Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia kezka batek eraginda sortzen da:
euskararena. Hori da bere izatearen funtsa eta ardatza. Jakina, askoz ere
modu zehatzago baten beste honela ere adieraz daiteke: gaur egun, bibliotekari
eta dokumentalista euskaldunek ez dugu inolako modurik gure eguneroko lana
euskaraz egiteko normaltasunez. Eta 1998an gaude. Alegia, hogei urte pasatu
dira euskararen koofizialtasuna legeztatu zenetik, eta bibliotekonomiari
dagokionez, ia-ia orduan bezala gaude. Zer egin?
Erabakirik garrantzitsuena elkarrengana biltzea izan zen, mintegi bat
sortuz gure arazoei buruz hitzegiteko eta irtenbideak lantzeko. Hori dela
eta, hamalau bibliotekari eta dokumentalistek oinarri batzuk idatzi genituen,
eta jendeaurrean aurkeztu, Durangoko Liburu eta Diska Azokan. Behean duzuen
lehenengo dokumentua da.
Hortaz gain, hilero bildu izan gara Donostian, gure lana bi ardatzetan
banatu dugularik: lan teorikoa, Euskal Herriko biblioteka, artxibo eta dokumentazio-zentruen
egoerari buruz, eta lan praktikoa, euskarazko terminologia baliagarri bat
adosteko guztion artean. Lehen ardatzean, partaideak eginiko zenbait txosten
eztabaidatu dira: emaitza nagusia Euskal Biblioteka Nazionala behar dugu
izeneko adierazpena izan da, komunikabideei zabaldu zitzaiena (behean duzue
osorik). Bigarren ardatzean, bi termino zerrenda onartu dira: liburuaren
deskribapen fisikoari buruzkoa eta ohar katalografikoei buruzkoa. Hogeita
zortzi lagunek harte zuten parte gure lanetan. Heldu den urtean ere bi ildo
horietan lan egiteko asmoa dugu, eta espero dugu lagun gehiago hurbilduko
dela.
Pruden Garzia, Azkue Bibliotekako Zuzendaria
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea
1. eranskina: OINARRIAK
Donostia, 97ko Urriaren 2a.
Sinatzaileok Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia sortzea erabakitzen
dugu. Hauexek dira Mintegiaren oinarriak:
Helburua: Euskararen erabilera normaltzea Euskal Herriko biblioteka eta
dokumentazio zentruetan, maila guztietan baina bereziki katalogazioari dagokionez.
Eginkizunak: Hauexek izango dira Mintegiaren eginkizun nagusiak:
1. Euskal Herriko bibliotekari eta dokumentalisten bilgune eta gogoetarako
plataforma izan.
2. Euskararen egoera eta arazoei buruz informazioa jaso, aztertu, arazo
nagusiak diagnostikatu eta soluzioak proposatu eta landu.
3. Bereziki katalogazioari buruzko arazo teknikoak aztertu eta soluzioak
proposatu eta landu.
4. Herri Aginteekin harremanak izan, elkarlaguntza jator baten bitartez
arazoak ezagutarazi eta proposamenak bideratzeko.
5. Gizarte mailan biblioteka eta dokumentazio zentruen ezagutza bultzatu,
bereziki euskararekin lotutako arazoei dagokienez.
Partaideak: Edozein bibliotekari edo dokumentalista, euskarak biblioteka
eta dokumentazio zentruetan duen arazoekin interesatuta dagoena.
Bilerak: Mintegia hilean behin bilduko da, hilaren lehen ostegunean hain
zuzen ere, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
2.eranskina:
EUSKAL BIBLIOTEKA NAZIONALA BEHAR DUGU
JOANA ALBRET BIBLIOTEKONOMIA MINTEGIAREN ADIERAZPENA
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaideok, urtealdi honen amaieran,
honako hau adierazi nahi dugu:
1. Euskal Herriko biblioteka, dokumentazio-zentru eta artxiboen egoera,
orohar, kezkagarria da: arazo eta gabezia haundiak daude. Bereziki euskararen
estatus eta erabilerari dagokionez, egoera biziki txarra da.
2. Alor horren arazo eta gabeziei aurre egiteko politika aktiboago eta eraginkorrago
bat eskatzen dugu. Orobat, euskal erkidegoetan horretarako legeak egitea.
3. Euskal Biblioteka Nazional bat eskatzen dugu, alegia, Euskal Herri osoko
biblioteken arteko lotura eta koordinazioa bideratuko lukeen biblioteka.
Herri Aginteei eskatzen diegu lehenbailehen beherrazkoak diren elkarrizketak
eta gestioak egin dezaten proiektu historiko hori abiarazteko.
4. Bereziki, euskarak pairatzen duen bazterkeriari konponbidea emateak lehentasun
osoa beharko luke izan. Euskal Agentzia Katalografiko bat eskatzen dugu
alor honetako arazoak bideratzeko.
Adierazpen hau euskal herritar orori zuzendua da, eta prentsaren bidez
zabalduko da. Kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan laster hauteskundeak
izango direla, dei berezi bat egiten diegu erkidego honetako alderdi politiko
guztiei gure eskaerak aintzat har dezaten. |