
zuelako Gerediaga elkartearen inguruan biltzeko eskualde honetan lanean
ari ziren hainbat eta hainbat talde, eta baita ere pertsona askoren iniziatiba
pertsonalak biltzeko .
1965 lehen urte hartan, Domusantuan, antolatu zen "Durangoko Euskal
Liburu eta Disko Azoka" uri horretako Andra Mari eleizaren eleizpe
ikaragarrian. Hemeretzi standetan bildu ziren garai hartan partaideak Durangora
ekarri zituzten liburu eta diskoekin. Han aurkitu ziren Bizkaiko, Gipuzkoa,
Araba eta Nafarroako diputazioak eta agintarientzak "bajo sospecha"
zeuden argitaletxe ta diskoetxeak, adibidez Jakin, Itxaropena, Auñamendi
e.a.
Jasotako erantzuna ikusirik, Gerediagak azoka urtero antolatzea erabaki
zuen, eta honela jarraitzen dugu 33 urte igaro ondoren. Gaur egunera heltzeko
urte hauetan ibilitako bidea ez da izan bide errez bat. Jendearen erantzuna
apurka apurka haunditzen joan zen, Durango kultur munduko jendearen erromes
tokia bihurtzen hasia zen, agintariak ikaratu ziren, galerazotzea ere pentsatu
zuten, ez ziren ausartu eta beste bide bat lantzen hasi ziren ahal zuten
neurrian oztopatzeko azoka.
1.974. urtean galarazo zuten Andra Mariko eleizpe horretan azoka antolatzea
eta behartu gintuzten azoka plazara joatea. Ez dakigu zer pentsatu zuten,
gure herrietako baserritarrak larunbatero erabiltzen dute espazio higuintzat
botako genukela edo jendea ez zela egongo prest azoka plazara hurbiltzeko.
Horrela balitz ez zuten espero jendearen erantzuna nagusitzen jarraituko
zuela eta tokia Andra Mariko eleizpea bera baino egokiagoa izango zela,
itogin gutxiago, epelago, haize-boladatatik kanpo...
Diktadorearen heriotzaren ondoren, argitalpenen askatasuna astiro-astiro
lortu ondoren, azokaren dimentsioak urtetik urtera hazten jarraitu zuten,
espazio falta azokaren arazo haundiena bihurtuz. Garai honetan Gerediagak
ikusi zuen normalizazio baterantz joan behar zuela azokak. Apurka apurka
horretarantz hasi zuen bere lana bideratzen. 80. Hamarkadaren hasieran,
82, 83... , lehen urteetako standei jubilazioa eman genien eta beste stand
txukunago batzuk erabiltzen hasi ginen. Azokari bere aretoa jarri genion,
kultur egitaraua bultzatzeko asmoz. Hurrengo urteetan Durangoko udaletxean
antolatzen zen sarrera hitzaldia eta bestelakoak, azokako espazioan antolatzen
hasi ginen. Areto honek ahalbideratu zigun hitzaldi, mahai inguru eta beste
hainbat eta hainbat ekintzarekin hornitzea azoka, gainera eztabaidatzeko
eta hitz egiteko gogo haundiarekin zegoenean euskal gizartea.
Lehen aipatu dugun espazio falta honek 1996. urtean azoka plaza horretatik
irtetzera behartu gintuen. Urte horretan San Agustin aldeko probaleku zaharrean
kokatu genuen gure "toldopeko denda". Iaz Landako aldera hurbildu
ginen gure burni, toldo, egur eta abarrekin egun batzutarako bertan eraikitzeko
euskal liburu eta diskoaren azoka, ala uria esan beharko genuke?
Aurten ere horretan ari gara, Durango euskal liburu eta diskoaren uria
bihurtzen. Toldo zuri edo euskal zeru horren azpian, 237 stand - etxe kokatu
bertan bilduz komertzioa, kultur ekintza, kantaldi, eztabaida, lagun arteko
barriketaldia, noizbehinka ere peste batzuk bota ... berba baten esanda,
sei egunez denon artean Euskal herri txiki bat eraikiko dugu. Hator eta
har ezazu zuk ere parte uri hau eraikitzen, Ze... Durango, liburu biltegi
bat baino zerbait gehiago da...
Ion Irazabal Agirre, Gerediaga
Elkarteko kidea |