Mahatsa irail-urri aldean eta garia uztailean biltzen
diren bezala, liburuen uzta abendu hasieran egin ohi dugu Euskal Herrian,
Durangoko Euskal Disko eta Liburuen Azokarekin batera, orduan kaleratu ohi
direlako nobedaderik garrantzitsuenak, eta, aldi berean, orduantxe egin
ohi dugulako urteko balantzea. Egin dezagun ba, guk ere geurea.
1998koa urte oparoa izan da, obra asko eta askotarikoak eskaini dizkiguna.
Laburtzen hastekotan, nondik hasi? Ardoaren konparazioa eginez, adinaren
araberako sailkapena egin genezake. Baditugu zenbait autore ospetsu, 45-60
urte bitartekoak, haritzezko upeletan egondako "erreserba handiek"
bezala obra umoa ondu dutenak eta urtez urte irakurgai bikainak eskaintzen
dizkigutenak. Aurtengoari dagokionez, Bernardo Atxagak alfabeto gisako zenbait
artikulu eta hitzaldi bildu ditu, gustuz eta irudimenez beteriko liburu
batean, Groenlandiako lezioa; Anjel Lertxundik "Ifrentzuak"
izeneko proiektua itxi du laugarren nobelarekin, Argizariaren egunak,
eta Koldo Izagirrek eleberri trinko bezain hunkigarria burutu du, Angiolillo
anarkistaren heriotzaren inguruan: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri.
Generoa aldatuz, Joan Mari Irigoienek poesia liburu bat dakarkigu aspaldiko
partez, Hautsa eta maitemina, eta bere bilduma pertsonala egin du
aspaldiko partez Joxan Artzek: Mundua gizonarentzat egina da, baina ez
gizona munduarentzat. Beste aspaldiko egile bat ere itzuli da, irakurleen
pozerako: Arantxa Urretabizkaia, Koaderno gorria nobelarekin. Klasikoen
txanda amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Joxe Azurmendi, aurten bat ez baizik
eta bi saiakera plazaratu dituena, alor diferenteak jorratu arren bata bestea
bezain sakon eta mamitsuak: Teknikaren meditazioa eta Oraingo
gazte eroak.
Baditugu "Erreserbak" eta "Kriantzak" ere, 35-45 urte
inguruko sortzaileak, literaturaren alorra aspalditik lantzen hasi eta dinamismo
handiz ari direnak bere lekuaren eta ahotsaren bila, batzuk honezkero idazle
handien sona bereganatu dutenak eta beste batzuk gaztetako freskotasunarekin
dabiltzanak. Talde hau da produkzio ugariena eskaintzen duena, baita barietate
handiena ere. Multzo honetan sar litezke zenbait narradore sendo, hala nola
Pello Lizarralde (Un ange passe - isilaldietan), Andoni Egaña
(Frai Kandido), Xabier Montoia (Plastikozko loreak erregearentzat),
Pako Aristi (Urregilearen orduak), Juanjo Olasagarre (Mandelaren
Afrika), Pablo Sastre (Gauzak apur bat konplikatu dira), Xabier
Mendiguren (Gure barrioa 1975), Antton Luku (Botoiletan),
Jon Alonso (Camembert helburu); poesia liburuak ere atera dituzte
Iñigo Aranbarrik, Rikardo Arregik, Itxaro Bordak eta Aristik berak,
eta gazteentzako literaturan ere ari dira talde honetako hainbat kide, hala
nola Patxi Zubizarreta, Joanes Urkixo edo Aingeru Epaltza.
Ardoen katalogo bat bezalakoa da hau: izen asko, baina egarria kentzeko
gairik ez. Aholkurik onartzen baldin bazait, ardo gazteak proposatu nahiko
nizkizueke: lurraren zapore gordin-garratza daukatenak, kolore gorri-bizia,
naturaren indar eta bulkada. Metafora txoroak alde batera utzita, egile
berrien liburu guztiz ederrak iritsi dira gure eskutara; azken urteotan
zorroztu egin da argitaletxeetako bahea, eta, horren ondoren, gutxiago dira
estreinakoz plazaratzen diren idazleak, baina haien kalitateak gora egin
du nabarmen. Igor Estankona arratiar gazteak poema liburu bat kaleratu du,
Anemometroa, ahots sentibera eta adimentsua adierazten dituena; kronikaren
generoa da gazteen beste harrobi bat: Alberto Barandiaranek Argentinako
euskal desagertuei buruzko erreportaia lazgarria burutu du, Ez zaigu
ahaztu, eta Imanol Muruak Palestinako lurralde okupatuetaraino garamatza,
hango nahi eta ezinak, ez gerra eta ez bake den egoera azaltzeko, Intifadaren
biharamuna. Kontaketan ere ez da falta ahots gazte indartsurik. Horietako
bat Harkaitz Cano da, irudimen ahaltsu eta esku trebeko sortzailea, Bizkarrean
tatuaturiko mapak ipuin-sorta idatzi duena, 49 hiritan barrena egindako
beste horrenbeste espedizio eta esperimentu; eta bukatzeko, Jasone Osoro
elgoibartarra, 25 ipuin sentsual bezain jostalariz osaturiko Tentazioak
liburuaren egilea, urteko salmenta- zerrendetako liderra.
Kopuruz bezala kalitatez gora egin dute gure ardoek, gure liburuek. Kontsumitzaileetan,
berriz, ez du ondoegi funtzionatzen konparazioak: ardoak estimazio handia
du gure gizartean, baina literaturaren lurrinekin horditzea maite dutenak
gutxiengoa gara oraindik ere. Sibariten talde horretara bildu nahi baduzu,
ez zaizu damutuko. Zatoz Durangoko azokara, eta hango sotoetan aurkituko
dituzu ez botiletan baina bai liburuetan sarturiko mezuak, altxor berrien
mapa sekretuak.
Xabier Mendiguren Elizegi
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) |