NIP akronimoak espainieraz "NUCLEOS DE INTERVENCION
PARTICIPATIVA" adierazi nahi du.
Hiritarren parte hartzea bultzatu ahal izateko pentsaturiko mekanismoak
dira. Batez ere, udalerriko elkarbizitza hautsi dezaketen liskarrak ahal
den neurrian konpontzeko erabili izan dira.
Partaidetza-talde hauetako kideak zozketaz hautatuak dira, udal erroldatik
zuzenean. Baldintza bakarra: adin nagusitasuna ( 18 urte izatea). Parte
hartzea borondatezkoa da erabat.
Talde dinamikari jarraituz bideratzen dira NIP nukleoak. Honela, partaideak
informazioa eskuratzeko talde nagusian biltzen dira (25 pertsonek eraturiko
taldean, gehienetan). Proeiktuak eztabaidatu eta ebaluatzeko, ordea, bosteko
azpitalde txikitan elkartzen dira. Bosteko talde hauek ez dituzte beti pertsona
berdinek osatzen, aldakorra baita bere osaera, honela postura gainjartzaileak
eragotziz.
Era berean, bi aldi bereiz daitezke. Lehen aldia proektuei buruz informazioa
jaso eta entzuteko da eta horretarako, politikari, teknikari, herri-elkartetako
ordezkariek...azalpenak emateko aukera dute. Informazio hau osatu egiten
da mahai inguru eta ibilaldiak direla medio. Aldi honetan, partaideak baturik
egoten dira.
Bigarren aldia, alternatiba ezberdinak eztabaidatu eta ebaluatu ahal izateko
da erabilgarria. Garai honetan, partaideak azpitaldetan zatitzen dira (bost
kidek osaturiko taldetan).
Ebaluazio honen ondoren, proiektu bakar eta zehatz bat aukeratu beharra
dute partaideek.
NIP sistema hauen iraupena, proiektu jakin bakoitzaren araberakoa da. Partaideen
egitekoa, arazo jakin eta mugatu bati irtenbide aproposena bilatzea da.
Beraz, NIP taldeen helburua bitartekaritza-lanean datza, desiragarriak ez
diren egoerak ekidituz.
Izaera juridikoari dagokionez, esan beharra dago, ikuspegi juridiko zorrotz
batetik, ez dela loteslea partaideek aukeraturiko proposamena Administrazioarentzat.
Dena den, ikuspegi politiko-sozial zabalago batetik ontzat hartzea komenigarria
izan liteke. Honela, zenbait udalek izaera loteslea onartu izan diete.
Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoako Lurralde Historikoan burutu izan
dira NIP sistema hauek. Hain zuzen ere, ondorengo udalerriotan: Idiazabal,
Astigarraga, Tolosa, Oñati eta Aretxabaletan.
Idiazabalen futbol zelai berria eraiki nahi zuen udaletxeak. Baina zortzi
alternatiba zeuden mahai gainean. Hala ere, NIP gunetan parte hartu zuten
herritarren artetik ere sortu zen proiektu berririk proposamen gisa. Informazio
aldian, hitzaldiak alkateak, Gipuzkoako Futbol Federazioko buruak, kirol
teknikariak eta udal idazkariak eman zituzten. Lurjabe eta arkitektuek ere
parte hartu zuten aldi honetan. Gainera, mahai inguru bat antolatu zen herriko
elkarteen artean.
Hauei entzun ondoren, ebaluatu egin zituzten proiektu guztiak,orokorrean
hasieran, ondorengo irizpideen arabera: futbol zelaiaren premia, belardi
mota (artifiziala ala naturala), instalazioak ( aldagelak, dutxak, atletismo
pistak, gimnasioa, ikusleentzako eserlekuak, aparkalekuak), kokapena, finantziazioa...
Gero, aurkezturiko 9 plangintzei puntuazioa ezarri zieten, inguruabar hauek
kontuan hartuta: distantzia, trafikoa, soinua, ingurugiroa.... Azkenik,
herritarrek proiektu bakarra aukeratu zuten egokiena zelakoan.
Astigarragan, udaletxeak, polikiroldegi berri bat eraiki nahi zuen. Sei
alternatiba zeuden abiapuntu gisa. Informazio hitzalditan parte hartu zutenak
ondokoak izan ziren: alkatea, Prospektiker -ko zuzendaria, Foru Aldundiko
kirol teknikaria, udal idazkaria, arkitektuak. Lurjabeen ikuspegia ibilaldi
batean entzun zuten auzolagunek eta mahai inguruan herriko elkarteek parte
hartu zuten.
Eztabaidatu eta gero, zenbait baldintza kontsideratu zituzten, hala nola:
polikiroldegiaren beharra, eraikitzeko epea, iharduera nagusienak (saskibaloia,
pelota, futbol-sala, igeriketa, eskubaloia) eta erabilera osagarriak (kultur
ekintzak, musika ekitaldiak, erakusketak...), eraikuntza mota, kokapena,
finantziazioa, frontoiaren neurriak...Aurkezturiko 8 alternatibak puntuatu
egin zituzten gainera, irizpideon arabera: natur-guneekiko eta ikastetxeekiko
hurbiltasuna, sarrera bideak (oinezkoentzat eta ibilgailuentzako), aparkalekuak,
higiene baldintzak, ingurugiroa, estetika, orientazioa, haizearekiko babesa...Auzotarrek
erabaki zuten alternatiba zehatz bat, azkenik.
Oñatin, herriaren etorkizunaz gogoeta batzuren barruan, burutu izan
ziren NIP taldeok. Oñatin dauden leizezuloak turismoarentzat erakargarritasun
iturri bihurtu behar ote ziren, ala ez. Zehazkiago, Gesaltzan zein kultur
eta turismo proiektu burutu zitekeen zen eztabaidagai. Lau irtenbide zeuden
proposaturik.
Informazioa biltzeko, zortzi hizlari bertaratu ziren, esaterako: turismo
zerbitzuetarako enpresa bat, espeleologi taldea, alderdi politikoen ordezkaria,
talde ekologista, auzotar elkartea, partikular zenbait, Eusko Jaurlaritzako
teknikari bat.
Jarraian, leizezuloen ustiaketa proiektu zehatzak baloratu zituzten, hurrengo
alderdiak aintzat hartuz: lezeen barneko ibilbidea, sarrera kanpokaldetik
(ibilgailu eta oinezkoentzat), finantziazioa, ingurugiro eragina, estetika,
egikaritzeko epea, natur balioa, interes zientifikoa, zerbitzu osagarrien
beharra (aparkalekuak, jatetxea, erakusketa...)...Azkenik, proiektu bat
hautatu zuten.
Tolosako Amaroz auzoak problematika berezi bat bizi zuen, herriko erdigunetik
oso aparte, urrun eta lotura txikiarekin aurkitzen zela. Konexio zail hau
errazteko asmoz, udalak pasarela bat N1 errepide gainetik eraikitzea proposatu
zuen. Amarozko auzolagunen aburuz, goitik jarritako pasabide honek ez zituen
auzoaren integrazio oztopoak gainditzen. Gatazka honen aurrean, NIP taldeak
osatu ziren, Tolosa erdigune eta Amaroz auzo arteko komunikazio nahiz integrazio
modu egokiena aukeratzeko. Lau irtenbide zeuden plazaratuak.
Auzokideek informazioa ondorengoen aldetik jaso zuten lehen-lehenik: udal
arkitektua, auzo elkartea, alderdi politikoak. Aurrerago, eztabaitu. Eta
bukatzeko, ebaluazioa burutu zuten zenbait inguruabar neurtuz, besteak beste:
pasabidearen altuera, igoera-jaitsierak, ibilbidea, segurtasuna, egikaritzeko
epea, ingurugiro eragina, arkitekturazko oztopoak, kostua, oinezkoentzako
bidea, estetika, auzoaren integrazioa erdigunearen traman...Ondorioz, proiektu
bakarra hautatu zuten.
Azkenik, Aretxabaletan, hirigintza Arau Subsidiarioak, Aurrerapen prozesuan
zeudenean, NIP taldeen bidez auzotarren artean eztabaituak izan ziren. Azalpenak
ematera hirigintz zinegotzia, udal arkitektua eta alderdi politikoetako
ordezkariak gerturatu ziren. Eztabaida eta balorazioa, Aurrerapenak jasotako
eskemari jarraituz bideratu ziren. Hain zuzen ere, lurzoru mota bakoitzean
zeuden sektore , eremu eta zonaldeek zein erabilera izango zuten baloratu
zuten: industria, etxebizitza, gune orlegiak, enparantzak, nekazal nahiz
baso ustiakuntza, babes ofizialeko etxebizitzak, interes publiko-sozialeko
eraikuntzak, aisialdirako baratzak, errepideak, aisialdi eta turismo guneak,
igerilekua, bide gorriak...
NIP taldeen zenbait aplikazio aipatu ondoren, antzeman liteke oso ezberdinak
diren arloetan erabili izan dituztela udalek partaidetza mekanismo hauek.
Hala eta guztiz ere, galdera bat egitea nahitaezko gerta liteke: etorkizunari
begira, zer? Alegia, beste noizbait eta beste nonbait funtzionatuko al lukete
berriz ere?
Erantzunik ez dut neuk emango, baina, agian, herritarren sentimenduak sakonean
ukitzen dituzten proiektuak, aurrera eraman baino lehen, hauen parte hartzea
bultzatzea eta beren ikuspegiak entzutea ekarpen baliotsua izan liteke udaletxeetan
ardura politikoak dituztenentzat, eta baita plangintzak gauzatzen dituzten
teknikarientzat ere.
Beharbada, arazo puntualetan erabil litezke NIPtaldeok. Baina zein arazo
puntualetan? Euskal Herriko edozein hiri, herri nahiz auzok duen ingurune
adierazgarri hori, bertakoentzat hain esanahi berezia eta sakona duen alderdi
zein eraikuntza hori....aldatzeagatik ala ukitzeagatik bizturiko liskar
puntual horietan, adibidez?.
Itziar Azurza, Zuzenbide Lizenziatua |