Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk) burutu ditu
jadanik 26. Udako ikastaroak. Uztailaren 6tik 11ra bitartean Miarritzen
eta hilaren 20tik 31ra Iruñean egin dira saioak.
Urteak joan urteak etorri, epe berri baten atarira eraman gaituzte aurtengo
jardunaldiek, oreka eta heldutasuna ezaugarri dituen epealdira, alegia.
Orotara 32 ikastaro izan ditugu, ikastaroon edukiari eta kalitateari bagagozkio,
zalantza barik, heldutasuna azpimarratu beharko genuke. Uztailean zehar
Miarritzen eta Iruñean aztertu gaien eta urte osoan egitaraua prestatzen
aritu den taldearen kalitateaz ari gara. Zaila zaigu oso aukera oparo honetan
zerbait nabarmentzea, ezberdintasunak gaindituta, saio guztiak baitira,
gure irudiko, azpimarratzeko modukoak. Hor dituzue, adibidez, Natur Zientzietako
saio teoriko eta praktikoak, hots, Euskal Herriko Basogintza eta Nekazaritza
aztertzeko burutu hitzaldi eta irteera ezberdinak. Hor dira UEUko sailen
artean burutu disziplinartekoak: internetek duen alde beltza aztertzeko
elkartu dira Soziologia eta Zientzia Politikoko sailak Informatikako sailekoekin,
futbolaz eta, orohar, masa kirolaz aritzeko Antropologia eta Historia Sailak....
eta abar.
Bestalde, kontutan izatekoa da ere ikastaroetan nagusi izan ohi diren hitzaldi
magistralak aberasteko egin den ahalegina; horrela, aztertzen diren gaien
alde guztiak agertzearren, saio praktiko ugari izan da aurton, besteak beste:
haize energiaren ezagupenetan sakontzeko Erreniagako Parke eolikora bisita
egin zuten Kimikariek, Itoizko urtegiaren auzian sakontzeko asmotan Itoitzera
abiatu ziren Zuzenbide sailekoak, Euskal Gauaren azterketa astronomikoa
burutu zuten Fisikariek, Iratiko bailarako pagadi eta hariztieta ibili Natur
Zientzietakoak... zerrenda luzeegia.
Aipatu heldutasunera ere merezimendu osoz iritsi dira Iparraldeko ikastaroak.
Azken urteotan gorako joera nabarmena sumatu dugu bertan; gora egin du partaideen
kopuruak eta, apika garrantzitsuagoa dena, saioen kalitatea ere hobeagotu
da. Aurtengo ikastaroak bide beretsutik joan direla esatera ausartuko ginateke:
ikasle nahiz irakasleentzat erakargarria izan den egitarauari gainbegiratu
bat emanez ohar zaitezke horretaz. Gainera, aurton berritasuna izan den
egoitza aldaketak on egin die ikastaroei. Orain arteko Baionako ikastaroak
lekuz aldatu dira eta Miarritzen burutu dira oraingo honetan, hiri eder
honetako Ostalaritza Lizeoak eskaintzen dituen baliabideak ikastaroen beharretara
bikain egokitu direla.
Udako ikastaroek izaten duten alde ludikoa ere azpimarragarria da. Aurtongo
edizioan Asier Serrano, Bernardo Atxaga, Josune Ariztondo eta beste hainbesteen
solasaldia izan dugu. Xabier Amurizak berak bere azken lana den Bizkaiko
Koplen Bilduma aurkeztu egin du. Gauak ere antzerki, musika eta ekitaldi
ezberdinez ederki giroturik joan zaizkigu.
Heldutasunaz luze hitz egin dugu jadanik. Gatozen orain, beraz, orekara.
Oreka erdiestea ez da, egia esan, oso samurra izan UEUrentzat. Orain baino
lehen ere, gure erakundearen egoera ekonomikoaz kezkaturik, horrek epe motz
eta ertainerako proiektuak garatzeko ezintasuna sortzen duela aitortu dugu.
Egoera kezkagarria izanik ere, garapen- eta hazkunde-joerari eusteko gaitasuna
izan dugu. Izan ere, gero eta handiagoa da UEUren onarpen soziala ; partaidetza
marka guztiak hautsi egin ditugu, ikastaroen kalitateaz ez du inork dudarik
egiten eta duela urte batzuk aurreikustezina zen tokirantz ari gara apurka-apurka
hurbiltzen, gizartearen onarpen osorantz, alegia. Txanponaren bi aldeak,
beraz: irauteko baliabide nahikorik eza eta irauteko nahi eta beharra.
Oreka eta heldutasuna. Horiexek dira aipatu ekitaldien ezaugarri nagusiak.
Datorren urteko 27. Udako Ikastaroen prestaketetan murgilduta gaude jadanik.
UEUren hurrengo hilabeteotako lana izango dira, ez, ordea, lan bakarra,
urtez-urte ekitaldi ezberdinez josten baitu UEUk ikasturtea.
Mikel Aizpuru
UEUren zuzendaria |