Euskaltzalea, zerbait baldin bazen. Idazlea, biolinjolea,
pake gizona, abertzalea eta tolosarra, horrek izan zuen eraginarekin bere
nortasunean. Izan ere betidanik Tolosan nahastu dira sinbiosi batean, gure
kulturaren bi adarrak: baserria eta kalea. Nekazariak, fabrika langileak,
dendariak, apezak, medikuak, lehenengo enpresariak, betiko jauntxoak eta
azken, botikaria eta botikariaren tertulia. Txerri plazan feria eta Santa
Marian meza nagusia, orkestra eta guzti. Arloteak eta intelektualak, denak
gizarte bat sortzen, euskal herritarra eta euskalduna. Bata bestearekin
doalako, atzo eta gaur.
Giro horretan sortu, hazi eta egin zen gure aita. Bera eta bere lagunak,
bere taldea eta bere belaunaldia. Berezia izan zena Euskal Herriarentzat.
Gazte zenetik euskaltzalea, Aitzolek bere inguruan bildu zuen abertzale
mordoxka hartan lehenengoetakoa.
Bere zaletasunak antzerkia eta historia zirela eta, horiek izan ziren
bere lanaren alorrak. Antzerkia, bere barnetik sortua batzuetan, Tolosako
gizartearen ispilu, eta berak euskeratua besteetan: Brecht, Goethe, ...
Dinamika bikoitz batean, euskara plazara ateratzen eta mundu zabaleko kultura
euskaran sartzen. Historia, eta hor dira besteak beste Muñagorri
eta Elizanbururen bibliografiak. Biak, bakoitza bere tankeran, gerla gizonak.
Muñagorri, Berastegitarra eta fuero zalea. Elizanburu, Saratarra
eta Bonapartista. Eta erdian, kontradizio bat bezala, gure aita, egiazko
bake gizona. Bere bizitzan zehar bake gutxi ezagutu bazuen ere, bere barne
bakea behin ere ez zuen galdu. Behin ere ez. Hau izanik, segur aski, bere
eta bere belaunaldiaren ezaugarri nagusia. Baketsu errepublika garaian,
politikan sartu zenean edo sartu zutenean, istilu giro hartan Tolosako alkate.
Eta gure gerlan han joan zen, luma zuela eskubian eta biolina ezkerrean:
gure aitaren armak.
Atzerrian hurrengo, eta berriro gerlan, Frantziakoan. Urte latzak eta
urte aberatsak, asko izanik ikasi zutena. Azken pausoa etxera berriro, izpiritu
ireki batekin, gorrotorik gabe, bakean. Azkenengo egunera arte, jota ke
lanean. Tolosaldeko belaunaldia deitu leiken hura. Tolosarrez osatua, edo
Tolosako ingurukoez edo Tolosaldera etorritakoez. Ziaurritz, Eizagirre,
Lizardi, Orixe, Aitzol, Sansinenea... Agirre lehendakaria mintza praktikan
Altzon eta Telesforo Urkizun... hil direnak askotan atzerrian, eta hil zituztenak.
Joan dira denak, gizon zintzoak doazen lekura. Bizirik edukiko ote dugu
beraien oroimena. Sobera merezia dute!
Ramon Labaien, Antonio Maria Labaienen
semea |