Astekari honetako hirugarren alean paisajearen osagai posibleak aztertzen
ziren, kontzeptu eta hitz honen aurkezpen moduan. Oraingo honetan, bertan
azaldutakoa laburbiltzen duen definizio baten bidez Europako paisajeak antolatu
eta gestionatzeko sortua den Paisajearen Konbentzio Europearrari buruz arituko
gara.
Konbentzio honek proposaturiko paisajearen definizioak honela dio: "paisajea
lurraldearen zati bat da, kostaldeko zein barrualdeko urak barne izan ditzakeelarik,
biztanlegoak jasotzen duen moduan, bere itxura faktore naturalen eta giza
faktoreen eragin eta elkarrekintzen emaitza delarik". Beraz, definizioak
paisajearen oinarrizko hiru alderdiak ditu barne: dimentsio fisikoa (paisajea
lurraldea da), dimentsio subjektibo eta kulturala (lurraldearen zati bat
da, bai, baina biztanleek atxikitzen dizkioten balore subjektiboak ahaztu
gabe), eta denborazko/kausazko dimentsioa (paisajearen itxura gizakia eta
naturaren arteko elkarrekintzaren ondorioa da).
Paisajearen Konbentzioa Europako Kontseiluaren ekimen bat da, eta azken
ikutuak jasotzen ari da 1999. urtean zehar Europako Kontseiluko partaide
diren herriek sinatu ahal izan dezaten. Bere helburu nagusia paisaje paneuropear
guztiak barne har ditzakeen tresna legala izatea da.
1994. urtetik hona Europako Toki- eta Eskualde-Administrazioen Kongresuak
eratutako lan talde batek Konbentzioa idazten dihardu, eta zirriborro aurreratu
moduan Europako herrialdeetako gobernuei aurkeztua izan zen Florentzian
aurtengo apirilean. Horren ondoren, Europako Kontseiluak zirriborro hau
onartu zuen Estrasburgon maiatzaren bukaeran.
Konbentzioaren lehen ezaugarri deigarria Europako paisaje guztien babespen,
kudeaketa eta antolaketan jartzen duen arretan datza, ezaugarri estetiko
bikainenak dituzten paisajeetan soilik kontzentratzea sahiestuz. Dudarik
gabe, hau aurrerapauso handia da paisajea lurralde osoaren kalitatea dela
onartu eta zabaltzeko bidean. Honegatik, Konbentzioak nekazal paisajeak,
naturguneak, paisaje hiritarrak nahiz hiri-ertzekoak, eta ezaugarri bikainak
dituzten paisajeak zein paisaje arruntak hartzen ditu kontutan.
Paisajeari buruzko hitzarmen honen proposamenak hiru estrategiatan oinarritzen
dira: Paisaje-Babespena, bitxien diren paisajeetarako; Paisaje-Kudeaketa,
garapen iraunkorraren testuinguruan paisaje arruntak gestionatu ahal izateko;
eta Paisaje-Antolamendua, aurreikuspenez jokatzeko behar berezia eskatzen
duten paisaje berrietan, edota aldaketa bortitzak jasan dituzten paisajeetan.
Konbentzioa sinatzen duten herriek hainbat konpromiso hartuko dituzte,
hala nola paisajeak ondare kultural, ekologiko, sozial eta ekonomikoa isladatzen
duela eta aldi berean herri baten nortasunaren oinarri dela onartzea eta
zabaltzea, edo paisajea lurralde antolaketa, hirigintza, kultura, ingurugiro,
nekazaritza, basogintza, gizarte eta ekonomia, eta abarretako politikan
kontutan hartzea.
Ekintza konkretuei dagokienez, sentsibilizazioa, trebakuntza eta heziketa
behar-beharrezkoak direla adierazten du Konbentzioaren testuak, eta ondorioz
garrantzi berezia ematen zaio paisajean adituak diren ikertzaile eta profesionalak
trebatzeari, heziketa programa disziplinanitzak sortzeari, eta bai irakaskuntza
ertainetan, bai unibertsitatean paisajea lantzeari. Era berean, gai honen
inguruan dibulgazioko lanetan aritzea ezinbestekoa dela dio Konbetzioak,
biztanlegoa sentsibilizatzeko helburuarekin.
Bestalde, Konbentzioak paisajeari buruzko ikerketak bultzatzea beharrezkoa
ikusten du, eta honen ondorioz Konbentzioa sinatzen duen herri bakoitzak
bere paisajeak aztertu eta baloratzeaz gain, paisajearen kalitatearen inguruko
helburuak garatu beharko ditu, bertan azaltzen den paisaje mota bakoitzerako.
Helburu horiek lortzeko orduan premiazkoak suertatzen diren kudeaketa, babespen
eta antolaketako neurriak ezartzeko konpromisoa ere hartzen dute Konbentzioa
sinatzen duten herriek.
Euskal Herriaren kasuan hain garrantzitsu diren mugaz bestaldeko paisajeek
behar bezalako arreta jasotzen dute ere, eta Konbentzioa sinatzen duten
herriek beronen helburuak herrialde mugakideen paisajeetan lortu ahal izateko
beharrezkoak diren pausoak emateko konpromisoa hartzen dute, neurri konkretuak
garatzea toki- eta eskualde-administrazioei dagokiela finkatuz.
Azkenik, Konbetzioak Paisajearen Sari Europearra sortzen du, bere helburuak
betetzeko orduan adibide aproposak direla erakusten duten kasuak nolabait
saritzeko. Aldi berean, Interes Europearreko Paisajeen zerrenda bat osotzea
proposatzen du ere, Europako naturguneen kasuan Natura 2000 sarearen bidez
egin den moduan.
Beraz, urte baten buruan Europako paisajeak ikertu, babestu, antolatu
eta gestionatzeko oinarri sendo bat eratzeko bidean gaude. Ekimen honen
oinarriak ezagutu ondoren, interesgarria litzateke ildo horretan lanean
hastea, ikerketak eta ekintzak aurreratuz, honela indarberritu den kontzeptu
honen inguruan sortzen ari diren eztabaidetan dagokigun neurrian zeresana
izan dezagun.
Miren Askasibar, Basque Fellow ohia Oxford-en |