Ume eta gazteen hezkuntza beti egon da familiarekin
lotua, baina
XVI. mendetik aurrera (eta batez ere, XIX. mendetik aurrera), irakaskuntza
instituzionalizatua Euskal Herrian ere zabaldu zen.
Hasiera batean, gizarte tradizionala osotzen
zuten jakintza
ezberdinak ahoz-aho transmititzen ziren familiaren, eleizaren eta
herri-taldearen barnean. Oso jakintza egonkorra zen eta bizi esperientzian
oinarritzen zen batipat: taldearen aurrean nola portatu, zelan lan egin,
herriko mito eta kondairak, erlijio erritoak,... Guzti hauek "autoritate"
batek euskeraz igortzen zituen.
Hezkuntza ez-formal honen espazioa eguneroko
bizitzaren mundua zen. Jasotzen ziren ezagutzak ume horiek jakin behar zituzten
ohitura, portaera, sinismen, balore eta lan teknikak ziren. Pertsona helduek
gidari bezala jokatzen zuten, umeek gizarte eredu tradizionala errepikatzen
zuten bitartean.
Garai hartan familia zabalaren eredua nagusitzen
zenez, umeek oso
sozializazio aberatsa jasotzen zuten, jakintza ezberdinetarako gidari
ezberdinak aurkitzen zituztelako.
Hezkuntza formala agertu zenean, hau gaztelaniaz
edo frantsesez
ematen zen eta elitera bakarrik zuzenduta zegoen. Udaletako eskoletan irakurtzen,
idazten eta oinarrizko aritmetika bakarrik irakasten zen (neskek irakurtzen
bakarrik ikasten zuten ordea). Ikasketekaz aurrera jarraitzea goi mailako
jendearentzat zen bakarrik posible: Latinitate edo Gramatika eskolak billa
nagusienetan zeuden eta gehienetan erlijio-ordenek kudeatzen zituzten, nobleziak
eta goi burgesiak tutore partikularrak izaten
zituzten. Goi mailako ikasketak (bai unibertsitarioak, bai erlijiosoak eta
baiata teknikoak) oso jende gutxik betetzen zituzten.
XIX. mendean barriz, eskolatzea derrigortu eta
lurralde guztitik
zabaldu zenean, hezkuntzaren egoera guztiz aldatu zen. Mende honetatik aurrera
hezkuntza sistema nazionalak martxan jartzen hasi ziren, umeei derrigorrezko
eta doako eskolatzea bermatuz. Horretarako ikastetxe sare bat eraiki zen,
irakasle eta inspektore talde egonkor eta profesional bat antolatu zen eta
estatuak bere aurrekontuaren zati bat hezkuntza publikora zuzentzen zuen.
Lehen mailako eskoletan irakurtzen, idazten,
zenbatzen eta
gizartearen baloreak irakasten ziren. Umeak ikasgeletan batuta zeuden irakaslearen
aurrean eta jaso beharreko informazioa liburuetatik hartzen zuten. Irakasleak
orduan, informazio horren igortzaileak ziren eta umeak barriz hartzaile
pasiboak. Ikasketekaz aurrera jarraitu nahi zuenak hezkuntzaren hierarkia
errespetatu behar zuen baina geroz eta errazagoa bihurtzen joan zen elitekoa
ez zen jendearentzat. Eta hauxe da egun oraindik mantentzen dan irakaskuntza
eredua.
Eskolen helburua biztanleria alfebetatzea izan
da urteetan eta
ideia hau ordutik burutu diren lege eta planetan nagusitu da: XIX. mendeko
plan probintzialak, Franco garaiko "Ley de Instrucción Primaria"
(1945) eta "Ley General de Educación" (1970),... Baina
gaur egun barriz, hezkuntza kritiko baten alde agertzen dira adituak, horregaitik
1990. urtean ezarri zen LOGSE delakoa.
Iurdana Akasuso soziologoa da |