Bere sorrerarekin ia batean heldu zion HABEk espezialdua eta publikoa
izango zen biblioteka bat antolatzeko asmoari, 1982. urtean. Urtetik urtera
hazten joan bazen ere, ez zuen egoera egonkorrik ezagutu (lau toki desberdin
12 urtetan), harik eta 1994ko udazkenean HABEren zerbitzu guztiak biltzen
dituen egoitzan jarri zen arte.
Hamabi urte horietako lanik nagusiena ondare bibliografikoa biltzea izan
zen (mundu zabaleko 20.000 liburu eta 600 aldizkari-bilduma), 1994tik aurrera
zerbitzuak eskaintzea izan da gure egiteko nagusia; eta aurrera begira ere,
gero eta zerbitzu hobeak emateko azpiegitura sortzea da xedea.
Azken lau urte hauetan berealdiko aldaketak gertatu dira liburutegian:
aplikazio informatiko estandar batek (Absys-ek) kudeatzen du liburutegiko
funtzionamendua (katalogoa, maileguak, erosketak...), unibertsitateko campusetik
gertu dago orain, egoitza egokia eta egonkorra du, etab. Honek guztiak,
eta urtero-urtero egin ditugun zabalkunde-kanpainek izan dute emaitza onik:
bezeroak asko ugaldu dira (10 halakotu 3 urtean!); martxan genituen zerbitzuak
askozaz ere erabiliagoak dira eta etengabe ari gara zerbitzu berriak eskaintzen
eta lehendik zeudenak egokitzen eta hobetzen.
2. Jakintza-eremua: aurreiritziak eta uste okerrak
Oraindik ere zenbaitek pentsatzen du HABE Liburutegian biltzen diren dokumentuen
gai-esparrua euskarara mugatzen dela eta, hortaz, soilik (edo batik bat)
euskarazko testuak edo euskarari buruzkoak jaso eta eskaintzen ditugula
bibliotekan.
Egia, ordea, besterik da. Hizkuntzen didaktika eta soziolinguistika dira,
euskararekin batean, liburutegi honetako ardatz nagusiak; eta, gai nagusi
horiez gain, maila apalagoan, psikolinguistika, hizkuntzalaritza, pedagogia,
psikologia eta soziologia bezalako gaiak ere lantzen ditugu.
Hortaz, liburutegira etorri aurretik jendeak pentsatzen duena eta bertara
etorri eta aurkitzen duena ez datoz gehienetan bat. Askok eta askok liburutegiaren
berri izan izaten dute baina, betiere, euskarara mugatzen dute automatikoki
liburutegiaren esparrua. Saiatuko gara, beraz, jakintza-eremua zehazkiago
azaltzen:
1. Hizkuntzen didaktika (6.500 liburu)
Atal honetako gaiak dira: hizkuntz jabekuntza, hizkuntz ikaskuntza, hizkuntz
irakaskuntza (metodologiak, teknikak, curriculuma, ebaluazioa...). Aztergai
dagoen hizkuntza izan daiteke: ama-hizkuntza, bigarren edo hirugarren hizkuntza,
hizkuntza arrotza. Dauden metodo eta materialekin, honako hizkuntzok ikasi
edo irakatsi daitezke: euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelania, alemana,
etab.; baina baita ere eslovakiera, ukrainera, turkiera, koreera, hindi,
georgiera, swahili...
2. Soziolinguistika (5.500 liburu)
Hizkuntzen alderdi sozialak dira hemen aztergai: elebitasuna, eleaniztasuna,
diglosia, hizkuntz plangintza, hizkuntz politika, demolinguistika, etnolinguistika,
gutxiengo linguistikoak... eta, oro har, munduan dauden 5-6 mila hizkuntzen
egoera sozialari buruzko informazioa.
3. Euskara (6.000 liburu)
Bi atalotan banatuta:
Euskarari buruz. Corpusari nahiz estatusari buruzkoak (gramatikak, metodoak,
normalkuntzaren gainekoak...)
Euskaraz argitaratzen dena (literatura, gizarte-zientziak, natur zientziak,
filosofia...)
4. Hizkuntzalaritza, Pedagogia, Psikologia, Soziologia (7.000 liburu)
Zientzia hauetako dokumentuak gure gai nagusietarako ekarpen diren neurrian
liburutegiratzen ditugu.
Hori guztia horrela izanik, esan daiteke HABE Liburutegiaren jakintza-eremua
hizkuntzena dela, bertan euskarak toki berezia izango badu ere.
3. Zerbitzuak
Mailegua
Aldi berean hiru liburu eraman daitezke hiru astetarako.
Donostiara etorri gabe ere, HABEk Bilbon eta Gasteizen dituen bulegoetan
jaso daitezke liburuak maileguan (baina kontu! eskatu beti Donostiara).
Biblioteken arteko mailegu-zerbitzua: liburuen mailegua eta fotokopia- zerbitzua,
unibertsitateetako bibliotekek eskaintzen dutenaren parekoa (Rebiun ordain-sariak).
Fotokopiak
Liburutegian fotokopiadora txanponduna (10na pezeta), nork bere kopiak egiteko.
Euskaltegientzako zerbitzu berezia: eskatzen dituzten artikuluen kopiak
bidaliko zaizkie euskaltegiei (10na pezeta).
Ekoizpen dokumentalak
Eskuratu Berrien Albistea. Liburutegian jasotzen diren dokumentuen berriemailea.
Bihilabetekaria eta doanekoa.
Aldizkako Argitalpenen Katalogoa. Urterokoa eta doanekoa.
CD-Romen Katalogoa. Urterokoa eta doanekoa.
Tesien Katalogoa. Urterokoa eta doanekoa.
Bideoen Katalogoa. Urterokoa eta doanekoa.
Bestelako zerbitzuak
Katalogoak kontsultatzeko bi pantaila (opac) areto nagusian.
Ikusentzunezko gela: bideo, telebista, CD, kasete, diskete, CD-Rom, mikrofitxak
ikus-entzuteko gela berezia
Bisita gidatuak. Euskaltegi nahiz fakultateetako ikastaldeek bisita dezakete
liburutegia. Bisita gidatua izatekotan, eguna eta ordua eskatu behar dira
aldez aurretik.
Ikastokiak: 15 lagunentzako tokia irakurgelan eta taldean aritzeko launakako
bi mahai eta beste bost ikastoki areto nagusian.
¨Zuzeneko irispidea liburu-aldizkarietara.
4. Aurrera begira
Bi milagarren urtearen amaierarako aurrerapauso handiak eginak izango ditugu
liburutegian eta jendeak informazio asko izango du eskura informatikari
esker. Labur-labur, hona eskuartean ditugun egitasmoak:
Katalogazioa 1998-2000 hirurtekoan liburutegiko dokumentu guztiak katalogatuko
dira progresio honi jarraiki:
1998 bukaeran: 10.000 erregistro katalogaturik
1999 bukaeran: 17.500 erregistro katalogaturik
2000 bukaeran: 25.000 erregistro katalogaturik
Artikuluen datu-basea Datorren urtearen amaiera alderako liburutegiko
aldizkarietako eta artikulu-bilduma diren liburuetako milaka eta milaka
artikuluekin datu-base bat egongo da kontsultatzeko moduan. Datu-base honen
bidez, ezkutuan eta erdi galdurik dagoen informazio-mordoa jendearen eskura
egongo da.
Internet 1999. urterako liburutegiko katalogoa kontsultatu ahal izango
da Interneten bidez eta 2000. urterako, berriz, artikuluen datu-basea.
Gurekin harremanetan jartzeko:
HABE Liburutegia
Vitoria-Gasteiz 3
20009 Donostia
Tel.: 943 41 26 04
943 41 26 00
Fax: 943 41 26 01
E-mail: habe-liburu@ej-gv.es
Imanol Irizar, HABE Liburutegiko arduraduna |