Azken denboraldi honetan, lan-munduan euskararen
erabilpena sustatzeko ematen ari diren urratsen berri zabaltzen ari da komunikabideetan.
Horietatik ondorengo bi adibideak azpimarra daitezke: Euskararen Aholku
Batzordeak sustatutako euskara biziberritzeko plan nagusia eta "Kontseiluak"
kaleratutako helburuak. Bi kasu horietan, datozen urteetan lan-munduaren
euskalduntzeak hizkuntzaren normalizazioan edukiko duen garrantzia adierazten
da.
Oinarrizko hezkuntza, lanbide-heziketa eta unibertsitatea
euskalduntzen ari diren bitartean, nahiz eta eman beharreko urratsak oraindik
ere asko diren, gure gizartea euskalduntzeko landu beharreko bi esparru
nagusi administrazioaren euskalduntzea eta lan-mundua dira. Azken honek
printzipioz zailena dirudi. Alde batetik lan-munduan ekonomiaren sektore
desberdinak daude eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Eta beharbada,
horien artean zailenetarikoa industria izan daiteke. Industria ere oso sektore
heterogeneoa izatean, ez da batere erraza adierazpen orokorrak egitea. Hala
ere, horren barne teknologia, ekonomia eta abar luze bat kontutan har daitezke.
Kanpotik ikusita, batek baino gehiagok teknologiaren
eta euskararen artean dibortzioa dagoela pentsatuko du. Hala ere, errealitatea
bestelakoa da. Beste arlo askoren artean bezala, duela 20-25 urte puntako
gai teknologiko bat euskaraz nekez adierazten zen. Garai hartan UZEI eta
Elhuyar erakundeek, besteren artean, zientzi eta teknologi arloan hasitako
lanari esker, teknologia desberdinei zegozkien terminologiak landuz joan
dira. Gaur egun, nahiz eta adituek lan asko egiteke dagoela esan, erabiltzaile
garenok erraztasun handiak ditugu edozein gai teknologiko eta zientifiko
euskaraz adierazteko.
Terminologia landuta izatea beharrezkoa da,
baina ez nahikoa. Terminologia erabili behar da eta hori, orain arte, neurri
handi batean unibertsitatean garatu da. Zientzi fakultateetan eta injineritza
eskoletan gai teknologiko eta zientifiko desberdinak euskaraz urtez urte
garatzean terminologia teknologikoari bizitasuna eman zaio. Bere eguneroko
erabilpenaren poderioz, terminologia landuz eta gaurkoratuz joan da eta,
era berean, lizentziatu eta injineru gazteak bere erabilpenean trebatu egin
dira.
Gazte horiek unibertsitatea uztean eta lan-mundura
abiatzen direnean erdara nagusi den arlo baten aurrean aurkitzen dira (puntu
honetan analisi bera egin daiteke D eredua jarraitzen duten lanbide-eskoletako
gazteekin). Salbuespen batzuk izan ezik, egoera berri horretan euskara erabiltzeko
sortzen diren oztopoak gaindiezinak egiten zaizkie, bere eguneroko lan-harremanetan
erdara nagusia izanik.
Egoera horretan, gazte batek baino gehiagok,
ikasketak euskaraz zertarako egin galdetu egiten du (gertaera hau ez bakarrik
ikasketa teknologikoetan, ekonomian ere gauza bera gertatzen ari da). Ondorioz,
domino efektu baten aurrean aurki gaitezke. Beraz, honi aurre egiteko prozedura
bakarra koherenteak izatea da eta horretarako hezkuntza-sistemarekin piztu
ziren nahiak eta gogoak orain lan-mundura bideratu beharko ditugu.
Industriara lan egitera hurbildu egiten den
gazte euskaldun horrek ezingo du ia ezer egin bere lan esparrua euskalduntzeko,
nahiz eta berak gogoa eta arazoaren konzientzia eduki. Beste gai askotan
gertatzen denez, hemen ere industria (eta gainotzeko lan-munduak) euskalduntzeko
metodologia zehatza aplikatu behar da.
Duela urte batzuk Elhuyarren lanaren bitartez
zenbait lantegietan (Elay Balzers eta CAF adibidez) euskararen erabilera
areagotzeko mikroplanak martxan jarri ziren. Plan horietan lortutako emaitzak
oso onak izan dira, metodologiaren erabilgarritasuna erakutsiz. Ondorioz,
une honetan teknologiaren (eta ekonomiaren) arloan terminologia eta metodologiak
garatuta daude eguneroko lana euskaraz lantzeko.
Hori horrela baldin bada, zer falta da prozesua
nabarmenki zabaltzeko? Beharbada gauza zailena. Hau da, lan-munduan parte
hartzen duten aginte guztiak (enpresariak, sindikatuak, merkataritza-ganbarak
eta abar) prozesuaren beharraz jabetzea eta ondorioz, baliabideak jartzea.
Datozen urteetako euskaldunen erronka handiena hori da eta lortzen ez baldin
bada, dominoaren teoria martxan jar daiteke.
J.M. Rodriguez Ibabe, CEIT-eko ikerlaria |