1995. urtean eta herri aginteekin sinatu zuen
hitzarmen baten bidez hasi zen Euskaltzaindiko AZKUE BIBLIOTEKAko ondarearen
katalogazio-prozesua. Katalogoa egiten hasi ginen unetik bertatik, oso garbi
zegoen katalogoak, hasierako fasean bederen, elebakarra behar zuela izan,
hau da, euskara hutsean. Oinarri hori finkatzea ezinbestekoa zen etorkizunean
katalogo elebidun, edo hobeto esanda, eleaniztun bat, diseinatzeko
Gaur egun ez dago nik dakidala, euskara hutsean
egindako tamaina honetako beste katalogorik, nahiz eta hainbat biblioteka
bide hori jorratzen ahalegintzen ari den; hor ditugu, besteak beste, HABEko
Biblioteka, Bertsolari Elkartekoa, SHEE-IVEFekoa eta beste hainbat ere.
Baina Euskaltzaindiaren egitasmoaren ezaugarrriak eta helburuak zabalagoak
eta osoagoak direla esan dezakegu
Hortxe kokatu behar dugu, bada, egiten ari garen
lana, Azkue Bibliotekako Katalogoa, ABK egitasmoa.
Gure eguneroko lanari buruz zerbait esatekotan,
bi arazo nagusi nabarmenduko nituzke: alde batetik, esan gabe doa diru aldetik
garestiagoa dela euskara hutsean egin beharreko katalogoa, eta beste alde
batetik, halako kontuetan aintzadariak izanik, aurre egin behar izaten diogu
ea egunero-egunero hainbat arazo teknikori.
Diru arazoari buruz, bi hitz besterik ez. Gaur
egun, erregistro bibliografiko bakoitza euskaraz katalogatzea garestiagoa
da, zeren eta aldaketa eta zuzenketa gehiago egin behar baita. Alegia, edozein
hizkuntzatan katalogatzen dugula ere, hainbat zuzenketa bibliografiko edo
bibliotekonomiko egin behar dira, baina euskararen kasuan, horiei zuzenketa
linguistikoak gehitu behar zaizkio.
Horrek dirutan duen isla nabarmena da: egunero katalogatzaile bakoitzak
hogei bat dokumentu katalogatu beharrean, hamabost bat katalogatzen ditu.
Kostu hori guztia Euskaltzaindiak onartu eta bereganatu zuen, eta gaur egun
8.000 dokumentu katalogatzen dira urtean barrena.
Diru kontuak alde batera utzita, ikus dezagun
zertan datzan arestian aipatu ditugun arazo teknikoak, ekonomikoak baino
larriagoak dira eta .
Hasieran esan dugun moduan, Azkue Bibliotekako
Katakologoa (ABK) euskal proiektu bat da eta jakina, euskal proiektua izango
bada hala edo nola konpondu beharko ditu aipatutako arazo linguistikoak,
eta hain zuzen ere hortxe dago koxka, nola konpondu arazook?
Euskaltzaindiak, beste egitasmo haundi batzuetan
bezala (Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa
(EHHA), ... eta abar ), Azkue Bibliotekako Katalogoa (ABK) koordinatzea
eta garatzea batzorde baten esku jarri du. Gure katalogoak sortzen dituen
beharrei aurre egiteko Bibliotekako Batzordea dugu, baina badira beste zenbait
batzorde ere, proiektuan laguntzen dutenak: Onomastika Batzordea, Hiztegi
Batua Batzordea eta Literatura Ikerketa azpibatzordea, besteak beste
Bibliotekako Batzordean orain arteko egin duen
lanaren hari nagusiak hauek dira:
Batetik, euskaraz katalogatzeko hamar erregela arautu ditu, eta denak oso
garrantzitsuak izan arren, bat aipatzekotan, "Euskal Herriko historiari
buruzko erregela" nabarmenduko nuke, zeren bertan finkantzen baitira
euskal historiaren osotasuna kontuan hartuz, Euskal Herriko historiari buruzko
liburuak sailkatzeko erabili behar ditugun gai sarrera guztiak
Esate baterako, "El carlismo alavés
y la guerra civil de 1870-1876" izenburua ez dugu katalogatuko "Espainia-Historia-1873-1876
(Karlisten Gerra)" gai-sarreran, ezpada "Euskal Herria-Historia-1872-1876"
(Karlisten II.Gerra) eta "Araba-Historia-1462-1876 (Foruen Aroa) sarreretan.
Era berean Azkue Bibliotekako katalogoan , "Bayonne et le Pays Basque
au temps de la Revolution" monografia , "Euskal Herria-Historia-1789-1815
(Iraultza eta Inperioa)" atalean bilatu beharko duzue, eta ez "Frantzia-Historia-1789-1799
(Iraultza)" izenekoan.
Bide honi jarraituz, momentu honetan Bibliotekako Batzordea munduko literaturak,
eta bereziki euskal literatura sailkatzeko behar diren erregelak lantzen
ari da
Bestetik, esan dugunez, deskribapen bibliografikorako
erabiltzen ditugun tresnak (ISBD, RRCC, Gai-zerrendak...eta abar.) hizkuntza
desberdinetan daude. Hau da, euskarazko tresna baliogarririk ezean, hainbat
hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, ...eta abar)
dauden materialak erabili behar ditugu.Hutsune hau bete nahiean Bibliotekako
Batzordeak, mota desberdinetako 1600 euskarazko termino onartu ditu.
Horrela, adibidez, Sevillako Unibertsitateko
"Encabezamientos de materias de la Universidad de Sevilla" gai-zerrenda
eleaniztuna (gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez baitago), euskarazko
terminoekin osatu eta egokitu dugu.
Baita ere, edozein dokumentu katalogatzeko behar
ditugun terminologia arruntena , esaterako, "orrialdea = página",
"orrialdeztapen bikoiztua = paginación duplicada", "orrieldeen
birzenbaketa = páginas también numeradas", ... ; edota
liburu zaharrak sailkatzeko behar diren ohar zailagoak, "encuadernado
con dos hojas no pertenecientes al ejemplar = aleari ez dagozkion bi orrialdez
azaleztatua", ...
Eta azkenik, sarrera nagusiak edo autoritateak,
hauek ere, mota desberdinetakoak direlarik: sarrera pertsonala denean, "Francisco
de Asís, Santo = Frantzisko Asiskoa, Santua", edo sarrera erakunde
bat denean "Iglesia Catolica. Papa (1958-1963:Juan XXIII) = Eliza Katolikoa.
Aita Santua (1958-1963:Juan XXIII.a") edo izenburu hautatu bat, "Biblia.
A.T. Génesis = Biblia. I. Z. Hasiera" edota sarrera nagusia
gaia denean "Iglesia y problemas sociales- Euskal Herria = Eglise et
problèmes sociaux-Euskal Herria = Churh and social problems-Euskal
Herria = Eliza eta gizarte arazoak- Euskal Herria".
Beraz, ikus dezakezuenez, hasi besterik ez gara
egin, eta aurretik duguna bide luzea eta malkartsua izango da zalantzarik
gabe, baina, agian, pausurik zail eta garrantzitsuena eman dugu, mahai gainean
jarri dugulako euskaraz katalogatzeak dakartzan arazo behinenak zeintzuk
diren, eta orobat mahai gainean jarri dugulako horientzako irtenbiderik
aproposenak zeintzuk izan daitezkeen bizi dugun errealitatea eta ditugun
mugak ikusi eta onartuta.
Kristina Arana Bareño, Azkue Bibliotekako
Katalogazio Arduraduna
Euskaltzaindia |