Euskal liburutegi nazionalari buruz egokitu
zait idaztea eta, hasteko, esan behar dut ez zaidala oso samurra egiten:
izan ere, "kultura nazionalaren zutabe" omen dena ez edukitzeak
gure kultur egituretako gabezia handi bat nabarmentzera behartzen bainau.
Kontzeptuaren azpian dagoena, laburki bederen,
gehienok dakigu: liburutegi nazionala kultur komunitate baten erreferentzia
bibliotekario nagusia da, bertako ondare bibliografikoaren bilketa eta kontserbazioa
bermatzeko. Honekin lotuta, hainbat zeregin ditu, nazioarteko erakundeek
(Unescok, Iflak...) funtsezko edo komenigarri bezala finkatu dituztenak
eta, tokian tokiko egoeraren arabera, malgutasun handiz, beraz, erabakitzen
direnak. Garrantzitsuenak aipatuz: lurraldeko ekoizpen bibliografikoa jasotzea,
bibliografia eta katalogo kolektiboak elaboratzea, sistema bibliotekarioaren
buru eta koordinatzaile izatea...
Batek baino gehiagok Euskal Herriko lurraldeen
banaketa instituzionala aterako du eragozpen nagusi bezala proiektu hau
bideratzeko. Ihardespena ere ildo horretatik doa: Euskal Herriaren egoera
anitz eta sakabanatuari dagokiona sistema erabat deszentralizatua da, baina
deszentralizazioak ez du koordinazioa ezinezko egiten. Gure kasuan, sinpleki,
nahitaezko errealitate edo abiapuntua da. Hori bai, koordinazioak oinarrizko
egiturak exigitzen ditu eta arlo horretantxe ditugu lehenengo hutsune nabarmenak:
Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan, orobat Iparraldean, eginkizun dira
oraindik bai liburutegi nagusi edo zentralak, bai liburutegi legeak.
Estatu espainiarraren erreferentzia hartuta,
azken hogei urteotan, Estatuko autonomi erkidego gehienek liburutegiei buruzko
legeak onartu dituzte baita, legedi horien barruan, liburutegi nagusiak
sortu ere: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon,
Valentzia... Biblioteca Nacional delakoak Estatuaren mailan dituenen antzekoak
dira funtzioak, bakoitzak bere lurraldea marko bezala hartuta. Aipamen berezia
merezi du Kataluniaren ereduak: Kataluniako Liburutegi Legea (bigarrena,
1993koa) baita osatuena eta pentsatuena Estatuko gainerakoen artean.
Kataluniako Liburutegien Sisteman, bertako liburutegi
guztiak integraturik daude, modu batean zein bestean: publikoak, pribatuak,
unibertsitateetakoak. Kataluniako Liburutegi Nazionalaren helburua honako
hau da: "recoger, conservar y difundir la producción bibliográfica
catalana y la relacionada con el ámbito lingüístico catalán,
incluída la producción impresa, periódica o no, visual
y sonora". Bestalde, "La Biblioteca de Cataluña, primer
centro bibliográfico de la cultura catalana, mantendrá mediante
las adquisiciones pertinentes, la condición de centro de consulta
y de investigación científica de carácter universal".
(1)
Badugu, beraz, gugandik ez urruti, nora begiratu, egungo egoera gainditu
nahi badugu. Lehenago esan dudan bezala, liburutegi nazionalaren eginkizunak
hainbat dira, baina nik, hemen, bi gaiotan jarriko dut arreta, biok ere
daukaten garrantziagatik: euskara katalografikoan eta euskal bibliografian.
Euskarak eta euskal kulturak beren agentzia
bibliografikoa behar dute
Jakina denez, azken hamarkadetan dokumentazio
arloan, beste arlo batzuetan bezala, normalizaziorako joera gauzatu da,
nazioarteko erakunde garrantzitsuenen (IFLA, UNESCO, ISO...) ahalegin eta
sustatzeari esker.
Honen ondorioz zenbait oinarrizko egitarau onartu
dira: UBC (Universal Bibliographical Control) dugu horietako lehena. UBCa
IFLAren (International Federation of Library Associations and Institutions)
eskutik sortu zen Grenobleko Jardunaldietan, 1973an, eta bi helburu zituen:
agentzia bibliografikoak ezartzea nazio bakoitzean eta nazioarteko katalogazio
arauak onartaraztea.
Nazio bakoitzak agentzia bibliografikoa eduki
beharra agentzia horrek egin behar duen lanaren konplexutasunak eskatzen
du: bere lurraldeko argitalpenen kontrol bibliografikoa asumitu behar du
nazioarte mailan, indarrean dauden araudien barnean (ISBD, MARC), modu fidagarri
eta kalitatezko batez. Hizkuntz aldetiko berezitasunik dagoenean areagokoa
da premia hori: agentzia katalografikoa bere nazioko produkzioaren emaile
da nazioarteari begira, batetik, eta, bestetik, nazioarteko araudiak komunitatearen
beharretara egokitzen dituena. Konprenituko denez, azpiegitura finko eta
sendoa behar da lan honen kalitatea bermatzeko.
Agentzia bibliografikoak informazio sistema
nazionalen barnean planteatu dira UNESCOren eskutik eta eskuarki liburutegi
nazionalaren kontzeptuari lotu zazkio: liburutegi nazionala baita bibliografia
nazionalaren ekoizlea eta lurraldeko agentzia bibliografiko moduan jokatzen
duena. Hau zuzenean zein bere menpeko erakunde baten bidez egin dezake.
Esan dudan bezala, Euskal Herriko autonomi erkidegoetan eginkizun dira oraindik
bai liburutegi nagusia baita agentzia bibliografikoa ere. Nafarroak dirudienez
aurre hartu dio EAEri asmo aldetik bederen : "Biblioteca General de
Navarra" deiturikoa izango baita liburutegi nagusia eta "Instituto
Navarro de Bibliografía" sortuko omen dute liburutegi horren
itzalean "Bibliografía Navarra" ekoizteko xedearekin.
Argi dago honelako egiturak behar ditugula kanpora
begira kultur komunitate bati dagokion duintasunez azaldu nahi izan ezkero
eta barrura begira zerbaiten eredu instituzionala eskeini nahi baldin bada:
Madrilen katalogatzen dutenak ez digu balio, ezta Gasteizen baino erderaz
egina denak ere. Euskal Herriko instituzio batek bere bibliografia erdara
hutsez eskaintzea burugabekeria da: alde batetik, Madrilen (edo Parisen)
egiten dutena errepikatzea delako eta, bestetik, arlo honetako euskara normaltzeak
esfortzu garbi eta indartsua exigitzen duelako. Esan dezagun bidenabar,
horrelako lanari ezin zaiola boluntarismoz edo erdipurdi ekin: errekurtso
nahikoak (pertsonak, baliabide materialak) eskaini behar zaizkio, zalantzarik
gabe.
Euskararen normaltzeak katalografi arloan hainbat
erronka ditu begibistan: eleaniztasunaren errealitateari erantzun behar
zaio (katalogo elebakar, elebidun edo eleanitzaren aukera garbiki zehaztuz),
euskarari berari hornitu behar zaizkio behar dituen lan tresnak (deskribapen
bibliografikorako terminologia, sarrera-puntuak edo autoritateak, nazioarteko
katalogazio arauen itzulpen edo egokitzapena ...), datu bibliografikoak
euskarri informatikoan emateko MARC formatoa egokitu behar du... Eta, gainera,
inoiz ez da ahaztu behar tresneria horretaz balitatuko diren erakundeak
anitzak direla: liburutegi publikoak, unibertsitatekoak, espezialduak, dokumentazio
zentroak... Ezin gaitezke, bada, engainatu: euskarari leku duina emateak
egitura bibliotekario sendoa eta ongi bideratua eskatzen du.
Bestalde, teknologi berrien azken eragina aipatuz,
batzuren iritziz eta duela hogei urte besterik uste bazen ere, kontrol bibliografikoaren
benetako gauzatzea agentzia bibliografikoek edo katalogo kolektibo erraldoiek
baino areago biblioteketako sistema informatikoetako OPACen (Online Publicc-Access
Catalog) kontsultek ahalbidetu dute. Azken honek, dena den, ez dio arrazoirik
kentzen orain artean esandakoari, izan ere, kalitatea ez baita gai honetan
inprobisatzen, aurretik egindako lanaren ondorioa da. Bestetik, zer-nolako
inpresioa hartuko du gure OPACetara begira jartzen denak, nortasun bereziko
komunitatea garela jakinik komunitate berezi batengandik itxaron daitekeen
emaitza aurkitzea espero badu?
Alde honetatik, kanpoko autore baten hitzak
ekarriko ditut honera. Izan ere, argigarriak dira oso, kanpotik nola ikusten
gaituzten ikusteko: Jose Antonio Cordón Garcíak, iaz argitaratutako
liburuan, honela zioen:
"El País Vasco accede a la autonomía
mediante ley orgánica 3 (1979 de 18 de diciembre) (...) La legislación
bibliotecaria que dimana de los órganos de gobierno es escasa y de
poca entidad. En concreto carece de una ley de bibliotecas con el carácter
de norma reguladora general de toda la comunidad, como ocurre en casi todo
el resto del Estado español. (...)
Estas son las únicas menciones que, desde el punto de vista del control
bibliográfico, se efectúan en la legislación vasca
de bibliotecas. Ninguna alusión por tanto a la necesidad de una biblioteca
central de carácter nacional o regional, a la necesidad de elaborar
una bibliografía que recoja el producto de la producción editorial
vasca, de dar a conocer la cultura vasca a la comunidad implicada y al exterior.
Nada absolutamente que relacione las oportunidades que la nueva situación
política y administrativa supone para el desarrollo y la extensión
de la cultura e idiosincrasia de la comunidad, como veíamos en otras
legislaciones. Y esta parquedad, que podríamos considerar inherente
a una mentalidad o a unos comportamientos más inclinados a los hechos
que a las formulaciones teóricas impracticables, se da también
en las actuaciones, pues en el País Vasco no existe equivalente alguno
a la realización de productos bibliográficos como los de Cataluña
o Galicia, las otras comunidades cuya particularidad linguística
justificaría con más ahínco la confección de
un instrumento que, además de difundir los productos de su lengua,
sirviera como fundamento de la conciencia grupal." (2)
Denbora asko ez dela, prentsaren bidez (Egunkaria,
1998-7-21), Eusko Jaurlaritzaren proiektu baten berri izan genuen: Kultura
Saila "Euskadiko Liburu-Ondarearen Katalogo Nagusia" osatzen ari
omen da, Interneten bidez guztientzat eskuragarri izango dena. Horretarako,
zenbait liburutegi publikoen katalogoez gainera, Gasteizko Apaiztegiko Liburutegiaren,
Lazkaoko Beneditarren, eta Loiolako Santutegikoaren katalogoak abian edo
amaituak dira jada. Ez zuen ezer aipatzen, ordea, hizkuntz kontuaz eta,
profesionalak garenok, beldur gara omisio horrek izan dezakeen esanahiaz;
izan ere, plangintza, lankidetza eta batez ere egitura eskatzen du euskararen
auziak: zentro edo agentzia bibliografikoa beharrezkoa da eredu katalografiko
duina eman ahal izateko.
Euskal kulturak ere, gaurko egunean egokia litzatekeen
bibliografia izateko, agentziaren beharra du. Izan ere, orain artean egon
den proiektu anbiziosoena, meritu haundikoa, Jon Bilbaoren "Eusko Bibliographia"
(3), denok dakigun bezala, etenda dago eta ez dirudi horren ordez ezer prestatzen
ari direnik. Beste lan txalogarriak ere baditugu, Joan Mari Torrealdairena
(4) eta, helburu lexikografikoarekin, UZEI lantzen ari den "XX. mendeko
datu base bibliografikoa"; baina hauek ere ekimen partikularren bidez
gauzatu dira eta ezin dute erakunde ofizialen lana ordezkatu (lagundu bai,
agian). Bete-betean, instituzio publikoen ardurakoak dira lan-asmo hauek.
Instituzio publikoek diseinatu eta bideratu behar dute politika bibliotekarioa,
politika honek bakarrik sortu bait litzake euskara katalografikoari edo
euskal bibliografiaren proiektuari sostengu emango diozkioten bitartekoak.
Amaitzeko, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak
"XXI. mendearen akordioa : Bai Euskarari" kanpaina jarri du oraintxe
abian, euskara guztion artean indarberritzeko asmoz: biblioteka eta dokumentazio
zentroetako profesionalok ere geure lekua hartu behar genuke euskalgintzaren
lanbide komunean, gure aportazioaren beharraz ez baitago zalantzarik.
Agurtzane
Juanena, Bibliotekaria
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea
(1) Arana Palacios, Jesús eta
Olaso Val, Anabel. Legislación sobre bibliotecas : un estudio comparativo.
Non: TK. 1 zk. (1996 ekaina), 43-53 orld.
(2) Cordón García, José Antonio. El registro de la
memoria : bibliografías nacionales y depósito legal. Gijón
: Trea, 1997. ISBN 84-89427-23-2, 223-224 or.
(3) Bilbao, Jon. Eusko bibliographia : euskal bibliografiaren iztegia....
San Sebastián : Auñamendi, 1970-1981. ISBN 84-7025-158-9
(4) Torrealdai, Joan Mari. XX. mendeko euskal liburuen katalogoa. [Donostia-San
Sebastián], Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura eta Turismo Departamentua,
1993-1997 ISBN 84-604-8194-8 I / 84-605-4513-X II / 84-922537-7-0III
Erlazionaturiko bibliografia:
- Garzia, Pruden. Euskal Biblioteka
Nazionala. Non: Argia, 1998 uztailak 19, 30 or.
- Iturralde Sola, Juana eta Arana Palacios, Jesús. Entrevista a Carmen
Jusué Simonena, Jefe de Sección del Libro y Bibliotecas. Non:
TK. 1 zk. (1996 ekaina), 19-22 or.
- Juanena Alustiza, Agurtzane. El euskera en la catalogación de nuestro
patrimonio bibliográfico. Non: ALDEE, Año 2, n. 4 (dic. 1996),
16-21 or.
- Juanena Alustiza, Agurtzane. Euskal liburutegi nazionalaz. Non: Jakin,
105 zk. (martxoa-apirila 1998), 35-52 or. |