Lan berri bati ekitean hasieratik abiatzea bidezkoa
delakoan bagaude, paisajearen kasuan bere definiziotik hastea litzateke
zentzuzkoena, baina edozein gaitan hasieratik, hau da, funtsezkoen diren
kontzeptuetatik, abiatzea zaila bada, are gehiago paisajearen kasuan, beronen
definiziotik hasita adostasun gutxi azaltzen zaigu eta.
Ezadostasun hauen oinarrietan murgiltzea, definizio
desberdinak bata bestearen atzetik aipatzea baino erabilgarriagoa suertatuko
delakoan, paisajearen osagarri garrantzizkoenei buruzko hainbat burutapen
azaltzen dira ondoren.
Paisajeak dimentsio desberdinetan hedatzen diren
osagaiak ditu. Alde batetik, paisajeak dimentsio fisiko objektibo bat du,
bertan erliebea edo geomorfologia osagai nagusia delarik. Erliebea paisajearen
euskarria da, bertako elementu eta prozesuen oinarria da eta. Dimentsio
honetan azaltzen diren elementu, faktore eta prozesuak objektiboki azter
daitezke: paisaje batetako erliebea sortu duten indarrak azter daitezke;
bertan azaltzen diren lurzoru eta harrien konposaketa analiza daiteke; paisajea
zeharkatzen duten ibaiak ezagutu daitezke; paisajeko landaredia azter daiteke;
edo gizakiak paisaje horretan ezartzen dituen lurraren erabilera ezberdinak
analiza daitezke.
Askotan, gainera, elementu eta faktoreak koantifikatzea,
neurtzea, posible da: lurzoruko pHa zenbaki baten bidez adierazi daiteke;
ibaien emaria segunduero igarotzen diren litroetan neur daiteke; landaredia
osatzen duten espezieak kontatu daitezke, eta bakoitzak estaltzen duen azalera
neur daiteke; biztanle kopurua zenbatu daiteke; lur-sailak eta bertako labore
motak kontatu daitezke; edo paisajeko koloreak zenbatu daitezke, eta beraien
uhin-luzerak finkatu.
Baina, aipatutako guztiak paisajearen osagai
diren arren, paisajea ez da geomorfologia soila, ez da hidrologia soila,
ez da edafologia soila, ez da botanika soila, ez da ekologia soila, ez da
demografia soila; ez eta zientzia guzti horien eta beste askoren jakintza
eta emaitzen batura soila, hori berez lan nahikoa zaila bada ere. Paisajeak
osagai hauen eta gizakien ekintzen arteko elkarreraginak isladatzen ditu,
eta gizakiak bere ingurunearekin duen lehen elkarrekintza begirada da. Honek
paisajearen bigarren dimentsiora garamatza: dimentsio subjektibo eta kulturala.
Pertzepzioa, begirada, ekintza aktiboa da; gizakiak
begien aurrean duena interpretatu egiten bait du, hau da, bere esperientzia,
gogoeta, ikasketa, zaletasun, lanbide, kultura, eta abarretaz baliatuz izaera
objektiboa duten osagai guzti horien batura gainditzen duen paisajea sortzen
du bere buruan. Dimentsio hau dela medio, gizakiek baloreak atxikitzen dizkiete
paisajeei; balore afektiboak, identitatezko baloreak, balore estetikoak,
balore sinbolikoak, balore izpiritualak, eta abar. Balore hauen artean neur
daitezkeenak ere badaude, hala nola balore ekonomikoa, baina gehienak koantifikaezinak
edo koantifikatzen zailak dira. Gizakiak garai prehistorikoetan bizitzeko
eta hildakoak lurperatzeko toki jakinak aukeratzean hasi zen paisajeari
baloreak ezartzearen prozesua, eta honek egundaino dirau.
Dimentsio hau, noski, paisajearen osagai fisikoak
aztertzen dituzten zientziek erabilitako metologietara ez da ondo egokitzen,
ez da koantifikatzen erraza, pertzepzioaren bideak zuzentzen dituzten legeak
ez dira argitzen errazak. Hau ez da oztopo garrantzitsua paisajearen ezaguera
bera helburua den bitartean, baina paisajea gizarteak dituen beste helburu
batzuetan erabilgarri suertatzeko orduan arazoak sortzen dira. Adibidez,
paisajea lurralde-antolamenduan edo kontserbazio-politikan oso baliagarria
den kontzeptua da, baina hauek izaera objektiboa duten gauzetan onarritzen
dira, neur daitezkeen faktoreetan. Honela, paisajea plangintzarekin erlazioa
duten helburuetan kontutan hartzen denean, bere dimentsio subjektibo hau
orokorrean baztertu egiten da.
Bestalde, paisajeak denborazko dimentsioa du
ere. Alde batetik, paisajearen izaera objektiboa egunean zehar eta urtaroetan
zehar aldatzen doa: bere koloreak aldatzen dira, bertako ibaiek daramaten
ur-emaria aldatzen da, sasoi bakoitzean laborantzak desberdinak dira, eta
abar. Bestalde, paisajea begiratzen duenak gehitzen dion dimentsio subjektiboa
ere aldatzen doa denboran zehar, pertsona bakar baten bizitzan paisajea
interpretatzeko erabiltzen dituen esperientziak aldatzen bait doaz. Baina
paisajearen denborazko dimentsioa gehienbat bere metagailu ezaugarriak ematen
dio, paisajean gizakia eta ingurunearen arteko erlazioa "irakur"
bait daiteke, bai iraganeko erlazioa, bai gaur egungoa, baita etorkizuneko
erlazioa baldintzatuko duten zenbait faktore ere.
Paisajea zentzu honetan liburu baten antzekoa
da, gizakiak bere ingurunearekiko historian zehar duen jarrera ulertzen
laguntzen duen liburua. Gizakiak ahalmen teknologiko mugatua izan duen bitartean,
eta giza-taldeak espazioan eta denboran orain baino unitate mugatuagoak
izan diren bitartean, liburu hau aurreko "orrialdeak" eraldatuz
idazten joan da, eta posible izan da jatorrizko testua marjinetan idatzitako
oharretatik bereiztea, baina azken mende honetan paisaje askok aldaketa
bortitzak jasan dituzte, eta paisaje berri asko sortu dira. Ondorioz, paisajeak
gordetzen duen liburu honetako orrialde asko galdu dira, kapitulu osoak
batzuetan, ahalmen teknologikoa garatuz joan den heinean, eta paisajearen
dimentsio subjektiboa ahulduz, eta era berean estandarizatuz joan den neurrian.
Gainera, paisajeak atzeraelikadura edo feedback
ezaugarria du ere, gizakiak ingurunearekiko duen jarrera isladatzeaz gain,
jarrera horretan eragina du, eta paisajearen dimentsio adierazlea ahultzen
den aldi berean gizakiek ematen dioten dimentsio subjektiboa ere ahultzen
da; hau da, paisajeak gizakia nondik datorren eta noruntz doan azaltzeko
gaitasuna galtzen duen neurrian, gizakiak paisajea ulertzeko ahalmena galtzen
du ere. Azken gertaera hau da agian kezkagarriena; gizakiak paisajea konprenitzeko
eta sentitzeko gaitasuna mantentzen duen bitartean, sortzen diren paisaje
berri horiek bereganatu ahal izango ditu eta, baina ahalmen hori galtzen
bada, edo ahalmen hori galtzen denean, gizakia munduan arrotz sentituko
da.
Miren Askasibar, Basque Fellow ohia Oxford-en |